Eraiki nahi dugun aberria (Alternatiba)

Irudia: Iñigo Arsuaga
Igande honetan, apirilak 24, Aberri Eguna ospatzen da, Alternatibak autodeterminaziorako eskubide erreala eta eraginkorra aldarrikatzeko baliatzen duen eguna. Menpekotasun sistema guztiak gaindituko dituen Euskal Herria eraiki beharra daukagu: kapitalismo aseezina, patriarkatuaren bidegabekeria, produktibismo suntsikorra, arrazakeri ankerra, itxurazko demokrazia eta kultur asimilizazioa gaindituko dituena.

Borroka guzti hauek izan behar dute lekua Aberri Eguneko ospakizunetan, hala uste dugu Alternatiba osatzen dugun gizon-emakumeok, bakarrik horiei aurre egin eta urratsak egiteko gai den herria izango delako benetan demokratikoa.

Egun honek folklorea gainditu behar du, gure lurraldean diren gatazka sozial, politiko eta ekologikoen aurrean entzungor dirauen nazio ikuspegia baztertzen dugu. Ez dugu haien nazioa nahi, naziorik ez baitago berdintasuna urratuta eta pertsona guztien eskubide guztiak errespetatu gabe. Ez gara ikurren defentsarekin konformatuko, Euskal Herri justuagoa eraikitzeak herritarrentzako eskubideak eta askatasunak zabaldu behar dituela aldarrikatzen dugu.

Garai berria bizi du Euskal Herriak, egoera politiko berria non, herriak eskatzen duenaren bidetik, elkarlanaren alde egiten dugu. Alternatibak eragile ezkertiar eta subiranistek indarrak batzearen aldeko apustua egin du beti, eta oraingoan etorkizun komun baterako bidea partekatzeko aukera gauzatu dugu. Zailtasunak daudela jakin badakigu, eta ez gara bakea eta nazio eraikuntza oztopatu nahi dutenei buruz bakarrik ari. Izan ere, badira askoz traba gehiago: desberdintasunak, pobrezia, era guztietako eskubideen urraketa eta indarrean dauden logika zapaltzaileak.

Seguruenik, esan ohi denez, ez daude diren guztiak, baina badakigu zer garen barruan gaudenok. Euskal Herriko pertsona guztien eskubide indibidual eta kolektibo guztiak bermatu beharraz seguru gaude, bakerantz   egin beharreko urratsen premiaz, indarkeria, mehatxu eta errepresio forma guztiak gaindituta, gatazkaren parte diren edozein erakunde, eragile zein instituzioen aldetik. Askok ukatzen badute ere, gatazka herritar guztiek gainditu nahi dutela jakin badakigu.

Era berean, Euskal Herrian diren subiranotasun nahiak zilegi direla konbentzituta gaude. Bere buruari zuzenbidezkoa deritzon estatuak zilegitasun hori modu gaitzesgarrian urratzen duela salatzen dugu, horretarako milaka eta milaka herritarren parte-hartze politikorako eskubidea bortxatzen du, 50.000 lagunena zuzenean eta bi milioitik gora lagunena zeharka. Demokrazioaren aurkako bidegabakeria honen aurrean, behin et aberriz exijituko diogu Espainiako estatuari, ETAri indarkeriazko ekintzak uzteko galdegin genion irmotasun berberarekin, gobernu espainiarrek urratu izan dituzten eskubide guztiak berrezar ditzala: elkartzeko eskubidea, adierazpen eta manifestazio askatasunarena eta herritarren botoa bahitzen duen Alderdien Legea bertan behera uztea.

Bestetik, Iruñea eta Gasteizko gobernuen politika neoliberalekiko morroitzari erantzuteko alternatibak eskaini behar ditugu, herri sozialista, ekologista eta feminista eraikiz. Eta nazio eraikuntzan zein eremu sozialean herria desegiten dutenen aurka egin behar dugu.

Hauxe da Aberri Egun honetan Alternatibak egiten duen aldarrikapena, azken hilabeteotan elkarrekin egin ditugun urratsek herri honen eraikuntzarako aukera berriak eta itxaropentsuak eskainiko dituelakoan, herri honetan sinesten dugulako, ezkerreko Euskal Herrian sinesten dugulako.

Euskal Herrian, 2011ko apirilaren 24an

Elikadura subiranotasunik gabe, ez dago subiranotasun politikorik (Alternatiba)

“Nazioarteko merkatuaren baldintzak ez dira bidezkoak, eta ezingo dira izan elikagaiak, giza eskubidetzat baino, salgaitzat jotzen diren bitartean”

1996ko apirilaren 17an, Brasilgo polizia militarrak tiro egin zuen Lurrik Gabeko Nekazarien Mugimenduak deitutako manifestazio baten aurka El Dorado dos Carajas-en. Nekazarien eskubideak aldarrikatzeko manifestaldia zen hura. Guztira, hemeretzi nekazari hil zituzten eta hirurogeita bederatzik mozketak pairatu zituzten, ehunka zauritu suertatu ziren eta hamar lagun epaiketarik gabe exekutatu zituzten, gutxienez, atxilotu ostean.

Egun horretan, zoritxarreko gertaerak jazotzen ari ziren bitartean, Via Campesina elkarteak nazioarteko bigarren biltzarra egiten ari zen Tlaxcalan, Mexikon. Mundu zabaleko nekazariek “Nekazarien Borrokaren Nazioarteko Eguna” izendatu zuten egun hura.

Hamabost urte igaro ondoren eta urtero egiten den legez, apirilaren 17an aldarrikapen bikoitza egin ohi da mundu osoan: alde batetik, nekazariek eta herri landatarrek bizirauteko duten eskubidea eta, bestetik, mundua elikatzen jarraitzeko borroka gogoraraztekoa. Elikadura subiranotasunean oinarritutako sistema berria defendatzeko ekintzak dira.

Baina, zer dakigu elikadura subiranotasunari buruz? Nondik dator kontzeptua? Zein da bere esanahia?

56 herrialdetako nekazarien 150 erakunde batzen dituen Via Campesina-k garatu zuen elikadura subiranotasunaren kontzeptua eta publikoki eztabaidatu zen lehenengoz 1996an FAOren egoitza zentralean (Erroma) egindako Elikaduraren Munduko goi-bileran. Hortik aurrera, kontzeptu hori eztabaidagai nagusienetakoa bilakatu da nazioarteko nekazaritzaren alorrean, baita Nazio Batuen barne instantzietan ere. Izan ere, 2002ko FAOko Elikaduraren Munduko goi-bilerari lotutako GKE-k antolatu zuten batzar paraleoaren ardatz nagusia bilakatu zen.

Elikadura subiranotasunak honako eskubide hauen aldarrikapenean datza: herriek euren nekazaritza- eta elikadura-politika zehazteko; dumping mekanismoen bitartez produktu soberakinen sarbidea saihesteko eta lurraldea errespetatuko duen nekazaritza lokala, anitza, landatarra eta ekologikoa sustatzeko, hau da, nazioarteko merkataritza ekoizpen lokalaren osagarri gisa jardungo duena. Elikadura subiranotasunak ondasun naturalen gaineko kontrola (lurra, ura eta haziak) komunitateei itzultzean datza, baita bizitzaren pribatizazioaren aurka borrokatzean, ura era jasangarrian banatu dadin bere ondasun publikoko izaerari eutsiz, eta genetikoki eraldatutako organismoen aurkako borrokari ekinez, haziak askatasunez eskuratu ahal izateko. Horra hor nekazaritza-erreformen beharra.

Elikadura subiranotasunak ez ditu trukeak errefusatzen, bai, ordea, esportazioei emandako lehentasuna, nazioarteko merkatuetan sartzea ez delako nekazariek behar duten konponbidea. Nekazariek duten arazorik larriena zera da: merkatu lokal propietara sartzeko zailtasuna, elikagaien industriak oso salneurri baxuan finkatzen dituelako bere produktuak.

Politika neoliberalek mugarik gabeko mozkinen bilateraki lotuta dagoen nazioarteko merkataritza lehenesten dute. Gainera, nazioarteko merkataritzan sartzea duten nekazaritza-ekoizpenak nekazaritza-enpresa boteretsuenen kontrolpean daude, premiazko ondasunak esportatzen dituzten iparraldeko herrialdeen ekoizpenei mesede eginez, eta hegoaldeko nekazariak kaltetuz, bigarren mailako elikagaiak baino ezin dituztelako esportatu.

Hegoaldeko herrialdeetako elikagaien esportazioek munduko eskaera osoaren herena suposatzen dute, iparraldeko herrialde aberatsek gainontzeko bi herenak esportatzen dituzten bitartean. Aitzitik, euren kanpo zorrari aurre egiteko beharrak hegoaldeko herrialdeak baldintzatzen ditu nazioarteko merkataritzan, euren egoera hobetu ezinean.

Argi dago, beraz, nazioarteko merkatuaren baldintzak ez direla bidezkoak, eta ezin izango direla bidezko izan elikagaiak merkantziatzat jotzen diren bitartean, giza eskubide gisa hartu beharrean. Gainera, planetaren elikadura nazioarteko merkataritzan oinarritzeak komunitate askoren eredu kulturalen aldaketa suposatzen du inposatutako ohituren bat-egitearen alde.

Hortaz, elikadura subiranotasunak alternatiba bat eskaintzen dio egungo nekazaritza-eredu industrialari. Eredu berri honek oinarrizko giza eskubidetzat jotzen du elikadura, herri eta estatu guztiek euren nekazaritza-politika propioak zehazteko eskubidea aldarrikatzen du eta elikagaiak ekoizten dituztenak politika hauen ardatz nagusi gisa hartzen ditu: nekazariak, baserritarrak eta arrantzaleak, baita kontsumitzaileak ere. Elikaduraren subiranotasuna subiranotasun politikoaren oinarrizko ardatza baita.

Esku-hartze humanitario militarra Libian? > Alternatiba

Alternatibako internazionalismo mahaia
Ilustrazioa: Jared Rodriguez (truthout.org)

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluaren 1973 ebazpenak Libiako aire espazioaren itxiera ezartzetik haratago doa, gizarte zibila babesteko beharrezkoak diren bitarteko guztiak erabiltzeko eskubidea ematen dio Nazioarteari. Bonbardaketak zein zibilen heriotza masiboak salatzeaz gain, Alternatibak ezezko biribila eman nahi dio errealitatearen irakurketa zital bezain bipolar honi. Eraso militarrak klase eta herrialde menderatzaileen logikari erantzuten dio, nazio subiranotasunaren kontzeptua berrikusiz eta esku hartze humanitarioa kapitalismoaren orden berri gisa ezarriz.

Libian inori kezkatzen ez zaiona bertako gizon-emakumeak dira. Hipokratesen printzipio zaharraren arabera, “minik ez egitea da lehena”, baina zibilen erailketak)milaka errefuxiatu eta kalte ekologikoak eragiten dituen eraso militarrak printzipio hori zapuzten du. Bonbardaketek ez dute ezer konpondu, krisia areagotzea baino ez dute ekarri. Zer dela eta ez dira aztertu Afganistan edo Irakeko eraso militarren emaitzak?

Erasoaren benetako arrazoiak zibilak babestetik oso urrun daude: petrolioa, transnazional handien interesak eta zonaldearen kontrol geoestrategikoak baitira benetako zergatiak. Gainera, mendebaldeko herrialdeen hipokresia salatu nahi dogu, azken hauek Libiako errepresioa eskandalutzat omen dute, baina, aldiz, euren aliatu Israel, Saudi Arabia, Maroko, Kolonbia eta enparauek egiten dutenarekin ez jakinarena egiten dute ahaztutako gatazketan hildako milaka lagunak aintzat hartu gabe.

Bestalde, erasotzeko erabakia hartu dutenen lagun-mina izan da Libiako diktadorea duela gutxira arte. Errepresioa, torturak eta sarraskiak onargarriak dira diktadurak eraginkorrak diren bitartean. Espainiako estatuan hiprokresiaren erakusgarri patetikoenak dira Erregea, Aznar, Zapatero, Gallardon (alkateak Madrilgo Urrezko Giltza eman zion Gadafiri) eta milioika euro irabazi dituzten enpresariak. Neurri bikoitzaren erabilpena argi islatzen da euren kanpo-politikan, giza-eskubideen babesaren nazioarteko sistemaren aldeko apustuaren ahulezian zein nazioarteko azterketa egiteari behin eta berriz eman dioten ezezkoan.

Nazio Batuen Gutunean eta Nazioarteko Justizia Auzitegiko ebazpenetan oinarritutako egungo nazioarteko ordenamenduak debekatzen du estatu baten subiranotasun nazionala indarrez urratzea, Segurtasun Kontseiluak onartu ezean. Libiako erasoak mahai gainean jarri du berriro ere Nazio Batuetan erreforma demokratiko sakona egiteko beharra.  NBEko partaide izateak honako konpromiso hauek suposatu beharko lituzke: Nazioarteko Zuzenbidearen onarpena eta gerrari uko egitea; gatazken konponbide baketsuaren aldeko sistema bati men egitea; Estatuen pixkanakako desarme prozesua  finkatzea; Estatuetako ordezkaritza proportzionala bermatzeko sistema bat ezartzea Biltzar Nagusian; beto eskubidearen amaiera Segurtasun Kontseiluan eta nazioarteko ekintzen kontrol judizialaren indartzea eta Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiaren epaiek bete beharreko izaera lortzea.

Libiako gizarte zibilak kezkatzen gaitu eta Gadafi diktadorearen praktikak errefusatzen ditugu, baina eraso militarrak erregaiarekin amatatu nahi du piztu den sua. Hona hemen gure apustuak: diplomaziaren eta negoziazioaren alde, krisi uneetan bitartekari eta nazioarteko begiraleen alde, erasoan gastatutako baliabide ekonomiko guztiak bake prozesu batean inbertitzearen alde, armen salmentaren erabateko debekuaren alde, diktadurekin amaitzeko eta boterea eskuratzeko bide demokratikoak ahalbidetuko dituzten prozesu demokratizatzaileen sustapenaren alde, eta talde minoritarioen segurtasuna bermatzearen alde. Hau da, Alternatibak gatazkarik ez gertatzeko aurretiko lana lehenesten du ekintza humanitario militarren aurrean.

Nork erabakitzen du gobernu bat ez dela zilegi edota giza-eskubideak sistematikoki urratzen dituela? Hori baita gakoa. Egungo nazioarteko egoera ikusita, ez zaie galdera hauei behar bezala erantzuten. Bistan da ez direla sakratutzat jo behar estatu subiranotasuna edota esku-hartze eza bezalako kontzeptuak, baina ezin dira berrirakurri homogeneizazio neoliberalaren mesedetara. Argi izan behar dugu potentzia handiek jomuga dituztela kapitalismoa eta mugak ezabatzen dituen merkatu bakarra. Interbentzionismo humanitarioa orden neoliberal berriaren tresna bikaina da, izaera militarra eta humanitarioa batzen dituena, hain zuzen.

Petrolio gosea demokraziaz mozorrotzen denean > Xabier Letona

Xabier Letona
Argia
(ARGIAren 2270. zenbakian argitaratua)
Argazkia: Nasser Nouri

Petrolioa Libiari egindako erasoaren muinean dagoela pentsatzeko arrazoiak ugariak dira, erasoaren arrazoi nagusia zibilen defentsa dela pentsatzeko baino askoz gehiago. NBEko 1973 ebazpena, zibilen babesean oinarritzen da, baina orain arte Frantziak, Erresuma Batuak eta AEBek gidatutako koalizioaren armek ez dela hala erakusten dute, Gaddafiren kontrolpeko era guztietako azpiegiturak suntsitzen ari dira eta. Horren ondorioz, Gaddafiren aurkako operazioari babesa eman zion Liga Arabiarrak adibidez, erasoen izaerarekiko desadostasuna erakutsi du.

Libiako erregimenaren erorketa helburu, eta Irak eta Afganistango inbasio zuzenen akats eta arriskuetatik ikasita, Mendebaldeko indarrek Libiako azpiegiturak gogor kolpatu eta oposizio armatua indartzea izango dute helburu. Hasiera ezagutzen dugu jada, baina eraso militar hauen esperientziak dioskunez, amaiera aurreikustea oso bestelako kontua da. Beste hainbatetan ere Mendebaldeak bere interesak babestu ditu, baina bertako herritarren egoera okertuz (Irak, Afganistan, Somalia…).

Petrolioa da lehena, ez herritarrak. Marokon (bertakoekin eta sahararrekin), Aljerian, Yemenen, Barhein-en eta Palestinan, besteak beste, zibilen aurkako errepresioa oso gogorra da, baina ez dira gisa horretako neurriak hartzen. Berdin munduko beste hainbat lekutan, hasi Txinatik eta Honduraseraino. Mendebaldeak bere interesen alde egiten du, ez diktadurek zapaldutako herritarren alde.

Libiako petrolioaren %75 Europako Batasunera doa: Italiara %32, Alemaniara %13,4, Frantziara %10, Espainiara %8,6… Eta munduko petrolio erreserben zerrendan, Libia 9.ena da. Une honetan petrolioaren prezioan oso garrantzitsua da eta petrolioa gero eta eskasago izango den munduan estrategikoa.

Aitortu behar da, alabaina, eraso militar honek Bengaziko matxinatuak eta zibilak babestu egin dituela. Zantzu guztien arabera, eta ikusirik Gaddafiren armada nola ari zen irabazten gerra, badira arrazoi asko pentsatzeko Bengazin mendeku odoltsua gauzatuko zuela. Benetako helburua balizko sarraskia eragoztea balitz, ordea, nahikoa izan zitekeen Bengaziko Gaddafiren indarrak geldiaraztea eta gainerakoan indar diplomatikoa erabiltzea. Errepresio basatietarako lekurik ez dagoela argi utzita, ondorengo guztia libiarrei dagokie konpontzea, eta NBEk horretarako laguntza guztia eskaini beharko luke. Berdin beste herrialde arabiarretan ere.

Ez dago argi orain zer gerta litekeen, baina epe laburrean bi eszenatoki bederen aurreikus litezke. Bata, nazioarteko erasoak aurrera jarraitzea eta Gaddafiren erregimena barrutik ere lehertzea (desertzioak…). Beste eszenatokia luzeagorako litzateke: Libia bitan zatitua geratzen da, erregimena mendebaldean eta matxinatuak ekialdean, eta gerra luzearen ondoren eta Mendebaldeko potentzien sostenguarekin, matxinatuek irabaztea. Era batera ala bestera, argi dago Gaddafirenak egin duela.

Hori bai, beste behin ere, argi geratu da Mendebaldeko herrialde askoren hipokrisia. Azken urteotan denok ikusi dugu telebista eta argazkietan nola ibili den Libiako koronela hiriburuz hiriburu Italian, Frantzian, Espainian… 2005etik 2009ra Alemaniak ia 86 milioi euro saldu zizkion Libiari material militarrean; oraingo erasoekin Frantziak berak Libiari saldutako Mirage hegazkinak lurreratuko ditu agian; eta Espainiak otsailaren bukaeran agindu zuen etetea Libiara saltzen ari zen material militarra…

Herrialde arabiarretako matxinaden funtsa, beren diktadurekiko duten jasanezintasunean dago; pobrezia eta beste hainbat eragile leherkari izan dira. Urtea joan urtea etorri –eta petrolioa eta Israelekiko babesa beti muinean–, diktadura horiek Mendebaldeko sostengua izan dute eta honek bere kasara maneiatu ditu, orain Sadam Hussein Iran-en aurka erabiliz, edo gero Ga­ddafi Al Kaedaren aurka. Lehen kolonialismotik, gero postkolonialismoz jantzita.

Benetako helburua herrien garapena, zibilen babesa eta demokrazia baldin bada, testuinguru horretan ez da lekurik Mendebaleko politika paratxutistentzat. Erantzun bakar eta sinplistarik ez duten egoera konplexuak daude matxinada arabiarren baitan. NBEk diktadura ororen aurka ari diren herritarrak sostengatu beharko lituzke, beti ere zenbait printzipio nagusi eginez: herritarren interesa, herrialdeen soberania eta indar militarra azken baliabidea dela. Baina hori ez da samurra izango, batetik Mendebaldeko herrialde nagusiek oraindik orain beren interesak lehenesten dituztelako; eta bestetik, eredu izateko etxetik hasi behar delako. Esaterako, noizko NBEko erreforma, herrialde nagusien beto eskubidearekin amaitzeko?

X