Indarkeria sexistaren biktimen errekonozimenturako kanpaina
Bizkaiko Emakumeon Asanbladako kanpaina indarkeria sexistaren biktimen errekonozimenturako
Bizkaiko Emakumeon Asanbladatik eskaera bat egin nahi diogu Bilboko Udaletxeari, indarkeria sexista jasan duten biktimak aintzat hartuak eta errekonozituak izan daitezen. Botere publikoek, kasu honetan Bilboko Udaletxea lehenengoa izanik, indarkeria sexistaren biktimak diren emakumeek bizi izan duten ikusezintasunean eta utzieran erreparatzeko ordua dutela uste dugu.
Indarkeria sexista, emakumeak gizonengandik menpekotasun egoera batean mantentzeko tresna izan da eta oraindik ere bada. Erantzukizuna ez da bakarrik indarkeria jazartzen duenarena, baizik eta emakumeenganako indarkeria legitimatzen eta “ulertzen” duten estereotipoetan oinarritutako patroiak iraunarazten duenarena ere. Indarkeria mota honen desagerpena erakunde guztien, agente sozialen eta hiritarren ardura da. Emakumeok, historian zehar, egoera hau jasan dugu baina oinarrizko giza eskubideak ukatzen dizkigun antolaketa sistema honen kontra ere altxatu gara. Hala ere, ezberdintasunak eragin duen sufrimenduak edo berdintasunaren aldeko borroka baketsuak, ez batak ez besteak, ez dute botere publikoen partetik inolako errekonozimendurik jaso. Errekonozimendu honen egonezak edo ausentziak, indarkeria hau sistematikoki ematea erraztu du eta gure memorietatik at mantendu du. Ondorioaz, askok, emakumeenganako indarkeria faktore berria, baztertua eta ulertezina bezala antzematen dute euren dimentsio egituran. Memoria historikoaren erakuntza prozesuetan parte hartzeko, ezinbestekoa da SIGNIFIKAZIO, ERREKONOZIMENDU ETA KALTEORDAIN PROZESUETAN autoritatea eta presentzia irabaztea, sinboloak erreferentzia publikoa bezala IKUSTARAZIZ.
Sinboloak, edozein gizarte demokratikoaren oinarrizko giza eskubideak eta baloreak errekonozitzeko zein bertan gure buruak errekonozitzeko memoriaren lekuak dira.
Hori dela eta, emakumeenganako indarkeria inoiz ahaztua, erabilia edo legitimatua izan ez dadin, memoria kolektiboaren deialdi moduan, espazio publikoan indarkeria mota zehatz hau sinbolizatzea exijitzen dugu, NBEren hitzetan, GIZA ESKUBIDEEN BORTXAKETA HEDATUENA, IZKUTATUENA ETA ZIGORGABETUENA errepresentatzen baitu.
Indarkeria sexistaren kontrako borrokaren konplexutasunaz kontziente gara, baina ezinbestekoa da prebentzioa azpimarratzea, berdintasun baldintzetan, hiritar guztien eskuratzea ahalbidetzen duten balore ideologikoen aldaketa baten bitartez. Emakumeenganako indarkeria, emakumeoi hiritar bezala dagozkigun eskubideak eskuratzeko jasan behar dugun oztopo handienetarikoa izaten jarraitzen du. Hau guztiagatik isiltasuna apurtzea aldarrikatzen dugu, gure memoria sozialean lagunduko gaituen eta geroko belaunaldiak lagunduko dituen aztarna bat sortuz. Modu honetan, erasotzaileek askotan izan duten konplizitate sozialarekin apurtuko dugu eta biktimek merezi duten errekonozimendu sinbolikoa izango dute.
Ekintza honekin bilatzen dugu:
Biktimen errekonozimendua, FAMILIEK oroimenerako eta duelurako espazio publiko bat izatea eta berdintasunaren aldeko borroka feministaren adierazpen sinbolikoa izateaz gain, indarkeria sexistaren adierazpen mota guztiak gogoratzeko zein errefusatzeko memoria kolektiboaren aztarna bilakatzea.
Horretarako, San Vicente Plaza, AZAROAK 25EKO PLAZA deitzea eta Udaletxeak lehiaketa bat antolatzea eskatzen dugu, seinalatutako plaza honetan sinbolo bat altxatzeko helburuarekin, alde batetik biktimen errekonozimendurako eta bestetik euren existentzia propioaren jabe izateko, zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko borrokatu diren emakume guztien omenaldirako.
San Vicente Plaza egokiena dela uste dugu justizia arloetan signifikazio berezia eta sinbolikoa duelako, izan ere, auzitegiak bertan daude eta berdintasunaren aldeko emakumeen borrokarako espazio garrantzitsua bilakatu delako. Auzitegi hauetan, askotan bildu behar izan gara tratu txarren edo indarkeria sexualaren biktimak diren emakumeak laguntzera joan garelako, eskubideetara mugatzen ez diren sententzia judizialen aurka gure gaitzidura edo haserrea adierazi behar izan dugulako eta askotan, indarkeria sexistarik gabeko mundua aldarrikatzeko dugun eskubidea exijitzera joan garelako. Honez gain, plaza honek, Bilbo hirian lehentasunezko espazioa okupatzen duela uste dugu, Udaletxetik hurbil baitago eta aurkitzeko kokapen erraza du. Errekonozimendua edozein espaziotan ezin dela jardun kontsideratzen dugu eta nahiz eta Bilboko espazio guztiak garrantzitsuak izan, plaza hau gure eskaeretara hobeto moldatzen dena badela uste dugu.
Batu gaitezen: Otsoa dator!> Jon Lasa (Alternatiba)
Azken aldian, EAJk mehatxu berria asmatu du. “Batu gaitezen” proposamenaren bitartez, bide baketsu eta demokratikoetatik erabakitze eskubidearen alde gaudenen batasuna deitu du, ustez PSE eta Alderdi Popularraren arteko ituna geldiarazteko datozen foru eta udal hauteskundeei begira. EAJk ke gortina zabaldu du berriro ere “besteak” baino hobeak eta bertakoagoak direla ziurtatzeko, interes ekonomiko berberen ordezkari diren arren.
Sirena kantuak dira. Ez naiz EAJk aipatu duen autodeterminazioaz ari, Alternatiban uste berekoak garelako, baizik eta gizakia ez delako bizi bakarrik autodeterminazio eskubideaz, Mateok esandakoa berreginez. Ulertzen da Urkulluk hauteskundeei begira bere alderdiaren aldeko frontea osatzeko duen premia, baina erabakitze eskubidea ezin da aitzakia bihurtu askok gorroto ditugun EAJren gainontzeko politika eskuindarrak ezkutatzeko.
Bistan da beharrezkoa dela Eusko Jaurlaritzatik, PPren babesarekin, PSEk sustatu dituen neurri neoliberalei muga jarriko dien frontea. Fronte honek, ordea, honako neurri hauek bultzatu beharko lituzke: garapen kontzeptu desberdina, azpiegituren sistema jasangarria, bidezko eredu fiskala eta banatzailea, eta publikoaren aldeko apustu sendoa. EAJ, PSE eta PPrekin batera, politika hauen aurkakoak dira.
Hori dela eta, bitxia da EAJk hartu duen jarrera. Zapaterok abiatutako lan-merkatuaren erreforma eta aurrekontu murrizketak bermatu, makroegitura jasangaitzak sustatu eta gehiago dutenei gutxiago ordaintzeko eskatzen dien egitura fiskalaren aldeko apustua berretsi duen bitartean, gainontzekoei dena ahazteko eskatu digute, erabakitze eskubideaz aritu behar garelako bakar-bakarrik. Euskal abertzaletasunaren aldeko berbaldiak ematen ditu Afganistango inbasioaren alde bozkatzen duen bitartean, altxor publikotik milioika euro AEBren mesederako egin den gerra batean inbertituz, hain zuzen. Ez al dute afganiarrek NATOren aurrean erabakitzeko eskubiderik?
Zentzurik al dauka otsoa datorrela oihukatzeak EAJ, PSE eta PP lagun minak direnean? Urkulluren alderdia da PSOErekin estatuko aurrekontuak babestu, EAEkoak ontzat jo eta hiru herrialdeetako aurrekontuei foru-baimena eman dizkiena. Hau guztia egin du EAJk “Estatu erantzukina” delakoaren ustezko babesaz baliatuz edo, hobeto esanda, euren artean egungo status quo ekonomikoari eusteko.
Ez ditugu ulertzen, beraz, PSEk eta PPk foru erakundeak zuzendu ditzaten ekidin behar dela dioten adierazpen alarmistak, egun EAJ burutzen ari den politikatik aldenduko balira bezala. Gauza bera izango litzateke-eta! Krisi ekonomiko eta gizarte eskubideen murrizketa egoera honetara eraman gaituzten politikei benetako alternatiba eraiki beharra dago. EAJ eta PSE-PP bikote bihurriaren artean baino ezin dela hautatu sinistarazi nahi izateak, eztabaida politikoari dagokionez, gabon hauetan Barbie eta Bratz panpinen artean hautatu behar izatearen maila bera dauka.
Herri honek eskubide guztiak errespetatzen dituen bloke ezkertiarra behar du: giza eskubidek eta eskubide zibilak, erabakitze eskubide demokratikoa barne. Diskurtso desberdina osatu behar dugu, saldu nahi diguten sirena kantuetatik aldentzen dena, alegia. Posiblea da beste dinamika bat eta, aurrean duguna ikusita, baita premiazkoa eta behar-beharrezkoa ere. Denbora luzea da otsoa oilategian sartu zenetik.
Elkarrizketa Rafael Alegria, Via Campesinako bozeramailea (Argia)
Idazlea: Sustral Colina
Iturria: Argia Aldizkaria
Argazkia: Dani Blanco
Rafael Alegriaren aurkezpena: Morolica-n (Honduras) sortu zen 1953an. Honduraseko nekazal mugimenduaren artikulatzaile eta antolatzaile nagusietakoa izateaz gain, Vía Campesinako bozeramailea izan da, eta gaur egun, Honduraseko Frente Nacional de Resistenciaren lider enblematikoenetakoa da.
Lurrarekin duzun harremanak genetikoa dirudi.
Gurasoak nekazariak, analfabetoak eta lurrik gabekoak ziren. Morolica izeneko herrixkan jaio nintzen arren, handik gutxira abiatu ginen aitarekin Oroquinara lan baldintza hobeen bila. Mendi erraldoi bat zen hura, eta garai haietan ez zegoenez basozainik, mendiaren sakonenera jo genuen ahal bezainbat lur gureganatzeko. Baina jakina, gure aitak mudatu ahal izateko saldu egin zuen Morolican geneukan apurra, eta Oroquinako lurrak ezer ematen hasterako miseria gorrian geratu ginen. Hori hala, anaia eta biok lurjabe batzuen soldatapeko itzain bihurtu ginen lehenbizi, eta gerora “escolas radiofónicas” alfabetatze programan irakasle eta jainkoaren hitza zabaltzen ibili nintzen. Horretan nenbilela, Honduras hegoaldean, eliza katolikoak babesten zuen Ligas Campesinas nekazal mugimendua sortzen ari zela entzun nuen, eta gurean lurjabe asko eta lurrik gabeko nekazari gehiago zegoenez, mugimendua gurera ekarri eta artikulatzeari ekin nion.
Hor hasi zen nire nekazal borroka. Lurjabeak pistola eta guzti ibiltzen ziren, baina elizak pobreenekin konpromisoa zeukan garaia zen, eta gure borroka klandestinoa izan arren, justua zenez, bere babes osoa geneukan. 1975eko ekainean Horcones-eko sarraskia pairatu genuen, 14 konpañero erail zizkiguten, tartean moja eta fraide batzuk. Latza izan zen, krudela. Handik urte batzuetara Central General de Trabajadores-ek hiriburura igorri ninduen sindikatuen arteko kooperazio plan bat ezartzeko, baina ez nion utzi nekazari mugimendua bultzatu eta zabaltzeari, Vía Campesina sortu eta nazioarteko mugimendu bihurtu arte. Odolean daramat lurra. Gure aitak lekuz aldatu behar izan zuen lur bila. Nik sistema aldatu nahi dut.
Norena da lurra?
Nekazariarena, lantzen, zaintzen eta defendatzen duenarena. “Lurra maite duenak aberria maite du” edo “lurra ez da saltzen, berreskuratu eta defendatzen da” bezalako esloganak dauzkagu gurean. Lurrak ezer emango badu nekazariaren izerdia ezinbestekoa du, eta nekazariak nahitaezkoa du lurra, soldatapekoa izan gabe bizi ahal izateko. Zergatik uste duzu sortzetik daukala nekazariak lurrarekin lotura sentimental eta kultural berezkoa? Askotan esaten dugu lurrik ez daukanak ez daukala aberririk, lurra dela gure euskarria, elikagaien subiranotasuna ahalbidetzen diguna. Denborarekin aldatzen joan da lurraren kontzeptua. Erein eta uzta jasotzeko izatetik berezko merkataritza-balioa izatera pasa da. Horren aurka borrokatu dugu beti, horren aurka isuri dugu odola, horren aurka lurperatu ditugu konpañeroak.
Europan, jendeak lurra berea dela uste du, ez bere ondorengoena.
Europan kapitalismo basatia da nagusi, eta lurra merkantilizatu denez, ondasun komun bat izatetik neoliberalismoaren bitarteko preziatuenetakoa izatera pasa da. Pentsa Europan hektarea bat zenbat kostatzen den, urre gorria baino garestiagoa da! Domino efektuan gurera ere hedatzen ari da izurritea, eta kapitalismoa, multinazionalen bidez, lurra bere egiten ari da, soroak eskuragaitz bihurtuz. Guk oraingoz abantaila bat daukagu alta, populazioaren %52a rurala garela, eta oinarrizko elikagaiak nekazarien izerditik datozela zuzenean. Europan ez, apenas dagoenez nekazaririk, nazioarteko enpresa erraldoiek kontrolatzen dituzte haziak eta elikagaiak. Horregatik da garrantzitsua Vía Campesina bezalako mundu mailako erakunde bat, hegoa eta iparra batuta soilik garaitu daitekeelako kapitalismoa. Bidean goaz, eta ez da kasualitatea Hego Amerikan neoliberalismotik sozialismorako jauzi bete-betean egotea.
Baina bitartean, interes ekonomikoek dantzatzen dute mundua, eta ziklo ekonomikoak naturarenak baino laburragoak dira.
Klase borroka baten erdi-erdian gaude. Nekazariak eta mugimendu sozialak batetik eta kapitalismoa bestetik. Kontua da borroka horretan bizi eta irauteko nola metatzen ditugun gure indarrak. Hego Amerikan gure txinpartek sua piztu dutela sentitzen dugu, baina sua hauspotzeko, boterean eragiteko posturan egon behar dugula jabetu gara. Zer gertatzen ari da Bolivia, Venezuela, Brasil eta abarretan? Horren aurrean kapitalismoa egunetik egunera oldarkorragoa da, modernoagoa, eta garaitzen nekezagoa. Esaterako, lehen askoz errazagoa zen lurrak berreskuratzea. Lurjabeak gerrian pistola sartuta zaldi gainean ibiltzen ziren sonbrerodun aitona tripa-handi batzuk ziren, baina gaur egun teknologiaren puntaren punta maneiatzen duten multinazionalekin egiten dugu topo. Aitona zaharraren kontra borrokatzetik kapitalismoaren kontra borrokatzera pasa gara, eta kapitalismoak dena kontrolatzen du eta kontrolatzen ez duena erosteko ohitura maltzurra du. Zorionez, natura ezingo dute inoiz ez kontrolatu ez erosi, eta goiz ala berant, ziklo ekonomikoak egokitu beharko dira.
Ez da kasualitatea beraz, lehen nekazaritza-industriak baizik ez zuela balio ziotenek, nekazari txikiek beti bermatu dituzten produktuak eskatzea gaur egun.
Jakina! Neoliberalismoaren gorenean, nekazaritza-industria modernizatzea zen kontua, enpresek lur guztiak jabetzan hartu eta nekazari txikiei soldata ordaintzea. Saiatu ziren lan iraunkorra eskaintzen, bestela edukiko ez genituen baldintzak eskaintzen, baina hordagoari eutsi egin genion. Zerbitzu publiko guztiak pribatizatzea lortu zuten arren, enpresa erraldoi horiek ez ziren sekula gure landa txikietara heldu. Hori ikusita, estatua konbentzitu zuten nekazari txikiak ez babesteko, eta horrek gainbehera itzela ekarri zuen arren, eman diogu buelta, eta egun mundu guztiak onartzen du oinarrizko elikagaiak nekazari txikiek ekoitzitakoak direla. Jendea hortaz kontziente deno, nekazariak garrantzitsuak izango gara, eta molde neoliberal basati horiek iraganera kondenatuko ditugu.
Elikagaien subiranotasuna omen da etorkizuneko lorpen bide bat.
Duela 20-25 urte estatuek nekazaritza abandonatu zuten, dena merkatuaren esku utziz, eta boteretsu eta ahulen arteko borrokan ahulak zereginik ez daukala nahita ahantziz. Oraindik orain, toki batzuetan lurra, basoa edo nekazaritza merkantzia huts bezala ikusita dago, baina nekazal borrokari esker estatu batzuk begiak ireki eta gerorako parioak egiten hasi dira. Gu gaude apustu horien gibelean, estatua burgesiaren espresio gorena baita, eta ez du sekula ezer oparitzen. Kostata baina ulertu dute elikagaien subiranotasunik gabe ez dagoela subiranotasun politikorik. Orain arte ez zuen ardura nondik zetozen elikagaiak, nork ekoizten zituen, nola, alimentuak egotea zen kontua, baina erroetara gatoz berriz. Oraintsu arte, nekazaritza erreformez hitz egitea delitua bazen, Hego Amerikan nekazal iraultzari buruz mintzo da jendea. Hego Amerikan muturrera eraman dugu lurraren borroka, lurra baita elikagaien subiranotasuna lortzeko oinarrizko bitartekoa, eta elikagaien subiranotasuna interes publiko bat denez zirkulua ixten ari gara.
Mundu mailako ezkerraren aitzindaritza zarete?
Beti esaten dut hiru mugimendu baizik ez daudela mundu osoan artikulatuak: kapitalismoa, eliza eta Vía Campesina. Horrek ahalbidetu digu borrokak antolatu eta bultzatzea, bai maila lokalean bai mundu mailan, beti ere kapitalismoaren erakunde korrosiboenen aurka. Gu gara kapitalismoaren mundu mailako krisi honen errudunak. Beti gustatu izan zait Mao Tse-Tung-i irakurritakoa. Etsaiak eraso eta aurre egin ezin zaionean beldurrik gabe egin behar da atzera, baina guk atakatu eta ihes egiten digunean azkeneraino jazarri behar zaio. Beraz, pertsegitu dezagun kapitala, segi dezagun ahultzen. Horretarako garbi daukagu ezin dugula borroka hori bakarrik eraman, aliantzak behar ditugula, aliantzak sektore guztiekin. Aitzindaritzaren pankarta badaramagu ez da argazkian agertzea gustatzen zaigulako, kaltetuenak geu garelako baizik. Kaltetuenak eta konbentzituenak ere bai. Itsu-itsuan sinesten dut sozialismo berri baterantz goazela, baina ez sozialismo orokor baterantz, tokian tokiko errealitateari erantzuten dion sozialismo baterantz baizik. Bukatu da arazo bat dagoenean Marxen manuala errepasatu eta aplikatzea. Horrek ez du balio. Bakoitzaren errealitatetik abiatuta soluzio eta aurrerabide berriak sortzea dagokigu. Horixe da aitzindaritza.
Honduras estatu kolpista da.
Zelaia presidentearekin aurrera gindoazen. Erreforma politiko eta sozialak martxan zeuden, lurrari lotutako 18/2008 dekretuak onura asko zekartzan, Honduras ALBA-ra sartu zen, eta petrolioaren kontrola multinazionalei kendu eta estatuaren eskuetara pasa zen. Baina multinazionalei petrolioaren kontrola kentzea lehoiari bere presa ebastea bezala da, eta ez dago dudarik, estatu kolpearen gibelean multinazional horiek zeudela, Bushen gobernua, alderdi tradizionaletako kupula, eliza katolikoaren kardinala eta Honduraseko oligarkia. Iazko ekainaren 28ko goizeko 5:40ean gertatu zen, goizeko 6etan “constituyente” berri bati buruzko herri-kontsulta hastekoa zenean. Jendeak azkar erreakzionatu zuen, mobilizazioak ikaragarriak izan ziren. Nazioarteko komunitateak ere estatu kolpea kondenatu zuen, Amerikako Estatu Batuak ordena konstituzionala itzultzearen alde agertu ziren, eta egungo Frente Nacional de Resistencia Popular deritzonaren hazia izan zen Frente Nacional de Resistencia Contra el Golpe de Estado sortu zen. Esku artean borborka genuen marmita ikusita, diktadura erortzen ari zela sentitu genuen, baina azarorako hitzartuta zeuden hauteskundeetatik ateratzen zen gobernua onartuko zuela esan zuten Amerikako Estatu Batuek nazio-arteko komunitatearen iritzia aldaraziz.
Beste behin ere interes ekonomikoak interes politikoen gainetik.
AEBek erabakitzen dute gure herrietako politika. Kolpistekiko jarrera irmoa zuten bitartean, kolpisten zilegitasuna ezdeusa zen, baina zizpa sorbaldaz aldatu zutenean, bakarrik geratu ginen, ezer gutxi egiteko aukera eta medioekin. Hauteskundeetan ez bozkatzera deitu genuen eta herritarren %70ak ez zuen botorik eman. Pentsa zenbatekoa zen gure indarra, sei hilabetez jarraian, 194 egunez, mobilizazioak mantendu genituela. Astelehenetik ostiralera kalean egoten ginen, zapatuetan artista erresistenteek kontzertuak eta poesia errezitaldiak eskaintzen zituzten, igandeetan asanbladak, eta astelehenean berriz kalera. Hor sortu zen indar itxaropentsuak politiko bihurtzeko bokazioa du, gobernu kolpistak hor dirauelako, AEBen eta nazioarteko komunitatearen babes osoarekin.
Zer suposatzen du estatu kolpista bateko erresistentziaren liderra izateak?
Oso garrantzitsua izan da estatu kolpearen aurka nekazariek jokatu duten papera. Eurak dira oraindik orain bideak eta zubiak blokeatzen ari direnak, eta horrek erresistentzia zabalagoa antolatzeko zilegitasuna eta betebehar morala ematen digu. Baina horrek bere prezioa dauka, eta jazarpen izugarriak jasan ditugu, 127 konpañero erail dizkigute, asko zauritu, espetxeratu, mehatxatu… Vía Campesinako egoitza lau aldiz utzi dute hankaz gora, balaz josita. Izuaren politika gailentzen denean ez dakizu ezer, ez duzu ezeren bermerik, eta egoera hain dagoenez polarizatua ez naiz karrikara bakarrik irteten. Badakit jende asko daukagula atzetik, baina baita beste batek erail nahi nauela ere, oligarkiak gu desagerraraziz mugimendua desartikulatzea baitu helburu. Kuriosoa dena da, giza eskubideen erakunde gorenaren arabera estatu kolpistak bizkartzainak jarri behar lizkidakeela, baina zorionez ez dit inork ezer eskatu, eta nik ez daukat eskatzeko asmorik. Nola babestuko naute akabatu nahi nautenek? Eskerrak konpañeroen babes eta zaintza osoa dudan.