Ixtea debekatuta

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok egunean 18 orduz eta urtean 365 egunez irekita egongo den Opencor El Corte Ingleseko dendaren atzoko irekiera salatzen dugu. Jaiegunetan langileen deskantsurako eskubidearen kontrako erasotzat jotzen dugu aipatutakoa.

Denda berri honen irekierak helburu argia du: merkataritza handiak jaiegunetan zabaltzeko aukera “normaltasun” osoz izatea. Honek ondorio larriak izango ditu: merkataritzako langileen lan baldintzen prekarizazioa, merkataritza txikiaren kontrako kalte larria bat eta gutxi batzuen negozioa eta etekinak soilik lehenesten dituen eredu ekonomiko arrotz baten inposaketa.

Enpresaburu handiek mozorroa kendu eta helburu argia dute: jasotzen dituzten etekin handiak biderkatzea eta horretarako ezinbestekoa da lan-eskubideekin amaitzea eta lan baldintzen prekarizazioa.

Testuinguru horretan biderkatu dituzte jai egunetan lan ez-egitearen kontrako erasoak eta borroka horretan bidelagun fidelak topatu dituzte Bilbon: Opencor zabaltzeko baimena eman duten EAJ eta IU alderdiak. Hauek, berriro ere, merkataritza-interes handien alde egiten dute eta langile eta sindikatuen kontra. Larritzat jotzen dugu Azkunak, herritarrentzako adibide gisa agertu nahian, atzo egindako presazko bisita patetikoaren bidez hiri eredu arrotz honi emandako babesa.

Honekin, babesa eman die, argi eta garbi, lan baldintzen prekarizazioari (lanaldi amaiezinak eta atseden eskubiderik gabekoak), egun ezagutzen ditugun harreman sozial zein familiarren desagerpenari, auzoen desertizazioari eta onuradun bakarrak izango den eliteari.

Ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok langileen aldarrikapenak babesten ditugu eta protesta-ekintzekin bat egiten dugu (urtarrilaren 21erako ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek Bilboko Udaletxean deitutako kontzentrazioa), herritarrak horiekin bat egitera animatuz. Horrez gain, herritarrak horrelako dendetan ez kontsumitzera deitzen ditugu, dakarten merkataritza-, hiri- eta garapen sozial eta ekonomia- ereduaren zigortzeko.

Elkarrizketa Paula Kasaresi (Hizkuntzalaria)> Mikel Asurmendi (Euskonews)

Egilea: Mikel Asurmendi

Iturria: Euskonews

Paula Kasares/Hizkuntzalaria

“Erdal elebakarraren eta euskaldunaren arteko alderik nabarmenena euskaldunak erdal mundua —hizkuntza barne— gutxi-asko ezagutzen duen bitartean, alderantziz aldiz, ez, erdaldun hutsak euskaraz ez ezik euskal munduaz ere ez ohi daki ja ere (kasurik onenean deus gutxi daki). Eta gainera, botere publikoetatik eta hedabideetatik horixe da zabaldu eta indartzen dena: euskara eta euskal kulturaren gainekoa euskaldunen gauza da, haiei baino ez die axola”

Despotismo ilustratu bilbotarra

Astelehena 13an Hiri Kontseilua batzartuko da. Kontseiluaren osaketa elitistak eta ezparekideak zein batzarrean jorratuko diren gaiek argi adierazten dute batzorde honen funtzio propagandistikoa.

Argigarria da oso BBVAko kontseilari ohia izandako Pedro Luis Uriarte izatea Kontseiluaren interbentzio nagusia egingo duena, “El cambio de escenario global al que se enfrenta Bilbao”, alegia. Honek egungo Udal gobernuak lehenesten duen hiri eredua agerian uzten du, berriro ere.

EAJren eta IUren hiri ereduak hiriaren erdigunearen garapen espekulatiboa lehenesten du soilik, biztanleriaren gehiengoa bizi den auzoen kalteetan. Gero eta handiagoa da erdigunearen eta auzoen arteko tartea eta gaur da eguna, noiz behartsuentzako laguntza sozialak murrizten diren eta hainbat auzok oso komunikazio kaxkarrekin eta oinarrizko zerbitzurik gabe jarraitzen duten. Eta hori gertatzen den bitartean, erdigunerako zuzendutako milioidun inbertsioak biderkatzen dira.

Beste aldetik, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok azpimarratu nahi dugu Bilbok duen aniztasuna eta elkarteen oparotasuna ez dagoela ordezkatuta instituzioetako eta arlo enpresarialeko ordezkariek gehiengo nabarmena duen Kontseiluan. Honetaz gain, Bilboko eragile gehienak zein hiriko laugarren indarra den ezker abertzalea – azken Udal hauteskundeak IU-Aralar koalizioak baino bozka gehiago lortu zuena- baztertu dituztela salatzen dugu. Eta hau gutxi balitz, parekidetasuna ez da betetzen (Kontseilua osatzen duten 75 pertsonatik 13 bakarrik dira emakumeak, %13,33) eta gaztelania da bileren eta hortik sortzen den dokumentazio guztiaren hizkuntza bakarra, nahiz eta Bilbon 165.000 euskaldun edota ia euskaldun bizi.

Ezarri nahi diguten hiri eredu elitistaren aurrean, ezker abertzalea, EA eta Alternatiba alderdiok herritarren eta auzoen beharretan oinarritutako hiri eredu berri baten aldeko hautua egiten dugu.

Bestalde, salatu behar dugu Bilbok duen gabezietariko bat partaidetza eza dela. Nahiz eta aukerak egon, egungo organigrama instituzionala parte-hartzea galarazteko egina dago. 2008ko ekainaren 15ean Bilbon auzo elkarteek deitutako manifestazio jendetsuak zein aurten Espazio Publikoaren gaineko Ordenantzaren kontra sortutako herri ekimen zabalak argi adierazten dute Bilbon dagoen parte-hartze eza.

Hiri Kontseiluaren sorrera egun dagoen hutsunetik ateratzeko aukera izan daiteke. Hala ere, inolako debate sozialik gabe eratu izanak, hiriko sektore sozial zabal batzuk Kontseilutik kanpo utzi izanak eta sexuen arteko parekidetasuna bete ez izanak argi adierazten dute Kontseiluarekiko EAJk eta IUk duten begirune eza.

Bilbon herritarren partehartzerako dauden bitartekoak birplanteatzea guztiz beharrezkoa da. Udalak herritarren partehartzerako dituen tresnak –Barruti Kontseiluak, Arloko Kontseiluak eta Hiri Kontseiluak– gaur egun duten izaerarekin, ez dira herritarrok udal politikaren gaietan zein erabakietan partehartzeko tresna egokiak. Adibide gisa, udal aurrekontuaren proiektua berriki onartu da eta ez da egon ezein herritar elkarteren partehartzerik, nahiz eta aurrekontuak eraikitzen ari den hiri-ereduaren ildoak zehazten dituen.

Hiri Kontseiluak argi eta garbi erakusten du Bilboko udal gobernuaren eta Azkuna Alkatearen hautua: erabakiguneak herritarrengandik urrundu eta elite ekonomiko zein politikoetara eramatea, alde batetik, eta erabakitze-prozesu eta zeregin publikoen kudeaketaren teknifikazioa, bestetik. Azkunak, gainera, despotismo ilustratuaren garaietan bezala, gai publikoetan herritarren partehartzea murrizten du eta politikoen
eta funtzionarioen klasea kontrolatu beharko luketen herritar kontzienteak gutxiesten ditu.

Ezker Abertzaleak, Eusko Alkartasunak eta Alternatibak hurrengo zutabetan oinarritu behar den demokrazia erradikal eredua proposatzen dugu:

  • Udalaren kontrol herritarra: udal gaiei buruzko informazio-eskubidea bermatu behar da eta informazioa argia izan behar da.
  • Herritarren proposamen-eskubidea: Bilboko udal-batza herritarren proposamenei itxita dagoen batzarra bihurtu da eta eredua aldatu behar da.
  • Partehartze-eskubidea: dauden organoen egiturak eta erregelamenduak aldatu behar dira eta erakunde autonomiadunetan eta udal sozietateetan ere partehartzea bermatu behar da.
  • Herritarren kontsulta-eskubidea: hiriko gai estrategikoetan, edo herritarren zati esanguratsu bat eskatzen duenean, herritarrei kontsulta bermatu behar da.

Emakumeen aurkako bortxa (Alternatiba)

Sistema patriarkala eta kapitalistak emakumeen aurkako hainbat bortxa forma sortzen dituzte.Beraz, darabilgun bortxakeria kontzeptu zabala da: kolpe, bortxaketa eta erailketaz gain gauza gehiago aztertzen bait ditu.

Bikotekide edo bikotekide ohiek buruturiko emakumeen aurkako tratu txarrak edo indarkeria espainiar estatuan urtero bataz beste 60 emakume hiltzen dituen indarkeria mota da. Indarkeria mota hau, bere ezaugarriak direla eta (gertuko batek burutua izana, orokorrean denboran luze jotzea eta jasaten duenaren autoestima urratzen duten hainbat faktore) odoltsu eta ankerrenetakotzat jo daiteke. Errealitate hau salatu eta estatuari erabat desagerrarazteko neurri guztiak hartzeko eskatu behar diogu. Gizarteari eta geure buruei eurei ere emakumeen aurkako indarkeriaren aurrean inolako tolerantziarik ez izatea eskatu behar diegu.

Hau esanda, indarkeria mota hau emakumeen aurkako bortxaren izebergaren punta besterik ez delakoan gaude. Geure iritziz, emakumeen aurkako bortxak agertzeko modu ugari ditu eta ezin dugu emakume kopuru “txiki” bati eragiten dion zatiari soilik mugatu. Emakume kopuruaren zati batek tratu txarrak jasaten ditu baina denek jasaten dugu bortxakeria geure bizitzako hainbat unetan: bortxakeria ekonomikoa (ezaugarri kaskar eta behin behinekoetan lan-munduratzea), sexu bortxakeria (sexu eraso eta bortxaketetatik hasita laneko sexu-jazparpenera), bortxakeria psikologikoa, bortxakeria sozio-kulturala (emakumezkoaren gorputzaren merkantilizazioa iragarkietan, komunikabideetan emakumeak gauza hutsa bihurtzea),…Beraz, indar politiko berri honen emakume feministen zein geure borrokan bidelagun izan nahi diren gizonen helburua da bazterkeria eta bortxakeria adierazpen oro desagerraraztea eta emakumeen aurkako bortxarik gabeko sistema berdinzaleen eraikuntzan borroka egitea.

Lan zaila da eta geure ahalegin guztiak beharko dituen epe luzeko prozesua izanik arlo ugari izango ditugu borrokatzeko: lege neurriak hobetu, indarkeria jasandako emakumeentzako kalitatezko arreta osoa, kohezkuntza ereduak, komunikabideek emakumeen aurkako bortxakeria kultural eta sinbolikoan duten garrantziaz jabearaztea,…. Borrokarako eta lanerako esparru ugari, non geure erakundeak kokatu eta ekintzara jo beharko duen.

Muinera itzulita, emakume feministek 2008ko abenduaren 28ko 1/2004 Lege Organikoari (genero indarkeriaren aurkako babes legeari) eta bere martxan jartzeari eginiko kritikak azaldu nahi ditugu. Puntu hauetan hobetu beharko litzateke geure ustez:

  • Espainiar estatuko edozein tokitan bizi diren, landa eremuetan bizita ere edo egoera administratibo arautu gabean egonda ere, eta indarkeria jasaten duten emakume guztiei arreta eta babesa eskaintzeko giza baliabide edo baliabide materialak bermatzea.
  • Polizia, justizia, laguntza eta osasun arloetako profesionalei dagokien heziketa ematea, bortxakeria bere osotasunean ulertu eta aurre egin ahal diezaioten.
  • Genero indarkeriaren aurre zaintzea lantzea.
  • Gaiarekin harremanduriko gizarte zein publiko mailako erakundeen elkarlana sustatzea.
  • Justizia prozedurak bizkortzea, epaitegien espezializatzea ematea eta kasu hauen ardura duten epaileak sensibilizatzea.
  • Zigor motak eta erasotzaileek zigorra betetzeko mailak baloratzea.

Gazteak eta helduak haserrean bat eginda> Urko Apaolaza (Argia)

Egilea: Urko Apaolaza

Iturria: Argia Aldizkaria

Nicolas Sarkozyren Gobernuak aurrera atera du Senatuan erretreten erreforma. Asteotan azken hamarkadatako herri mugimendu sendoena bizi dute Frantziako eta Ipar Euskal Herriko karrikek. Langileek eta ikasleek bat egin dute Gobernuak sistema insolidarioa gibelera dezan. Herritarrak akituta daude euren eskubideen zanpatzeaz.

Le vieillissement ne peut pas se contourner, il faut l’assumer” (Zahartzea ezin da eragotzi, onartu beharra dugu). Esaldi horrekin iragarri zuen ekainaren 16an Eric Woerth Frantziako Lan ministroak erretreta atzeratzeko erreforma. Beste kontu batzuen artean, Sarkozyk 60 urtetik 62ra igoko du erretiroa hartzeko urtea, pentsioa osorik kobratzeko kotizatu beharreko urte kopurua ere handitu egingo da 2012tik aurrera: 41 urte. Eta hala egiten ez duenak 67 urterekin jaso ahal izango du pentsio osoa, lehengo 65 urteren aldean. Funtsean, diru gutxiago eta lan gehiago eskaini die frantziarrei Gobernuak, zahartzearen izenean (Net Hurbil sailean aurkituko ditu irakurleak pentsioen erreformaren atzean ezkutatzen denari buruzko datuak, 48. orrialdean).

Woerthen ekaineko agerraldi horretatik, Gobernuaren proiektuaren kontrako perturbazioak ez dira handitu besterik egin eta azken asteetan gertakariak bizkortu egin dira, klimaxa iritsi delarik joan den urriaren azkenetan, findegietako grebak eta blokeoek Frantzia osoko garraio sarea arteka zailean utzi dutenean. Lerro hauek idazterako orduan petrolio hornidura bere onera itzultzen ari da baina mobilizazio jendetsuek jarraitzen dute eta “barraskilo” operazioen berri ematen duten tweetak iristen dira konputagailura etengabe, #grevepaysbasque etiketaren bidez.

“Greba ez da kapritxoa”

Lehenengo hesola ekainaren 24ko greba egunean jarri zuten sindikatu eta kolektiboek. Baionan 10.000 manifestari irten ziren karriketara eta grebak eragina izan zuen hezkuntzan, saltokietan, La Poste-n eta SNCFn, besteak beste. Frantzian bi milioitik goitik egin zuen erreformaren kontra. François Fillon lehen ministroaren erantzuna: erreforma negoziatu bai, baina ez jasotzen dituen oinarrizko ideiak. Gisa horretan, Gobernuak atea zabaldu zion oporraldiko itzulera beroari; sindikatuek irailaren 7an jarri zuten hitzordua.

Irailaren 7an, Asanblea Nazionalean diputatuak lege proiektua aztertzen hasi ziren egun berean, alimaleko greba egin zen Estatu osoan eta Gobernuak onartu behar izango du aurrekoak baino mugimendu indartsuagoa izan zela. Baina amore eman ez eta bi egun geroago pentsioen erreformak Asanblea Nazionalaren onarpena izan zuen, UMP eskuindarraren gehiengo absolutuari esker.

Parisetik Biarritzera jardunaldi batzuen karietara etorri ziren UMPko diputatuek ez zituzten elkarretaratuen oihuak entzun ere egin Irati erakustazokatik. Poliziek osatutako giza-alanbrada aurkitu zuten aireportu inguruetan erretretaren aldeko kolektiboko kideek. Irailaren 23a zen eta mobilizazio itzela burutu zen Baionan (15.000 lagun). Sarkozyk bi astean bigarren greba orokorra jaso zuen egun horretan –%30eko popularitatea zuelarik, behea jo zuen Frantziako presidenteak–: “Ez badu entzuten, mobilizazio gehiago izango dira” zioen CGT sindikatu nagusiko Bernauld Thibault idazkari nagusiak.

Urriaren 2an derbya izan zen Jean Dauguer estadioan, txuri-urdinek ezin izan zuten ezer egin Biarritz Olimpique-ko Yachviliren hankarekin. Baina mele-erdiarena ez zen egun hartan sartutako zigor kolpe bakarra izan. Intersindikalak (CGT, CFDT, CFTC, CFE-CGC, FSU, FO, Solidaries eta Unsa) eta LABek –beste bloke batean bazterturik– deituta 10.500 jendek parte hartu zuen erretiroa atzeratzearen aurkako manifestaldian, larunbata eta errugbi partida izanik ere. Erreforma onarturik zen arren, inork ez zuen gurdi mandoa hilik ikusten. Oraindik Senatutik igaro behar zuen legeak.

Asanblea Nazionalean ez bezala, UMPk ez du gehiengo osorik Senatuan. Sarkozyk zentristen botoak behar zituen legea aitzinera eramateko etxe horretan, eta horretarako agerikoa zen kontzesioak egin beharra zuela. Proiektua Senatuan eztabaidatzen hasi eta bi egun geroago, urriaren 7an, erreforma “biguntzen” zuten aldaketak iragarri zituen Eliseoko apopiloak. Ama izateagatik denbora batez lana utzi behar izan duten emakumeei pentsio osoa kobratzeko baldintzak hobetzen dizkie emendakinak. Baina pentsioen erreformaren pasarte polemikoenak ez zituen ukitu ere egin. Biharamunean, senatariek 5. artikulua onartuko dute –erretreta atzeratzea aurreikusten duena– eta erreskadan 6. artikulua eztabaidatzen hasiko dira –pentsio osoa kobratzeko 67 urte edukitzea agintzen duena–.

Jack Ralite komunista zaharrak ezin hobeki deskribatu zuen herritarrek karrikan zuten sentsazioa: “Uste duzue indarrez pasa zaitezketela” bota zien UMPko aulkietakoei, “greba ez da kapritxoa!”. Inkesten arabera, herritarren %71k begi onez ikusten zituen protesta mugimenduak. Gauzak horrela, jadanik greba mugagabearen hautsak arrotzen hasiko dira sindikatu zenbaitzuk, efektiboagoa delakoan.

 

Ekonomia blokeatzeko estrategia

Laugarrenez, Frantziako Estatu osoan grebara eta mobilizaziora deitu zuten sindikatuek urriaren 12rako. Baionan 17.000 pertsona karrikaratu ziren. Frantziako hiri nagusietan, berriz, hiru milioi lagunek esango diote Sarkozyri gibelera egiteko. Baina egun hartan hainbat eskalafoi egin zuen gora pentsioen erreformaren kontrako mugimenduak. Alde batetik, lehenbizikoz ikasleek ere hartu zuten parte borroka horretan; bestetik, hainbat enpresa eta zerbitzutan greba berriztagarriei ekin zieten –24 orduz behin bozkatzen dute langileek lanera itzuli ala ez–.

Senatuan erreforma erabat onartzeko eguna hurbildu ahala ezinegona in crescendo joan zen. Ikasleek lizeoak blokatu eta manifestaldiak egingo dituzte, “Sarko lekuak huts!” egiten zuten oihu milaka gaztek Baionako Lan Burtsa inguruan. Ipar Euskal Herriko 15 lizeotatik erdia itxiarazi egin zituzten eta horietako askotan ikasleek kanporatze mehatxuak eta presioak jasan zituztela salatu zuten Ikasi eta Irauli plataformako ordezkariek. Frantziako 4.000 ikastetxeetatik ia laurden bat ere itxita egon zen hainbat egunez. Agentziako argazkilari batek Pariseko Senatu aurrean harrapatutako irudian “¡No future mais retraite!” (Erretiroaren ondoren etorkizunik ez!) irakur daiteke, gazte batek eskuetan duen kartoian.

Grebalariek Estatua “ekonomikoki blokeatzeko” sektore estrategikoetan jarri dituzte indarrak, bereziki petrolioaren horniduran. Urriaren erdialdean Frantziako 12 findegiak greban ziren eta poliziak depositoak desblokatu ahala blokatzen zituzten berriz ere piketeek. Marseillako Fos-Lavera portuak ere –Europako hirugarren handiena– trabaturik daramatza hainbat aste eta hamarnaka petrolio-ontzi ezin sarturik dabiltza. Egunik kritikoenetan 4.000 gasolindegi inguru karburante gabe zeuden Gobernuaren kalkuluen arabera. Bestalde, hegaldiek eta garraio sareak erruz igartzen ari dira protesten eragina, baita Lapurdin ere. Esaterako, A-63 autobideko eta Baionako portuko trafikoa oztopatu zituzten hainbat aldiz sindikatu eta plataformek, bai eta okupazioak burutu ere enpresa esanguratsutan –Oldartuko eta erretreten aldeko kolektiboko kideak erretiroak gestionatzeaz arduratzen den Crama erakundearen Baionako egoitzan sartu ziren–.

Urriaren 19an inoiz Lapurdiko hiriburuan ikusi den manifestaldirik handiena egin zen: 19.000 lagunek hartu zuten parte Senatuko deliberoaren presionatzeko asmoz. Protestak beste herri batzuetan ere sumatuko dira, Donapaleun eta Donibane Garazin kasu. Frantziako hegaldien %50 bertan behera geratuko da egun horretan eta tren lasterren ibilia motela izango da.

Nicolas Sarkozy presidenteak, Lyon eta Nanterren ikasleekin izandako istiluak erabili zituen diskurtso gogor batez mugimenduari erasotzeko: “Bandaloek ez dute azken hitza” zioen Sarkok. Horrez gain, findegiak eta depositoak indarrez desblokeatzeko agindua eman zuen. Paris osoa hornitzen duen Grandpuits-eko findegia izan zen poliziak asaltatzen lehena, urriaren 21ean. Azkenean, ia hiru asteko eztabaidaren ondoren, urriaren 22an pentsioen erreforma onartu zuten Senatuan: 173 boto alde eta 153 kontra.

Legea onartu delarik, Gobernuak mugimendua “desinflatzen” ari den mezua zabaldu du –urriaren 28ko greba eta mobilizazio egunak aurrekoek baino indar gutxiago izan du, hein handi batean ikasleen oporraldiak desbirtuaturik–. Ez bide da hori eragileen iritzia. “Deus ez da fini” dio Donapaleuko LABek e-postaz igorritako oharrak: “Grebak sektore desberdinetan segitzen du (…) egunero eta leku guztietan ekintzak burutzen ari dira”.

Momentu honetan kolektibo eta sindikatuek perturbazioak azkartzeko lanean dihardute. Oldartuk Baionako suprefetura okupatu zuen joan den astean eta Facebook-eko aktualizazio berrienek jendarmeekin izandako tira-birez hitz egiten dute. Adrien Kempf hazpandarrak, Greve solidaire webgunean milaka euroko laguntza bildu du herritarrengandik, mugimenduarekin jarraitu eta grebak finantzatzeko. Reuters-en azken orduko mezuak Fos-Laverako langileek greban jarraituko dutela dio. Irakurleak artikulu hau irakurriko duenerako begirada guztiak azaroaren 6ko mobilizazio egunean izango dira.

X