Arma ez da hiltzailea

Luis María Salgado – Alternatiba Arabako bozeramailea

Artikulu honen izenburuak norbait harritzen badu, eskertu dezala ez Euskal Herrian, ezta Espainiako Erresuman, ezta Europa osoan ere, Erriflearen Elkarte Nazionalik ez egotea, izenburuarena baita haiek gehien darabilten argudioa armak edukitzeko eskubidearen alde. Armek euren kabuz ezin dutela inor hil baieztatzen dute. Izan ere, ez dago munduan inor hiltzeagatik arma zigortuko duen Kode Penalik. Baina jakin badakigu, armak edukitzea legezkoa den herrietan askoz hilketa gehiago gertatzen direla armen jabetza zorrozki arautzen duten Estatuetan baino.

Egia esan eta aurreko guztia laburbilduz, arma bat eskura izan gabe, askoz zailagoa da albokoa erailtzea. Antzeko zerbait esan genezake lan arloari dagokionez. Azken Lan Erreformak, bai aurreko Zapateroren Gobernuak zein Mariano Jaun Txit Agurgarri desagertuak egindakoak, kaleratzeak merkatu eta erraztean oinarrituta daude. Nola ez, arduragabekeria honen jagoleek behin eta berriro zioten, oraindik dioten bezala, beraien erreformek ez dutela langabezia areagotuko. Eta ez daude oker; katua sakatuko duen hiltzaile bat behar da, paperak berez ez baitu inor kaleratzen.  

Araban ikaraz ikusten dugu nola hainbat enpresek PPren azken erreforma literalki ezartzen duten. Hauen artean ospetsuena Celsa Atlantic (Laminaciones Arregi) izan da, dudarik gabe; baina ez da bakarra izan, ezta azkena ere. 349 adibide, 349 zauri.

Igandean, Arabako Batzar Nagusiek, Celsa Atlantic-eko langileekin elkartasuna erakusteko eta Raxoiren Gobernuari Lan Erreforma berehala bertan behera uzteko eskatzeko mozioaren inguruan eztabaidatu zuten. Bilkura horretan, yankien Erriflearen Elkarte Nazionalak bezala,  popularrek baieztatuko zuten 349 familia horien egoeraren erruduna ez dela Lan Erreforma. Eta argazkian ondo ateratzeko, azken hiltzaileari errua leporatu zioten, enpresari zein langileei erantzuleak izatea eskatu zien, negoziatzera eseri daitezen. Baina posible al da negoziatzea norbaitek arma bat buruan jartzen dizunean? Negoziazioa bi aldeen indar orekan oinarritu beharko litzake eta, kasu honetan, bietako batek arma bat dauka eskuan. 

Horregatik berebizikoa da arabarrek jakin dezatela enpresari-hiltzaileak katua sakatzen duen arren, ondorioak bestelakoak izango litzatekeela bere eskuetan arma jarri duen horren laguntzarik gabe. Alderdi Popularra egoera honen erantzule zuzena da, baita datozen hilabeteotan zorigaitzez etorriko direnenak ere. Oraintxe bertan Araban 20 Kaleratze Espediente baino gehiago daude mahai gainean, 25.000 langabe baino gehiago, gure bizilagunak, gure kideak, eta ez dirudi politika hauen jarraipena errazteak, Raxoiren azken erreformak suntsipen handiko armekin gauzatutako eraso neoliberal bortitz honen zehar kalteak murriztuko dituenik.

Homofobiaren eta transfobiaren irakurketa transfeministarantz (Laura Gomez)

Laura Gomez – Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko zuzendari nagusia

Homofobiaren eta transfobiaren aurkako nazioarteko eguna da gaur, eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzatik gure babesa eman nahi diegu kausaren alde protesta egitera irteten diren kolektiboei, beraien aldarrikapenei eta eguneroko lanari. Gainera, gaurko eguneko jardueretan eta aldarrikapenetan parte hartzeko gonbita egiten diegu herritar guztiei. Baina gai honen inguruan egiten dugun irakurketa konpartitu eta horren inguruko hausnarketa sustatu nahi dugu baita ere.

Zenbait sektore feministak kritikatu egin dituzte gay, lesbiana, transexual eta bisexualen inguruko hainbat ildo politiko, lesbianak ikusezin egin dituztelako askotan, eta gizonezko homosexualei lehentasuna eman dietelako erabakiak hartzerakoan. Adibidez, gaurko egunean, nazioarteko egun honetan, lesbofobia hitza ez da agertu ere egiten, lesbianak ikusgai egiteko ariketa eta ekintza positibo gisa.

Normalizazio eta gizarteratze politikak ere oso kritikatuak izan dira, politika horiek egungo sistemara moldatzea suposatzen baitute, sistema bera moldatu beharrean. Politika asimilazionisten eta asistentzialisten abiapuntua da gorputz anomalo, doilor eta gaixo baten aurrean gaudela, eta gorputz hori normalizatu egin behar dela, sendatu, onartu. Horren adibide da transexualitatea; gaur egun nortasun nahasmendutzat hartzen da, genero disforia gisa definitzen da, eta horrela inskribatuta dago psikiatriako nazioarteko eskuliburuetan (DSM-CIE). Hortaz, pertsona horiei buruko gaixotasuna diagnostikatu behar zaie transformazioarekin hasi ahal izateko.

Normaltasuna eta normatibizazioa are arriskutsuagoak izan daitezke. Hori da haur intersexualen kasua. Haur hauek, jaiotzean, genital anbiguoak dituzte, biologikoki erabat funtzionalak, baina estetikoki anbiguoak. Ezin konta ahala ebakuntza egiten zaizkie, gaixo kroniko bilakatzen ditugu, gorputz, sexu eta genero idealarekin bat etortzeko.

Uste dugu ezinbestekoa dela egungo sexu eta genero sistemak eragiten duen mina eta indarkeria ikusaraztea: haur jaioberriak neskak edo mutilak diren sailkatu behar hori gorputza genero nortasunei, orientazio sexual zurrunei eta aurretik definituta dauden genero rol eta estereotipoei lotu beharra. Generoa aukeratzeko nahiz indibidualki eta kolektiboki eraikitzeko askatasun osoaz gozatu beharko genuke. Ez zaizkigu interesatzen hegemonia sexistatik abiatuta definitutako generoak: urdina eta arrosa, gizon aktiboa eta emakume pasiboa, gizon indartsua eta emakume ahula, gizon erasotzailea eta emakume biktima… Gure gizarteak berriro pentsatu behar ditu generoak, jabetu behar da funtsezkoa dela erreprodukzio sozialari esparru zabalago batetik heltzea, ez eredu heterosexualetik bakarrik.

Hortaz, nola borrokatu daiteke lesbofobiaren, transfobiaren eta homofobiaren aurka begirada transfeminista batetatik abiatuta Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasun Zuzendaritzatik egiten diren politiketan? Generoaren zeharkako irakurketa landuz, horrek inplikatzen baitu gorputzek jasaten dituzten diskriminazio horiek guztiak irakurtzea, bereziki generoarekin, sexuarekin eta gorputzarekin lotutakoak. Eta irakurketa hori lan arlo guztietara aplikatuz, ahaztu gabe kontuan hartu behar dela zenbait kolektiboren berariazko zaurgarritasuna; trans kolektiboarena, adibidez.

Horrela, indarkeria matxistaz hitz egiten dugunean, adibidez, ez dugu hitz egiten bikote heterosexual baten harreman esparruan izaten den indarkeriaz bakarrik. Indarkeria matxistatzat baititugu lesbiana, trans, homosexual, queer eta bisexualen aurkako erasoak ere. Are gehiago, uste dugu gorputzek genero nortasunen eta praktika sexualen inguruko arauak hausteagatik jasaten duten indarkeria matxista estrukturala eta kulturala dela.

Horregatik, trans pertsonak beren prozesuan patologizatzea eta tutoretzapean hartzea saihestuko duten neurriak bultzatu nahi ditugu. Egungo genero arau tiranikoak alde batera utzita, genero estereotipoak zalantzan jarrita, eta izateko, maitatzeko nahiz existitzeko modu berriak proposatuko dituen jabekuntzatik abiatuta lan egin eta sentsibilizatu behar dugu.

Uste dugu, gainera, erro beretik datozela emakumeen kontrako indarkeria eta trans, lesbiana edo homosexualen kontrako diskriminazioa; oinarri bera dutela, alegia. Horregatik, pentsatu behar dugu transfobiaren, lesbofobiaren edo homofobiaren gaia ez dela kolektibo gutxi batzuen gauza, edo pertsona gutxi batzuen gauza, herritar guztien genero nortasunaren kudeaketa librearekin eta sexu praktikarako askatasunarekin zerikusia duen zerbait baizik.

Ekologia ate joka

Asier Vega eta Mikel Oseguera – Alternatibako Mahai Ekologista

Hondakinen inguruko egungo arazoa ezin da zabortegi eta erraustegietara mugatu, ezta birziklapenera ere ez, ez baita irtenbide integrala. Hondakinak kontsumo katearen azken maila besterik ez dira. Kontsumoak gidatutako sistema eta ekonomiak baliabide naturalak ustiatu, eraldatu, komertzializatu, kontsumitu eta desegin egiten ditu. Lurraren eredu lineal baten aurrean gaude, non gero eta zabor gehiago kudeatzearena arazo bakarra ez den. Eredu honek bere oinarrian ere huts egiten du, ama-lurraren baliabideak mugatuak baitira. Baita ereduaren korapiloan, ekoizpen eta kontsumo faseetan, hain zuzen ere. Non giza harreman desorekatuak ezartzen diren menpekotasunean oinarrituta. Bertan, gizarteak ez ditu lortzen zoriontasunaren eta orekaren helburu paradigmatikoak. Lurraren beroketa, gainezka egiten diguten zaborren kudeaketa, ohiko garapenerako funtsezkoak diren gasa edo petrolioa bezalako lehengaien urritasuna eta energiaren eskaera gero eta handiagoaren alarma zehatzak Lurraren eredu linealaren heriotzaren zantzu dira, ama-lurraren berezko izaera zirkularra eta iraunkorraren aurrean.

Ikuspegi orokor hau kontuan izanda, Europako Batasuneko administrazioak, 2008/98/CE zuzentarauaren bidez, zaborren inguruko eztabaidaren muina zaborren desagerpenetik aldentzen du. Apustu egiten du, aldiz, honako lehentasunekin, zaborren arazoari aurrea hartzeagatik (zabor gutxiago sortuz beste kontsumo kultura bat indartuz), berrerabilpenagatik eta birziklapenagatik. Azkenengo irtenbide moduan balio emate energetikoa eta suntsitzea. Era berean, hondakinen kudeaketak giza osasuna eta ingurugiroa ez kaltetzeak lerro gorri moduan ezartzen du.

Errausketak ez ditu hondakinak gutxitzen, ezta birziklapenak ere. Bestalde, giza osasuna eta ingurumenerako ondorio latzak dakartza airearen eta lurraren kutsadura dela medio. Gainera, betiko gutxi batzuen onurarako eta guztion kalterako negozio ilun eta nahasiak sustatzen ditu berriz. Orain inoiz baino gehiago gizarteak kudeaketa pribatuari oparitutako alorrak berreskuratzea premiazkoa denean errausketarekin herriak birritan ordaintzen du enpresa talde erraldoiek etekin bikoitza izateko. Erregai moduan erabiltzen duten zaborra kudeatzeagatik ordaintzen diegu hasiera batean, azkenengo urratsean gure hondakinekin sortutako energiagatik berriz ere ordaintzeko. Lan bakarra, etekin bikoitza, negozio pribatu biribila. Ingurumenerako kostuak, noski, guztion lepotik ordaintzen dira.

Atez atekoa hondakin bilketa moduen artean birziklapen emaitza hoberenak lortzen dituena izateaz gain (%80-85 birziklatze portzentaiak lortu dira) hondakinen gutxitzearen alorrean ere lan egiten du gizartea kontzientziatuz.

Atez ateko bilketaren aurka erabilitako argudioetako bat kostuena da. Demagogia guztiarekin bilketa kostuetan bakarrik erreparatzen dute. Inork ez du hitz egiten Gipuzkoako erraustegia eraikitzeko behar diren 250 milioi eurotaz. Ezta zabortegiak eraiki eta kudeatzeko kostuen inguruan. Ezta errauts toxikoak kudeatzeko kostuez. Bestalde, inoiz kontuan izaten diren kostuak daude: Ingurugiro kostuak, gizarte kostuak… Zein da airea kutsatzearen prezioa?

Funtsezkoa da hondakinak baliabide moduan ikusten hastea zabor giza egin beharrean. Hondakina baliabide da sortzen denetik bereizten bada, zabor bihurtu ezean. Zergatik baliabide publiko honi uko egin? Zergatik alor pribatuaren esku beste alor estrategiko bat berriz laga? Ez diezaiegun utzi perspektibarik ez dutenei guri iruzur egiten, gure arreta poste batetik zintzilikatutako hondakin batzuetan jarrita. Irakatsi diezaiegun ez dela zaborra; baliabideak baizik: plastikoa, papera, materia organikoa…

Badakigu arazo globalak irtenbide integralak behar dituztela. Eredu aldaketa hain zuzen ere, zergatik ez hasi atez ate?

Euskal Herriaren etorkizun hurbila eraikitzen

Xabier Soto eta Igor Nabarro – Alternatiba

Beste urte batez Aberri Eguna ospatzera goaz. Zalantzarik gabe, Euskal Herriko gizon eta emakume askorentzat balio sinboliko eta emozional sendoa duen eguna. Egia da guztientzat ez dela horrela, eta dudarik gabe, hau jorratzeke dugun ikasgai bat da, Alternatibak bezala, gure herriarekin, bere eskubideekin eta nola ez, bere herritarrekin begirunezko erreferentzia kolektibo barneratzaileak eraikitzeko helburua dugunontzat.

Baina Aberri Egun hau ezin daiteke aurrekoak bezala kontuan hartu. Aurten, Donibane Garazin egingo den ekitaldirako, burujabetzaren eta ezkerreko independentziaren inguruko 5 indar politikok, deialdi bateratua egin dugu. Bertan, Aberri Eguna dela eta, Euskal Herriak nazio izateko duen nahia omentzeaz gain, batez ere garai berri baten hasiera plazaratuko da; burujabetzaren eta independentziaren aldeko indar ezkertiarren metaketa ardatz izanik, herri hau eraikitzeko eta egunero euskaldunok jasan beharreko dominazio sistema anitzei erantzuteko gai izango dena.

Bateratzeko ahalegin honek, zalantzarik gabe, printzipioei uko egin gabeko eraginkortasuna adierazten du. Guztion artean subjektu politikoa indartzeko modu bat da, bere ezaugarri nagusietako bat ere kendu gabe: Burujabetza, autodeterminazioa, lurraldetasuna, eredu ekonomiko eta sozial berria, Ama Lurraren errespetuan oinarrituko den eta antzinatik harreman sozialak menderatu dituen patriarkatua alde batera utziko duen Euskal Herri bat.

Donibane Garaziko Aberri Egunean lehen aldiz ikusiko den indar metaketa, gure ikuspuntutik, Alternatibako gizon eta emakumeon ustez, aldaketa politikoa lortu eta sistema kapitalista gainditu dezakeen tresna bakarra da, geroz eta Euskal Herritar gehiagok itxaroten eta desiratzen dutena.

Horregatik aurtengoa, iraganera soilik begiratuko ez duen Aberri Egun bat izan behar dela adieraztera ausartzen gara. Nostalgiaz betetako data sinboliko bat, Euskal Herri berri baten abiapuntu bihurtzeko unea iritsi da, hasieran aipatutako dominazio sistema anitzetatik aske izango dena.

Euskal Herri libre eta sozialista bat, halabeharrez errealitateari aurre egin behar izango diona, kasu batzuetan paralisiak eta beste batzuetan mendekotasunak markatutakoa. Jakin badakigu beraz, zeintzuk diren aurka dauzkagun zailtasunak. Estatu espainol eta frantsesetako gobernu zentraletatik, EAE eta Nafarroako gobernuen laguntzarekin, mantentzen den blokeoa sustatzen duten zailtasunak, gure herrian bake justua eta iraunkorra mantentzeko xedea duen bake prozesu eta konponbide demokratiko baten hasieraren aurrean. 

Izan ere, ezin dugu ahaztu aipatutako gobernuek espetxe-politikaren aldaketaren alorrean erakusten duten egoskorkeria, Parot doktrina indarrean mantenduz, gaixo sendaezinen askapena ezeztatuz edo Bateragune prozesuaren ondorioz zigortutakoak espetxean mantenduz. Jokabide berdina mantentzen jarraitzen dute, “dena ETA da” eta “ETAren aurka edozerk balio du”, errealitateak iraganeko eskema hori bertan behera utzi ez balu bezala. Aurreko Aberri Egunetik gauza asko aldatu dira alor honetan, ETAk borroka armatua behin betiko utzi izana barne, baina haiek geroz eta jende gutxiagok ulertzen dituen iraganeko jokamoldeetara harpidetuta diraute. 

Bestetik, ez dugu ahaztu nahi Aberri Egun hau krisi sakonak markatuta datorrela, edo iruzurrak markatuta, nahiago bezala. Sinestarazi nahi digutenaren aurka, hau ez da soilik finantzen krisia. Borroka garaia da, argi eta garbi, guda ideologiko baten garaia, merkatuen eta kapitalaren gosea asetzeko esklabo bihurtu nahi gaituztenen eta beste Euskal Herri bat eta beste eredu ekonomiko bat posiblea eta berebizikoa dela defendatzen dugunon artekoa.

Berebizikoa da bizitzaren jasangarritasuna bermatzeko. Euskal Herriko hiritar guztiontzat duina izango den bizitzarena. Posiblea den sistema bakartzat jotzen den kapitalismoaren jasangarritasunetik aldenduko dena eta antzinatik gizakion harremanak menderatu dituen patriarkatuari, planetaren mugei so egiten ez dien garapen bortitzari, gure kultura aberastasuna zapuzten duen kultura asimilazioari eta gure beharretatik haratago kontsumitzera behartzen gaituen sistemari aurre egingo diona, kontsumismoa gaindituko duen errealitate berri baterantz abiatuz. Gizartea eta ekonomia antolatzeko era berri bat, guztion ongizatea banakoaren gainetik lehenetsiko duena, gauza guztien erdigunean pertsonak jartzen dituena eta ez boterea dutenen beharrizanen sua elikatzen duen egurra. 

Azken finean, duela egun batzuk Hego Euskal Herrian eginiko greba orokor arrakastatsuaren egunean euskal sindikatuek azpimarratzen zuten moduan, Euskal Herri ezberdin bat, kapitalismoaren aurkakoa, behetik eta ezkerretik eraikia. 

Eta azpimarratutako bi faktoreekin batera, sistemaren krisia eta bake-prozesuaren zein konponbide demokratikoen blokeoa alegia, Alternatibatik hirugarren bat aipatu nahi dugu. Demokrazia prekario honen zilegitasun galera, hain zuzen ere.

Demokrazia hau, hauteskundeetara aurkeztu ere egiten ez diren eta aldi berean gure xedeak zehazten dizkiguten botereen zerbitzura dagoen tresna moduan ikusten da gero eta gehiago. Hiritarrak erabaki-hartze kolektiboaren kudeaketan parte hartzea lortu ezin duen edo nahi ez duen demokrazia bat da. Eta agortutako demokrazia honen aurrean bestelako demokrazia bat, zuzena, parte-hartzailea eta erradikala eraikitzen hasi behar gara. Pertsona oro hausnartzeko zein erabakiak hartzeko prozesu guztietan modu aktiboan barneratuko dituen sistema.

Egun indarrean dauden errealitate gordin horiei aurre egiteko gai bagara, Euskal Herri sozialista, feminista eta ekologista berri baten oinarriak eraikitzeaz gain, Bolivia, Kuba edo Venezuela bezalako beste herri eta nazioen norabide berdinean bultzatzen egongo gara. Izan ere, ikuspuntu internazionalista batetik, ez ditugu ahaztu behar, ezta Aberri Eguna bezalako data batean ere.

Ezin da gehiago itxaron: espetxe politika aldatzea ezinbestekoa da

Maribi Ugarteburu, Dani Maeztu, Ikerne Badiola, Oskar Matute, Pello Urizar, Amaia Agirresarobe, Pernando Barrena.

Argi dago garai berri batean gaudela. Gainera, denok gaude ados garai ona eta itxaropentsua dela. Hori horrela izanik ere, oraindik ere zurruntasun handia dago pauso gehiago emateko eta bestelako neurri batzuk hartzeko orduan. Zurruntasun horrek etsipenez estal ditzake bake, bizikidetza eta askatasun haize hauek, eta horrek zailtasun ugari ekar ditzake, nahiz eta euskal herritarrek gogotik espero duten haize horiek behin betiko gure artean zabaltzea.

Horrexegatik animatu gara gogoeta hau, eskaera hau egitera. Espero dugu aintzat hartua izango dela. Eta espero dugu hartzaileek —euskal preso politikoei zein espetxe politika ezarri behar zaien erabakitzen duten horiek— ulertuko dutela eskaera honen atzean badagoela eskaera bat euskal gizarte plural eta askotariko honetako jende gehienak babesten duena.

Eta espetxe politikaren inguruan azaldu nahi dugu, hain zuzen, gure ikuspegia eta gure eskaera, idatziz azaldu ere. Beste garai bati, beste interpretazio bati dagokion espetxe politika bati eusteak, euskal gizarteak zorionez gainditua duen aldi bati eusteak ez du ezertarako laguntzen, ez du inor gizatiartzen, ez du ezer ekartzen.

Kondena betea duena 197/2006 doktrinaren bidez espetxean edukitzea eta halako beste hainbat salbuespen neurri hartzeko modua ematen duen legedi horri eustea, osasunez larri dauden presoei kartzelatik ateratzen ez uztea eta sakabanaketa politikari eustea; besteak beste, horiexek egituratzen dute gaur egungo espetxe politika. Hori guztia zigor bat, gure herrialdean jadanik ia inork ulertzen ez duena, atxikimendu edo joera politikoa gorabehera.

Baina ez gara ari datu eta neurri gutxi gorabehera etereo edo ondoriogabe batzuei buruz. Izen-abizenak dituzten pertsona batzuei espetxean eusten dien egoera ulertezin bati buruz ari gara. Pertsona horien bizia arriskuan dago, nahitaez aldatu beharra dagoen espetxe politika bat dagoelako indarrean. Horietako askok gaixotasun larriak dituzte, askotariko patologiak, espetxealdian bertan hartuak edo muturreraino larrituak, eta, hala ere, kartzelan daude oraindik ere, irizpide medikoen eta logikarik oinarrizkoenaren aurka.

Eta, besteez ahaztu gabe, preso horietako baten egoerari erreparatu nahi diogu bereziki: Txus Martin basauriarrarenari, hain zuzen. Benetan larri dago Martin; izan ere, buruko gaixotasun bat du, ezin tratatu dena; gaitz hori edukita ezin da egon minutu bat gehiago ere espetxean. Haren gaixotasuna zein larria den kontuan hartuta, Martin bakartuta eta espetxeratuta edukitzea ez da hura zorigaiztoko amaiera batera eramateko modurik eraginkorrena baino, eta inork ezin lezake halakorik nahi, Martin estimatu ala ez, haren ideiekin ados egon ala ez.

Horrexegatik diogu ezin dela gehiago itxaron, eta instituzioek, herriaren nahiaren ordezkari izan nahi badute eta herritar bakoitzaren eskubide guzti-guztiak ziurtatu, berehala utzi behar dutela aske Martin, jaso ahal izan dezan dagokion tratamendua, baita haren egoera larriari dagokion terapia ere.

Eta, Txus Martinen kasua azpimarratuta, jabetzen gara pertsona horiei guztiei —eta beste askori— espetxean egoteak ez dizkiela gaitzak eta gaixotasunak larriagotu bakarrik; horrez gain, ez dute jaso behar bezalako osasun laguntzarik, eta, ondorioz, hainbat zailtasun izan dituzte zegozkien tratamenduei aurre egiteko.

Ez da mendeku garaia. Euskal herritarrek ez digute halakorik eskatzen. Alderantziz: alde bakarreko erabakien garaia da; alegia, denok gure esku eta gure arduren menpe dagoen guztia egiteko garaia, bermatzeko bake eta normalizazio prozesu bat gaindituko dituena gure herriak hamaika urtean izan dituen —eta oraindik ere badituen— zauri sakon eta ankerrak.

Inork ez liguke barkatuko gehiago egin ahal izanda gutxienekoa baino ez egitea, edo isilik geratzea, edo ez ikusiarena egitea, aurka egin gabe hemen azaldu ditugun salbuespen egoera horiei eta beste askori. Espetxe politika aldatzeak ez du esan nahi alde baten ideiei men egitea, baizik eta denontzako ondasun bat bermatzen laguntzea: bakea, hain zuzen.

Azkenik, artikulu hau aprobetxatu nahi genuke gizarte osoari deia egiteko parte har dezan martxoaren 31n Iruñean egingo den mobilizazioan: han, larri dauden presoak aska ditzatela eskatuko dugu. Halaber, gogorarazi nahi dugu maiatzaren 19an aukera ezin hobea izango dugula presoen eskubideen alde indarrak pilatzeko gure hiri, herri eta auzoetan.

X