Metaforak ez dira beti zuzen erabiltzen

Joxe Iriarte, Bikila – Alternatiba

Metaforak oso egokiak dira irudi soil baten bidez egoera bat marrazteko. Oso bisuala da helmuga mendi gailurrarekin identifikatzea, eta bidea kolpe batez ezin denean egin, etapetan aritzeko kanpalekuak eraikitzea. Kanpaleku bigarrena, hirugarrena eta hurrengoa gailurra. Baina mendi guztiak ez dira berdinak, gailurrak ere ez.

Ibarretxek Everesteko gailurrarekin identifikatu zuen independentzia, eta katalanei eskalatzeko geratzen zaien erronka gailurrera iristea; eta bere Plana, berriz, (Euskadiko Erkidegoaren Estatutu Politikoa Eraberritzeko Proposamena), bigarren kanpalekura iristearekin lotu zuen. Beraz, metafora garbia zen, gu bigarreneraino heldu izan ginen, baina arrazoi desberdinenegatik ezin izan genuen aurrera joan. Orain katalanek dute aukera.

Bada, sentitzen dut, baina metafora hori nire uste apalean ez da zuzena. Ibarretxe Planak inoiz ez zuen Everestera igotzea helburu, gehienez, Anetora. Ibarretxe Plana ez zen diseinatu Estatu Independente baten bidean etapa bat izateko. Ez behintzat epe historiko honetarako, gehienez Espainiar estatuarekin (eta bere barruan) parekidetasuna lortzeko. Bazituen alde oso interesgarriak, baina estatutu berri batekin lotuak.

Estrategiaren aldetik ere, aldebikotasun zurrun baten menpe zegoen diseinatua: Lehen pausua, EAEko Legebiltzarrean onartzea. Ondoren Espainiako Gorte Orokorretara aurkeztu eta berarekin negoziatu. Puntu honek huts egin zuen, Espainiako alderdi gehienak ez zutelako Plana negoziatzeko (ezta ia eztabaidatzeko) aukera eman. Hor bukatu zen dena. Hurrengo pausua, euskal gizartearen onarpena hala ez, erreferendum baten bitartez, hutsean geratu zen.

Katalanen bidea, Erreferenduma egiteaz gain, irabaziz gero beren legalitatea indarrean ezartzea da, espainiarra ordezkatuko duena. Alegia, Kataluniako herrian datza eta ez Estatuaren onarmenean. Honek nola erantzungo duen, beste kontua da.

Gaur egun, ematen du Ibarretxe jaunak independentziarekin amets egiten duela, eta erabakitzeko eskubidearekin lotzen duela bidea. Bide horrek herriaren gehiengoaren atxikimendua exijitzen du eta, ondoren, erabakiak hartzea. Erabaki legalak, guk egindako legeetan oinarrituak, eta legalitate espainiarra ordezkatzeko asmoekin eginak, talka egiten duenean ere. Horrekin ados legoke Ibarretxe jaunak? Ikuspuntu honetatik Euskal legebiltzarreko Autogobernuaren ponentziak okerreko hankarekin hasi du bidea.

Gure kontuak. Mas eta Ibarretxeren artean, Elorrieta falta zen Kursaalean”, Argia-n argitaraturiko iritzi artikulu interesagarrian Xabier Letonak diosku, “Korronte zabal honetan -Ezkerreko suberanismoari buruz ari da-, neoliberalismoaren eztabaida prozesu soberanistaren erdigunean nahi da. Maltzagako teoriei jarraiki, Gure Esku Dagok ihes egin izan dio abertzaleak banatzen”dituen horri: erabaki eskubidea eta kito. Baina erabaki eskubidea gero eta hedakorragoa da gizarte mugimendua gizentzen duen sektore gero eta zabalagoan: erabaki zergez, erabaki erraustegiez, erabaki norbere gorputzaz, erabaki elikaduraz… edo gutxienez, eragin horietan guztietan ere”.

Ez nago guztiz ados lehen zatiarekin, bai bigarrenarekin. Esan nahi dut, Gure Esku Dagoen planteamendua ez du oinarri abertzaleen fronte interklasista gatz sozial gabekoa, oinarrizko demokrazia sustraitzea eta ekitea, baizik. Izan ere, erabakitzeko eskubidea ez da abiapuntu abertzalea, demokratikoa baizik, nahiz eta hasieran abertzaleek bultzatu izana. Eta abiapuntu demokratikoa denez herritar guztiei (independentziaren aldekoei zein kontrakoei) galdetzea du helburu. Zer nahi duten: gauden bezala jarraitu edo… Ahalduntzea deitzen zaio ere.

Oso ados nago, berriz, abiapuntu demokratikoa gure burua gobernatzeko ahalmena lortzea duela helburu. Horrek jakina, Espainiar unionistak ez ezik, euskal “abertzale” eskuinekoak ere urduri jartzen ditu, neoliberalismoaren asmoekin talka egiten duelako.

Horregatik GED dinamika demokratikoa eta ezkerreko suberanismoak ez ditut jotzen ildo paralelotzat, edo bi etapa desberdin bezala, elkar lotuta baizik. Ni neu Oiartzungo GED dinamikan buru belarri nabil, M19ko herri galdeketa antolatzen, eta aldi beran ezkerreko suberanismoa edo gauza guztiez erabakitzen hasteko dinamikaren suspertzearen aldekoan, zeinak espainiar eskuinari eta beren atean beti joka ari den gure eskuin interklasista autonomistari kontrako hegemonia disputatuko diona. Horregatik nago ados Elorrietarekin.

Eta horregatik inoiz ez nuen nirea egin garai batean abertzale askoren ahotan zegoen leloa: “lehenengo etxea eta gero ikusiko dugu zein koloretan pintatu”. Metafora hori gezurtia da ere. Etxea eraikitzerakoan funtsezkoenak sustraiak baitira, ondoren etxearen arkitektura, eta solairuak, gelak, sukaldeak, komuna, tokiak, eta abar. Eta dekorazioa azkenean. Kontua ez da lehenago independentzia eta gero sozialismoa. Badakigu bi gauzak ez daudela gaur egun maila berean. Kontua da zer nolako independentzia nahi dugun (esate baterako, Troikaren menpekoa ala herritarrena) eta batez ere, ailegatzeko behar diren estrategia sozialak eta kulturalak nola gauzatu. Neoliberalismo garaiotan, ez badugu gure etxea hasi baino lehenago goitik behera hipotekatu nahi, has gaitezen kooperatiba sozialaren moduan (hau ere metafora da) eta hor denek dute bere tokia; ez denak zeregin berean, agian, baina jabetzaren aldetik, pareko.

Masek esate baterako ez zuen aipatu bere politika ekonomikoak (eta bere alderdiaren ustelkeriak) zer nolako arazoak sortu zizkion independentismoari, batez ere auzo “gorrietan” txertatzeko (eta nondik zabaldu hortik ez bada?) eta nola, ez CUP-ekoekin.

Arestiren Nire aitaren etxea defendatuko dut aipua oso gustukoa dute askok, nik nahiago hain ezaguna ez den estrofa: «Nik: arrosa gorri bat nahi diat. /Hark: Bai, baina lehenbizi arrosa. /Nik: Bai, arrosa gorri bat. /Hark: lehenbizi arrosa. /Eta azkenean, arrosa zuri bat jarri zeutzaten jakaren solapan».

BERRIAn argitaratua

Izar

Joxemari Carrere

Ama, zergatik jarri zenidan Izar izena?», galdetu dio alabatxoak ahots ahulez ohe ondoan dagoen amari. «Maite dudalako izen hori. Izarrak zeruan libre daude eta berezko argia dute. Behin mendian nengoen zeru izartsuari begira; orduan erabaki nuen nire alabari Izar jarriko niola. Zeru izartsuari begira askatasun sentimendu batek hartzen zaitu, imajinazioa pizten da eta orduan sentitzen duzu dena posible dela». «Ni ez naiz inoiz mendira joan, eta ez ditut izarrak ikusi –erantzun dio ohetik–. Egun batean mendira joango gara elkarrekin eta izarrak erakutsiko dizkidazu?». Amak, irribarre apal batekin, baietz dio buruarekin. Alaba beso artean lehengo aldiz hartutakoan sentitu zuen askatasun bozkarioa etorri zaio gogora. Zeru izartsua ikus zezakeen, hego haizearen ufada arina, basoaren isiltasuna.

«Zure izena ere polita da eta dibertigarria –jarraitu zuen alabatxoak–. Zu Sara zara» –eta barre ahul batek argitu zuen–. Zure izenak zer esan nahi du?». «Nire izenak printzesa esan nahi du». «Printzesa! –esan zuen alabak–, ipuinetako printzesa zara, Sara?». «Ez, alaba, ni zure printzesa naiz». «Baina ipuin batzuetako printzesak bezala, dorre batean zaude giltzapeturik», esan zion triste Izarrek. «Alabatxo, ez hori pentsatu. Mendian zeru izartsuari begira nengoela, izar batzuek zerua zeharkatzen zuten. Izar iheslariak dira horiek. Ni printzesa iheslaria naiz». «Orduan amatxo, ni ere Izar iheslaria naiz». Eta elkarri begira sentitu zuten ez dagoela munduan imajinazioa eta askatasun nahia giltzapetuko duen harresirik.

Joxemari Carrere, Alternatibako kideak GARAn idatzitako ipuina

Emakumeak

Joxemari Carrere

Ipuin kontaketa saio baterako ideiak ezustean harrapatzen zaitu askotan. Beharbada aurretik baduzu ideiaren bat buruan, baina bidea ezin aurkitu. Horrela nenbilen orain dela urte mordoa. Kontaketaren mundu honetan oraindik hasi berria izanik gauza asko nondik heldu edo nola azaldu jakin gabe; estereotipoetatik alde egin nahian, nire kezkak eta gogoetak kontaketara ekarri nahian. Eta oraindik horrela jarraitzen dut. Kontaketa saio baterako ideien nahas-mahasa neukan buruan, ezin asmatu ordea. Gauza horiek guztiak bueltan, kaleratu berria zen ipuin liburua eskuratu nuen, Angela Parker idazleak mundu osoko kontu zaharrekin egindakoa: “Caperucitas, cenicientas y marisabidillas”. Emakumeak protagonista zituzten ipuin tradizionalak ziren. Bilduma ederra. Irakurtzen hasi eta argia piztu. Emakumeak kontu zaharretan nola agertzen ziren izango zen ikuskaria. Liburu honetatik hasi eta beste hainbat bildumatik hartutako ipuinekin nire bigarren ikuskaria izango zena prestatu nuen: “Mingain haragia”.

Urtea hastearekin batera beste emakume bat hil du bere bikotea izandako gizonak. Beste bat. Genozidio onartu gabea. Noiz hasi zen? Historiaren zein unetan? Mundu osoan badira gaiari heltzen dioten ipuinak. Emakume erailak, bortxatuak, janak… Egin al daiteke honekin ipuin ikuskari bat? Zilegi al da? Aspaldiko ideia dabilkidana bueltaka. Eskuratu berri dut gaztelaniaz heldu zaigun Angela Parkerren ipuinen bilduma, aurreko ipuinak eta gehiago jasotzen dituena: “Cuentos de hadas”. Badago zer kontatu.

Joxemari Carrere Alternatibako kideak Gara/Naiz-en argitaratutakoa

SS2016: lotsaizuna!

Joseba Barriola – Alternatiba eta EH Bilduko kidea

Europako Batasunaren instituzio batek aldarrikatu zuen izendapena. Baina Europako Batasunaren politika kulturala hilkorra (Irak, Libia, Siria, Palestina… edo ez al dago gerraren kultura?), kriminala (aurten Mediterraneoan 5.000 etorkin hil dira itota eta denok ikusi ahal izan dugu Europako mugetako lotsagarrikeria) eta krudela (austerizidiotik hasi, etorkin langile esklabuen antolakuntzatik segi) da. Eta horrez gain islamofobiaren gorakada eta kulturaren merkantilizazioa eta espektakularizazioa, kultura negozio bide soila bihurtuz. Europako Batasuna, gaurkoa, munduko mila hizkuntzen desagerpenaren erantzule da, eta botereak erabiltzen dituen hizkuntza nagusienak degradatuak daude dominazioaren tresna bihurtuz. Ez da euskara soilik, gaztelera eta frantzesa, inglesa etabar zapalketaren (eta arrokeriaren eta gorrotoaren) pentsamendu bakarra elikatzeko erabiltzen dira milioika euro horretan gastatuz. Hauek dira Europako Batasuneko kultura ustelduaren agerpen batzuk. Europako Batasuneko «kultura» minbiziaz hartua dago. Aldarrikatzen du elkarbizitza eta pakea eta justo kontrakoa praktikatzen du eskala handian. Gezur permanente bat da. Auzi zentral honen aurrean ezikusiarena egitea erosoena da. Korronteari segi, kultura itxura egin, negozioari (turismoa) begiratu eta gure nortasuna beste aberatsekiko «graziosoak» izan.

Pakea? Bi hitzaldi sonatuak eman ziren: Solanarena eta Barrosorena. Solana: orduko Yugoslavian NATOren bonbardaketak agindu zituena. Barroso: Azoresen Bush, Blair eta Aznarrekin Irakeko gerraren proklama egin zuena.

“Tratados de Paz” erakusketa egin zen eta bertan egon zen Felipe VI, oraingo Espainiako erregea. Bere aurrekoen artean Felipe V aurkitzen da, Ondorengotza gerraren ondoren Borboien kastaren lehena Espainiako Monarkian. 1713. Utrech-eko pakea. Besteak beste Felipe V.ak Inglaterrari eman zion «asiento de negros» delakoa, hau da, Afrikatik esklabu beltzak Ameriketara eramateko monopolioa.

¿Tratados de Paz? Eta Euskal Herrian, gaur egun, gehiengo osoak nahi duen pake-itun edo pake-bideari eta ETAren desarmeari trabak jartzen? Eta pakearen eta elkarbizitzaren izenean euskal presoen kuadroen zentsura. Hori da SS2016ko kulturaren kalitate gorenaren froga!

Olatu talka, maiatzean egin ziren. Hona webgunearen oharra:

«La singularidad de Olatu Talka radica en que su programación se configura desde y para la ciudadanía, que es quien envía las propuestas culturales. Por eso tiene la participación una especial significación: Olatu Talka será lo que la ciudadanía decida que sea. Olatu Talka es un festival que sacude culturalmente la ciudad.»

Zer da kulturalki hiria astintzen duena? Zer esan nahi du «su programación se configura desde y para la ciudadanía»? Europako Batasunak izendatu gaitu hiriburu kulturala! Gure esker ona! Fabore bat egin digu, ez gara kritiko jarriko! Kontestua jarrita dago. Kontestua ezin da eztabaidatu. Kontestua jarri ondoren, Europako Kulturaren goraipamenaren kontestuan, herriari ematen zaio partizipazioa. Seguraski Olatu Talkan agertuko ziren kulturari buruzko bestelako nahiak edo desioak. Harremanak egingo ziren, pertsonalak eta kulturalak, adixkideak. Ondo da. Bainan dena irentsia gelditzen da. Kontestuak irensten du dena. Milaka ekintza pentsamendu propiorik gabe. Inaugurazioko danborrada erraldoia bezala. Bagera (gerraren kontrako eresi ironikoa) jotzen da Beethowenen sinfoniarekin batera Europako Batasunako himnoa delako. Antimilitarismo ironikoaren eta askatasunaren himnoak, gerrak sustatzen eta libertadeak murrizten duen erakundearen omenez. Zertan bihurtu gara? Kulturalki hiria astintzen duena da, besteak beste, olatuen talkak Mediterraneoan.

Hizkuntz eskubideen protokoloaz. Kontestua gainditzeko posibilitate bat zen. Lortu al da? Hemen gogoeta baterako abiapuntua. Egoera subordinatuan egonik, bi diskurtso kritiko mota egin daitezke:

a) Diskurtso subordinatu kritikoa.

b) Subordinazioa gainditzen duen diskurtso unibertsala.

Diskurtso subordinatuaren ezugarria da, kontestu orokorra ez duela ez aipatu ere egiten. Faktum ukiezina gisa balioesten da. Horrela eztabaidatik at, ikustezinduak gelditzen dira politika linguistikoaren klabeak: Merkatuaren tirania, estatuen glotofagia, dimentsio planetarioa.

Eta hutsune horren ondorioz, funtsezko errealitatearen elementu solteak azaltzen badira ere, erizpide eta praktika glotofagikoak zuritzen dira. Funtsezko gaiak (kasu honetan linguistikoak) ez dira ikusten, aipatzen, epaitzen.

Ondorioz, kontestu orokor funtsezko horren barruan, subordinazioaren diskurtsoak hobekuntzak planteatzen ditu, baina kontestu orokorra zalantzan-eztabaidan jarri gabe. Horrela egiten diren kritikak «kudeaketa»-ri buruzkoak dira; aldarrikatzen denean «aniztasuna» ahantzia uzten da aniztasun praktikoan dagoen botere harremana; hizkuntza minorizatuaz soilik hitzegiten da eta hizkuntza maiorizatuen zulo beltzei buruz eta horien pribilegioak ez dira aipatzen; beraien egoera jartzen da erreferente bezala; gizarte zibila laudatzen denean, desagertzen da gizarte zibilarekiko edozein aipamen kritiko eta ahaztu egiten da «gizarte zibila» glotofagikoa ere badagoela.

Horrela hizkuntzen eskubide unibertsalak badira, ezin dira Europara murriztu. Eta bestalde, eremu juridikoan kokatzen badira ere –eskubidetaz ari gara–, badakigu eremu erabakiorra beste bat dela, zapalketa eta desberdintasun mota askoren aurka (langabezia, etxekanporatze, errefuxiatuak, etorkinak, emakumeak, kulturegile baztertuak…) garatzen diren mobilizazioen eremuan.

Amaitzeko. Badugu Bildukoek lan sakon eta apasionagarria egiteko beharra. Politika kultural kritiko eta askea lantzea. San Sebastián 2016-ek agerian utzi ditu gure ahuldadeak.

Naiz-en argitaratua

Eskaleak

Aurreko batean lagun batek aipatzen zuen zenbat eskale zebilen herriko kaleetan eta kezka agertzen zuen txiro horiekin nolabaiteko laguntza politika egiten ote zen. Gogoratu nuen orduan nerabe garaian Quevedoren El Buscón edo Tormesko Itsumutila irakurtzerakoan eskaleen agerpena nola harritzen ninduen, aspaldiko garaietako irudikapen baten modura. Frankismoak txiroak ere hartu zituen kontuan eta 50eko hamarkadan “eguberrietan jar ezazu pobre bat zure mahaian” kanpaina bultzatu zuen, aberatsek bihozberatasuna eta karitatea erakuts dezaten egun seinalatu horietan. Berlangak filma ederra egin zuen horren gainean, Placido. Zorionez ez nuen halakorik ezagutzen, krisiak jota zegoen langile auzo eta herri batekoa izan arren. Pobreziaren ideia ez zen miseriarena, pobrezia gehiago zen langileen etxeetan egon zitekeen eskasia aberatsekin konparatuz. Eskaleak ia ia literaturaren mundukoak ziren.
Ipuin zaharretan ere ohikoak dira eskaleak, txiroak, bazterreko pertsonaiak, hamaika pasadizo bizi dituztenak euren egoeratik irteteko. Txiroak dira protagonista eta elkartasuna dute lagun beren abenturetan. Emakume eskaleak lagunduko dio protagonistari bere egoera aldatzen, haren eskuzabaltasunaren ordain gisa. Ezerezaren bizimoduan aberastasuna elkar laguntza da. Ipuin zaharretan ez dago karitaterik, elkartasuna baizik, bestearenganako arreta. Pobreak ez dira aberatsen mahaietan esertzen haien kontzientzia zuritzeko, mahaia hartu egiten dute. Kontalariak horien ahotsa transmitituko du.
 
Joxemari Carrere Alternatibako kidearen blogean argitaratutakoa

Giza eskubideen eguna

Joseba Barriola – Alternatiba

Bihotzez estimatzen dudan lagun batek 2015ean argiraturiko liburu batean honakoak esaten zituen: «Bila dezagun giza eskubideen ideian oinarritutako bide bat»; «Memoria berreskuratzeko lan orok guztiona izango den oinarri sendo eta legitimatu bat behar du: Giza Eskubideak»; «Giza eskubideek hizkuntza unibertsal bat eskaintzen dute. Bidezkoa dena eta ez dena erabakitzen duen epaile gisa onartuta daude oro har, eta errespetuaren mugak ezartzen dituzte giza harremanetan».

Giza eskubideen hizkuntza unibertsala, Babel Dorrearen ataka berberean dago. Egoera kaotikoan. Hitz bera erabiliz, gauza bat eta kontrakoa aldarrikatzen eta ulertzen da. Horregatik, inork ez du ezagutzen giza-eskubide izeneko epailerik. Ezinezkoa da, bada, existitzen ez den epailea, oro har, onartua izatea. Nork interpretatzen ditu giza eskubideak?

Konfusioz beteriko eta epailerik gabeko eskubidea nekez izango da oinarri sendo eta legitimatua.

Inoiz ez dira hain aldarrikatuak izan giza eskubideak, baina aldi berean inoiz ez dira hain hankaperatuak izan. Gertatzen da gure egunotan, XVII-XVIII. mendeetan gertatu zena. Orduan, Ilustrazioko pentsalariek formulaturiko eta garaiko iraultzetan (Ameriketako Estatu Batuen independentzia, Frantziako Iraultza) oihukaturiko liberté, egalité, fraternité nahiak astindu zuen garaia, eta Giza Eskubideen Aldarrikapenak aireratu ziren munduan zehar.

Justu mende horietan, eta hain zuzen iraultza horiek egin ziren estatuetan, beltzen, indiarren eta txiroen trata eta esklabotza eskandalagarriro hedatu ziren. Frantziako Iraultzaren ondoren nagusitu zen Napoleonek, gerra deklaratu zion esklabotza abolitu zuen Haitiko Iraultzari.

AEBetako buruek (George Washingtonek eta besteek) Independentziaren Aldarrikapenean esaten zuten: «Berez ebidenteak diren egiak sostengatzen ditugu: gizaki guztiak berdinak sortuak direla; Sortzaileak alienaezinezko eskubideak ematen dizkiola; horien artean, bizitza, askatasuna eta zorionaren bilaketa». Baina mende bat geroago, Sezesio Gerran, esklabotzaren amaiera legala onartu zen eta oraindik orain, horrela dabiltza.

1948an Nazio Batuen Erakundeak giza eskubideak «onartu» zituen. Ala, II. Mundu Gerraren irabazleen (eta batez ere AEBen) komenentziazko giza eskubideak aldarrikatu zituen? Aldarrikatu eta eskubideen manipulazioa praktikatu? Izan ere –eta askoren oroimenean oraindik egongo den moduan–, azken hamarkadetako gerrak ez al dira kapitalaren akumulazioa bermatzeko egin eta giza eskubideen izenean justifikatu? Zeren izenean justifikatu zen Irakeko gerra? Demokraziaren izenean. Zeren izenean Afganistaneko gerra? Emakumeen eskubideen izenean. Zeren izenean babesten da Israelgo Estatu arrazista eta terrorista? Libertatearen izenean. Nor da giza eskubideen epailea? Abu Graib eta Guantanomo praktikatzen duena, munduko estatu atomiko hiltzaile bakarrak.

Giza eskubideen eguna ospatzea ez dago gaizki. Baina hiru azpimarra gabe, ospakizuna antzua litzateke eta zurikeria.

1.- Giza eskubide unibertsalak omen dira, baina estatu bakoitzak du ardura lege bihurtzeko. Eta estatu bakoitzak definitzen ditu, eta lege bihurtu, bere interesen arabera. Horrela, Espainiako Atzerritarrei buruzko Legeak erabakitzen du “nazionalak” ez direnak eskubiderik gabe uztea. Horrela, Europar Batasunak erabakitzen du harresi fisikoa jartzea munduan ibiltzeko eskubidea ezinezkoa bihur dadin milioika pertsonarentzat. Horrela, gure herrikide batzuek (askok) uste dute erlijio askatasuna amaitzen dela auzoan meskita bat eraiki nahi dutenean. Torturatua ez izateko eskubidea dugu, baina milaka torturatu badira, eta justifikatzen da segurtasun (terrorifiko) baten izenean. Eta abar….

2.- Giza eskubideak onartuak izatea (etxea, osasuna, eskola, lana….), baldin eta dirurik gabe egonik eskubide horiek praktikaezinak bihurtzen badira, faltsukeria da. Adibidez: Espainiako Konstituzioaren 135. artikulua (beharrak asetzea baino lehentasun handiagokoa da zorra ordaintzea) giza eskubideen ukazioa da eta justifikatzen da «garapen ekonomikoaren» izenean. Alta, kapitalaren akumulazioa, produkzio-esplotazio bitartekoen «jabetza pribatua», eskubidea al da? Hau da, langilea miseriara kondenatzea eskubidea al da? Informazioaren monopolio mediatikoa izatea, zer pentsatu eta zer balioztatu behar dugun jabeen esku egotea eskubide al da edo tirania mediatikoa? Eta, erne, tiraniaren aurka matxinatzea eskubidea al da?

3.- Eskubidea, beharra eta pribilegioa bereizi behar dira. Autoa edukitzea, beharra izan daiteke, baina ez da eskubidea, pribilegioa baizik. Turismo egitea ez da eskubidea, agian desioa edo beharra, baina pribilegioa da. Mundu guztira hedatu ezin daitekeen beharra edo desioa pribilegioa da, eta ez eskubidea. Mundu guztia autoarekin edo mundu guztia turismo egiten, hondamen ekologiko itzela litzateke.

Giza eskubide unibertsalak desio gisa existitzen dira, ez praktika gisa. Eta desio hori legez kateatua dago, logika ekonomikoaz tiranizatua eta kultura ofizial eta mediatikoaz manipulatua. Harresiz itotako desioa eta gure pribilegioez desitxuratua.

Naiz-en argitaratua

Mexikotik dator notizia

Joxe Iriarte ‘Bikila’

1994. Mexiko ustez otzandu eta baretu batean, Salinas de Gortadi presidente neoliberalak sinatu berria du TLCAN- NAFTA ituna. Amaitutzat ematen  da Pancho Villa eta Emiliano Zapataren iraultzaren hondarrean Lázaro Cárdenasek baliabide energetiko eta indar produktibo nagusiak nazionalizatuta eraikitako ongizateko estatu paternalista eta abertzalea. Kapital transnazionalei (eta bertako oligarkiei) parez pare irekitzen zaizkio ateak ondare nazionalak pribatizatzeko eta ustiatzeko.

Supituki, Emiliano Zapata ikur Lacandona oihanetik beren buruak mozorrotuta daramaten indigenek osaturiko armada batek (EZLN) San Cristóbal de las Casas bere egiten du, Lurra eta askatasuna! aldarri. Armada horrek ez du zer ikusterik ohiko gerrila-rekin. Izaera indigena du eta bere helburua ez da Estatu boterea bere egitea, botereari aurre egitea baizik.

Eta gu harri eta zur.

Harez geroztik EZLNk bidea egin du Chiapas lurraldean, komunitate indigenen auto-antolakuntza babestuz eta komunitatea helburu duen filosofian oinarrituriko obedecer mandando (aginduz obeditu) xedez eraturiko gobernu autonomoak (caracolak) osatuz. Alabaina ez da mugatu liberatutako txokoan goxo egotera. Gai izan da La sesta deituriko internazional sarea sustatzeko, baita egoeraren arabera  Mexiko osorako ekimenak antolatzeko ere aldian-aldian. 2006an izugarrizko arrakasta izan zuen La Otra Campaña Mexiko osoan era askotariko komunitate eta talde desberdinen laguntza eta sostengua lortuz.

2016. Mexikok amildegiaren ertzean dagoen traza guztiak ditu. Instituzioak pipiak janda daude; ustelkeria da nagusi politikan eta herrian miseria; baliabide naturalen ustiaketa basatia aurrera doa komunitateak deseginez; gizartea militarizatu egin da narkoei aurre egiteko aitzakiaz, eta indar parapolizialen jazarpen hiltzailea nonahi dago. “Emakumezidioa” ahaztu gabe.

Berriro, ustekabean, ohiko abstentzioa alde batera utziz, izugarrizko lurrikara politikoa eragin du EZLNk eta CNIk (Indigenen Biltzar Nazionala) hauteskundeetan parte hartuko dutela adierazi izanak, komunitate auto-antolatuak oinarri, presidentegaia emakume indigena izango dutelarik.

Eta gu aho bete hortz.

Eliteen erantzuna. Mespretxua, arrazakeria eta misoginia. Castillas 1 (gazteleraz, alegia) erdipurdi hitz egingo duen emakume ezjakin bat presidente gai? Izorratuenenean, berriz, poza eta itxaropena.

(1) Galeano (lehen Marcos) subkomandanteak ohiko zuhurtziarekin erantzun die: emakume horrek agian ez du castilla-z egoki hitz egingo, baina argi eta garbi bai, eta denok ulertzen dugu. Zuen erretolika ikasia, aldiz, hutsala, iluna eta ulertezina da herriarentzat. Horra diferentzia!

Argian argitaratua

Argi ilunak

Joxe Iriarte “Bikila”- Alternatibako kidea

Hauteskunde emaitzak kontuan (aurrekoak ikusita) EHBildukideok baditugu arrazoi nahikoak pozik egoteko. Arazoak arazo, hori argi utzi nahi dut. Alde batetik eta kontuan izanik Podemos hor dagoela, gure emaitza propioak onak izan direlako eta, batez ere, kanpainan zehar azaldutako aurrerapenak nabarmen hobetu direlako. Eta bestetik, oro har, konstituzionalismoaren ikur nagusiak (alegia 78ko erregimenaren zutabeak), larri eta estu dabiltzalako gurean. Eta hori berez ona da hartzen dugun aldetik hartzen dugula. Azkenik, ezker eraldatzailearen parlamentari kopurua handitu egin da. Lehen 21 (EH Bildu) orain 28 (EH Bildu + Podemos)

Alabaina, distiratzen duen oro ez da urre, eta berri on horiek badute bere itzalak. Izan ere, EAJren nagusigoaren atzean dagona da, krisian ere azken finean gu ez gaudela Espainian bezain gaizki eta hori bere kudeaketaren esker dela sinistearena (bultzaturiko murrizketa sozialak, erraustegia inposatzea,  Kutxabank ustiatzea, AHT, Kukutza, eta abarren ondorio kaltegarriak ezkutatuz edo mozorrotuz). Beraz, EH Bildu ez da gai izan uste ustel hori agerian usteko, ezta Europar Batasunean nagusia den eta EAJk bere egiten duen modelo neoliberalaren nondik norakoak azaltzeko (Troikaren aginduei men egitea, TTIP-rekin bat egitea…).  EAJk ez aipatzeak EU-rekiko morrontza, arazoak saihesteko duen trebetasuna adierazten du, baina gure aldetik gaia ez ateratzeak ahuldadea. Eta ezintasun horrek asko kamuztu eta epeldu du EH Biduren (eta Podemosema zer esanik ez) kontrakotasuna. Adierazgarria Argiako azalak zioena, “giro epelean boterea- alegia EAJ- goxo” eta eroso.

Eta oso eroso dabilenez, aurreko legealdiaren parametro berberetan jarraituko du Estatuko gobernuarekin, tratante negartiaren moduan. Hauteskunde kanpainan adierazi duen PPrekiko ezezkotasunak ez du iraungo Moncloan ate joka hasten denean. Joera hori pisu hila da edozein prozesu eraldatzailerako, zeren teorian posible dena (erabaki eskubidearen aldekoen nagusitasuna gauzatzea) praktikan indargabetzen delako borondate ezagatik… baldin eta gizarte zibilak (Katalunian bezala) behartzen ez badu. Hor datza gure esperantza. Sindikatuen, Gure esku dago, eta mugimendu sozialen suspertzea. Ikuspuntu horrekin bat eginez, sindikatu eta eragile sozialekin lan egiteko proposamena da “herri akordioaren” alderik interesgarriena. Jakina, proposamen horren helburu minimoak ezin dira inoiz izan sindikatu eta eragile sozialek patronalari eta jaurlaritzari egiten dizkietenak baina apalagoak. Are, ausartagoak izan beharko lirateke.

Horregatik, ez dut ondo ikusten, kanpainan enplazamendu orokor gisan erabilitako hiru alderdien arteko (PNV, Podemos eta EH Bildu) paktu edo hitzarmenaren proposamenarekin bere horretan jarraitzea, eta batez ere,  EH Bilduren ordezkari batzuei entzutea “gobernagarritasuna eta herrialde mailako akordioak erraztearen alde gaudela”. Gobernagarritasuna erraztu? Alderantziz deritzot!

Hots. Ados nengoke, segun ze gaitetan ezker soberanista eta independentistak gai izatea bai EAJrekin, eta baita PSErekin, adostasunak lortzeko. Baina, huts egingo dugu adostasun hori gobernu izaera edo legealdirako paktu izaera hartzen badu. Seguru beraiek ez dutela nahiko, baina hori ez da kontua, gure aldetik ere garbi utzi behar dugu, gaur egun,  EAJrekin ezta PSErekin ezin dela hitzartu paktu iraunkor edo funtsezkoak, beren estrategia gurearen aurkakoa delako, eta akordio taktikoetan izan ezik, gu kontra egin behar diegulako irmoki. Bai Espainian zein Euskal Herrian, egonkortasuna esan nahi du sistemak ez duela desengortuko duen areriorik, eta horrek herritarren desegituraketa dakarrela.

Ez dut ukatzen ere, koiunturaren baitan proposamen orokorren edo gai zehatzen inguruan “enplazamientoak” egitea, baina tentuz. Adibidez, EAJren aldetik borondaterik izanez gero herri akordio bat posible litzatekeela behin eta berriro azpimarratzeak,  ilusio faltsuak sortzen ditu, eta horrek ez dio mesederik egiten gure estrategari.

Kontraesan itzela da, LAB eta ELAk esatea EAJ ren garaipena patronalarena dela, eta gu Gobernu horrekin paktu orokor bat egin nahi izatea. Ez dut ulertzen nola uztar daitezkeen zerua asaltoan hartzeko asmoa eta egonkortasuna eta gobernagarritasuna (EAJrena) errazteko asmoa. Gurean ez dago Katalunian bezala, independentzia helburu duen haustura prozesu bat zeinean bertako burgesiaren zati batek talka egiten duena Espainiar estatuarekin eta bere faktikoekin, paktu herritar trasbertsala justifikatzeko. Erkidekoan ez dago ere, Nafarroan bezala, urtetan izaniko indar atzerakoien erresumarekin bukatzeko laukoen paktu baten beharra (kontuan izanik gainera, Nafarroa bai eta EAJ ez dela gauza bera). Erkidegoan, EAJk ordezkatzen du sistema,  “kasta”ren (nahiz eta modu trebeaz ezkutatu) zati bat da, inondik inora aldaketarako indarra (honekin ez dut esan nahi EAJ eta UPN gauza bera direnik) eta gure helburua egoera horrekin bukatzea dela argi eta garbi ez badugu aldarrikatzen, jai dugu alternatiba gisa. Eta bide horretan gure aliatua, oraingoz bakarra, Podemos da, nahiz eta bere anbiguotasuna oztopo handia izan. Oso frustrantea izan da Podemosen  azken hilabetetako bilakaera (noraeza) zeinak EAJ garaitzeko asmoa aldarrikatzetik oposizio zintzoa egitera mugatuko dela esateak adierazten duenak, eta gainera PSErekin adostasuna egitea proposatu.

Gure zintzotasuna herritarrei zor diegu, ez dinamika instituzionalari. Hitzetan eta kontzeptuetan ematen ari den (des) egokitze horri oso penagarria deritzot.

Azken finean, ezkerrak, errealitatea aldatzea izan behar du helburu. Ezin du dagoena ondo kudeatzera mugatu, edo mundu injustu batean egokitu edo goxo egin. Ezin du alternantziaren (gaur zu, bihar ni) itsas lamien kantuei amore eman.

Horregatik, hauteskunde mailan oraingoz nagusitasuna ez lortzeak ez gaitu urduri jarri behar. Pazientzi inpazientea izan behar du gurea, errealista borrokatzeko orduan eta aldi berean egoerarekiko egoskorra. Behar dugun jauzi kualitatiboa gizartean, aldaketatik etorriko da, “EAJren herrialde miresgarriaren ipuinetatik” jendeak siniskeri uzten duenean. Baina hori ez da lortuko EAJren atean deika ibiliz.

Zaila dela? Jakina, baina Espainiako Podemosen estrategak bezala sinistea plano diskurtsibo soilean eta alor mediatikoan posible dela alternatiba bat lortzea, ikuspuntu estrategikotik akatsa larria izateaz gaian (helburu eraldatzaile ikuspegitik, bederen) gainera ezinezkoa da (Espainian ikusi denez zein erraz sortu zioten neurriko arerioa). Eremu horretan beraiek beti irabazten dute. Aukera bakarra egoera desengorkortzean datza. Beraiek Gipuzkoan guri egin ziguten bezala. Instituzional alorrean kontrakotasun gogorra, eta kalean gogorrago.

Diario Vasco: zure hitzak salatzen zaitu

Diario Vascok, urriaren 13ko edizioaren editorialean, bi gai ukitu ditu. Lehena, “El Día de la Fiesta Nacional” eta bigarrena “Virtual desarme de ETA”.

Lehenari buruz iruzkin labur bat. Esaten du: «La Fiesta Nacional no se celebra para engrandecer más esencias que las de la convivencia pluralista». Hori da, nonbait, Espainiako esentzia. Eta hori da, «convivencia eta tolerancia»,  egun horretan ospatzen dena desfile militar batekin, gehiengoak nahi ez duen errege borbondar batekin, Amerikako Konkista “ospatze” aldera deitzen  zaion «el día de la Hispanidad», Francoren garaian egiten zen bezala «esencias de España» goraipatuz. Tartean, noski, «unidad indisoluble de España», konstituzioak dioen bezala. Kuriosoa egin zait tituluaren azpin azpimarratzen dena: «En España coexisten diversos sentimientos de pertenencia que se muestra incompatibles…» Zergatik dira incompatibles? Erantzuna: «sólo como efecto del independentismo impaciente». Ederki gabiltza. Independentismoaren impazientzia da erruduna, eta ez noski, autodeterminazioaren ukazioa, ezta Egunkariaren itxiera, ezta milaka torturatuen bizipena, ezta Irak-eko gerran parte hartzea edo Saharari bere independentzia ukatzea, ezta Frankismoan desagertutako milaka pertsonak, ezta Frankismoari «dohain» eta akumulatutako dirutza itzuli gabe eman zitzaion «barkamena», ezta Euskara bigarren hizkuntzatzat balioestea konstituzioan, , ezta sikiera Autonomia subordinatu honen konpetentzia legalak oraindik  praktikara eraman gabeak izanak. Guzti honek ez al du zer ikusirik «Dia de la Hispanidad» delakoarekin «inkompatible» sentitzeko? Ez, ez, ez da ukazioaren auzia, ez da historia kolonial eta terrorista baten ospakizuna izatea, «impazientzia» kontua da soilik. Holako analisi zital baten ondoren, normala da Diario Vascok esatea: «Pero la Fiesta Nacional no sobra, en ningún caso». Hori esatea da Diario Vascok babestu eta elikatu duen Espainia Frankista, eta babestu eta elikatu duen franksimoaren tutela eta kontrol pean oraingo “Estado de Derecho” hau ez daudela, inolaz ere sobran.

Bigarrenari buruz, “Virtual desarme de ETA” burura etortzen zaidan lehen gauza da ergelkeriaz eta gezurrez beteriko editoriala dela.

«La banda (ETA) continúa existiendo en su ocaso»… ETA borroka armatua praktikatzen duen erakunde gisa ez dago «ocasoan», jadanik ez da. «La liturgia de “desarme negociado”»… Nondik atera zaio editorialistari “liturgia” hitza? Misterioa ari da bilatzen. Ez da «desarme negociado», baizik eta «negociación del desarme»? Eta hori gaizki iruditzen zaio Diario Vasco-ri? Nonbait, errepikatu nahiko luke Areizagak Bilbon okupatuan, 1937an, esan zuenaren estiloan: «vencida y derrotada ha quedado hecha una piltrafa». Eta hori ezin duenez, 80 urtetan elikatutako gorrotoa ilusionismoz arindu nahi du. Patetikoa da Diario Vascoren diskurtsoa, etsaiaren humiliazioa eta duintasun-galera da bilatzen duen bakarra.

«Extrema debilidad en que se mueven los restos de la banda». Baina Diario Vascok badaki armak entregatzea dela ETAren proposamena azken bost urtetan, eta prozesu hori fundamentuz egitea jarrera erresponsablea dela, eta Espainiako Gobernua dela, arduragabekeria hutsa, horri uko egiten diona. Horregatik gezur hutsa da esatea: «ETA necesita demostrar que continúa armada».

«Ya nadie toma en consideración sus palabras y sus gestos». Egia esan Diario Vascok ez du inoiz kontsideraziotan hartu bere hitzak eta bere keinuak, ez bada horiek manipulatzeko. Bainan inork ez badu bere hitzak kontutan hartzen, zergatik ematen dio Diario Vascok leku bat editorialean, eta gainera bere hitzak aipatu ere gabe? Zere bilatzen du Diario Vascok?

Hona hemen erantzuna: Diario Vascoren editorialaren ustetan, «Necesita demostrar que continúa como “agente político”», «la pretensión que tiene de continuar tutelando la evolución de la izquierda abertzale se está convirtiendo» —arreta jarri hemen – «en la mayor amenaza que puede representar para la democracia y las libertades». Zentzugabekeriak aparte (ia inork kontsideraziotan hartzen ez duten hitzek, bihurtzen dira askatasunerako mehatxurik handiena!!!) kuriosoa da salatzea esker abertzalearen tutela, hitzez, egin nahi izatea. Zer deabru izkutua konjuratu nahi du Diario Vascok?

Bi deabru izkutuak ditu: a) Diario Vascok gatazkaren garaia amaitu nahi du «derrota absoluto y sin misericordia» batekin, bainan ez da horrelakorik ematen, bainan horrelakoa nahi du. Eta horretarako erabakitzeko ahalmena ere kendu nahi dio ETAri: borroka armatuaren desagerpena ez da izan beraren kabuz hartutako erabakia, baizik eta «Estado de Derecho»-k lortu duen derrota. Duela bost urte lortu zuen garaipena, edo duela bost urte ETAk erabaki zuen uztea? b) Mehatxu bat ikusten du Diario Vascok ETAren hitzetan eta esker abertzalea tutelatzeko duen asmoan. Tutelajea. Hori da arazoa eta arriskua. Zeinentzat, esker abertalearentzat, libertadearentzat, demokraziarenarentzat. Edo hemen arrisku ez, errealitate gordina baizik daukagu, tutelajearen mehatxua. Noren tutelajearen pean handitu zen, eta Gipuzkoako osoko eritzi publikoa eratzeko monopolioa izan zuen Diario Vascok? Agian, ez al zuen izan Frankismoaren tutelajea, franquista hutsa zelako? Eta ondorengo Estado de Derecho hau, 1978ko Monarkia Parlamentaria hau, 78 Erregimen hau, ez al zen sortu eta ez al da mantendu, eta horrekin batera Diario Vasco bera, Frankismoaren indar ekonomiko-militar-juridiko-erlijiosoen tutelajearen pean. Esperientzia handia du Diario Vascok tutelajeari dagokionez. Bestea seinalatuz, berea estaltzen da. Bai. Editorial honen hitzak salatzen du Diario Vasco.

Naiz-en argitaratua

Itxaropenari bai

Diana Urrea – Alternatiba

Gaur Kolonbiako herriak aukera izango du mugarri izango den akordioa berresteko; herri honen zein kontinente osoaren etorkizuna baldintzatuko duen itun historikoaz ari gara. Lau urteko negoziazio zailak egin behar izan dira, Kuba, Norvegia, Venezuela eta Txileko gobernuen babesarekin. Azkenean, sinatu egin dute Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk irailaren 26an Gatazkarekin bukatzeko eta bake egonkorra eta iraunkorra eraikitzeko behin betiko akordioa.

Zortzi milioi biktima, 250.000 hildako eta desagertutako 70.000 lagun utzi ditu. Bakea eta Justizia Soziala oinarri izango duen historia idatzi ahal izango du. Izan ere, itunak eduki benetan azpimarragarriak ditu:

Nekazaritza erreforma osoa: Kolonbian biztanleriaren %0,04 lurralde osoaren %60aren jabe da. Nekazariei zortzi milioi hektarea inguru kendu dizkiete.

Bakea eraikitzeko irekitasun demokratikoa: eremu politikoan arazo nagusien inguruan hausnarketa aberastuko duten indar berriei ateak irekiko dizkiete.

Legez kanpoko drogen arazoari aurre egitea: horren desagerpena erabakigarria izango da. Labore hauek, hilero, bilioika dolar mugitzen dituzte.

Biktimak: Egia, Justizia, Erreparazioa eta Berriz ez Gertatzeko Sistema Integrala ezartzen da, bitarteko judizial zein bide judizialetatik kanpokoak, biktimak ahal den neurrian gogobetetzeko.

Behin betiko su-etena eta bi aldeen arteko erasoei amaiera behin betikoa ematea, armak laga eta gatazka bukatzea. 180 eguneko epean armak uzteko kronograma zehaztuta, ondoren, bizitza zibilerako urratsa egin ahal izan du FARCek.

Inplementazioa, egiaztatzea eta berrestea: Akordioak jaso du sinaduraren ostean, herritarrek berrestu beharko dutela. Horixe da gaurko ariketa. Habanan Genero Azpibatzorde bat ezarri da, halaber, emakumeei ahalbidetu diena bizi izan duten indarkeriaren berri ematea. Akordioaren atal guztiak ikuspegi horretatik garatu dira.

Prozesua atzeraezina da, baina ezin ahaztu bakearen etsaiek, Uribe buru, ahal duten guztia egingo dutela akordioan jasotakoa gauza ez dadin. Esaterako, nekazariei kendutako lurrak berrezartzeak, paramilitarren ekintzekin egingo du topo. Kezkak ditugu, halaber, FARC-EP alderdi politiko bilatzeko bidearen inguruan. Izan ere, 1980ko hamarkadan Union Patrioticako 4.000 lagun erail zituzten, bizirik atera ziren apurrek erbesterako bidea hartuta. 30 urteko zigorgabetasunaren ostean, Kolonbiako presidenteak krimen horien erantzukizuna aitortu eta barkamena eskatu zuen lehen aldiz. Hala ere, azken urtean Marcha Patrioticako 100 lagun baino gehiago hil dituzte.

Sinetsita nago galdeketan baiezkoak irabaziko duela, baina egia da kanpaina gogorra ari dela egiten bakearen aurka, prozesuaren kontra hitz egiten eta gizateriaren aurkako krimenak egin dituztenak babesten. Hiriguneetan sarbidea duen diskurtsoa da, landa eremuan pairatu baitira gatazkaren ondorio nagusiak, eta bertakoak, konbentzituta daude bakea ezartzeko bidearen hasiera dela akordioa.

Nabarmendu behar da Kolonbiako Gobernuak eta FARC-EPk erakutsi duten ausardia. Borondate politikoa dagoenean, bakea eraiki daitekeela frogatu dute, mailaketarik gabeko biktimak aitortu daitezkeela eta garaile zein galtzailerik gabeko prozesua egin daitekeela. Eta Kolonbian egin izan bada, Euskal Herrian ere egin ahalko da.

Galdeketa honetan bakeari baiezkoa ematea, etorkizun hobea marrazteari baiezkoa ematearen parekoa da. Horregatik espero dugu bakea eta justizia soziala garaile ateratzea gorrotoaren eta gerraren aurrean.

 
BERRIAn argitaratua
X