Patronala beti da nagusi > Ana Etxarte y Asier Vega (Alternatiba)

Negoziazio kolektiboa arautuko duen Lege Dekretua onartu izanak, lan merkatuaren eta pentsioen erreformekin batera,  enpresaburu eta kapitalaren eskubideak gehiengo sozialen gainetik jartzen dituen infernuko zirkulua itxi du. Finantzen krisiak mahai gainean jarri du, argi eta garbi, kapitalismoak ez duela inolako mugarik eta gutizia dela azpian duen oinarri etiko bakarra.

Lana arautzen duten legeak langileek azken mendeetan eginiko borrokaren ondorioz sortu ziren. Horiek desegitea lan harremanak Iraultza Industrialaren garaietara bueltatzearen parekoa izango litzateke, eta lan kontratu indibiduala, alde bien arteko desberdintasunean oinarritutakoa, lan merkatua arautzeko oinarri berri gisa kokatuko luke. Malgutasuna, lehiakortasuna, lan merkatuaren zurruntasuna, etab. Patronalaren zuzendaritzaren boteretik berrinterpretatzen diren kontzeptuak dira, legedi berriaren nukleo nagusietan uztartzen direnak, transnazionalen eta kapitalaren interesei egokituta. Gutxiengoen eskubideak gehiengoaren eskubideei inposatzen zaizkie.

Negoziazio kolektiboarena amaierarik ez duen erreforma neoliberalen kate amaiezin baten beste mail bat besterik ez da. Zer nolako emaitza praktikoak izan dituzte azken hogeita hamar urteetan eginiko lan erreforma ugariek? Beren emaitzak aztertu al dira? Nor aberastu eta nor txirotu da? Argi eta garbi gelditu dena enpresarien eta gobernu sozialistaren arteko konplizitatea da. Gainera, Espainiako parlamentua krisiak gehien kolpatutako gizarte sektoreen kezketatik urrundu egin da, kapitalaren, transnazionalen eta finantza erakundeen logikara makurtu egin da. Nazioarteko Diru Funtsak, OCDEk, nazioarteko bankak zein nazionalak… gehiengo sozialen gainean eragina duten erabakiak hartzen dituzte, baina, nork aukeratu ditu? Nork kontrolatzen ditu haien erabakiak? Erabaki teknikoak eskubide sozialen gainetik al daude? Enpresaburuek behar duten erreforma da hau. Haien beharrak praktika boluntarioetara bideratzen dira – enplegua sortzea, inbertsioak, aurrerapenaren aldeko elkarlana – eta haien mozkinen menpe daude; aldiz, haien eskubideak – pribilejioak -, langileen eskubideak birrintzen dituzten eta izaera inperatiboa eta hertsatzailea duten lan erreformen bitartez babesten dira.

Logika honetan, aurkeztutako testuak hitzarmen kolektiboari lan eskubideak babesteko oinarrizko lanabes gisa eraginkortasuna kentzeko helburu argia dauka, enpresari bakoitza hitzarmenetik kanpo jokatzeko aukera erraztuz eta hedapena zein mobilizaziorako gaitasuna murriztuz.

Hala, lehenik eta behin, onartutako testuak negoziazio kolektiboaren egitura aldatzen du, lanbide arteko akordioen eta enpresa zein estatu eremuko itunen aldeko apustua eginda, eskumen jakin batzuetan salbu, non hitzarmen autonomikoak lehenetsiko diren. Lan harremanen esparruaren sendotzea geldiarazten duen zorigaiztoko konbinazioa da hau, enpresarien boterea indartu eta lurralde hitzarmenen zeregina zalantzan jartzen duena, Euskal Herrian lan eskubideak bermatu duten lanabes onenak izandakoak.

Bigarrenik, enpresa barruko malgutasuna berridazten du, enpresaburuen botere legala areagotuz soldatak, maila profesionalak eta lanorduak zehazteko orduan.

Hirugarrenik, erreformak hitzarmenen ultraeraginkortasuna ondorio praktikorik gabe utziko du – aurreko itunaren indarraldi automatikoa dakarrena berau ordezkatu arte – patronalak nahi izanez gero langileek aurretik lortutakoa desager daitekeela. Lan eskubideen galera patronala eta langileen ordezkarien arteko – derrigorrezko – bitartekariaren irudia sartuta makillatu dute, langile klasearen mobilizatzeko gaitasuna pixkanaka galarazteko asmoz. Era berean, greba-hitzarmena binomioaren denbora murrizten da.

Erreforma hau konfrontazio demokratikorik gabeko elkarrizketa sozialaren azken emaitza da, negoziazio ilun batena, gardentasunik gabekoa eta enpresaburu eta, are okerrago, buruzagi sindikalen artean eginikoa, eztabaida bahitu eta Euskal Herriko gizon eta emakumeen interesen kontrako logikak ezartzen dituztenak. Negoziazioaren azken emaitzari aurre egiteko bide bakarra greba, organizazioa eta konfrontazioarena da.

Alternatibaren joko zelaia bestelakoa da, mobilizazioaren alde egiten dugu, antolakuntzaren alde, euskal gehiengo sindikalarekin eta gizarte mugimenduekin elkarlanean. Gehiengoaren eskubideak gutxiengoen pribilejioen aurrean babestea ez da utopikoa, beharrezkoa baizik.

Bizkaiko Batzar Nagusiak: Gaizki hasitako bidea

Zuriñe Gaintza, Joseba Gezuraga eta Asier Vega Bilduko Bizkaiko batzarkideak

Bildu Bizkaiko Batzar Nagusietako Mahaitik kanpo utzi du EAJren Bizkai Buru Batzarraren erabakiak. EAJk Mahaiaren hiru eserleku bete ditu astelehen honetan, PPk eta PSEk gainontzeko biak lortzeko akordioa egin duten bitartean. Gipuzkoan, aldiz, Bilduk gehiengoa izan arren – EAJk Bizkaian beste batzarkide ditu- Batzar Nagusietan ordezkaritza lortu duten bost alderdiak Mahaian egotea sustatu dute. Araban ere, herritarren babesa jaso duten bost alderdiek izan dute ordezkaritza BBNNetako Mahaian. Nafarroari dagokionez, Bildu Parlamentuko Mahaitik kanpo uzteko ahalegina egin du UPNk baina ez du bere asmoa lortu. Argi dago, beraz, Jose Luis Bilbaoren EAJk UPNren hauteskundeetako emaitzekiko mespretxu bera erakutsi duela, Bildu zokoratzeko orduan UPN bera baino eraginkorragoa izan bada ere.

Mahaiak epaile eta antolatzaile lanak egiten ditu Batzar Nagusietan. Mahaiak erabakitzen du ze gai jorratuko diren Batzorde eta Osoko Batzarretan. Mahaiak erabakitzen du zein gaik duen Osoko Batzarrean eztabaidatzeko garrantzia edo zer nolako gaiak diren premiazkoak eta zeintzuk ez diren berehala eztabaidatu beharrekoak. EAJk Bizkaiko hauteskundeetan lortutako bozen %37a Mahaiaren %60az jabetzeko erabili du, bozen %21a mahaitik at utziz. Honetarako, Bizkaiko BBNNetako araudi zaharkitua erabili du, demokraziaren alde egin beharrean elite baten esku boterea kontzentratzea ahalbidetzen duena. Hala, EAJ izango da Batzar Nagusietako epaile bakarra, eta epaile bakar horrek oposizioak aurkeztutako edozein proposamen Bizkaiko Foru Aldundiak nahi bezala maneiatuko du. Urkulluk denbora politiko berri bat aldarrikatzen du, baina bere jokabideak kontrakoa adieraztean du.

Oposizioaren lana Aldundiaren jarduna kontrolatu eta zuzentzean datza. Batzar Nagusiak horretarako daude, baina EAJren azpijoko bidegabeak Bilduren betebeharra mugatzeko aukera ematen dio, kontrol zein zuzenketei uko egiteko aukera izango baitute jeltzaleek. Zortzi urtez harrokeriaz gobernatu du Bilbao jaunaren Aldundiak eta, seguruenik, harrokeria horren ondorioz Bizkaiko bigarren indarra baztertu nahi izan dute, Mahaian ez dagokion gehiengoa edukitzeko eta inork kontra egin ez diezaion. Bizkaiko Batzar Nagusietako aniztasuna Mahaian islatu beharrean, nahiago izan du honen kontrola PPrekin eta PSErekin partekatzea, Bildurekin baino askoz erosoago sentitzen baita adiskide horiekin.

Batzar Nagusietako Mahaiaren beste eginkizunetako bat da alderdi bakoitzaren liberazio-kopurua eta batzarkideen soldatak zehaztea. Bilduren programak murrizketak proposatzen ditu, bai liberazio zein soldata edo dietetan, baina erabaki horiek EAJk, PSEk eta PPk adostu eta hartuko dituzte Mahaian. Eta argi dago hiru alderdi horiek ez dituztela Bilduk proposaturiko murrizketak onartuko.

Bildu bigarren indarra izan da Bizkaian hauteskunde hauetan. Koalizioa ordezkatzen dugun gizon-emakumeok erantzukizunez eta gogotsu egingo du lan, Bilduren proposamenak aldaketa politiko eta soziala aurrera eramateko, bai BBNNetan zein Udaletan. Bilduk berea egiten du herritarrek emandako normalizazio eta aro politiko berri baten agindua, antzinako jarrerak gainditzeko desioarekin. EAJk Bildu mahaitik kanporatzea ez ote da iraganeko adierazlerik nabarmenena?

Fusio hotza bezain antzua (Alternatiba)

Nazioarteko azken krisiak, finantza sistema kudeatzen dutenen etika gabeziak eta etekinak edozerren gainetik lehenesteak eragindako krisialdiak, gaurkotasunera ekarri du berriz ere kreditu merkatuak bidezkoa eta eraginkorra izateko izan behar dituen bi ezaugarriak.

Banka sektorea ia bere osotasunean publikoa izan behar dela da lehenengoa, kreditu kooperatiben esku edota irabazi asmorik gabeko erakundeen esku egon daitekeen zati txiki baten salbuespenarekin. Aski da gizateriaren gehiengo baten interesak lukurarien esku uzteari.

Horixe baita garapen sostengaezinaren aldeko apustuan egiten dutena: azpiegitura faraonikoak, arma lasterketa eta armen merkatuak finantzatzea, nuklearrak eta transgenikoak babestea, zerga eta lan politika murriztaileak ezarri… eta abar luze bat, den dena aberastasun lizunak pilatzeko asmoz. Haien gehiegikeriek muga guztiak gainditu dituztenean, diru zale hauek bankaren (eta batez ere zorraren) nazionalizazioa eskatzera heldu dira, Irlandan gertatu bezala, galerak sozializatu nahi dituzte kreditua pribatizatzeko fase berri batean murgildu aurretik.

Baina behin eta berriro egiaztatzen dugu sektorearen izaera publikoa ez dela nahikoa. Inolako kezkarik ez duen politikari leinua ohiko oligarkia finantzaria bezain harrapakaria izan daiteke. Hala ikusi izan ditugu Estatu Batuetako aurrezki kutxen hondoratzean Reagan edota Bush aita presidenteen garaietan, edo askoz gertuago Caja Castilla La Mancha erakundeko kontseilariek eginiko gehiegikeriak.

Hortik dator beharrezkoa deritzogun bigarren ezaugarria: Erabat gardena izatea eta ezarleek zuzenean aukeratutako Kontseilua sortzea, erakunde publikoek izendatutako ordezkarien menpe egongo ez dena.

Beraz, aipatutako krisiak gure aurrezki kutxen fusioa saihestezin egin duenean (ibili gabeko bide luzea utzi dugu atzean kutxen federakunde eusko-nafar horretatik, eta Nafarroako Kutxa norabide atzerakoietan dago murgilduta dagoeneko) gutxienez bezerook hautatzeko aukera izango genuela espero genuen, adierazitako bi ezaugarri horietan sakondu behar zuen erakundea aukeratzea egongo zela.

Baina ezta horrela ere, euskal kutxen gaineko legeak opakutasuna areagotzen du (“profesionaltasuna” dela diote) eta ezarleen lekuan ordezkari politikoak jartzen dituzte, herritarren kontrol oro oztopatzeko.

M22ko emaitzek agerian utzi dute hori, hiru kutxek banku bilakatzeko prozesua azkartu nahi dutela baitirudi, gutxienez bi helburu argi dituztela: Bilduk jasotako botoek, Gipuzkoan batez ere, hiru erakundeetako asanbladetan marraztuko duten mapa berria ekiditea eta, era berean, Kutxen Lege berria saihestea. Larria da herritarren botoek BBK, Kutxa eta Vitalen egungo asanbladetan duten ordezkaritza falta eta orain motorrak berotzen hasi dira hauteskundeetako emaitzek kutxen zuzendaritzetan islarik izan ez dezaten.

Joera neoliberala da nagusi. Izaera publiko indartsua duen euskal kutxa sortu beharrean, fusio hotzerako pausoak ematen dira, izaera publiko oro galdu eta banku pribatu forma hartzen ari dela. Alderdi unionistek beste alde batetik ere atera dira garaile, euskal ikur berria bilakatuko litzatekeena hiru herrialde-zaletasun ergelen batuketa izaten amaituko duelako, beren sortzaileen gozamenerako.

Beraz, haiei eta EAJko foralistei esker, gauza asko jakin gabe jarraituko dugu. Izan ere, zenbat irabazi zuten kutxek Airtel salduta? Zenbateko zergak ordaindu zituzten eta zertan inbertitu zituzten etekinak? Nork erabaki zuen komisio gutxien kobratzen zituzten erakundeak izatetik Estatuko garestienak izatera pasatzea? Nork eta nola erabakitzen du gizarte ekintza Estatuaren gabezia sozialak estaltzetik haratago joatea?

Eta bide batez, ez gaude kutxek bere jarduera eremu naturaletik kanpo neurriz hedatzearen kontra, munduan zehar bidaiatzen duten euskal herritarrei zerbitzua eskaintzeko edota gauzak egiteko bestelako moduak zabaltzeko, jasangarriak eta ohiko bankarekiko alternatiboak. Baina ez dirudi hala denik bulegoak bigarren etxebizitzen salerosketarako zabaltzen dituztenean. Are gutxiago salerosketa horiek maila handiko gaizkileekin mahaia eta bazkaria partekatzea, hirigintza basatia edota ingurumenaren aurkako bortizkeriak sustatzen dituzten udalekin aritzea eta jasangarritasun ekologikoaren irizpideak zeharo baztertzen dituzten azpiegiturak finantzatzea dakarrenean. Eta guzti hori ez dute bakarrik Malagan, Almerian edo Murtzian egiten. Kantauri itsasoko kostaldea adibide (txarrez) beterik dago.

Laburbilduz, aldaketa aurrerakoia egin beharrean krisia norabide neoliberalerako baliatzen ari dira, datozen hamar urteetan berbideratu ezin izango dena. Hauxe da fusio hotzaren proiektua.

Orain, zientzialarien artean onartuta dago fusio hotz nuklearra ez dagoela prest ingurumenari ekarriko dion kaltea justifikatzeko eta sendabide gisa erabiltzeak politiko ergel eta interesak dituzten adituen propagandari bakarrik erantzuten dio, eta espero dugu euskal gizarteak munstro hotz honen gainean antzeko ondorioetara heltzea… hamar urte pasa behar badira ere.

Bildu eta proiektu estrategikoak > Juan Mari Arregi (Argia)

Juan Mari Arregi
Argia

Bilduren hauteskundeetako garaipenak ilusio handia sortu du orain arte “euretakoei” bozkatzea eragotzi izan zaion gizartearen zati batean. Baina ardura ere sortu du gainerako alderdi politikoen kupuletan, sektore ekonomiko eta finantzarietan, eta beraien hedabideetan. Gehien arduratzen diena independentismoaren aurrerakada den arren, beldurra dute Bildurekin arriskuan leudekeelako proiektu estrategikoak: fiskalitatean eta finantzetan (kutxen fusioa) erreformak, AHTa, Pasaiako kanpo portua, erraustegiak… Politikarien eta lobby-en kezkak erakusten du zeinen zerbitzura egon diren proiektu estrategiko horiek.

Beharrezko herri kontsultarik gabe erabakitakoak izateaz gain, ez dira gehiengo sozialaren zerbitzura egon, langile klasearen eta herri sektoreen zerbitzura, baizik eta talde ekonomiko, enpresari eta finantzari zehatzen interesen zerbitzura. Gure herriaren egituratze ekonomiko, sozial eta nazionalaren alde ere ez dute ezer egin proiektuok.

Bilduk sorpresa eman du herritarren babes handia jaso duelako, eta orain berriz ere sorpresa emateko ardura du baliabide publikoak kudeatzeko gaitasuna duela erakutsiz: irmotasuna azalduz bere helburu estrategikoak (sozialak eta nazionalak) mantentzeko, eta malgutasuna adieraziz epeak eta exekuzio denborak negoziatzeko. Bilduk, udalak eta aldundiak gobernatzeko eskubidea eta aukera du, eta sorpresa eman beharra dauka bere kudeaketan gardentasuna eta zorroztasuna erakutsiz. Udal handietako eta aldundietako zinegotzien eta goi karguen soldata milioidunak murrizten hastea ona litzateke kudeaketa eredugarriaren lehen neurri gisa. Bilduk sorpresa eman beharko luke proiektuen inguruan herritarren borondatea errespetatuz eta horretarako herri kontsultak eginez. Bilduk aukera dauka demostratzeko badagoela gobernatzeko beste modu bat, langile klasearen eta herri sektoreen zerbitzura, eta ez enpresari, bankari eta finantzari gutxiengoaren zerbitzura.

Irudia: Kenjyis

Bozetatik haratago > Euken Barreña (Alternatiba)

Igandeko emaitzak jasota ere, begibistakoa da egungo gizarteak parte-hartze politikorako duen axolagabetasuna. Hau azaltzeko erabili ohi diren arrazoietako batzuk dira, alde batetik, politikarien jokabideak eragin duen nekea, erakundeen gardentasun faltaren ondorioz, alderdi politikoetako barne demokrazia eskasa eta ustelkeria. Bestetik, herritarren apatia dago, herritarrek jarduera politikoan era aktiboan parte hartzeari uko egin diote botoa ematetik haratago. “Politikoek konpon dezatela, horretarako ordaintzen diegu!” esaera jokabide horren adierazgarri da.

Azalpen sinple honen aurrean honako galdera hau egin beharra dago: Zuzena al da ordezkari publikoei eta herritarrei erantzukizun bera eskatzea? Ez dirudi logikoa denik, batez ere politikariek eta erakundeek azkenaldian zabaldu duten mezuari erreparatuz, alegia, erabaki politikoak gero eta konplexuagoak direnez, ezinezkoa litzaiokeela herritar arrunt bati erabaki horiek bere gain hartzea. Beste kasu batzuetan, aldiz, herritarren parte-hartzearen aldeko diskurtsoari ekin zaio baina praktikara eramateko inolako neurririk hartu gabe.

Indar ezkertiarrak ez dira inertzia honetatik aldendu, orain arte behintzat, eta gizarteak politika eskuindarrera joko duen beldurrez, parte-hartzearen aurka azaldu dira. Hala ere, auzotarren elkarteen, mugimendu sozialen eta bestelako mobilizazio espontaneoen bizitasunak ideia hau ezeresean utzi dute. Zelan apur daiteke orduan gurpil gaizto hau non herritarren parte-hartzea murriztu nahi duten politikariak eta parte hartzerako tresnen faltak eragindako apatia batzen diren?

Zoritxarrez, gugan eragina duten erabaki asko ez dira demokrazia parte-hartzailearen organoetara (udal, aldundi, legebiltzar…) mugatzen. Horren ordez, demokratikoki hautatu ez diren eta herritarren kontroletik kanpo dauden arloetan hartzen dira. Ondorioz, defizit demokratikoa konpontzen duten demokrazia parte-hartzailearen tresnen eta organoen aldeko apustuak lehentasuna izan behar du.

Igandeko emaitzak aukera bikaina dira egoera honi buelta emateko. Alternatibatik demokrazia parte-hartzailea udal guztietara zabaltzeko proposamena egin dugu, hiru oinarri aintzat hartuz: udal gobernu-organo guztiak mugimendu sozialen zein norbanakoen parte-hartzera zabaldu; alderdien monopolizazioa saihestu; aurrekontu parte-hartzaileak sustatu eta herritarren parte-hartzea bideratzeko bitartekoak sortu, auzo, sektore eta hiri kontseiluak. Organo hauek ez dute kontsultarako izaera izango soilik, bertan hartutako erabakiak lotesleak izan beharko dute erabaki estrategikoei begira. Desadostasunak izanez gero, herri galdeketetaz baliatu beharko lirateke udalak.

Neurri hauek ezartzeko bidean testuinguru zehatzari errepatu beharko zaio jakina, baita ekonomiaren, heziketaren eta sentsibilizazioaren ikuspuntuetatik beharrezko baliabideak bideratu ere. Herritarren parte-hartzerako konpromisoa ez da soilik galbidean dagoen demokraziaren osasunari eusteko egin beharreko eskaera etikoa, baizik eta borondate politiko argiaren araberakoa da eta Alternatibak konpromiso horri ekin dio bere sorreratik.

 

Irudia: Ciro Boro

X