Herrien arteko elkartasunaren kriminalizazioari ez! > Komite Internazionaliztak

Gaur, Askapena erakunde internazionalistako zazpi kideren atxikoleten albistearekin esnatu gara. Internazionalismoaren aurkako eraso berria dugu hau, herrien arteko elkartasunaren adierazpenaren aurkako erasoa alegia.

Zoritxarrez, ohitura bihurtzen ari zaigun errepresio-estrategia makur eta ero honetan, gaur internazionalismoari tokatu zaio. Gaur, polizia-etxeren batean atxiloturik eta inkomunikaturik daudenen delitua “munduan edonon eta edonoren aurka gertaturiko edozein injustizia bere egitea da”, Che-k berak esan zuen bezala

Azken garaian herri honetan gertatzen ari diren aldaketen aurrean, espainiako gobernua galdurik dabil eta bere erantzun bakarra errepresioa zentzugabeki areagotzea da.

Herrien arteko elkartasuna mundu hobe baten aldeko borrokaren berezko ezaugarria da. Gure Alfonso Sastre maitatuak behin esan zuen bezala, ezker bat internazionalismo gabe iruzurra besterik ez da eta gu ez ginateke ezer izango.

Nola beste herriek beraien eskubideen aldeko borrokak gureak ez egin!
Nola beste lekuetan injustiziaren aurkako borrokak kontuan ez hartu!

Komite Internazionalistetatik gure babes osoa adierazi nahi diegu gure Askapenako neba-arrebei. Egin duten guztia guk ere egiten dugu eta eutsiko diogu.

Beste herrien borrokak kontuan hartu barik ezin delako mundo justu bat lortu ezta gure herria eraiki ere, Askapena aurrera, internazionalismoa aurrera!

Politikari batzuek ere payola egiten dute> Xabier Soto (Alternatiba)

Pasa den ostiralean Vocento taldeko egunkarietara filtratutako berria irakurtzerakoan Berri Txarrak-en azken diskaren izena etorri zitzaidan burura: Payola; musika talde batek irratiko aurkezle bati bere kantak jartzeagatik dirua ordaintzeaz hitzegiteko erabiltzen den termino ingelesa.

Esan beharrik ez dago egungo alderdi ezkertiar subiranisten arteko elkarlanak etorkizunean euskal gizartea itxaropenez beteko duen tresna berri eta berritzaile bat sortzeko balio dezan “politika” egiteko modu hauekin errotik amaitu behar dugula.

Izan ere, euskal gizartea ez da atzo goizean jaioa eta Payola diskoaren bigarren kantak hasieran dioen bezala: “politika merkea garesti irteten da”.

Borroka okerrena egin ez den hori da

Lan Erreformak egin du bere bidea Parlamentuan eta, Gorteetatik pasa ondoren, are gogor eta zitalagoa atera da. Estatu mailako politika munduko zati handi batek ikutu du erreforma hau, gehienetan langileentzat are mingarriagoa egite aldera. Hori bai, ikutu ondoren, bozkatzeko unean askok babes hori ezkutatu nahi izan dute. Denek? Ez, denek ez. Euskal Herriko alderdi baten abstentzioa zela medio onartu zen erreforma hau. Alderdi honek ezin du aitzakiatzat jarri euskal langileriak erreforma honi buruz duen iritzia, argi eta garbi adierazi genion-eta pasa den ekainean.

Dirudienez, azaroarekin batera pentsio-sistemaren hamaikatxogarren eskastea iritsiko zaigu. Hala, langileriaren aurkako erasoek ez dute etenik. Testuinguru honetan, geratzen zaigun bide bakarra geure eskubideen aldeko mobilizazioa da, eta mobilizazio esparru honen barruan datorkigu Europa osorako ETUCek (European Trade Union Confederation-ek; CES edo Confederacion Europea de Sindicatos gazteleraz) deitu duen mobilizazioa eguna, irailaren 29a hain zuzen, eta Espainiar Estaturako egin den Greba Orokor deialdia, estatu mailan egin lehena, baina Hego Euskal Herrian azken hilabeteotan eman den hirugarrena.

Alternatibak, ekainaren 29an euskal gehiengo sindikalak deituriko Greba Orokorrarekin egin zuen moduan, bere babesa adierazi nahi die Euskal Herrian data horretan burutuko diren moblizazioei, Greba Orokorra barne.

Esan beharra dugu, baina, geure ustean estatu esparruko sindikatuek emaniko erantzun hau beranduegi iritsi dela, jokoz kanpo geratu direneko itxura nabaria hartzen diogu egoerari. Era berean, aipatu sindikatuen eredu sindikalarekin kritikoak gara, Gobernuarekiko eta Patronalarekiko zorretan baitira; dirulaguntzak amore ematearen truke sistema ohiko bihurtu dela dirudi eta. Esanak esan, baina, ez da hau unerik egokiena geure desadostasunak azalarazteko. Ezberdintasunak direnak direla ere, Euskal Herriko zein Europa osoko langileak klase moduan elkartzen gaituzten arrazoiak daude eta.

Ezezkoa ozenki esateko abagune berrian gaude. Ez dugula jarraitu nahi euren krisia ordaintzen. Kokoteraino gaudela sisteman parte hartzerik ez dugun pairak izateaz. Argi eta garbi dugula gure aurkako etengabeko erasoak ez direla amaituko langileriak borrokaren bitartez geldiarazi ezean. Honegatik  ez dugu mobilizazioa beste irtenbiderik. Inork ez dezala aitzakia jarri edo babesik bilatu banatzen gaituzten desadostasunetan, aitzitik, ekintza bateraturako garaia dugu. Baina, orobat, deialdia egin duten sindikatuei gogorarazi behar diegu irailaren 30ean ezin dela borroka eten, bide hau ezin dela  antzerkitxo batean geratu.

Hala, 29a sindikalismoa egiteko orduan mugarria izango balitz, euskal langileak berandu ala goiz elkartzeko bideak jarriko lirateke, borrokatzeko arrazoiak erruz ditugu eta. Marxen hitzak harturik, borrokarik okerrena egin ez den hori da. Hau guztia kontuan harturik, Alternatibak deialdia egiten du, beraz, irailaren 29ko mobilizazio guztietan parte har dadin, Greba Orokorra barne.

Irailaren 29an borrokan jarraituko dugu, baita 30ean ere.

X