Coups 2.0 in the Americas
Gonzalo Fernández Ortiz de Zárate – Internationalist Working Group of Alternatiba
(Translation FEDAEPS)
Gonzalo Fernández Ortiz de Zárate – Internationalist Working Group of Alternatiba
(Translation FEDAEPS)
Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista
Guztiok ezagutzen dugu zer nolako zailtasunak dituzten Ameriketan garatzen ari diren proiektu alternatiboek, zeinetan subjektu eta agenda anitz elkar gurutzatzen diren azpikontinentea garaitu eta menperatzeko historiarekin apurtzeko helburuan. Alde batetik, XXI. mendea gobernu anti-neoliberalen eskutik heldu da herrialde batzuetara, izaera eraldatzaile desberdinekoak, baina pobreziak eta kanpo menpekotasunak baldintzatutako errealitateari herritarren gehiengoak emandako erantzuna direnak; bestetik, eta aldeko egoera baliatuta hain zuzen, mugimendu sozial ugariek agenda politiko burujabetzagileak martxan jartzeko beharra jarri dute mahai gainean, herrialdeek eta herritarrek historikoki pairatu izan dituzten logika kolonizatzaileak eta menpekotasunak behingoz gaindituko dituztenak.
Hala, hasiera batean aktore instituzional zein sozialak eskutik helduta aritu ziren arren, tentsioak sortu dira gobernu eta mugimenduen artean, gizarte mugimendu zahar eta berrien artean bezala: eraldaketa prozesuen bizkortasuna edo geldotasuna; gobernuek motzean jokatzeak emantzipazioak luzera jotzen duenean; gehiegizko garapenak edo bizitza onerako trantsizioa egiteko erabaki irmoa; menpekotasunaren oinarriak hemen eta orain gainditzeko beharra edo historiaren ikuspuntutik begiratuta hain laburra den denbora tartean egiteko ezintasuna. Hauek dira, hain zuzen ere, Latinoamerikako errealitatea aberastu eta zaildu egiten duten eztabaidak. Egoera hauekiko apustuak ez dira batere errazak, ez dira kategorikoak, eta horietan sakontzea ezkerraren erronka handienetako bat da; Europako ezkerraren baitan ere.
Ukaezina da, alabaina, mende berriarekin batera abiatu diren prozesu hauek guztiek pitzadurak eragin dituztela, indarrak metatzeko guneak ahalbidetu dituztela, borrokak artikulatzeko guneak herritarren gehiengo zabalen eskutik. Eta inork ezin du bere burua horren jabe izendatu, mugimenduen zein gobernuen ekintzaren emaitza izan baita. Eskumak ongi daki hori, eta horregatik ilusioz beteriko etapa berri honekin kosta ahala kosta bukatu nahi du. Hala, oligarken eta haien menpeko komunikabideen erasoek gobernuak zein borroka sozialak zikintzea dute helburu, eskualdea desorekatu eta azpikontinentean aurretik zuten erabateko kontrola berreskuratzeko. Horretarako, edozertarako prest daude, estatu kolpeak emateko ere.
Gako horien ikuspegitik ulertu behar dira 2002ko Venezuelako estatu kolpea, eta 2006an Mexikon emandakoa – hauteskundeetan iruzurra eginda-. Baina halaxe ere ulertu beharra dago Hondurasen (2009) eta Ekuatorean (2010) gertatutako 2.0 kolpeak, non estatu kolpe eredu berriekin entseguak egin izan dituzten, nazioarteak eta herritarrek beraiek kolpeak direnik ere pentsa ez dezaten. Hala, estatu kolpe militar gordinaren aurrean, bide berriak aurkezten dira, poliziak eragindako ezegonkortasun sozialetik hasita legezko baliabideekin, konstituzionalak barne, iruzurra egiteraino.
2.0 kolpe sorta berria oso errotuta dago Amerikan. Joan den astean, Paraguaiko presidentea bere kargutik kendu zuten epaiketa politiko baten ostean, jardunerako ezintasuna agerian utzi duen agintaria kargua lagatzera behartzeko konstituzioak dakarren legean oinarrituz. Ildo honetatik, testuinguru legala eman nahi izan zioten zilegitasunik eta demokraziarik gabeko ekintzari, zeinetan herritarrek emandako babesa zuen presidentea paretik kendu zuten epaiketa sumario baten bitartez, bere defentsarako bi orduko tartea besterik eman gabe, behar bezala prestatzeko inolako modurik gabe, akusazioa hain larria izan arren. Kolpearen azken helburua: kontinenteko oligarkiarik atzerakoienetako batek azken urteotan garatzen hasiak ziren eraldaketa lotsatiak geldiaraztea, eta ezkerrak 2013ko hauteskunde presidentzialetara indartsu azaltzea ekiditea.
Bestalde, munduko hedabide guztiek zabaldu zituzten Boliviako poliziaren grebak – herrialde ugarietan legez kanpokoa dena- eragindako istiluak, herrialdea ezegonkortzeko saiakera berrien aurrerapena izan daitezkeenak. Azkenik, ikusteke dago datorren igandean Mexikoko hauteskundeetan zer gertatzen den. Ikasle mugimenduak indar handia hartu du PRI boterea berreskuratuko duen beldur, eskumaren eta komunikazio talde handien babes osoa duelako.
Oso adi egon beharko dago errealitate berri hauen aurrean eta Ameriketan demokraziaren aurka egin daitezkeen erasoak eta gehiegikeriak irmo salatzen. Gobernu batzuen inguruan izan daitekeen iritzitik haratago, gauza bat izan behar dugu argi: ezin dugu onartu azken hamarkadan lortutakoan atzera egitea eta horretarako indarrak batzea ezinbestekoa dugu, elkartasun internazionalistaren ikuspegitik batetik, baina baita eskualde hau bizi dugun eta guztioi kate egiten digun zibilizazio krisia gainditzeko bestelako eredua irudikatzen lagungarri izango dugulako, inspirazio iturri izan dezakegulako. Gure bideak gurutzatu egiten dira, haien demokrazia gurea ere bada.
Gonzalo Fernandez Ortiz de Zarate – Alternatibako Mahai Internazionalista
Ekainaren 17an hauteskunde orokorrak izango dira Grezian. Prozesua bereziki garrantzitsua izango da Europarentzat, baina baita Europako ezker osoarentzat ere. Izan ere, finantzen merkatuaren eztandaz geroztik, mugimendu sozialen eta alderdi politikoen erresistentziaren zein erantzun sendoez gain, honakoa aukera ezin hobea izango da Merkelen estrategia ultraliberalari, NDFari eta haiek sortutako proiektu europarrari zuzenean aurre egiteko. Ezkertiar guztiok itxaropenez ikusten dugu Grezia, eta bereziki hauteskundeak irabaz ditzakeen Syriza ezkerreko koalizioa, batez ere EBren xantaiaren aurka agertu delako.
Igandean ez da soilik jokoan egongo Europak estrategia bera jarraituko duen ala ez, alegia greziarrei –gero eta pobrezia eta zapalkuntza handiagoa pairatzen ari direnak- lapurtzen jarraitzea; ez. Azken finean, igande honetan erabakiko dena, lapurretaz, iruzurraz eta errua pairatzeaz nekatuta dauden herritarren eraginez orain arte ezagutu dugun Europa bera, kapitalarena eta merkatariena, eraldatzen hasiko ote den izango da. Horregatik, igande honetan guztiok parte hartuko dugu Greziako hauteskundeetan.
Guzti hau proiektu ultraliberala babesten duten guztiek ere ulertu dute eta, horrexegatik, desinformazio kanpaina ikaragarriarekin Greziako herritarrak nahastu nahi dituzte, beldurra sustatuz eta proposamen alternatiboen aurkako jarrerak piztuz. Hala, Europako buruzagi guztiek Syrizaren garaipena euroaren irteerarekin lotu nahi izan dute, eta komunikazio talde guztiek Alexis Tsiprasen irudia eraldatu nahi izan dute boltxebike, erradikal, mediterraneoko Chavez, eta abarrekoekin iraindu nahian. Baina oztopo guztien gainetik, Europako herritarrek jakin behar dute, programa iraultzailea izan gabe, Syrizaren proposamena, euren leloak esaten duen bezala, duintasunez eta esperantzaz beteta dagoela. Haien proposamena hiru lerro nagusietan laburbildu genezake: lehena, Troika delakoak sinatutako hitzarmenak bertan behera uztea, murrizketetan oinarritutako politika drakoniarrak bultzatu zituenak eta hauteskundeak irabaztekotan baztertuko liratekeenak; bigarrena, sektore estrategikoak kapitalaren eskuetatik kentzea, bankuen eta bestelako sektore estrategikoen nazionalizazioaren bitartez; eta hirugarrena, xantaiarik gabe zorra berriz negoziatzea, kontu-ikuskapen bat eginez, zor horren zein zati den zilegi eta zein ez zehazteko, duela zenbait urte Ekuadorren egin zen bezalaxe, Herritarren Iraultza gertatu zenean.
Programa, bere horretan, Europako proiektu hegemonikoarentzat erronka bat da: aski dela esaten duen herri bat, euren krisia eurek ordain dezatela esaten duena, eta kapitalarekin aurrez aurre negoziatu duena. Era berean, ezkerrek indarrak metatzeko aukera bat eskaintzen du, eskubideen Europa baten alde, demokrazia parte hartzailearen alde, kapitalismoari eta sistema ekonomiko bidegabe honen inguruan sortutako sistema menperatzaile anitzari aurre egitearen alde. Gure bokazio internazionalista berreskuratu beharra dugu eta gutxienekoetan oinarritutako agenda komuna proposatu: Europako sare instituzionalaren demokratizazioa; EBZ eta estatu ezberdinen banku zentralak publiko bihurtzea; zorraren kontu-ikuskapen osoa; egitura ekonomiko baztertzaile batean txanpon bakarraren zeregina zein den eztabaidatzea, lehentasun politikoa desberdintasunen aurkako borroka izanik; defizitak ez zigortzea eta bai ordea superabitak, hauek langileriari eta ez finantza burbuilari eskaintzera behartuz; Nekazaritzako Politika Bateratua (NPB) behin betiko indargabetzea elikadura subiranotasunaren alde; lanaren banaketaren alde egitea, produktiboa zein erreproduktiboa, arduren banaketaren printzipioan oinarrituta; Europako herri eta nazioen autodeterminazio eskubidearen aitorpena.
Agenda alternatibo honek, Syriza eta Greziako ezkerraren erreferente dena, ahaleginak eta borrokak bateratzea eta proiektu politikoak aurrez aurre jartzea ahalbidetu behar digu. Zibilizazio krisialdia da bizi duguna, eta ez dugu nahikoa, inondik inora, gogoetarekin edota eustearekin. Erasoari ekin behar diogu eta duintasuna, esperantza, iraultza eta burujabetza eskaini. Has gaitezen igande honetan. Guztiok Syrizarekin!
Oier Espilla – Alternatibako Mahai Ekologista
Ekainaren 5ean ingurumenaren nazioarteko eguna ospatu dugu. Ingurumenak beste gai garrantzitsuekin zer du komunean? Urtean egun bat aukeratzen dela bere arazo eta soluzioak are gehiago gizarteratzeko, eta oso zaila egiten zaigula iritzi artikulu bat idazten dugunontzat urte osoan konponbide bila dihardutenen lana plazaratzea.
Behin eta berriz entzun dugu adituen ahotik ingurumenak gure inguruko arlo askotan duela isla. Egunero agertzen dira hamaika erabaki non gure erabaki xumeak nolabaiteko eragina izango duten, gure ingurumenean eta guk osatzen dugun gizartean; eta gure ingurumena entzuten dugunean gure herri eta hiriek ere horren parte dira, gure kale eta zaratek ere ekosistema partikular bat garatzen baitute.
Ingurumena ere gizakion krisiaren biktima da, finantza sistemak baino lehenago pairatu behar izan zituen sistemaren ankerkeriak. Gizateriaren berekoitasunak munduko makina bat baso ustiatu ditu eta orain baso horiek arnasestuka dabiltza, jatorri fosileko energi iturrien agorpenaz eztabaidatzen den unean, oraindik ere alderdi eta sektore batzuk horren apustu egiten dute, nahiz eta itxura aldetik apaindu duten modernitatearen izenean (fracking-a dugu horren eredu), gure bizimoduaren erritmo aldaketaren planteamendua oraindik errotik aztertu gabe, zaborren kudeaketaren aurrean hausnarketa eta eztabaida kaleratu da zorionez, guk gure eginkizunekin dauzkagun betebeharrak herritarroi ezarriz, eta inoiz ahaztu gabe produktu baten zikloa ahalik eta luzeena eta itxiena egin behar dugula.
Ingurumena ez da izaki arrotz bat. Munduko lehen maizterra da, eta lehen esan bezala, zuzenean jasan ditu gaur egun indarrean dagoen sistema kapitalistaren ondorioak. Adibidez josi genezake artikulu hau, baina aipatzekotan egun hauetan pil-pilean dagoen gai bat aterako dugu nabarmentzera: uraren pribatizazioa. Madrilgo autonomi erkidegoan izen abizenak ditu gaitz honek. Canal de Isabel II. Madrileko metropolian uraren ziklo osoaz arduratzen den entitate publikoa dugu berau; publikoa orain dela gutxira arte behintzat. Ez gaituzte harritzen han agintzen ari direnen asmoek. Ura bezain funtsezkoa den beste arlo bat ere pribatizatzen hasi ziren (osasuna hain justu), ospitale pribatuak areagotuz, norberaren osasuna ere norberak duenaren menpe jarrita, zure baliabideen arabera eginez zure etorkizunik gertuena. Honen harira doa, hain justu, uraren pribatizazioa. Ura osasuna baita. Eta bere pribatizazioak aurrera eginez gero, kudeatzaile urri eta interesatu batzuen esku egongo da, espekulazioari atea irekiz eta guztiaren gainetik irabaziak izango dituen entitateen esku. Eta holako kasuen eragina ikusi izan dugu Hegoamerika hegoaldeko hainbat estatuetan. Baina beti existitu da kapitalismoaren aurrean alternatiba. 2010etik dator Canal de Isabel II.a pribatizatzearen ideia, eta geroztik herri mugimenduek gogoz erakutsi dute euren oposizio garbia.
Ikusten dugun moduan, interes pribatuen eskutik datorrenari aurka egiteko prest dago jendea. Beraz, etsipenak ez gaitzala geldiarazi. Madrilen antzera, munduan zehar barreiatuz ingurumenaren eta osasunaren defentsan ugari dira herriak. Aipagarria da herri eta komunitate indigenen borroka. Enpresa eta askotan gobernu indartsuei egin behar izan diete aurre. Lurrarekin, ingurumenarekin, lotura zuzena agertu dute urte luzeetan, “lehen” munduko biztanleoi erakutsiz nola posible den ekoizpena-lurra orekarekiko errespetuaren konbinazioa, eta haratago joanez, interes kolektiboei dagokionez autogestioa izan dute ardatz, kooperatibismoaren oinarriak eurek ezarri dizkigute. Merkatuek amesten duten hitz magikoa, efizientzia, eurek lortu dute euren antolaketaren bitartez. Monolaborantzatik alde eginez, produkzio mugatua eta naturaren (eta ez merkatuaren) erritmoei jarraituz (sasoian sasoiko produktuak, lur mota bakoitzari norbera egokituz eta ez alderantziz, komunean jarri bakoitzaren soberakinak eta merkatu justu bat eraiki). Azkenean, holako kasuak ikusiz, gure buruari herri zibilizatua nor den galdetzea ez gaitu harritzen. Bien bitartean, gure momentuko bizitza ikusita, gauzak hobetzearren bidera genitzake indarrak, garraio publikoa bultzatuz (bide gorriak herri-hirietan, eskualdeetan autobusa bultzatuz kotxearen papera alboratuz), sasoiko produktu ekologikoak janez, urari eta zaborrei ahalik eta ziklo zarratuena burutuz, kontsumoa murriztuz beti ere.
Azken finean, ez gaude betirako mundu finitu honetan, utz diezaiegun gure ondorengoei, behintzat, tekleatzen dugun momentu berean aurki ditzakegun baliabide natural guztiak. Gure konpromisoa baita.
Igor Nabarro – Alternatibako militantea
Egunotan asko entzun eta irakurri ahal izan dugu Hollandek, Frantziako presidente berriak, kanpainan eginiko proposamenaren inguruan: milioi bat eurotik gorako errentei, PFEZren zerga tipoa %75era arte igotzea, hain zuzen.
Neurri honen harira proposatzen ari den auzian ez dago argi justizia soziala ezartzeko helburua ote duen edo “aberatsa” zigortzeko neurria besterik ez den.
Nahiko argi dago hauteskunde garaietan “botatzen” den horietako bat dela, hau da, neurri elektoralista eta populista hutsa, ezerezean geldituko dena… baina, ez dago zalantzarik, gizartean eta kalean gero eta gehiagotan islatzen den haserrearekin bat datorrela.
Haserre hau muturreraino heldu izan da hainbat aldiz eta hala ikusi dugu Parisen, Londresen, Atenasen eta beste hainbat hirietako herritarren amorruak eztanda egin izan duenean, eta batek daki euskal lurraldeetan ere halakorik gertatuko ez ote den…
Zuzen esan denez, laurogeiko hamarkadatik klase baxu eta altuen arteko tartea zabaldu egin da Mendebaldean. Aldaketa bortitza izan da eta gaur egun, gauzak dauden moduan “aberatsen eta pobreen” arteko ezberdintasunak etengabe areagotuz doaz.
Espainiako Erresuman Lanbide arteko Gutxieneko Soldatak eskaintzen duen erosteko ahalmena barregarria eta iraingarria den bitartean, enpresa pribatuko “marrazoek”, jainkoak diruditen futbol jokalariek, soldata bikoitza eta hirukoitza irabazten duten politikariek eta pertsonaia famatuek diru kopuru iraingarria irabazten dutela ikusi behar izaten dugu eta, gainera, ehunekoak alderatuz, edozein langile “prekariok” baino askoz diru gutxiago kotizatzen dute…
Beharbada, kotizazioan %50a gainditzea gehiegizkoa izan daiteke, azken finean ez ditugu martiri izaera eman nahi… baina oso ondo legoke kapitalaren atzaparrek Estatu Soziala lapurtzen diguten bitartean, modu bidegabean aberasten ari diren guztiei gauzak garbi jartzea.
Baina ez bakarrik haiei. Neurriok haien aberastasuna espekulazioari esker eraiki dutenei ere ezarri beharko litzaieke; baita erregimen politiko oligarkikoei (hau da, mendebaldeko ia “demokrazia” guztiei edo guztiei esker), langile klasearen esplotazioari, gizarte patriarkal eta androzentristari, aspaldiko errentagarritasunei ere, eta antzeko adibideen zerrenda luze bati esker aberastu direnei. Zerrenda honetan ez ditugun inondik inora aurkituko ez elkartasuna, ezta berdintasuna ere, eta hirukotea betetzeagatik, ezta anaitasuna ere…
Beti bezala, aberatsentzako zergak eta pobreentzako zergak daude, eta momentuz ez dirudi aberatsentzako zergetan (sozietate zerga, ondasunena, ondorengotzena, etab.) “eskua sartzeko” prest dagoen inor dagoenik, nahiz eta neurri hauek ekonomia onbideratzeko mesedegarriak izango liratekeela jakin.
Aitzitik, gehien daukatenei mesede egiten zaie eta euren soldatarekin, edota soldatarik gabe “biziraun” behar dutenei behin eta berriro astintzen zaie…
Doktrina liberalak aberastasuna pertsona bakoitzaren lanaren eta merituaren emaitza dela baieztatzen jarraitzen duen arren, jakin nahiko nuke, munduko pertsonarik aberatsenen zerrendan agertzen direnetatik, eta ondasuna herritarren batez bestekoa baino 100.000 aldiz handiagoa dutenetatik, zeintzuk hasi diren langile klaseko norbaiten puntu beretik…
Liberalismoa gezur bat da, eta aberastasun handiak oso gutxitan, (inoiz ez) eraikitzen dira justizia sozialaren irizpideak jarraituz…
Alternatiba | Ezkerra eraldatzearen erronka