A25: Kolonizatutako emakumeak

Azaroaren 25a emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako nazioarteko egunaren harira Kolonizatutako emakumeak deritzon kanpaina martxan jarri du Alternatibak. Kartel honetan oinarritutako kanpaina da, Argentinako “Mujeres Publicas” talde feministak eginiko lanetik jaso duguna. Haien web orriaren bitartez halako ideiak partekatzea eskertu nahi diegu, talde feministen arteko sareak eta elkartasuna sustatzen dutelako.

Erakargarria izateaz gain, kanpainak emakumeek aurkako indarkeriaren inguruan Alternatibak duen ikuspegia primeran azaltzen duela uste dugu.

Pinta, Niña eta Santa María Colon-ek “Ameriketako aurkikuntzarako” erabili zituen ontziak izan ziren. Irudi honetan, Amerikako kolonizazioaren eta emakumeen gorputz eta bizitzen kolonizazioaren arteko alderatzen ironikoa egin nahi izan dugu. Emakumeen aurkako indarkeria, gure gorputzak konkistatzea; sexualki, ekonomikoki eta politikoki gu makurraraztea eta gure askatasuna mugatzea helburu duten estrategia patriarkal anitzen ondorioa dela islatzen da irudian.

“Santa Mariak” eliza katolikoarekin harreman zuzena dauka; sakrifizioa edo errua eragiten duten ideiek, emakumeak euren gorputzaz eta sexualitateaz ez gozatzera daramatza. Eliza katolikoak kolonizatu nahi gaitu, abortuaren aurkako kanpainen bidez, aukera sexualerako dugun askatasuna zalantzan jarriz, euren bikotekideen eskuetan hiltzen diren emakumeen egoeraren aurrean isilduz.

Neskatoak, “La Niñak”, emakumeok txikitatik jasaten ditugun indarkeria era ezberdinak azaldu nahi ditu; jasotzen dugun hezkuntzatik hasita, zeinak guretzat desiragarria zer den, zer izan behar garen eta zer izan gaitezkeen argi eta garbi mugatzen duten rol ezberdinak egozten dizkigunak.

“La Pintak”, azkenik, emakumeek jasotzen dituzten edertasun-agindu patriarkal guztiak islatzen ditu; gu guztiok morroi bihurtu eta ezinezkoa den emakume eredu batekin berdindu nahi gaituztenak, beti besteen desiraren objektu izatera eramaten gaituzte.

Emakumeen aurkako indarkeria modu ezberdinetan azaleratzen dela uste dugu Alternatiban, eta kartel honen asmoa hauetako batzuk jasotzea da; ia emakume guztiok jasan ditugunak eta helburu bera dutenak: erabakitzeko dugun askatasuna ukatzea. Indarkeriak batean eta bestean, aniztasunetik abiatuta, munduko bi bazterretako emakumeok kanpaina bera konpartitzea ahalbidetzen dutenak; zapalkuntza eta borroka berberak konpartitzen ditugu eta.

Alternatibaren ustez, indarkeria berriz definitzeko ahalegina egin behar dugu, eta emakumeen aurkako indarkeria matxista egiturazkoa dela aitortu beharko da horretarako. Indarkeria horren sustraiak gizonezkoen emakumeen gaineko ukazioa, esplotazioa eta dominazioa nagusi izan den gizartean daudela aitortu beharra dago.

Indarkeriaren ikuspegia zabaldu behar dugu, non ematen den eta emakumeen papera zer nolakoa den aztertuta. Indarkeria pairatzen duten emakumeei biktimaren papera besterik ez zaie uzten eta hori ere aldatu beharra dago. Errealitate konplexu honen aurrean, emakumeen jabekuntzan oinarritutako erantzun osoak bilatu behar ditugu, gizon eta emakumeen arteko harremanetan benetako aldaketa eragingo dituztenak, antolaketa sozialean aldaketak eragingo dituztenak beraz.

Guzti horregatik, erakunde publikoak emakume guztien eskubide guztien bermatzaile izan behar direla uste du Alternatibak eta horregatik exijitzen diegu:

  • Indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasunezko konpromiso politikoa izan dadila, horretarako beharrezkoak diren baliabideak jarrita.

  • Berdintasun politika eraldatzaileak gainerako politiko publikoekin koordinatuta: (gizarte zerbitzuak, hezkuntza, hirigintza eta segurtasuna)

  • Mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin bitartekaritza politikorako zubiak eraikitzea.

  • Indarkeria matxistaren arloan sentsibilizazioan eta prebentzioan lan egitea.

  • Testuinguruari egokitu daitezkeen politika malguak egitea, indarkeria matxista mota guztiei eta emakume talde guztiei (etorkinak, gazteak, drogomenpekotasunak dituztenak, etab.)

  • Emakume guztiek erabili ahal dituzten zerbitzu eta baliabideak eskaintzea, nonahi bizi arren, landa eremuetan bizi direnei arreta berezia eskainita.

Horregatik azaroaren 25ean, beste behin ere, mugimendu feministek deitutako jarduera eta mobilizazioetan parte hartzeko dei egiten diogu gizarteari, kalera ateratzeko eguna baita, emakume guztiak libre izan arte borrokan jarraituko dugula ozen esateko eguna. Indarkeria mota guztietatik libre izan arte: Gure gorputzen, gure buruen eta gure ahotsen kolonizaziotik libre.

Azaroak 25 ostiralerako deitutako mobilizazioak Hegoaldeko hiriburuetan:

BILBO: 20:00etan Arriaga plazan.

GASTEIZ: 20:30etan Andra Mari Zuriaren plazan.

DONOSTIA: 19:00etan Bulebarrean

IRUÑEA: 20:00 Gaztelu enparantzan

http://alternatiba.net/old-files/COLONIZADAS-web.jpg

http://alternatiba.net/old-files/COLONIZADAS-web.jpg

Basurtun ez gara arrazistak

Iagoba Itxaso > Alternatibako militantea

Integrazioa sustatzea helburu duen Onda Euskadi elkarteak eta El Yakin komunitate islamikoak lokal bat alokatu zuten nire etxebizitzatik pare bat kaletara duela hilabete batzuk, Pablo Alzola kalean, hain zuzen ere. Haien asmoa, Udalak traba berririk jarri ezean, aurki meskita bat irekitzea da, 180 lagunentzako lekua eta kultur-etxe txiki bat izango dituena.

Auzokide talde handi batek, Pablo Alzola kaleko bi auzo-elkarteen buruzagitzapean, erabateko kontrako jarrera bizia adierazi du; ekimenaren sustatzaileei, Bilboko Udalari eta baita Basurtuko Auzo-elkarteari aurre eginez. Elkarrizketarako inolako asmorik ez dute agertu. Soilik Udalarekin jardun izan dute, eta hitz egiteko asmorik ez dutela argitzeko izan da; euren nahi bakarra meskita eraikiko ez dela ziurtatzea da, dagoeneko ateak irekitzeko falta zaion izapide bakarra egoitzaren edukieraren berrespena bada ere.

Auzokideek kaleak kartelez bete dituzte, manifestazioak deitu dituzte, hedabideen aurrean adierazpenak egin dituzte, eta Bilboko kale nagusietako batean trafikoa ere moztu izan dute ordu erdiz.

Haien karteletako batek zioen: “Inork aldatu ez gaitzan!”. Duela egun batzuk, Iker Alava kazetariak, auzotarrek aipatutako bi esaldi nabarmendu zituen El Correo egunkarian: “hona ez dira jatorri onenetarikoak etorriko” eta “gero etxeetan sartzen hasiko dira eta auzoaren balioa jaitsi egingo da”. Horrenbesteko zintzotasunak harritu ninduen. Inozoa ni, egunkari honetan aurkituko nituen komentario bakarrak komunitatean dauden berogailuen galdarek ebakuazio bat egotekotan sor litzaketen arazoei buruzkoak izango zirela uste nuen, hauxe izan baita tenpluaren aurka egiteko argumenturik ohikoena.

Ez dut sormen ariketa konplexurik egin behar auzokideren bat horrelako azalpenak ematen imajinatzeko, geroago etorriko denaren iragarpenarekin hasi ohi direnak: -ni ez naiz arrazista, baina…-. Baina nahiago dut beste nonbaitera joatea; zeren eta ni ez naiz arrazista, baina ez dut nire etxe alboan emakumeen aurkako indarkeria eta laidoa sustatzen dituen egoitza bat izan nahi; auzoa mairuz gainezka egongo da, eta hori ez da inoren gustuko; eta meskitaren erruz kaleak lapurrez eta bortxatzaileez betetzen badira, gureak egin du; zeren eta horrelako jendeak hemen inguruan etxeak erosten baditu, auzoa ghetto bat bihurtuko da; eta ni ez naiz arrazista, baina nahiago nuke bidean euren patera hondoratu izan balitz!

Arrazismoa eta xenofobia bete betean, bere saltsan egosia eta zerbitzatzeko prest.

Hori da nire auzoak eman duen irudia lazgarria. Eta esan beharra dago, Basurtun ez garela arrazistak ezta xenofoboak ere. Nola izango gara ba, hau etorkinez osatutako auzoa bada? Duela zenbait hamarkada, hemen denok maketo hutsak besterik ez ginen eta. Kontua da, batzuentzat zaila dela memoria egitea, edo are okerrago, memoria egitean, iraganeko jarrerarik autoritario eta zorrotzenak besterik gogoratu nahi ez dituztela gerta liteke, euren buruari traizio eginez.

Laikotasuna instituzioetan eta kultur askatasuna herritarrontzat, premisa hauetatik abiatzen da egungo legea eta, beste aldean, PP alderdia auzokide hauen alde azaltzen da argi eta garbi; gainera, EAJko Iñaki Azkuna eta Ricardo Barkalak argi adierazi dute ez dutela Bilbon beste meskitarik nahi eta euren esku dagoen guztia egingo dutela hala izan dadin. Udaleko eskuineko blokeak bat egin du meskitaren aurka egiteko, metodoei dagokionez oso ados egon ez arren, gehien bat EAJk ez duelako horren beharrik, euren gehiengo osoa dela eta. Dena den, dagoeneko edozein baimen eskaera berri gelditzea erabaki dute eta baita honen inguruko erregulazio bat sortzea ere. Euren hitzetan, honek ez luke kultu askatasunerako eskubidea urratuko, baina argi adierazten dute kultua jarduteko egoitzak ekiditeko balio izango duela. Laburbilduz, Alari otoitz egitekotan, EAJk zure etxean egin dezazun nahi du. Ezer berririk ez zerupean.

Udalean entzun daitekeen ahots bakarra Bildurena da, Ana Etxarteren bidez hain zuzen, kultu askatasuna zertan datzan gogorarazten duenak. Batzuek esango dute, zer pentsatu ematen duela “gorri horrek” erlijioak errespetatzea zer den irakastera etorri behar izatea. Eta hala da, zer pentsatu ematen du.

Ekonomiaz ari garenean, utzi demokraziak alde batera, arren

Ana Etxarte eta Asier Vega – Alternatibako bozeramaileak

Artikulu honen asmoa ez da inondik inora Greziako lehen ministroa defendatzea EBrekin hitzartutako erreskatea balioesteko erreferenduma deitu izanagatik. Aitzitik, gero eta hegemonikoagoa bihurtu den shock-aren doktrina, bere herrian bertan inongo gupidarik gabe ezarri duela uste dugu. Hala, erabat arbuiatzen dugu onartu den politika ortodoxoa; gizarteak errefusatu arren, murrizketa sozial drakoniarrak, pribatizazioak, desregulazioka eta protestak bortizki erreprimitzea babesten dituenak, hain zuzen. Milton Friedman, neoliberalismo basatiaren aitak disimulurik gabe esango lukeen bezala, “Lan bikaina, Yorgos”, erredundantea izanik ere.

Asmoa ez da ere iragarpen hau momenturik egokienean heldu den ala ez baloratzea; ezta erreferenduma murrizketak heldu aurretik egitea eraginkorragoa izango zela esatea; ezta Greziako herriak bere politika ekonomikoari buruz eta honen ondorioz sortutako egoeraren ardura nori egokitu behar zaion erabakitzeko ahalmena beti –lehen, orain eta etorkizunean- izan behar duen ere. Jakina hala dela. Izan ere, herriek erabakitzeko ahalmena izan behar dute momentu oro, edo hala beharko litzateke edozein sistema demokratikoren baitan –egungo errealitatearekin zerikusirik ez duena-.

Dena den, une honetan erreferendum bat egitearen egokitasuna eta bideragarritasuna, aditzera eman den moduan, momenturik egokiena izatearen araberakoa al da? Norentzat da egokia? Ez al dute greziarrek –atzo, gaur eta bihar – presio talde batzuk merkatuekin bat eginda aurrez erabaki duten zerbait errefusatzeko edo balioesteko eskubidea? Gure erantzuna argia da; testuingurua eta egoera edozein direla ere, herri batek beti izan behar du erabakitzeko subiranotasuna. Lehenago egin izan balitz hobe, baina oraingoan ere, ondo da.

Eta hortxe dago koska. Lerro hauetan salatu nahi duguna, egun pairatzen dugun demokrazia gabezia handia da, statu quo-ak txalotzen duen hori, hain zuzen ere. Zoritxarrez, demokrazia liberalaren noraezerako bidaian murgilduta gaude, non herritarrok gero eta ahalmen txikiagoa dugun geure egunerokotasunean eragina duten erabakietan parte hartzeko. Orokorrean hala jokatzen bada, ekonomiari dagokionez orduan, zuzenean diktaduraz ari gara. Badirudi, kasta buruzagiek hala agintzen dietela herritarrei, umeak izango balira bezala: “Ekonomiaren alorrean, hobe da nagusiek erabakitzea, geu baikara honetan adituak…”.

Horregatik, erreferenduma egiteak poztu besterik ez gaitu egiten –bere justifikazioa alde batera utzita eta lehenago egitea eraginkorragoa izango zela uste badugu ere-, eta era berean, instituzio zein alderdi politikoen izaera mehatxari, mafioso, iskanbilatsu eta diktatoriala salatu nahi dugu, bai sozial-liberalena zein eskuin-eskuinekoena ere. Ez da ezer berririk zerupean, Espainiako Erresuman gauza bera gertatu izan baitzen iraganeko udaran, defizitaren mugaren erreforma konstituzionala itzalean onartu zenean (honetarako bada zilegi konstituzioa aldatzea). Laburbilduz, sistemaren mezua argia da: ekonomia, merkatuentzat; demokrazia, lau urtean behin merkatuek agintzen dutena balioesteko.

Erabakiak hartzeko logika bertikal eta pribatizatzaile honen aurrean, demokrazia erradikalaren alde egin behar dugu, eta Grezian erreferenduma deitzearen alde agertzen gara, emaitza EZEZKOA izateko nahiarekin, onartutako aurre-hitzarmenak errefusatuko dituena. Eta erreferendumari BAI eta aurre-hitzarmenari EZ esaten diogu honako arrazoiak direla medio:

Lehenik, pedagogia politikoagatik, ekonomia herrien subiranotasunaren menpean jartzeko beharrizanarengatik, eta ez alderantziz, orain gertatzen den lez.

Bestetik, Grezian erabili izan den logika –eta aurre-hitzarmen hau kate maila berri bat besterik ez izatearena- desegokia, inkoherentea eta herriaren aurkakoa dela ulertzen dugulako. Etengabeko erreskatearen eta murrizketa sozialen dinamikak Grezia kale itsu batera bultzatzen du, eta bankuen zein finantza-eragile handien interesak besterik ez ditu babesten, bestela zorraren merkatuetan eta CDS-an izugarrizko galerak pairatzeko arriskuan egongo zirenak. Ez dira Greziaren interesak lehenesten, merkatuen irensteko nahia baizik.

Hirugarrenik, oraintxe bertan jarraitu daitekeen estrategia bideragarri bakarra Greziaren porrota dela uste dugulako. Honek, zorra bere osotasunean berriz negoziatzeko aukera eman dezake, -zilegitzat jotzen ez denaren berrikustea eta ez ordaintzea sartuta-, eraldaketa sozialari bide berria irekitzeko aukera errealari heltzeko, finantza sistemaren zamaren menpekotasun iraunkorrik gabe.

Azkenik, egungo arazoak benetan konpondu nahi baditugu, eztabaidaren erroetara jo behar dela uste dugulako: finantza-merkatua erregulatu; espekulazioa eragotzi; Alemaniaren superabit estrukturalak, hobekuntza sozialik eta politika hedakorrik gabekoak, legez deuseztatzea; aurrekontu eta fiskalizazioan politika bateratuak jarraituko dituen Europa bat eraikitzea, eskubideetan oinarrituko dena eta ez interesetan.

Demokrazia ekonomian eta edonon; merkatuei aurre eginez, herriaren boterea!

Amatxoak gurditxoekin

“Amatxoak gurditxoekin”. Hala deritzo Bilbao Kirolak emakumeei eginiko eskaintza berriari. Bilboko Udalak, Bilbao Kirolaren bidez, mezu oso kezkagarriak bidaltzen dizkigu kanpaina honi izena ematen dizkioten hitzen bitartez:

Emakumeenganako zer nolako irudia dauka Udalak? Bilbao Kirolakek emakumeentzat bereziki eskainitako jarduera bakarrak amatasunarekin lotuta daude: aurretik haurdun dauden emakumeentzako ikastaroak antolatu dituzte eta, orain, gurditxoekin egiteko ikastaroa. Emakume guztiak amatasunarekin lotzen al ditu Udalak? Edo emakumeei kirola egiteko gogoa ama izatetik datorkiola bakarrik uste al du? Zergatik ez dago programa bakar bat ere kirola emakumeen artean sustatzeko, eta batez ere nesken artean, kirolean aritzen diren emakumeak gizonezkoak baino gutxiago direla dakigunean?

Zer dio Udalak emakumezkoen eta gizonezkoen ardura partekatuaz haurrak zaintzeko orduan? Badirudi erantzun argia ematen digutela ikastaro honen bidez; zaintzaren ardura emakumearena da. Ez dute inondik inora aztertu haurrek eta gurasoek aldi berean, denbora tarte berean, egin ahal dituzten kirol ikastaroak eskaintzea, emakumeek zein gizonezkoek parte hartzeko aukera izan dezaten. Hori egin beharrean kirolean aritzeko orduan ere, aisialdian beraz, norberarentzat eskainitako denboran, emakumeak haurrei lotuta ezinbestez egon behar direla dirudi.

Zer egin du Udalak Bilbon irisgarritasuna errazteko? Eta haurrak gurditxoetan eramateari kalte egiten dion erabilgarritasunari bereziki? Beharbada, Bilboko zonalde ugarietan eta udal autobusetan dauden irisgarritasun arazoak konpontzeko inolako asmorik ez dagoenez, haurrak gurditxoetan eramaten dituzten emakumeak sasoian egon daitezen ikastaro bat antolatzea merkeago ateratzen zaiela erabaki dute, sasoian diogu eskailerak igo, aulkiak tolestu, umetxoa besapean hartuta aulkia beste eskuarekin heldu eta autobus bateko eskailera estuak zeharkatzeko…

Bada, eskaintza honen berri izan ondoren, ez ginateke inolaz ere harrituko hurrengo ikastaroaren izenburua “Aitatxoak garagardotan” izango balitz.

 

Carmen Garcia – Alternatibako Feminismo Mahaiko kidea

Palestina 194

Mahmud Abbas Palestinako Aginte Nazionaleko presidentearen apustuak Nazio Batuen Erakundeak Palestinako Estatua onar dezaten eztabaida sakona eragin du, Palestinako gizartean bertan zein herri honekiko nazioarteko elkartasun mugimenduaren baitan.

Egitasmoak aurrera egiteko aukera gutxi dituen arren, bere sustatzaileek Asanblada Nagusian lortutako babesak garaipen sinboliko gisa hartu dituzte eta, hobarien artean aipatzen dituztenak, AEBen zaintzarik gabeko aurrerapasoak emateko beharra, palestinarren aldeko nazioarteko babesa handitzea, gatazkaren geldotasuna hausteko aukera, Palestinako mugimendu soziala birantolatzea eta NBEaren ebazpenak eta nazioarteko zuzenbidea gatazka gainditzeko oinarrizko irizpide berriz ere bilakatzea daude.

Jarrera honen aurrean, aitortza honen eskaerak izango dituen alderdi txarrak aipatu dituzten ahots ugari izan dira: izaera isolatua duela, estrategia nagusirik gabekoa; zatikatutako lurraldeetako, legez kanpoko kokalekuetako eta sakabanatutako herri taldeetako status quoa zilegi egingo dituen beldurra; nazioarteko ebazpenetan oinarritutako negoziazio egoera batera bueltatzeko baliagarria izango den zalantza; “estatu bakarraren irtenbidea” lagatzea “bi estatuen konponbidea” sustatuz; Palestinako Estatuaren bideraezintasuna egungo baldintzetan; Palestinako Aginte Nazionalak sakabanatutako pertsonen itzultzeko eskubideari uko egingo dion beldurra…

Neurri handi batean, egitasmoak Osloko Akordioetatik aurrera bakea lortzeko negoziazioek jarraitu duten eskema aldatzeko gai izango ote den asmatzea da gakoa, NBEren ebazpenak “lurraldeak bakearen truke” printzipioarekin ordezkatu zirenean, etengabeko kolonizazio prozesuari erreparatu gabe.

Nazioarteko zuzenbide publikoak argi hitz egin du Palestina eta Israel arteko gatazkan: NBEko  Segurtasun Kontseiluaren ebazpenek israeldarrak 1949ko menian adostutako mugetara atzera egitera eta Palestinako lurraldeetan milioi erdi kolono hartzen dituzten 140 gora kokalekuak desegitera behartzen dute. Gainera, Genevako IV. Konbentzioa, Gerra garaian Zibilak Babesteari dagokiona, de iure aitortzen zaio lurralde hauei ituna sinatu duten alderdi guztien artean, baita Asanblada Nagusiak eta Segurtasun Kontseiluak, baina Israelek ezetz dio betetzeari.

“Bake egitasmo” ugarien porrotak Palestinako herriaren batasuna eta eskubide nazionalak ahaztu izanaren ondorio izan dira, bakea okupazio israeldarraren irizpideen arabera eraiki nahi izanagatik. Hala, gaur arte, lurralde eta demografia aldatzeko politikak inposatuz Israelek Palestinako Estatuaren sorrera ekidin izan du, eremu militarrean duen nagusitasuna eta AEBen baldintzarik gabeko babesa baliatuta. Helburu nagusia nazioarteko legezkotasuna baztertzea da; Palestinako agintariak kokalekuak, lurren desjabetzea, harresia eta palestinarren herbesteratzea onartzera behartu nahi dituzte.

Subiranotasunaren aitortza, beraz, ezin da onartu nazioarteko ebazpenak aldarrikatzen jarraitu gabe. Edonola ere, Nazio Batuengana jotzea ez da aski izango ez bada erresistentzia baketsuan oinarritutako estrategiaren eskutik, okupatutako lurraldeetan zein nazioartean, horixe baita, dirudienez, Palestinako Aginte Nazionalari falta zaiona.

Argi dago nazioartean lortutako garaipen sinboliko batek ez duela Israelek darabilen apartheid eta bazterkeria politikarekin amaituko. Bestalde, Palestinako Estatua aitortzeak ezin da bihurtu gobernuek nazioarteko legeak bete daitezen duten ardura ahazteko atzaikia. Ildo honetatik, gogoratu beharra dugu Espainiak 2,8 milioi euroko arma salmentak onartuko zituela Israelentzat.

Realpolitik deritzonaren hipokresiaren eta Israelgo Estatuak nazioarteko legeei azaltzen dion mespretxuaren aurrean, Palestinako herriaren eskubideen aldeko borrokaren baliabiderik eraginkorrenetarikoa boikot, desinbertsio eta zigor kanpainan datza. Kanpaina honek, Hegoafrikako apartheid politikaren aurkakoaren ereduari jarraiki, Israelekin kooperazio ekonomikoa, kulturala eta kirol eremukoa etetean datza, estatuetatik zein sektore pribatuetatik, eta arrakasta handiak izan ditu, hala nola, gizateriaren aurkako edota gerra krimenak egin dituzten arduradun israeldarrak auziperatzea; Israelgo erakundeekin harremana duten unibertsitate zein enpresei eginiko boikotak ere emaitzak izan ditu, bezeroek eginiko presioei men eginez ekoizpen israeldarra kontratatzeari uko egin baitiote.

Gaur egungo boikot kanpainiarik garrantzitsuenetarikoa Frantziako Veolia transnazionalaren aurkakoa da, Mendebalde Jerusalem ekialdeko eta Zisjordaniako legez kanpoko kokalekuekin lotuko dituen tren arina eraikitzeko partzuergoko kide izateagatik, azpiegitura horrek okupazioa hedatuko baitu. Gainera, Veoliak 30 urterako kontratua eskuratu du Zisjordaniako kolonoen kokalekuetarako zabor bilketa eta autobus ibilbide bat kudeatzeko. Jarduera guzti hauek, Genevako IV. Konbentzioaren eta Nazioarteko Zigor Auzitegiaren Erromako Estatutuaren arabera, gerra krimenak laguntzearen pareko dira. Kanpaina honen harira eginiko protesten ondorioz, transnazionala Londresko Udalak deitutako lehiaketa publikobatetik at utzi izan dute.

Veolia da, hain zuzen ere, Bilboko autobus garraio zerbitzua kudatzen duen enpresa eta, Udalak, gertaera hauen berri izan arren, kontratua bertan behera utz dezala orain arte egin zaizkion eskaerei entzungor egin die, kontratu publikoetan esleipendun konpainiei ezarritako baldintzen artean giza eskubideak eta nazioarteko legeak bete dezatela eskatzearekin egin duen bezala.

Beraz, palestinarren borroka baketsuari egin diezaiokegun ekarpena ez da ezinezko ameskeria, ezta herritarren eraginetik kanpo dagoen zerbait; aldiz, udal politikatik egingarria da, ezin dugu onartu gure Udalak Veolia bezalako ibilbidea duten enpresak diru publikoarekin saritzea.

Ana Etxarte – Alternatibako bozeramailea

http://alternatiba.net/old-files/palestinaveoli def.jpg

X