Irailaren 25ean ere egin dezagun herri

Ander Rodriguez – Alternatibako kide eta EH Bilduko Gipuzkoako zerrendakidea

Arnaldoren inhabilitazioarekin tokatu zaigu hauteskundeak hastea.

Gure herria iraganeko parametroetan mantentzeko asmoz ezarritako inposizioa. Inposizio bat gehiago beste askoren artean, eta ez da azkena izango herri bezala erantzuten ez dugun bitartean. 

EH Bildun argi daukagu hurrengo legealdia erabakiarena izan behar dela. Hemen bizi eta lan egiten dugunon artean adostu eta erabaki behar dugu etorkizuna, eta, horregatik, akordio zabalerako eskaintza luzatu diegu EAJ eta Ahal Dugu alderdiei, euskal gehiengo sindikalari eta eragile sozialei. 

Akordioa murrizketa sozialak desagertzeko, oinarrizko eskubideak bermatuak izan daitezen.

Akordioa burujabetza berreskuratzeko. Bizitza duina nahi badugu eskumen guztiak gureganatu behar ditugu, erabakitzeko eskubidearen bitartez.

Akordioa justizian oinarritutako bakea eskuratzeko. Gatazkak utzitako ondorio guztiak gainditzea gure esku dago.

Euskal Herriak behar dituen bermeak ez zaizkigu Madriletik etorriko, eta ezta Madrilekin adostuko ere, azken urteotako esperientziak erakusten digun bezala. Adostasunak hemen lortu behar ditugu, gure etorkizuna beste batzuen eskuetan utzi gabe. Hemen bai dago aukera akordio zabal eta eraginkorrak erdiesteko, eta EH Bildu prest dago horretarako.

Prest dago bertako eragile politiko, sindikal, ekonomiko eta sozialekin bide-orri bat adosteko. Prest ere herritarren babesa jaso dezan kontsulta bat antolatzeko. Prest ere, demokrazia printzipioari jarraiki, bide-orria Madrilera eraman eta berorren aplikazioa negoziatzeko, betiere, eta Madrileko balizko ezetzaren aurrean, lehenik bertakoen artean bide-orriaren aplikazioa adosten badugu.

EH Bilduk argi dauka bidea, mugarri bakarra euskal herritarren borondatea izanik, baina horretarako herritarren babesa behar dugu, zure babesa ezinbestekoa zaigu.

Goiena-n argitaratua

Errepideeen gastua noren kontu?

Jon Albizu – Alternatiba

Azken hilabeteetan izan dugu maiz mahai gainean euskal errepideetako bidesarien inguruko eztabaida. Gai honi buruzko hausnarketetan askok erabili izan duten ardatza honakoa izan ohi da: ikuspuntu ekologista batetik bidesariak egokiak dira (“kutsatzen duenak ordaindu behar” ideia) baina sozialetik ez. Azken ikuspuntu hau, baina, ondo hausnartzekoa da, izan ere, bidesaririk ez egoteak ez du esan nahi inondik inora errepide horiek ordaintzen ez direnik, baizik eta nola eta nork ordaintzen dituen da gai honen koska.

Lehenik eta behin, gai hau aztertzean kontuan hartu beharreko gaia errepideen (berriak egitearen zein mantentzearen) kostua aztertzea da. Supersur delakoa arazo honen isla da, superzor hori bizkaitarron lepo ordaintzen ari baita, bizkaitar guztien zergekin eta bidesariak ordaintzen dituztenen sosekin. Beraz, azpiegitura hauen kostuaren banaketarekin batera, azpiegitura hauen kostua aztertu beharko genuke, eta zenbateko pisua duten edota eduki beharko luketen Hegoaldeko lau foru erakundeetan.

Hori argituta, errepide gastuak eta beste gastuek izango duten kostua nola banatuko den aztertu beharko litzateke. Berriz esango dut, errepideak doan izan beharko luketela esaten denean, geure buruari (ala besteei) ziria sartzen ari gatzaizkio. Errepideetan zehar zirkulatzea doan izateak adierazi nahi duena zera da, gastu hori denon artean ordainduko dela, errepideak (zenbatetan) erabili axola gabe. Alde ona zera da, bakoitzak ahal duenaren arabera ordaintzen duela (baldin eta benetako fiskalitate progresiboagoa bagenu), baina egokia al da horrela ordaintzea?

Bidesarien aurka dauden askok kopagoaren aurkako jarrera ageri dute. Neuk ere badut, baina kezkagarria iruditzen zait gure haurren hezkuntzan, geure zaharren edota etxez etxeko laguntza behar dutenen laguntzan edota behar ditugun sendagaietan kopago tasa batzuk onartuak ditugularik… autoz ibiltzea izatea jende askok kopagoa onartzen ez duen arloa. Foru Aldundien kasuan adibidez, badirudi zahar etxe batean dagoenak edo etxez etxeko laguntza behar duenak kopago zatia izatea zilegi dela; baina, antza, errepideetan ez. Bada, nire ustez lehentasun handiagoa luke ongizatean (edota hezkuntzan eta osasunean) dauden kopagoak murrizteko aukerak aztertzea, bidesarietan egitea baino. Hori lorturik, prest aztertzeko fiskalitate progresiboago bati esker ala beste gastu batzuk murriztuaz aukera dugun eta egoki den errepideak gastu publiko hutsez finantzatzea.

Eskenatoki utopiko (hots, urrun) horretan ere, nire ustez bidesariak beharrezko izango dira bi ikuspuntu direla eta. Bata, ezin zaio berdin atera errepidea autoa erabiltzen duenari eta ez duenari; edo garraio kolektiboan doanari. Bi, bidesariak dira zerga bidez errepide baten finantziazioan parte hartzen ez dutenek euren ekarpena egiteko aukera bakarra. Hau da, herrialde bateko biztanleok errepide hori ordaintzen bakarrak izan ez gaitezen bide bakarra, errepide horiek baliatzen dituzten besteei ordaintzeko bidea bidesariak dira. Ez jartzea, herrialdekoen teilatura harrika aritzea da, beste herrialdeetara joatean beraien errepideak finantzatzen baititugu autoz bagoaz, eta gureak, ordea, geure lepo ordainduko genituzke.

Noski, horrek ez du esan nahi gure gaur egungo bidesari eredua bidegabea ez denik eta aldatu behar ez denik. Gutxi batzuek (A-8ko erabiltzaileek batez ere Bizkaia eta Gipuzkoan) ordaindu behar izatea kopago zati hori ez da bidegabea. Baina, noski, autoa erabiltzen ez dugunoi leporatzea are gutxiago. Eta geure errepideetatik ibiltzen diren ez bertokoak ordaintzetik at uztea geure teilatuari harrika egitea da. Beraz, nire ustez lehen kontua honi guztiari ikuspegi globala ematea da, hauen antzeko galderak kontuan hartuta: zenbateko pisua izango du errepideen gastuak geure aurrekontuetan? nola banatuko dugu? zein zerbitzu dira funtsezkoago eta kopago maila baxuagoekin denon eskuragarri bermatuko beharko liratekeenak? zer nolako fiskalitatea bultzatu behar dugu zerbitzu publikoak denon eskuragarri izateko? errepideen finantziazioan zenbat ordaindu behar du erabiltzen ez duenak, zenbat erabiltzen duen zerga ordaintzaileak eta zenbat bertakoa ez denak?

Herri baten irria. Es lo que importa

Joseba Barriola – Alternatiba

Bi iragarki elektoralak. Batak eta besteak ezkutuko zentzua daramate.

Ezker Anitzak sinatua da lehena: “HERRI BATEN IRRIA, LA SONRISA DE UN PAIS”. Errealitate baten azalpena baino egitasmo baten aldarrikapena da. Zer aldarrikatzen da? “Herri bat…….Un País”. Garzonen irria. Garzon, gaztea da, estimatzen dut. Ezker Anitza-Izquierda Unida de Navarra, zaharragoa da, ez zait hainbeste gustatu…hain zuzen Herri eta País-en deklinazioan. Zein da herria? Europako, Espainiakoa, Euskal Herrikoa? Edo zein da Pais? Pais Vasco, edo España País de Naciones (Pablo Iglesiasen moduan)? Ez naiz fido kontutan hartzen badut politika antiterrorista etikoki hipokrita, nazionalista espainola, faltsuki demokratikoa, ekonomikoki ustela, internazionalki erreakzionarioan izan zuen kokapen zeharo anbiguoa; ez naiz fido kontutan hartzen badut Izquierda Unidak nola onartu zuen Erregimenak inposaturiko antolakuntza territoriala (Nafarroa eta Erkidego autonomo bananduz) bere antolakuntzaren printzipiotzat; ez naiz fido III Errepublika sutsuki aldarrikatzen duenean, kosta zaiolako parean jartzea Euskal Errepublika Burujabea… Zein herri-paisena den Garzonen irria? Hauteskunde orokorrak dira, esan gabe doa herri hori eta país hori herri errebelde espainola dela, hori dela Garzonen asmoa, herri hori altxatzea. Jakingo dute zergatik! Hori ez da nik altxatu nahi dudan nazioa, herria, paisa. Garzonekiko sinpatia, bai. Espainolen askatasunarekiko sinpatia eta laguntza bai. Bainan askatasuna hori ezinezkoa izango da Euskal Herriaren askatasuna Garzonen egitasmoaren muinean ez badago. Espainiako Batasuna, ez Frankok esana bakarrik, II Errepublikak eta 78 Erregimenak defendatutakoa, “indivisible” omen da. Eta horrek esan nahi du langile eta herri xume espainolaren morrontzaren klabe bat dela Euskal Herriaren, eta Catalunyaren… libertate falta.

PNV-rena da bigarrena: “Lehena Euskadi. Es lo que importa”. Badirudi honekin PNVk esakune batekin bedeinkatzen duela egin duena. PNV da, eta orduan egin duena, por definición, “Euskadi defendatzea izan da”. Adibidez, Lemoizen alde egon zenean, sutsuki, hori zen Euskadi es lo que importa. Ajurianeako Paktoarekin kanpaina antiterroristari bidea eman zionean (presoen dispertsioa, tortura eta GAL), hori ere zen Euskadi es lo que importa. NATOri baiezko botoa eman zionean, orduan ere, lehena Euskadi zen. Kutxabanken lapurreta orkestratu zuenean, orduan ere, Euskadi zen lehena. TTIPren alde agertzen danean, nola PNV den, orduan ezinbestez hori da Euskadirentzat hoberena. Eta jokabide horien kontra daudenentzat, horientzat, Euskadi ez da lehena. Orduan ezinbestez galdetu beharra dago PNVk inoiz erantzuten ez duen galdera: Zer da Euskadi, zer da lo más importante, zer da lehena? PNVren praktikan Euskadik zentzu zehatza du.PNVren Euskadik bi parte ditu: lehena eta agintzen duena, Euskadiko eta bereziki Bizkaiko aberatsak dira, horiek dira guztien artean listoenak: aberastu bait dira!!! Izenak ezagunak dira: KONFEBASK, KUTXABANK, BBVA, PETRONOR, IBERDROLA, CORREO eta DIARIO VASCO eta koiunturen arabera ACELOR, SIEMENS, GAMESA, CATELSA, MERCADONA, EROSKI ETA MCC-lehiakorra neoliberalismoak jana—etabarr…. Euskadiren beste partea da bertako jendea, morroi otzana bezala portatzen dena. Beldurrez edo zuhurtasunkeriaz edo burukideen hitzetan sinistuz egiten uzten duena. PNV-ren Euskadi, duela 250 urtetik hona, matxinadaren beldur dagoen Euskal Herriko handikien Euskadi da.

 

Ertzaintzaren (edo polizien) deserrotzeaz

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Eusko Jaurlaritzaren Bake eta Bizikidetza Idazkaritza Nagusiaren eskariz, Deustuko Unibertsitateko Giza Eskubideen Institutuak Ertzainek eta haien familiek ETAren mehatxuaren ondorioz jasan duten bidegabekeriari buruzko txostena (1990-2011) egin du. Ondo deritzat gatazkak, eta ETAk konkretuki, sorturiko sufrikario osoa aztertzea eta ezagutaraztea.  

Nago baina, azken urteetan onddoak bezala sorturiko institutuek eta idazkaritzek arreta gehiago jartzen dietela bidegabekeria mota batzuei besteei baino, egilea nor den arabera betiere. Batean eta bestean jarritako dirutza edo erabilitako bitartekoen desoreka nabarmena da gainera. Hor dabiltza zenbait ikerle boluntario,  zailtasunak zailtasun eta musu-truk, memoria historikoa lantzen edo torturaren mapa ikusezina aztertzen –Europak zortzigarrengoz zigortu du Espainia, tortura ez ikertzeagatik–, eta beste batzuk, berriz, baliabide guztiekin hileroko soldata jasotzen.

Areago, oso deigarria egiten zait zein arreta gutxi jartzen zaion, terrorismoaren aitzakiaz, urteetan ezarri eta gorpuztu diren lege eta jarrera errepresiboen ezabatzeari, salbuespenekoak omen zirenak, baina betiko geratu direnak. Lege horiek ez dute eraginik bizikidetzan? Honezkero badira hauxe diotenak: ETA desagertu da baina orain arrisku jihadistari aurre egin behar diogu.

Jarrai dezagun Ertzaintzak urte horietan izandako deserrotze, ikusezin eta gainerako arazoekin. Bistan da, tamalez hori dena gertatua dela, baina nago ere, dena ez dela ETAren eta bere “aldeko”en erantzukizuna. Ertzaintzak bere jarduerarekin badu bere ardura –zer esanik ez beste bi polizia motak– deserrotze eta gizarteratzeko arazoekin. Duela pare bat urte Kukutzaren gatazkaren inguruan orriotan gogor salatu nuen Ertzaintzaren jarduera.

Ertzaintza (polizia guztiak) injustizia ugari eragiten duen sistemaren adar bat da. Horrek ezinbestez gizartearen zati batekiko deserrotzea, are, areriotasuna, dakarkio. Galdetu greba batean astindutako langileei zeinen alde egiten duen Ertzaintzak. Askotan, gainera, ordenak betetzetik baino harago joan da. Gogoratzen dut AHTren aurkako manifa baketsu batean atxilotutako lagunak Auzitegi Nazionalaren eskuetan jarri zituela Ertzaintzak. Antzekoa munduko beste poliziei buruz. Los Angelesko polizia buruak sarri kexu dira, herritarrek sistemarekiko amorrua beraien aurka bideratzen dutelako. Frantzian gertatzen ari diren istiluetan ere, polizia askoren kexuak entzun ditugu. Ez omen dituzte merezi manifestarien herra eta erantzun bortitza. Zer esan Mossos d´Esquadraren jarduerari buruz. Batzuek eta besteek, ordea, ez diote galdetzen beren buruari ospe txar horren zergatia. Hor datza gakoa.

Argian argitaratua

Partikularitatea, singularitatea, unibertsaltasuna

Joseba Barriola – Alternatiba

Adibide batekin hasiko naiz. Bi gertakizun edo egoera guztiz desberdinak: euskal presoak gartzeletan eta errefuxiatuak Europako ekialdeko mugetan edo Melillan edo Calais-en.

Bi gertakizun-egoera horiek guztiz singularrak dira. Euskal Presoen egoera ulertzeko kontutan hartu behar diren elementuak zeharo singularrak dira: besteen artean hor dugu, gertuko elementuak kontutan harturik, gerra karlistak utzitako memoria anitza, II errepublika eta gerraren oroitzapenak, Diktaduraren esperientzia latza, 1964ko Kontzilio Vatikanoaren ondorioak, 1970 Burgosko epaiketaren esperientzia, ondoren ezarri zen demokrazia frankistaren esperientzia etsigarria, … horrek denak (eta bestelako gertakizun nazional eta internazionalak) definitzen du presoen gertakizun-egoeraren singularitatea.

Bestalde errefuxiatuen egoera-singularra ulertzeko kontutan hartu beharko dira beste parametro batzuk. Gertu-gertukoak kontutan hartuz, hitz egin beharko genduke Herrialde Arabiarretan 2011 urten eman zen emantzipazio nahi orokorraren eztandaz, eztanda horri aurre egiteko erabilitako estrategiak desberdinak (Siria eta Libian edo Egipton eta Tunezen), hitz egingo beharko genduke 2008an Mendebalde deituriko lurraldeetan eztanda egin zuen krisi ekonomiko-finantziarioaz eta horri eman zitzaion erantzuna austerizidioaren aldekoa. Hitz egin beharko genduke modernitateak herrialde arabiarretan emandako esperientzia umiliagarria. Kontutan hartuz 2001ezkeroz islamofobiak irabazi duen pisua gobernuen politiketan (Afganistango gerra, Irak-ekoa, Palestinakoa beti mantendua, Yemen eta Sudanekoa…). Elementu guzti hauek errefuxiatuen egoera singularra ulertzeko beharrezkoak dira.

Bainan zer erantzuna ematen zaio presoen egoerari edo errefuxiatuen egoerari. Hiru hitz giltzarri erabiltzen ditugu presoen aldeko ahaleginetan: ASKATASUNA (kartzelarik atera), ETXERA (etxean bizi), DUINTASUNA (barneko kemena eta estima mantenduz). Eta hiru hitz horiek beraiek baliagarriak dira errefuxiatuen egoerari irtenbidea emateko bidea erakusten dutenak: ASKATASUNA ( munduan aukeratutako lurraldean bizitzeko askatasuna), ETXERA (jaioterriko etxea desegina dute gerraz eta miseriaz eta hor daude, mugan, inon ezin beraien etxea eraiki) eta DUINTASUNA (ez dira alprojak, ez dira gaizkileak… zer demonio da hori, tiroka errefuxiatuen aurka!).

Ondo begiratuta egoera singularrak dira baina altxatzen ditugun errebindikazioak Unibertsalak dira, unibertsaltasun horrek gidatzen du gure ahaleginak.

Bukatzeko zer da partikulartasuna? Ez dute denok presoen egoera berdin jasaten. Presoak lehen, guraso eta senideak eta lagunak gero, politikan kide direnak gero… egoera singula bat modu partikularrean jasaten da. Berdin esan dezakegu errefuxiatuen egoerarekin. Partikularra da, modu partikularren jasaten da egoera: bertan direnak, beraien senideak, beraien herrialdeetakoak, elkartasun elkarteak, gizarte islamofobikoak… Modu partikularrean bizi da egoera, baina egoera ez da partikularra, elementu orokorrak jartzen baititu jokoan. Gure presoen kasuan jokoan dagoena da Espainiako Demokraziaren hutsaltasuna (erregenerazio demokratikoaz hitz egiten da eta ez da hitz bat bera ere entzuten torturari buruz…). Errefuxiatuen egoerari dagokionez jokoan dagoena da estatu arabiarren gobernuen jokabide anti-herrikoia, mendebaldeko gobernuen politika merkantilista eta militarista.

Horrela bereizten dut nik hiru kontzeptu horiek. Partikularra da gertakizun-egoera bera bizitzeko modua; bainan gertakizun-egoera singularitate bat da, hau da, bere arrazoi orokor eta bereziak ditu. Aldiz, erantzuna, egoeratik irteteko erantzuna unibertsala izan daiteke edo talde itxi baten erantzuna korporatiboa, tribuko erantzuna. Presoen alde esaten dugunean ASKATASUNA, gartzela uzteaz gain Euskal Herri aske batetaz ari gara, eta Espainiako Demokrazia dezente batetaz ari gara; ETXERA esaten dugunean, guraso edo senideen etxeaz mintzatzeaz gain, Euskal Herri babesemaile batetaz ari gara, eta Natura bizigarri batetaz (Ama Lurraz) ari gara; DUINTASUNA esaten dugunean, Kaxbako, Tarhireko, New Yorkeko Occupy, Atenaseko sintagma ari gara aipatzen presoak eta errefuxiatuak begien aurrean edukitzearekin batera.

Horregatik, entzuten badugu “Presoen Arazoa ez da nere arazoa, presoena esker abertzaleko arazoa da”, geure bizitza geure eskutan hartzeko erabakiari uko egitea da. Presoen egoera neri zuzen edo zeharka ukitzen banau edo, hori konstatazio bat da. Presoen aldeko ahaleginetan parte hartzea Espainiako Demokrazia honen duintasun-eza, Torturarekin agerian dagoena, salatzea da, hau da, geure bizitzarako sistema politiko dezente baten alde ahalegintzea. Presoen egoerak esplikazio singularra du, beraien aldeko aldarria unibertsala da. Gauza bera errefuxiatuekin edo etorkinekin, oro har, eta segi…

Elkartasuna, ez hemen eta ez han

Jon Albizu – Alternatiba

“Inork badio nire etxean eztago bakerik, bila beza bakea auzoko etxean edo munduko bazterrik azkenean…”

Gipuzkoako Foru Aldundiaren esanetan beso zabalik daude gerratik ihesi datozen errefuxiatuak jasotzeko. Hala izango da, eta bejondeiela, baina beste arrazoi batzuk direla medio gure herrira datozenekin ez dirudi besoak hain zabalik dituztenik. Izan ere, PSEren Jaurlaritzaren garaitik zein EAJren egungoarekin, Diru sarrerak bermatzeko errenta (gazteleraz RGI deritzona) jaso ahal izateko baldintzak gogorrago dira, besteak beste, bertan erroldatutako urte kopurua handitu egin zelako. Hau da, gure herrietara berrikien etorri (edo itzuli) diren pertsonei murrizten zitzaien batez ere laguntza hori.

Gipuzkoako aurreko Foru Aldundiak, Bilduren eskutik, murrizketa hori konpentsatzeko diru laguntza bat sortu zuen, baina, egungo gobernuak, lehen aipatu protagonista berberekin, EAJ-PSE, diru laguntza hori ezbaian jarri du, “jendea erakartzen duelako” argudioarekin.

Hala, gerra errefuxiatuekin ez dakigu, baina beste kasuetan behintzat, gure egungo agintariek ez omen dute gogo gehiegirik jende berria etor dakigun. Eta gogorra dirudien arren, esan beharrean gaude gutxieneko bizitza duin bat lortzeko etxetik joan behar duen jendeari gure herrialdeetara etorri beste irtenbiderik ematen jakin beharko genukeela. Hau da, munduko arazoen konponbide bakarra ezin da mugatu jendeak bere etxetik alde egin behar izatera.

Baina horra hor egungo Foru Aldundiaren paradoxa. Ez dituzte hemen nahi… baina nazioarteko lankidetzan egindako aurrekontu esfortzua ere murriztu egin dute. Ez hemen eta ez han. Euren arazoa da. Eta posizio hau, beso eta esku zabaltasun txikikoa izango litzateke, baina badu arrazoi eta ondoriorik gurean. Izan ere, beste herrialdeetako egoeran badugu zer esanik, eta batzuek nahiko luketenaren aurka, gurean ere eragina du.

Aurreko legealdian, Donostian lankidetza zinegotzi nintzela egunkari batek elkarrizketa egin zidan. Saiatu nintzen azaltzen guretzat Lankidetza ez zela karitatea, baina ezta elkartasun edo eskuzabaltasun hutsa ere, mundu mailako borroka baten isla baizik. Bukatuan “no es darles peces sino enseñarles a pescar” (arraina eman baino, hobe arrantzan irakastea) batekin laburtu nahi izan zuen kazetariak, eta “para empezar es no robarles el pescado” (lehenik eta behin, haien arrainak ez lapurtzea) batekin erantzun behar izan nion. Hau da, lankidetza egiteko lehen kontua beste herrialdeen arazoetan dugun arduraz jabetzea da, eta gero bakoitzak bere arazoei edo munduko arazoei soluzio propioak emateko baliabideak garatzen laguntzea. Dirutan… edo esperientzia trukaketan, elkarrengandik ikasten eta, batez ere, batek bestea zapaldu gabe.

Munduan diren desberdintasunak apaltzea ez dagokio soilik elkartasunari. Edozein herri barnean gertatzen den bezala, munduan gutxieneko berdintasun maila batzuk eduki ezean ez da orekarik izango. Nahi adina itxiko ditugu gure ateak, beste bidetik etorriko zaizkigu bueltan. Izan ere, herri horietan dagoen txirotasunak kontsumo-gai asko ekartzen dizkigu prezio merkean, baina funtsean arazo ere bazaizkigu, herrien txirotasuna paradisua baitzaie kapital hutsaren menpe dauden enpresei, euren lana hara eramateko eta, ondorioz, guri kentzeko.

Ez dago oso modan kapitalismoa bezalako hitz potoloak erabiltzea, baina fenomenoak modu bakanean aztertzetik ikuspegi oso batera joatea dugun erronka handienetakoa da. Berriki, Euskal Herrian dauden enpresa batzuk itxiko direla jakin dugu. Askotan komunikabideetan enpresa gaizto batzuk jartzen dituzte errudun, baina sakoneko arazoa handiagoa da: kapitalak ez du bihotzik eta, egun, pertsonek ez bezala, mugarik ere ez du, inolako zentzutan.

Egoera hauei aurre egiteko bideetako bat herrien benetako burujabetzan sakontzea da, ez soilik gero eta eskumen txikiagoak dituzten estatuak sortuta, baizik eta herrialde bakoitzeko ekonomia sustatu ahal izango duten enpresa txiki eta ertainekin. Baina burujabetza hori ezin dugu gure herrira eta gure burbuilara mugatu. Ezin dugu beste herrialdeekiko lehia hutsean bizi eta beti ondo aterako garelako itxaropena eduki. “Ezin dugu” esan dut, ez “ez genuke beharko” soil bat. Munduari bizkar emanda bizi nahi izatea zilegi ez izateaz gain, ezinezkoa baita. Kapital hutsari botere guztia eman eta gero gurekin gupidatsu jokatzea bezain ezinezkoa.

“… Baina etxean bakea balu, eztezala gerrarik inon bila, bakea eta etxea galduko baitu munduko bazterretan”

(Gabriel Aresti, ‘Nire poesia’)

Gure herriko apirilak hamalauak

Joseba Barriola – Alternatiba

Askori, apirilak 14 esanda, Espainiako II Errepublikaren hasiera etorriko zaio burura. Ez da bainan, gure herriko historiaren apirilak 14 bakarra.

1931-IV-14. Urte hartan eta ondorengoetan Espainiar Estatupeko herrietako langile eta nekazariek erakutsi zuten ahalmen eraldatzailearen oroimena agurtzen dut. Ez dut ordea II Errepublikaren “apologiarik” egingo. Ez noski, ez dut egingo II Errepublikaren gobernu legala izan zen “bienio negro” deritzanaren apologiarik egingo. Bainan ezta ere gobernu demokrata deritzanena ere. II Errepublikaren gobernu guztiek jaso eta onartu zuten Monarkia Inperialaren azkenetako aztarna koloniala: Maroko. II Errepublikak ez zen gai izan Kataluniako eta Euskadiko eskaerei erantzuteko, ezta nekazal erreforma egin eta defendatzeko ahaleginak egin (nekazarien grebak zigortu baizik), ezta langileen exijentziei. Azkenik Francoren Kolpe Militarraren aurrean, lehenengo egun erabakiorretan, Errepublikako instituzioak paralizatuak egon ziren eta herri armatua izan zen aurre egin ziona kolpeari. Gerra garaiko politika berriz, inkoherentziaz josia eta Jaurlaritzaren erretirada koldarra tartean, Errepublikaren eremuan ordena burgesa mantentzera eta Francori aurre egitera zuzendua izan zen. Europako demokraziekiko konfiantza ilusoak gidatua, orden errepublikar-burgesa mantentzeko baldintzarekin Sobiet Batasunak emandako laguntza. Kontraesan guzti horiek eztanda egin zuten 1937ean, Bartzelonako maiatzako borroketan. Gure memoria historikoaren barruan esperientzia hori ere badago. Empatia osoz orduko miliziano eta gudariekiko, gogoeta kritikoa egin beharra dugula uste dut.

1766-IV-14. Egun hartan, duela 250 urte, Donostiako Udalak gutun bat bidali zion Diputazioari. Bi zurrumurruen eta paskin baten berri ematen zion.

Lehenengo zurrumurruaren arabera gariaren prezioa oso altua zen, jendeak ez zuen ordaintzeko modurik, gosearen mehatxua, eta zurrumurruaren arabera gariaren pilatzaileak eta komertzianteak omen ziren erantzuleak. Donostiako Udalaren aburuz, zurrumurruaren argudioak “mamuen ehiza” modukoak ziren eta arazo bakarra “la natural escasez” omen zen.

Bigarren zurrumurruaren arabera, bilerak egiten ari ziren eta hainbat herri prestatzen omen ari ziren Donostia eta bertako Merkatarien aurka altxatzeko. Zurrumurru hau larria zen, Udalaren ustez.

Paskina berriz, are bildurgarriagoa zen. Izan ere paskinak zioenez: “O señores hermanos de mi alma…Pues qué mayores enemigos o demonios que los mismos Capitulares de esta Ciudad que en lugar de proveer en cinco cuartos el pan nos proveen en diez. Y esto se remedia con traer muchos polvos en las pelucas y galones, y con acudir a la tertulia de Jacinta…: pues no, esta bondad o malicia en demasiado peca y nos veremos precisados a ejecutar un desatino, si es que no pongan remedios útiles, como lo verán y en ocho días por el anochecer: Nadie quite este papel, pena de vida”.

Baino, Donostiako Udalak gutuna bidaltzen zuen bitartean, lehendik zetozen zurrumurruak gorpuztu ziren Azpeiti aldean eta 1766ko apirilaren 14ean Matxinada hasi zen. Diputazioa eta Koroako Korregidorea Azpeitian zeudenez, Matxinoen lege eta kapitulazioak sinatu behar izan zuten. Donostiako karta abisu bat zen Diputazioari. Ezin zen gehiago herriko jende xumearen ezinegonari ezikusiarena egin. Eta hurrengo goizean, apirilaren hamabostean, bere kabuz eta Probintziako Jauntxo eta Handiki guztien bidea markatuz, Donostiako Udalak bando bat atera zuen gariaren prezioa jetsiz (ez bainan Matxinoek Azpeitian ezarritako mailan), eta ardoa banatuz kalejira bat antolatuz jendea baretzeko asmoz. Arriola alkatea izan zen kalejira eta ardo banaketan buru. Hurrengo egunetan Matxinada hedatzen joan zen Probintziara, baita Bizkaiara eta Arabara (Agurainen hiru paskin azaldu ziren herriko plazan). Donostia militarizatua eta merkatariek ondo kontrolatua izan zen erreakzio errepresiboaren burua, bai ideietan, bai kontzesio tranpatietan eta baita indar armatuetan.

1755eko apirilaren 14a. Bainan badugu hirugarren apirilak 14 bat. (Egia esan apirilak 11 izan zen). Egun horretan, Bergaran, paskin bat agertu zen herriko plazan. 1754ean Diputazioak Arau Foral bat onartu zuen Probintziatik kanpora haragia saltzea debekatuz. Desadostasuna handia izan zen ganadua zuten baserritarren aldetik. Haragiaren Gatazka gertatu zen. Desobedientzia zibila (behiak Gasteizko azokara eramaten hasi ziren), premiazkoa zuten salmenta eta bertako “probeedore ofizialak” ez zieten erosten Frantzian merke lortzen zutelako. Gainera ohituraren aurkako araua omen zen eta Diputazioak Foruaren zentzua zapuzten ari zen.

Diputazioaren erreakzioa gogorra izan zen. Atxilotuak (Aretxabaleta, Bergara eta Arrasateko baserritarrak) eta epaiketa. Eta justu, epaiketaren egunean, apirilaren 11an, paskin bat agertu zen Bergaran, epaiketa horien kontra eta… Honela zioen “ …quieren usurpar la sangre de los pobres…Juntesen todos los vecinos y congregense todos estar prontos con sus armas, y los que no tienen escopeta sacaran otras armas, lo que a Vms. les pareceiere en ésta misma forma…Y como está dicho antes no debe haber escándalo hasta ver que determina la justicia…”. Paskinak berak asaldatu zituen Diputazioko jauntxoak, behien “kontrabandoa baino”. Beraien memoriara etorri zen, berehala, 1718ko Matxinada. Paskinaren idazlearen aurka “búsqueda y captura” antolatu zen. Esteben Etxeberria, Antzuolakoa, izan zen egilea eta semea idazlea. Epaiketan, Diputazioko fiskalaren argumentazioan, besteak beste, esaten zen: “Que se destierre para siempre la voz y término de Matxinada”. Nonbait XVIII mendean “mamu bat zebilen Gipuzkoan barrena: matxinadaren mamua”. Eta hitza bera betirako akatzea zen Diputazioaren nahia. Orain arte.

Eta apirila zen. T.S. Ellioten hitzetan, hilarik krudelena. Matxinoen iraultzaren, bainan baita ere matxinoen errepresioaren hilabetea”.

Munduko Kontalaritzaren Eguna

Joxemari Carrere – Alternatiba

Suedian antolatu zuten, udaberriaren hasierarekin, 1991ko martxoaren 20an ipuinak kontatzeko egun nazionala. Jardunaldi hori hartu ohi da geroago Munduko Kontalaritzaren Eguna izango zenaren hasieratzat. Suediatik Australiara pasatu zen ideia eta ondoren Latinoamerikako herrialde ezberdinetara. Mendearen hasierarekin Eskandinavia aldean ideia berreskuratu eta zabaldu egin zuten beste kontinenteetara egun ezagutzen den ospakizuna egituratu arte. Egun munduko herrialde ugaritan martxoaren 20an kontalaritzaren aldarrikapenaren eguna ospatzen da. Kontalariak elkartu eta ipuin-kontaketa saio kolektiboak egin ohi dituzte, emanaldi txiki eta handietan, herri txikietan, hiri handietan, basoetan, basamortuan, itsasbazterrean, antzokietan, lokaletan, guztietan narrazioek betetzen dituzte bazterrak eta hitzak airean barreiatzen dira. Udaberriak loraldia dakarren bezala, hitzek kontalaritzaren loraldia ekarriko dute, hitzarekin batera jaiotako giza sorkuntza zaharra etengabe berritzen den seinale. Istorioek, ipuinek, leiendek, kondairek pertsona humanoekin batera mendeetan bidaiatu dute elkarren ondoan, euren kezkak eta gogoetak argitu nahian; mundu ikuskerak agertzen; giza harremanak azaleratzen; ideiak azaltzen; baina, batez ere, hitzak elkarri esanez bizitzari gorazarre eginez.

Lema bat hartu ohi da urtero egunaren ikur gisa, aurten “Emakume indartsuak” delarik. Emakumeek mundu osoan, kultura guztietan ipuinetan duten presentzia nabarmena da. Disneyren eredutik ihesi, ipuinetan emakume indartsuak eta ausartak agertzen dira mundu osoan: sexualitatea bere gustura bizi duen Amazoniako Miritinga; eguzkiaren bila abiatu zen Mara ausarta; askatasunaren bila jipoitzen zituen senarretik aldendu ziren bi emakume inuitak; sorginak, belagileak beti besteei laguntzeko prest. Halakoak ugari aurkituko ditugu ipuinetan. Baina baita ere ipuinak kontatzeari ekiten diotenak, hitzaren gordailu gisa: emakume palestinarrek gordetzen duten hiyake ohitura zaharra, emakume artean kontatzen direlarik istorioak; edo, aspaldian, Palermon bizi izan zen Agatuzza Messia, letretan ezjakin, baina hitzetan aberats, kontakizunaren artisaua, irudimenaren argia. Aurten, bereziki, horiek guztiak izango dira gogoan eta ahotsetan munduan barrena egingo diren kontaketa saioetan.

Kontalaritzaren Eguna kontatzearen artea eta bere garrantzia aldarrikatzeko eguna da. Maiz haurrei zuzendutako aisialdi jardun gisa hartzen dena edo bestelako helburuak lantzeko –irakurketa, balioak, jarrerak, terapiak…– erabiltzen den tresna, gutxietsita agertzen da, bere horretan baliorik ez balu bezala. Istorioen kontaketa jardun artistiko eta sortzaile moduan ez da ikusten normalean, ikustea besterik ez dago kultur egitarauetan zer leku hartzen duen edo hedabideetan zer leku eta tratamendu ematen dioten. Ohikoa da kontalarien izenak edo ikuskariaren izenburua ez agertzea egitarauetan. Kezkagarria da ere ikustea azken urteetan helduentzako kontaketa saioek nolako beherakada egin duten, haurrentzako programazioetara zokoratuz. Kontalaritzaren Eguna horiek guztiak ere agerian uzteko aukera aproposa da, kontagintzaren kultur garrantzia azpimarratzeko jardun artistiko gisa, kontalaritza berriaren bideak ezagutarazteko; hau da, ipuinak kontatzearen duintasun sortzailea aldarrikatzeko.

Jende humanoak bere izatearen kontzientzia hartze beretik ipuinak, istorioak eta bestelako narrazioak asmatu eta kontatzeari ekin zion, bere izate hori bera ulertu nahian segur aski. Eta horrela jarraituko du izaten, esateko grina dagoenean, ez baitago oztoporik, erraldoia bada ere, isilaraziko duenik. Hala bada, hala bedi.

NAIZen argitaratua

Lehenengo kanta, fede kapitulua

Joseba Barriola – Alternatiba / EH Bildu

Hementxe gaude bildurik Euskal Herriaren populua. Kanta dezagun, denok batera, lehenen kapitulua, fedearen artikulua». Arestiren poema hau, Oskorrik kantatua, nire burmuinera etorri zait gaur goizean esnatu naizenean. Arratsaldean Otegiri egingo zaion ongi etorrirako kanta aproposa, pentsatu dut. Poema eder horren kulunkan ardaztu dut Belodromokoa.

Hementxe gaude bildurik. Belodromoan eta karpan zirenak eta etorri ezin izan direnak, eta han egin eta esandakoarekin erresonantzian jarriko direnak, eta bizitza duina aspotzen zuten hitz eta irudiekiko konexioa egin duten guztiak, eta iraganeko herritar xume sufritu eta adoretsuak eta USAko kartzelan zigortua dagoen Peletier amerindio duina. Denak. Han, bildu ginen.

Euskal Herriaren populua. Baina zer zen populua, Euskal Herriaren populua, Arestirentzat? Bere poemetan utzi digu argi adierazia. Populua da: langile jendea, etxean lana egiten duten langile ordaindu gabeak, nekazariak, arrantzaleak, iñudeak, merkatutan eta ostatutan diharduten emakumeak, Somorrostroko mineroak, Lemoako frenteko «primera línea de fuego», Adela gorria-Adela guria, poetak eta titiriteroak, lurrarekin hitz egiten duten Oteiza-Gandiaga-Mari Sanz-Laboa bezalako eroak, zeru bideko Joxe bezalako, lurra eta jendea eta herriaren pentsalari sakonak, etakideen ama sufrituak eta beltzak eta davidovichak… Populua dira kollazoak eta petxeroak, eta lingua navarrorum-lingua barbaroruma hitz egiten duten euskal nekazari pobre Nafarroako Monarkiak baztertuak, matxinadetako matxinoak, galeretara kondenatuak eta prostituziora behartuak, langabeziara kondenatuak eta etxetik atzerriratuak edo kanporatuak, eta presoak… Horiek dira Euskal Herriaren populua. Populuan ez dira kabitzen jauntxoak, aiton-seme gamboinoak edota oñaztarrak, errege, abade, obispo lur-inperio goseak, Caracaseko eta Filipinas Konpainia esklabista eta kolonizatzaileak eta Confebaskeko edo Iberdrola edo Petronor eta orohar esanda besteen sufrimenduen kontura aberasten den jendea. Horiek ere hemengoak dira jatorriz, baina ez dira populua. Beraien aberria diru pilaketa baizik ez da.

Kanta dezagun batera. Zer da, Aresti, kantatu beharko genukeena? Bi kanta eta bi kanta horien arteko zubia.

Lehenengo kanta: Lehenen kapitulua. Guztion izenean Jon Maia bertsolariak irakurri zuen poema argitsua. Biziraupenaren kanta eta dantza. Gu gara kanta bizigarria. Europa osoan eta mundu osoan gu ere bagara, gaur egungo lehen beharraren lekuko: biziraupenaren lekuko. Mendetan eta mendetan nolabait gure nortasun bizia, eta bizia delako aldatuz doan eta guk geuk aldatzen eta ederragotzen saiatzen garen nortasuna biziraun duelako. Jonek ahots tonu liluratzailez irakurritako poema, gure iraganari maitasunez botatako begirada da, eta maitasunez egina dagoelako etorkizunera proiektatua.

[…] Munduko herri guztien lagunkidetasunean oinarrituriko nortasuna eraiki nahi dugu. Horregatik jatorri anitzetako jende lagunak gurean izan du eta izango du lekua gurekin batera eraikitzeko etorkizuna. Izan ere, gizadi osoaren lehen eginkizuna da biziraupenaren gain zamatzen gaituen mehatxuekin (TTIP izeneko kolonizazio mundial berria, aldaketa klimatikoa, arma atomikoak, gizartearen desestrukturazioa, arrazakeria etniko eta soziala, pentsamendu bakar harrizkotuaren inperioa, sentimenduen manipulazio zitala…) amaitzea. Lekukoak gara, esperientzia dugu adimentsu jokatzen ikasiz eta mundu osora eskainiz.

Bigarren kanta: Fedearen artikulua. Arnaldo Otegik luzatu zigun gonbidapen adimentsua eta igorri zigun adore eta autokonfiantza. Irriaren, bizitzaren ospakizunaren festara igarotzeko gramatika: estatu dezentea, independentzia, pentsamolde desberdinen eta erlijio desberdinen bultzada bizigarriez elikatuak, diagnostiko eta agenda egokiak egiteko entzun eta entzun eta entzun beharra, pultsua hartzeko eta ikasteko egarria, gure esku dago, herriaren esku dagoela sakon sinestuta. Ondo bereiziz zein da behaztopa harria eta zein den aldaketarako bide laguna. Geurea eraikitzen lanean beti prest esku bat luzatzeko, baita Espainiako ezker berriari. Eta black power, eta botere palestinarra, eta botere Saharauiarra, eta botere arabiarra, eta euskal boterea. Herrien boterea eta ahalmena, biziraupenaren borrokatik garai berrira, bizitzaren ospakizunaren festara jauzi egiteko ahalmena landu. Hitz batez, jende burujabez osaturiko herria(k) lehendakari. Eta arai berrira jauzia, oraintxe bertan saiatu, ez da geroko desioa, orain praktikatzen hasten garena baizik. Horren isla da, jaso dugun gonbidapena: irri egin.

Kantazubia: Bizitza duinaren defentsa kanta. Jone Etxeberriak, sutan erretako sorgin bizigarrien ahots gartsuz izar bat piztu zuen populuaren bihotzean: ez dugu onartuko ez bizitza, ez jaiotza, ez heriotza, ez sexua, ez maitasuna, ez lurra eta ez lana, ez dugu onartuko bizitzaren sorkuntza eta zaintza, kapitalaren akumulaziorako merkantzia miserable bihur daitezela.

Bizitzaren hatsaren hotsaren hutsaren hitza, mirarizko kanta baga biga higa misteriotsua, festa zoragarriaren ikimilikiliklik. Bizitza duina denontzat, bizitzea merezi duen bizitza betea, eraiki nahi dugun egitasmo politikoaren erdigunean.

Mila esker Belodromoko oparia eskaini zigutenei, hau da, presente edo hara hurbildu ezinik, han bildu ginen guztioi.

BERRIAn argitaratua

Hondamendiari aurre egin

Joxe Iriarte ‘Bikila’ – Alternatiba

Euskal Herrian bizi dugun egoera politikoaren gorabeherak haratago (zeinean, hein batean onera egin dezakeen) oro har mundua okerrera egiten ari dela iruditzen zait. Badakit, gure belaunaldiak ez duela mundu gerra edo gerra zibila ezagutu, ia ahaztuta dugula gerra hotzaren arrisku egoera (tartean misilen afera) eta antzekoak; alabaina egungo egoerak inoiz ezagutu ez dituen arazoen elkar gurutzatzeak dakartza eta hori berria da.

Kapitalismoak, gizakiaren eta naturaren arteko marra gorria jada zeharkatu du, eta zalantzak ditut horrek atzera bueltatzerik baduen, ikusirik klima aldaketarekiko Parisko klima gailurraren ahulezia eta boteretsuen aldetiko ezaxola. Eta baita, ezkerreko alderdi zein sindikatuen ezintasunak, ikusirik zein parametroetan mugitzen garen egoerari aurre egiterakoan: esate baterako, produkzio mota eta kopurua dena delarik, lana mantentzearen truk ez jaistea dugu helburu, kontuan hartu gabe horrek zer ekarriko digun hemendik gutxira. Eta berriro, ate joka dugun krisiari nola hartu aurrea ez dugu eztabaidatu ere. Eta ez, teorian alternatibarik ez dagoelako, gure ahuleziagatik alternatiba horietan sinestea zaila egiten zaigulako, baizik.

Bestaldetik, mundu ustiaketatik eta botere banaketatik sortzen diren gerra lokalak eremu eskualde bati mugatuak omen, geroz eta kontrolagaitzak eta ulergaitzak zaizkigu. Eta ulergaitza ere, errefuxiatuen inguruan gertatzen ari dena. Izan ere, lotsagarria, bidegabekeria, halako mila kexu entzuten dugu egunero gertatzen ari denaz, baita mandatarien ahotik. Baina egunetik egunera, arazoa geroz eta larriagoa da, giza-hondamendira hurbiltzen dena. Gasteizko martxoaren 3ko sarraskiaren omenez Lluís Llachek sorturiko Campanades a morts entzuten ari naiz lerro hauek idazten ari naizela, eta nire irudimenean Balkanetan eraikitzen ari diren hesi eta txantxarren aurrean desesperaturik daudenek entzuten ari direla ikusten ditut, beren hiletarako ereserki gisa egina balitz bezala.

Bai Europako mandatariak eta zenbait estatu buru, doilor zuri ustelak dira. Garbi dut ezin dela parean jarri estatu buruek eta Europako Batasunaren buruek eta herritar arruntak, hala ere zen zaila eta mingarria egiten zait gogoratzea duela ez denbora asko horietako askok eta askok eginahaletan ibili zirela beren herritik alde egiteko errepresioaren ihes,  bizimodu duin baten eske. Adina dugunok behintzat, gogoratzen dugu hungariarrak, errumaniarrak, eta bar, estalinismoaren atzaparretik ihes nahian Austria eta Alemaniaren mugak zeharkatzen. Edo Balkanetako garbiketa etnikotik burua salbatu nahian (SOS Balkanak gogoratzen?) gurera etorritakoak. Eta orain, zer? Hain urria da gure oroimena jada ez dugula gogoratzen gu ere horrela ibili ginela duela ez denbora asko? Nik ez ditut inoiz ahaztuko erbeste behartuan ginela gure egoeraz arduratu ziren boluntario haiek. Damu naiz ez naizela haien pareko.

Eta azkenik, ezin ahaztu, ur arre nahasietan hazten dira indar arreak, alegia faxistak. Beldurgarria Europak ezagutzen duen hazkundea, batez ere, etorkin gehien dauden eremuetan.

Dena den, zailtasunak zailtasun, arrazoiaren ezkortasuna borondatearen baikortasunarekin kontra balantza egin daitekeela sinetsita nagoelako, nola edo hala egoera honi aurre egin behar diogula da nire aldarria.

Honakoetan argitaratu izan da: Uriola, Naiz, Deia

X