Gerrarako ez emakumerik, ez gizonik, ezta sosik ere

GERRARAKO EZ EMAKUMERIK, EZ GIZONIK, EZTA SOSIK ERE

Militar zabalkuntza dagoen bitartean, Gobernuak Militarismoarako  aurrekontu sailak handitzen jarraitzen du, baina, bestalde, Erakundeek ez dute oraindik konponbiderik eman emakumeok, bai kolektiboki, bai indibidualki, pairatzen ditugun egoera larrien inguruan: eraso eta tratu txarrak, banaketak eta dibortzioak, lan diskriminazioa eta pobreziaren feminizazioa, gizarte nahiz komunitate zerbitzuen gabezia: haurtzaindegiak, zaharrentzako egoitzak…

Hau guztia kontutan harturik, Zerga Eragozpena burutzera gonbidatzen zaitugu. Hau da egiten dizuegun proposamena: hurrengo errentaren aitorpenean 60 euro ematea Bizkaiko emakume taldeek garatzendituzten proiektu haueetarako:

“ARGITAN” Barakaldoko Emakumeentzako Aholku Etxea.
“NEBA- NEBA” Sestaoko Emakumeentzako Aholku Zentroa.
“BESARKATUZ”. Bilbo.

http://www.nodo50.org/informacion-objecion/

Maiatzak 25, greba!

Nafarroako eta EAEko gobernuek bere gain hartu dituzten Espainiako Gobernuaren murrizketa neurriek oso modu larrian eragiten diote euskal jendarteari eta modu berezian zerbitzu publikoei eta bertan lan egiten duten langileei. Krisi larria pairatzen ari den herri honek inoiz baino gehiago behar dituen zerbitzu eta lana, hain zuzen ere. Horri erantzuteko, gehiengo sindikalak greba deialdia luzatzen die sektore honetako langile guztiei eta dei egiten dio jendarte osoari mobilizazioetan parte har dezan.

Arlo publikoko langileei eragiten dieten murrizketetatik haratago, plazaraturiko neurriek eta hauen norantzak gogor erasotzen digute herritarroi. Izan ere, arlo publikoa, eskaintzen diren zerbitzuak, hauen kalitatea eta langileen lan-baldintzak desegitea dituzte helburu. Besteak beste, neurriek lehen aldiz beraiekin dakarte soldaten murrizketa ekainetik aurrera, hauen izoztea 2011. urterako eta zerbitzu eta enplegu publikoen gaineko mehatxu larrria. Botere ekonomikoak esparru guztietan, baita Euskal Herrian ere, arlo publikoa eraitsi eta pribatizatzeko aurrera eraman nahi duen estrategiaren parte da hau.

Berriz ere, botere politikoa kapitalaren eta honen erakundeen menpean jartzen da, eta krisitik atera ordez egoera larriagotzen duen estrategia gauzatzeko prest dago. Hain zuzen, krisia gainditzeko biderik egokiena kontrakoa litzateke, hots, zerbitzu publikoak sendotu eta garatzea, ematen duten estaldura eta kalitatea hobetzea eta enplegu publikoa sortzea. Neurri hauek abian jartzeko aberastasun nahikoa eta gehiago sortzen dugu, banaketa bidezkoago bat eta aurrera eramateko borondate politikoa besterik ez da behar.

Gehiengo sindikalak krisia hasi zenetik eskatu izan ditu horrelako erabakiak, baina gobernuek ez dituzte aintzat hartzen; ondorioak ezin okerragoak dira, eta begibistan daude. Bankuei milaka milioi euro ematen zaizkiela, Euskal Herriko gehiengo sindikala osatzen dugunok ez gaude murrizketa larri hauei men egiteko prest, ezta gure eskubideak murriztu ditzaten eta neurri hauen kaltetu nagusienak zerbitzu publikoak beraiek eta bertako langileek izan daitezen ere eta ondorioz Euskal Herriko langileria osoa.

Ordua da Euskal Herriko gehiengo sindikalaren eta langileen aldarrikapenak entzunak izan daitezen eta eraiki nahi dugun eredu ekonomiko eta sozialaren inguruko erabakiak bertan har ditzagun.

Horregatik, esparru publikoko langile guztiak grebara deitzen ditugu eta jendarte osoari eskatzen diogu neurri latz hauei aurre egin diezaietela eta mobilizazioetan parte har dezatela.

Halaber, bertoko herri-administrazioei eskatzen diegu Espainiako gobernuak ezarri nahi dituen erabakiei uko egin diezaietela, ez ditzatela aplikatu, eta gure eskubide sozialak babestu, arlo eta zerbitzu publikoak garatu eta sortzen dugun aberastasuna behar sozialetara bidera dezatela.

ELA-LAB-STEE/EILAS

http://alternatiba.net/old-files/M25eusk.pdf

http://alternatiba.net/old-files/KARTELA.pdf

Kalea guztiona da

Behean sinatzen dugun Bilboko taldeek eta elkarteek –talde anitzak eta lan esparru desberdinetan aritzen garenok–, Bilboko Udalak prestatu duen Espazio Publikoari buruzko Ordenantzaren proiektuaz zera adierazi nahi diegu Bilboko hiritarrei:

KALEA GUZTIONA DA, GOZA DEZAGUN LIBREKI!

Behean sinatzen dugun Bilboko taldeek eta elkarteek –talde anitzak eta lan esparru desberdinetan aritzen garenok–, Bilboko Udalak prestatu duen Espazio Publikoari buruzko Ordenantzaren proiektuaz zera adierazi nahi diegu Bilboko hiritarrei:

Azken asteotan, Espazio Publikoari buruzko Ordenantzaren proiektuaren gaineko eztabaida zabaldu da herritar eta komunikabideen artean, bereziki, prostituzioaren debekuaren inguruan. Nolanahi ere, zabalagoa da Ordenantza honen aplikazio eremua. Gogora dezagun kalean egiten diren jarduera batzuei buruz proposatzen dena:

  • Zerbitzu sexualen eskaintza eta eskaera debekatzen ditu eta gogor zigortzen ditu, emakume hauen egoera zaila eta beharrak kontuan hartu gabe eta zigorren bidez prostituzioarekin amaitu nahian.
  • Kalean burutzen diren “ez-gizabidezko”tzat jotzen diren jarduera sexualak debekatzen ditu, oso formulazio zabala eta interpretagarria erabiliz. Honek gizarteak normaltasunaz onartzen dituen adierazpen afektiboak jazartzera eraman dezake.
  • Kaleko edana debekatzen du eta praktika hau egiten duten gazteen aisia ordena publikoaren arazo bihurtzen du, inolako alternatibarik gabe. Harrigarria da debekua dela, soilik, edariak ostalaritza-lokal batetik ez badatoz.
  • Kaleko musika eta bestelako adierazpen artistikoak mugatzen ditu, adibidez, baimenik behar ez izateko 2 metro karratu baino ezin direlako okupatu edo bi pertsona bakarrik baino ezin direlako aritu.
  • Bizikleta, monopatina, patinak eta halakoen eta kometa, eta abarren arauketa zorrotzegia da. Areago, oinezkoak espaloietan eskumako aldetik joatera derrigortu nahi ditu!
  • Jarduera zibiko, kultural, ludiko eta kiroletakoak lar arautzeaz gain, aldarrikapen politikoak zabaltzea helburua dutenak debekatzen ditu.
  • Salmenta anbulantea arautzen du eta guztiz debekatzen du “mantarekin salmenta”. Berriro ere, gizarte-arazo bati debeku eta zigorren bitartez erantzun nahi zaio. Are gehiago, top manta delakoan erosten dutenak ere zehatuko lituzkete.
  • Orain arte, inolako oztoporik egin diren jarduerak arautzen ditu: dohaineko prentsaren banaketa, ikus-entzunezko jarduerak, kuestazioak eta mahai informatiboak. Ideia politikoak zabaltzeko jartzen diren mahai informatiboak debekatzen ditu.

Ordenantza berriaren proiektuaren edukiei buruz hau da gure iritzia:

  1. Udalak kalean egiten diren jarduera gehien-gehienak arautu nahi ditu, espazio publikoak “herritarren elkarbizitzarako babeste aldera” eta “erabilpen zibikoa sustatzeko” aitzakiapean. Benetan egiten duena da betidanik, inongo arazorik gabe, garatu diren ekimenak eta jarduerak baimen, epe eta baldintza sare batetan estutu, kalearen erabilera librea murriztuz. Neurriz kanpoko erabilera eta gainontzeko herritarren eskubideak kaltetzen dituztenak mugatu beharko dira, baina ez askatasunak eta eskubideak urratuz.
  1. Zenbait jarduera, gogaikarritzat hartu izan direnak –prostituzioa, kaleko edana eta kaleko salmenta, esate baterako–, kasu batzuetan, mehatxu eta zigorren bidez ikusiezinak bihurtu nahi dituzte edo, beste batzutan, estu murriztu –kaleko musika eta bestelako adierazpen musikalak–. Hausnarketa sakonagoa behar da arazo hauei irtenbidea emateko, eta edozelan ere, ezinbestekoa da debekuez haratago arazoak konpontzeko alternatibak ematea, prostituitzen diren emakumeei, kalean edateko ohitura duten gazteei edo “top manta”ren bitartez bizimodua atera nahi duten pertsonei. Azpimarragarria da, gainera, kaleko prostituzioa eta top mantaren debekuak, batez ere, etorkinei erasango liekela, eta hauek, gehienetan, indefentsio egoera batetan daude, paperik ez daukatelako, eta Espainiako Atzerritarren Legea aplikatzen zaielako. Prostituzioaren kasuan, gainera, emakume hauek berariazko zailtasun eta babesgabetasun egoera larria jasaten dute.
  1. Larria da, gure ustez, aldarrikapen politikoak kaletik ezabatu nahi izatea. Ezin izango da ez ekitaldirik egin ez mahai informatiborik jarri, baldin eta eduki politikoa badaukate. Hau gizarte demokratiko eta partehartzaile batetan onartezina izateaz gain, oso arriskutsua da tarte handia dagoelako jarduera bat politiko den edo ez erabakitzeko. Desberdin pentsatzen dutenak isiltzeko tresna baino ez dirudi.
  1. Ordenantza honen proiektua herritarron eta talde eta elkarteen partehartzerik gabe onartu da. Uste dugu herritarrok badaukagula zeresanik bestelako gaiez bezala gai honetaz ere gure iritzia emateko. Are gehiago, erabakimena herritarrona izan behar da.

Ulergaitza egiten zaigu, berriro diogu, indar ultraeskuindarrak beste tokitan egiten ari diren modu berean, Bilboko Udalak tentazio arautzaile ahalguztidun horri ekin izana, are gehiago, ezkerra izena duen alderdi batek osatzen duen gobernuaren aldetik etorrita.

Sinatzen dugun taldeek eta elkarteek kalearen erabilpen librea, kontzientea eta besteekiko eta inguruarekiko errespetutsua aldarrikatzen dugu eta hau adostu dugu:

  1. Bilboko Udalak prestatu duen Espazio Publikoari buruzko Ordenantza-ren proiektuari ezetz esaten diogu eta Udaleko bultzatzaileei eskatzen diegu atzera bota dezatela, eta adierazpen herritar librea kalean ere berma dezatela, bakarrik ezinbestekoak izan daitezkeen arauak eta mugak herritarren eta taldeen partehartzerekin adostuz.
  1. Konpromiso hartzen dugu, bakoitza bere esparruan, manifestu hau beste gizarte-eragileen artean hedatzeko, atxikimendu gehiago biltzeko asmoz.
  1. Prentsaurreko batera deitzen dugu, maiatzaren 18rako, asteartea, 11:30etan Udaletxe parean, komunikabideen bitartez herritar guztiei gure iritzia eta honen arrazoiak helarazteko.
  1. Maiatzaren 23an, igandea, eguerdiko 12etan Plaza Eliptikatik abiatuko den manifestaziora deitzen dugu, eta Bilboko eragileak ekimen honekin bat egiteko animatzen ditugu. Aldarrikapen nagusia hau izango litzateke: “Kalea guztiona da, guztiok goza dezagun libreki, guztion eskubideak bermatuz”.

Krisitik ateratzeko 10 proposamen egingarri

KRISITIK ATERATZEKO 10 PROPOSAMEN EGINGARRI:

ESKUBIDE GEHIAGO, GIZARTEAREN ESKU HARTZE HANDIAGOA

ALDE SOZIAL MURRITZAGOAK, PRIBILEGIO GUTXIAGO

  1. Ekonomia sozial eta solidarioa lehenestea. Parte hartze aktiboa, elkartasuna, berdintasuna, bazterketaren amaiera eta feminismoa helburu izango dituen ekonomia eredurantz jo behar dugu, hau da, pertsona guztien beharrak asebetetzea helburu izango duen eredurantz.  
  1. Demokrazia ekonomian. Benetako demokrazia egongo bada arlo ekonomikoa gizartearen kontrolpean izango da, bere azken helburua bete dadin: guztiontzako bizi baldintza duinak garatzea. Planifikazioa eta aurrekontu parte hartzaileak administrazio publikoetan derrigorrezko izatea proposatzen dugu, eta hauek zein enpresa handiak hobeto kontrolatzeko sistemak ezartzea.
  1. Ekonomia ekologiaratu. Energia aurreztea eta iturri ekologiko berriztagarriak lehenestea, energia kudeatzeko sistema publiko bati esker. Zentral termikoak eraistea, Garoña ixtea eta ziklo konbinatuko zentralen eraikuntzari amaiera ematea. Ingurugiroa kaltetzen duten zentralak ixteko ez da nahikoa energia berriztagarrien ekoizpena handitzea soilik, baizik eta honekin batera funtsezkoa da energia kontsumoa murriztea eta energia esparrua nazionalizatzea. Garraio birrintzailearen amaiera: errepideen eta AHTren eraikuntza etetea eta garraio publikoari zein tren sozialari bultzada handia ematea. Zaborren kudeaketa jasangarria: zaborrak errausketarik gabe kudeatzea posible da, hondakinak murrizten baditugu eta arazoaz jabetzen bagara. Atez ateko hondakin jasotze sistema babestea. 
  1. Elikadura subiranotasuna babestea. Elikadura subiranotasun babeserako politika aktiboak, indarrean den eredu agroindustrialaren ordez: ekoizpen bide agroekologikoen defentsa, nekazal ekonomiena, ekoizle-kontsumitzaile zirkuitu laburrena eta tokian tokiko merkatuena. Natur baliabideen (ura, lurra, haziak,…) kudeaketa egituratzea, modu kolektibo eta sozialean. Transgenikoen erabilpena debekatzea eta arloko transnazionalen aurka borrokatzea.
  1. Enpleguaren kantitatea eta kalitatea zabaltzea lehentasun: lanaren banaketa eta erretiroa 6o urtera aurreratzea. Sistemari lotua zaion langabeziarengatik, eta azken hamarkadetan soldata masa kapital errentekiko modu nabarian murriztu egin dela ikusirik, egoera iraultzeko neurri ausartak mahaigaineratu behar dira. Soldata jaitsi gabe, lanari eskainitako denbora murriztea proposatzen dugu, hobeto banatuko bada. Halaber, gizarte osoaren ongizatea handituko litzateke, eta politika zein gizarte ekintzara edo aisialdira berara ere denbora gehiago eskaintzeko aukera izango genuke. Ildo honetatik, erretiro diru-saria  60 urtera jaistea ere proposatzen dugu, zerga sistemak finantziaturik beharrezkoa balitz. Espainiar estatuarena bezalako egoeran, non Europako gazte langabetu tasa handiena ematen den, egokiena erretirorako adina aurreratzea –inola ere ez atzeratzea- izango litzateke, gazteen lan merkaturatze duina bermatu ahal izateko. Erretiro-sariak, gainera, langileen eskubidea izanik, egokien deritzon bidetik ordain litezke, baita zergetatik euretatik ere. Azkenik, hauek kalkulatzeko sistema aldatu beharra dago –kotizaziorako gutxieneko urte kopurua, azken urteei emandako lehentasuna,… – pertsona bakoitzaren errealitateari hobetu egokitu dakion.
  1. 1.200€ko lanbide arteko gutxieneko soldata. Kopurua igo egin behar da europarrekin parekatzeko; hala, soldata baxueneko langileak benetan babes ditzan.
  1. Kontrol sozialeko banku sistema nazionalizazioa. Estatu indartsua nahi dugu eskubideen eta berdintasunaren babeserako, ahula, ordea, errepresioari dagokionean. Ildo honetan, bere oinarrizko benetako funtzioa beteko duen finantza sistema nahi dugu: herri klaseen ekonomia ekimenak sustatzeko dirua mailegatzea. Egungo sistemak, aldiz, pribatu eta arautugabea bera, norbanakoaren aberastasun neurrigabea besterik ez du bilatzen, herritar guztien baliabideak jokoan jarrita. Inolako kontrol publikotik ezkutuan, bere burua arriskuan jartzen duen sistema ilun eta itxia sortu da, hipotekatuei bizitza osorako uztarria jartzen diena. Bada garaia erakunde publikoek enpresa eta familietara iristen ez den diruaren gaineko kexak egiteari utz diezaioten. Tresna hau berriro ere gizarte eraldaketaren zerbitzura jartzea da konponbidea.
  1. Zainketaren inguruko politika publiko aktiboak sustatzea. Alternatibakoek lana kontzeptu globaltzat dugu, soldatapeko enpleguaz gain gizartearen iraunkortasunari eusten dion edozein jarduera beharrezko barne hartuta. Beraz, zainketa lanak, batez ere emakumeen ardura izan direnak, lantzat hartzen dugunaren funtsezko atala dira. Ezkutaturiko eta ordaindu gabeko lan hau onartu egin behar da eta estatistika orokorretan sartu. Erakundeek herritarren zainketarako eskubidea bermatu behar dute, familien (emakumeen) ardura bakarrik delako ideia albo batera utzirik. Horrela, mendekotasunari arreta emateko politika publiko aktiboak abiarazi behar dira, benetan eraginkorrak izan daitezen baliabideak jarrita. Egungo Mendekotasun Legearen eragina aztertu beharko da, emakume zaintzaileen egoera batik bat, eta dagozkion aldaketak egin , haurren zainketa lanak ere kontuan har daitezen. Halaber, zainketa lanetan gizonezkoen ardura elkarbanatuak sustatuko dituen edozein neurri bultzatu behar da.
  1. Gizarte zerbitzuen gastu publikoa igotzea, zerbitzu publikoen hobetzean inbertituz, egungo pribatizazio olatua iraularazita: alokairuko etxebizitzaren aldeko apustua eginez –jabetza publikoa sustaturik-, etxebizitza hutsak merkatu publikoan sartzen hasita; zainketa sistema publiko eraginkorra bermatuz; gizon zein emakumeentzako hezkuntza publiko, laiko, askatzaile eta berdinzalea eskainiz; eta epe luzeko ezagutza helburu duen ikerketa publikoaren alde eginez.
  2. Zerga sistema ikuspegi progresibo batekin berraztertzea: gutxiago ordain dezala gutxiago duenak, gutxiago irabazten duenak, gutxiago kutsatzen duenak eta gutxiago alperrik galtzen duenak. Beharrezko politika publiko guztiei aurre egin ahal izateko, zerga sistema indartsua behar da, aberatsei zerga jaitsiera moduan egin zaizkien opariak debekatuko dituena eta politika publikoak aurrera eramateko lain emango duena. Honetarako, hona gure proposamenak: Ondare Zerga edo aberastasunaren gaineko beste edozein berriz indarrean jartzea; BEZaren gaineko zerga igoeraren arbuioa; zerga ekologikoak sortzea; PFEZ (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) gehienezko tipo marjinala %50era igotzea, eta kapital gaineko errenta motak gutxienez %27ra;  iruzur fiskalaren aurkako borroka eta arlo honetako zigorren gogortzea.  

 

Maiatzak 1

Altxatzeko maiatzaren lehena: ekonomia-gizarte eredu berria, lan duin eta bidezkoa denontzat

Krisia sortu zuten horiexek, planeta bere baliabideen mugara eraman dutenek, egun herritarrek jasaten ditugun langabezia eta prekarietatea sortu dituztenek egungo egoeratik onik eta inolako kalterik gabe atera nahi dute, langileon eskubideak urratzen jarraituz.

Iritsi da, baina, ezezkoa emateko garaia:

Ezezkoa zuen politika eta neurri bidegabeen ardura guri egozteari!

Ezezkoa zuen patrikak ikutu gabe gure bizi baldintzak okertu besterik egiten ez duten erreforma eta proposamenei.

Ezezkoa zuen gezurrei, bada-eta alternatibarik miseria eta bidegabekeriaz osaturiko zuen kudeaketaren aurrean!

Azken hamarkadetan zehar soldata sariak progresiboki murrizten joan diren bitartean, enpresarien irabaziek gora besterik ez dute egin. Honako irizpidea da nagusi egun Europan, Espainian zein Euskadi eta Nafarroan: kosta ahala kosta, enpresarien irabaziei eutsi behar zaie.

Ildo honetatik doaz hainbat neurri: erretiratze adina 67 urtera luzatzea –neurri honek areagotuko luke dagoeneko altu dagoen gazteen langabezia tasa-; langileak kaleratzea merkatzea edo 24 urtera igotzea gazte kontratua izateko adina; Europar Batzordeak lanaldia 65 ordura luzatzeko duen borondatea; merkatal gune handien ordutegiak zabaltzea; enpresentzako diru laguntzak igotzea gizarte gastuen kaltetan; Bolkenstein direktibaren araberako lan baldintzak okerrerako berraztertzea; etxeko langileen eskubideak onartzeko zailtasunak; enpresa toxikoen jarduerak jarraitzea; paperik gabekoak esplotatzea ahalbideratzen duen egungo atzerritarren legea; eta legezko kontratua duen gero eta jende gehiago pobreziaren langa azpitik izatea. Hauek guztiak aipaturiko neurrien ondorio dira.

Beti aurrera jarraitze honen parean, gauzei berdin eustearen aurrean, langileek oso garbi adierazi behar diegu ez gaudela gehiago jasateko prest, euren eredua bidegabea eta eraginkortasun-gabea dela, eta denon artean eredu berri alternatiboa abiarazteko prest gaudela, geure eskubideak defendatuko eta gutxi batzuen irabaziak barik gizakiaren duintasuna lehenetsiko duen eredua, alegia. Eredu hau bideragarria dela azpimarratu behar diegu: beste ekonomia eta gizarte eredu bat posible eta beharrezkoa dela, ekin diezaiogun honen eraikuntzari!

Ildo honetan, enpleguaren kalitatea eta kantitatea handitzea funtsezkotzat jotzen dugu. Enplegua hobeto banatzeko, lan orduak murriztea da gure proposamena, soldata-sariak murriztu gabe, irabazi tasa izugarri horiek har dezatela bere gain!. Halaber, gora egingo duen Europar Lanbide arteko Gutxieneko Soldata behar da, bizitza duina bermatzeko; eta etxeko langileei besteei adinako lan eta gizarte segurantza eskubideak emango dizkien lege aldaketa ere beharrezkoa da.

Erretiratze adina 60 urtera jaitsi behar delakoan gaude, diru-sariak modurik egokienean ordainduta, zerga sistema barne; era berean, zenbatekoa kalkulatzeko sistemak –kotizatzeko gutxieneko urteak, azken urteak lehenestea- pertsona bakoitzaren errealitateari hobe egoki dakizkion.

Gizarte zerbitzuetarako gastu publikoa nabarmen igo behar dela uste dugu, zerbitzu publikoen hobekuntzan inbertituz; egungo pribatizazio olatuak irauliz; alokairuko etxebitzei bultzada emanez –beti ere jabetza publikoa mantendurik- zein hutsik diren etxebizitzak merkaturatuz; zainketa sistema publiko eraginkorra bermatuko duten zerbitzuak sustatuz; emakume eta gizonentzako hezkuntza publiko, laiko, askatzaile eta berdinzalea sortuz; eta epe luzeko ezagutza garatzeko ikerkuntza publikoaren alde eginez.

Hauexek eta bestelako neurri batzuk eman ditu Alternatibak bere proposamen dekalogoan, kapitalismoaren aurreko alternatibak eraiki daitezkeela nabariki, bideragarriki eta zehazki adierazteko, patriarkatua, arrazakeria eta egun indarrean diren menpekotasun sistemei aurre egiteko borrokarekin batera.

Honetarako, beharrezkoa da indarrak batzea, ahaleginak konbinatu eta gogor ekin. Euskal Herriko ezkerren adostasunaren alde gaude eta klase motako euskal sindikatu borrokalari batean sinisten dugu, ogi apurrekin asetu ordez egungo gobernu eta patronalei oldartuko zaiena. Ditxosozko gizarte elkarrizketa adar jotze hutsa izan da, botere desoreka nabaria baita eta beste esparru batzuetan hartutako erabakiak benetan ematen ez den negoziaketa baten fruitutzat saldu nahi dizkigutelako. Patxi Lopezek sorturiko aditu taldetxoa ustezko gizarte eta sindikatu babesez janztea baztertzen duen sindikalgintza bat behar da.

Borrokarako euskal sindikalismoaren alde!

Kapitalismoarekiko alternatiba den ereduaren alde!

Gora maiatzaren lehena!

http://alternatiba.net/old-files/esku_orria_1.PNG

http://alternatiba.net/old-files/esku_orria_2.PNG

Aberri Eguna 2010: Behetik eta ezkerretik

Apirilaren 4an Aberri Eguna ospatuko da. Alternatibak egun hau autodeterminazio eskubidea aldarrikatzeko ez ezik Euskal Herriaren eraikuntza nazionala egungo mendekotasun sistemen aurka –kapitalismoa, patriarkatua, produktibismoa, arrazakeria, ordezkaritza demokrazia eta kultur asimilazioa- aldarrikatzeko ere erabili nahi du.

Alternatibaren aburuz borrokaren arlo hauek guztiek izan behar dute tokia aberri egunean, hauetan guztietan aurrera egin behar baita benetan demokratikoa, berdinzalea eta bidezkoa den herria osatuko badugu.

Hori dela eta, egun hau urriaren 25arekin –autonomi estatuaren eguna hain zuzen- alderatuz aberri egunaren zentzua leundu nahi dutenen aurka gaude; estatuaren egunak euskal gizartearen borondateak eta gertakariek eurek atzera utzi duten status quoa ordezkatzen du.

Arrazoi beragatik, baina, jarrera izatasun eta folklore hutsetan oinarriturik geure herriko politika, gizarte eta ingurugiro arazo ugariei bizkar eman nahi dieten nazio edo arkadia horri ere uko egin nahi diogu. Ez dago naziorik berdintasunik gabe, ez eta pertsona guztiontzako eskubiderik gabe ere.

Beraz, Euskal Herriaren eraikuntza aipatzean, benetako herritar izaera zabaltzea dugu buruan, hots, askatasun eta eskubideak zabaltzean,  ikur eta ohitura batzuen defentsa hutsa baino.

Egun hau ezkerreko indar subiranista guztiekin batera ospa zedin gustatuko zitzaigukeen, baina ez da posible izan. Alternatibak, baina, euskal ezkerra ikuspegi berriekin berrosatzeko asmoari darraikio, sareak osatuta Euskal Herriko herritar askok duten ametsa gauza dadin: ezker indartsu, anitz, demokratiko eta erradikala osatzea; indarrean diren mendekotasun, errepresio, pertsona zein talde eskubideen urraketa, berdintasun eza eta txirotasun egoerei aurre egiteko.

Arestian esandakoa aintzat hartuta, honakoa adierazi nahi dugu:

Euskal Herrian bizi diren pertsona oreren banako zein talde eskubideak errespetatu behar dira.

Premiazkoa da ETAk bere aldetik indarkeria jardunari utzi diezaion. Euskal Herri aske eta subiranoaren zilegizko helburuak ez dakar helburu politikoak lortzeko indarkeriaren erabilera babestea, ez zuzenki ez zeharka ere.

Nahitaezkoa da espainiar estatuko gobernuek debekatu dituzten eskubide guztiak berrezartzea, hala nola, elkartzeko eskubidea, adierazpen askatasuna, manifestaziorako eskubidea,…ezker abertzale ofiziala legez kanpo uzteko propio eginiko alderdien legea indargabetzea, ez baititu herritarren nahia ordezkatzen duten gobernuak ahalbidetzen.

Gasteiz eta Iruñeako gobernuek aurrera eramaten duten logika neoliberalari erantzuna eman behar dio ezkerrak. Euren neurriei, gizarte edo herri feminista, ekologista eta sozialistaren aldeko alternatiben bitartez egin behar diegu aurre.

Ezkerreko indar metaketa ahalbidetuko duten jardunak abiarazi behar ditugu, egungo gobernuen aurkako lan politikoa modu erreal eta eraginkorrean egiteko gai izango dena, pairatzen dugun nazio eta gizarte deseraikuntza iraultzeko.

Hau da Alternatibako emakume eta gizonezkoek Aberri Egunerako aldarrikatzen dugun zentzua. Ea hurrengo urteetan helburu hauek aurrera egin dutela  ospatzeko moduan gauden; Euskal Herria badela, eta ezkerrekoa behar duela uste dugun guztion artean.

Emakumeen Mundu Martxaren Hirugarren Nazioarteko Ekimena

Alternatibako feminismo mahaia

Martxoaren 8an, Emakumeen Nazioarteko Eguna, beste behin ere kalera aterako gara sistema honek zapaltzen eta baztertzen gaituela esatera. Pobreziak, prekarietateak eta indarkeria jasateak emakume aurpegia dutela esatera. Geure gorputzaren gaineko eskubide osoa izateko, geure sexualitatea nahi eran baliatzeko, mendekotasun ekonomikorik gabe bizitzeko, eta egunero, etengabe, ezkuta ez gaitzaten eskubidea aldarrikatzera aterako gara; hots, eskubide osoko hiritarrak izateko nahia aldarrikatzera.

Baina honako martxoaren 8an, geure aldarrikapenek hor dirautela eta borrokak bizirik darraiela esateko Euskal Herriko kaleetara ateratzeaz gain, patriarkaturik, mendekotasunik eta bidegabekeriarik gabeko gizartean bizi nahi dugula ere adierazi nahi dugu. Hori dela eta, bat egin dugu aipatu egunetik urriaren 17ra arte iraungo duen Emakumeen Mundu Martxaren Hirugarren Nazioarteko Ekimenarekin.

Emakumeen Mundu Martxa nazioarteko mugimendu feminista da, emakumeek jasaten duten pobrezia eta indarkeriari aurre egiteko diharduten herri mugimenduek osatua. Ildo honetan, emakumeen nazioarteko sarea osatzearen ideia Montrealen jaio zen, 1998ko urrian, 65 herrialde eta lurraldetako emakumeak bildu zirenean Emakumeen Mundu Martxako lehen bilkura egiteko. Lehen Martxa hau 2000ko martxoaren 8an burutu zen. Urte horretan bertan ekintzak eta manifestaldiak antolatu ziren mundu osoan zehar. Hauetan 161 herri edo lurraldetako 6.000 taldek hartu zuten parte. Halaber, lehen bilkura honetan Emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzeko eta munduko pobrezia amaitzeko Martxaren mundu mailako 17 aldarriak izeneko agiria osatu zen.

Aipatu agiri honetan Martxaren aldarri garrantzitsuenetako bat agertzen zaigu: emakumeen aurkako berdintasun-eza eta bazterketa molde guztien aurkako borroka. Honek, emakumeak zapaltzen dituzten mendekotasun arrazoi ezberdinen (sexu, klase, arraza, sexu aukera,…) ikuspegi orokor eta zabala eskatzen du batetik. Bestetik, patriarkatuaren eta kapitalismoaren arteko uztarria izan behar da kontuan, zapalkuntza eta menpekotasuna, bi ideiek elkar indartu eta elikatzen baitute. Zentzu honetan, nahitaezkoa da mundua eraldatzea emakumeen bizimodua aldatzeko, eta alderantzizkoa. Borrokaren helburua ez da emakumeak egungo gizarte eta ekonomia ereduan kokatzea, baizik eta eredua aldatzea, emakume guztiak izan gaitezen aske, gutxi batzuk izan beharrean.

Esandakoagatik, Martxak estrategikotzat jotzen ditu aliantzak beste mugimenduekin, modu honetan. indarreko politika neoliberalei mundu mailako alternatibak osatzen joateko. Bide honetan, agenda komun baten inguruan borrokak egituratzeaz gain, EMMak tokian tokikoa eta nazioartekoa uztartzen ditu. Martxak emakumeen autoantolaketa sustatu nahi du tokian tokikotik hasita, eskualde, nazio eta nazioarte mailan osatzen joateko. Tokian tokiko lan hori helburu orokorrekin elkartu nahi da, ezin baita bakoitza bere aldetik joan.

Ikuspegi orokor eta integratzaile honek bihurtzen du EMMa erakunde eta kolektibo anitz ugari biltzen dituen mugimendu. Landa zein hiriko emakumeak biltzen ditu, etnia eta sinismen anitzekoak, sentsibilitate eta esperientzia ezberdinak bizi izan dituztenak, enfoke ezberdinak dituztenak,… baina oro har helburu komun batek biltzen ditu: emakumeak indarkeria eta pobrezia jasatera eramaten dituen egungo sistemaren aurka borrokatu nahiak.

Zoritxarrez, helburu honen aldeko borrokak ez du gaurkotasunik galdu. Hori dela eta, 2010ean Emakumeen Mundu Martxaren Hirugarren Nazioarteko Ekimenari ekingo zaio. Ekintza ezberdinak egingo dira Afrika, Amerika, Asia/Ozeania eta Europan zehar, Martxaren 4 esparruen inguruan: Ongizatea eta zerbitzu publikoak; Bakea eta desmilitarizazioa; Emakumeen lana; Emakumeen aurkako bortxa. Prozesua martxoaren 8an abiatuko da, eta urriaren 17an bukatuko, Pobrezia Ezabatzeko Nazioarteko Egunean, Sud Kivun (Kongoko Errepublika Demokratikoa) burutuko den elkarretaratze baten bitartez, gerra egoera bizi duten emakumeekiko elkartasuna adierazi eta gatazken konponbidean merezi duten garrantzia aldarrikatzeko.

Aldarrikapen hauen alde kaleetara aterako gara denok elkarrekin, politika, ekonomia eta kultura aldaketa bat eman dadin: Emakumeak martxan, harik eta denak aske izan arte.

Euren kontura

Amaia Agirresarobe
Oskar Matute
Jonathan Martínez

Denok ez gaude egoera berean ekonomia krisi bati aurre egiteko. Adibidez, BBVAk 2009a 4.210 milioi euro eskaseko irabaziarekin itxi du eta Goirigolzarri urteko 3 milio euroko erretiroarekin konformatu da. Beste alde batetik, Hego Euskal Herrian 2009.ko urte bukaeran 168.854 langabetu zegoen, 2008ko ekainean zegoena baino %66 gehiago. Kopuruak lotsagarriak dira.

Hala eta guztiz ere, hondamendira eraman gaituen ekonomia eredu kudeatzaileek sinestarazi nahi digute eurek aterako gaituztela putzutik kapital pribatuaren bitarteko magikoari esker. Hauen artean ditugu PSE eta PP, euskal aldaketari ekin eta ekin; eta UPN, PSNren utzikeriari esker Nafarroan jaun eta jabe diharduena. Ezin ahaztu PNV eta Hamaikabat, aurrekontu itun kolektiboan Patxi Lopezen lagun bihurtu direnak. Edo Espainian PSOE egiten ari dena, PNVren laguntzarekin kontuak aurrera ateratzeko.

Akordio orokorreko testuinguru honek bakoitzari bere esparruan boterea mantentzea bermatuko dio, aurreko garaietako eredu ekonomiko antzuetatik atera gabe. Elkarrekiko irain eta kazeta bitarteko erantzun bortitzak antzerkia besterik ez dira, denak alde batera geratzen dira etekina banatu behar denean. Orduan krisiari aurre egiteko behar den batasuna aipatzen dute, denon artean pairatu behar dugun ezbehar triste bat bailitzan, behin behinekoa eta zoritxarrekoa, eta aukera bakarra hortzak estutu eta bide beretik jarraitzea izango balitz bezala. Ez digute aditzera eman nahi krisia oraindik indarrean mantendu nahi duten ekonomia eredu hondatu baten ondorio zuzena ez dela.

Baina ezin ditugu inondik alde batera utzi bankuak eta patronala, guk hauteskundeetan aukeratu izan gabe ere, geure egunerokotasunean eragin izugarria dutenak. Patxi Lopezi aholku ematen dion sasijakintsu biltzarra dugu adibide tristeena bere gobernua mutinazioanalen finantza jokoen mende uzten duen ideiarik gabeko politikaria iruditzeko. Patronala gustura izango da gero; izan ere bere ametsak, geure amets gaiztoak, gauzatzear da berriro ere: gastu publikoaren murriztea, soldaten okertzea eta prekarietatea derrigortzea. Hau dugu demokraziaren pribatizatzea.

Gobernuek eskaintzen dizkiguten krisiaren aurkako planak euren lagun diren enpresen medesera eginak dira. Denon diruak xahutzen dituzte gizarte beharrizanetik barik behar pribatuei erantzuten dieten zentzugabeko obretan. Ekologia etsaitzat dute. Hala, Petronorrek coke gunea aukeratu du Muskizen, Iberdrolak eta Endesak Garoña ez ixtea erabaki dute eta enpresa eraikitzaileek AHTa, Pasaiako Superportua eta Urdaibaiko Guggenheima abiarazi dituzte.

Bien bitartean, EEEak (ERE gazteleraz) gero eta gehiago dira, txirotasuna hedatu egin da eta prekarietatea izurri bihurtu da. Emakumezkoek gizonezkoek baino soldata baxuagoak jasotzen jarraitzen dute, behin-behinekotasun handiagoa jasaten dute eta prestakuntza sozialik jasotzen ez duten pertsonen gehiengoa dira. Gazteriak ere lan baldintza okerragoak ditu. Aldi Baterako Enpresek morroitza banatzen dute. Espekulazioa bizilege eta ustelkeria goi arte bihurtu dizkigute. Bizitokia ez da egun eskubidea, baizik eta lukurreria epe erosoetan ordaintzen den pribilegioa.

Esaten digutenaren aurka, ez dugu aberastasuna sortzeko gaitasunik galdu, berau banatzeko ohitura baizik. Ez diezagutela harpa jo, ez dezatela krisia erabili euren hondamendiak estaltzeko. Euren krisia euren kontura izan dadila, erantzuleena, bidegabekeria eta miseria zabaldu duten horiena, erabat zulatua dagoen gizarte eta ekonomia eredu zaharkitu bat kudeatu duten horiena.

http://alternatiba.net/old-files/kapitalismoa.JPG

Abortoa aske eta doakoa

Ana Etxarte, Euken Barreña eta Carmen García
Alternatibako kideak

Alternatibak, azaroan zehar, Gizonek erdituko balute abortoa askea litzateke. Eskubideak ez dira negoziatu edo epeka eman behar. Aborto aske eta doakoa, orain! izeneko kanpaina abiarazi du emakumeei gehien urratzen zaienetako eskubide baten alde, euren gorputzaren gaineko erabakiak hartu ahal izatea, hain zuzen ere. Kanpaina honen bitartez PSOEk aurkezturiko aborto legearekiko desadostasuna adierazi nahi dugu, 3 funtsezko arrazoi direla eta: ez du emakumeen erabaki askatasuna onartzen, eta ondorioz euren sexu eta ugaltze eskubideen jabetza osoa galarazten die; sektore publikoaren baitan abortoa bermatuko duen neurri zehatz eta argirik ez du ezartzen; eta ez du abortoa kode penaletik at uzten. Esandakoaz gain, lege proposamen epel eta koldar hau estuki lotua zaie eliz hierarkiatik bideratzen diren kanpainei, biziaren aldeko izen okerrarekin ezagutzen ditugun –aukeratze eskubidearen aurkako taldeak izena hobe datorkie- kanpaina horiei, zeintzuek emakume guztien duintasunaren aurka egiten duten.

Ildo honetan, eskuinak eta sozial-liberalismoak bat egiten dute emakumeek ama noiz eta nola izateko duten eskubidea ukatzeko. Beharrezkoa da, beraz, emakumeen aurkako edozein bortxaren aurka gauden indar sozial eta politikoak gure iritzia plazaratzeko kalera atera gaitezen, mugimendu feministaren bidelagun izateko.

2008an Osasun eta Gizarte Politika Ministerioak egindako txostenaren datuen arabera hurrengoak ondoriozta ditzakegu. Bata, Osasun Lege Organikoak arauturiko eman beharreko zerbitzuen zerrendan egon arren, aborto gehienak (%98,01) klinika pribatuetan egiten dira, eta autonomi erkidegoen artean desoreka handiak daude. Bigarrenik, haurdunaldi etete gehienak lehenengo 3 hilabeteetan ematen dira (borondatezko eteteen %88,70 haurdunaldiaren lehen 12 astetan) , eta honek ezbaian jartzen du epe gabeko araudiak sor lezakeen erakarpen-eragina. Hirugarrena, emakumeen eskubidearen gauzatzeak osasun eta epaitegi langileen menpe darrai, hauek baitira azken hitza dutenak. Laugarrena, egungo legediak, zeinak abortoa oraindik delitutzat duen, haurdunaldia eteten duten emakume zein langileei segurtasun eza ikaragarria dakarkie, Madrileko Erkidegoko Clínica Isadoran gertaturikoa ikusi besterik ez dago.

Urteak dira mugimendu feministak emakumeek euren gorputzaren, sexualitatearen eta amatasunaren jabe izateko eskubidea errespetatuko duen araudia eskatzen dutela. PSOEk, beraz, aukera paregabea zuen mugimenduaren eskari historikoei erantzun egokia emango zien lege zabala aurrera ateratzeko. Zoritxarrez, itxaropena zapuztu egin da. Bada aurrerapenik: 16 urtetik 19ra bitartean ez da gurasoen baimena beharko abortatzeko –hau da, beste ebakuntzen pare jarri da- eta libreki haurdunaldia eteteko 14 asteko epea ezarri da –halere neurri hau araudi aurrerakoien artean kontserbadoreenetakoa da-.

Baina nabarmenen geratu dira alferrik galdutako aukerak eta gauzatu gabeko eskubideak. Epe eta baldintza sistemak hor darrai, eta honen bitartez epaitegi eta osasun langileek, agiri eta komiteen bitartez, emakumeek haurdunaldia oztopatzeko eskubidea duten ala ez erabakitzen jarraituko dute. Emakumeen erabakiak beharrezko izaten jarraitzen du baina ez da irizpide bakarra; hala, abortoa baino lehen 3 hausnarketa egun pasa behar dira oraindik, haurdunaldia eteteko erabakia hartzen duten emakumeek aurrez pentsatu gabe egingo bailuten, hobe pentsatu beharreko auzia dela esan nahian. Gainera ez da bermatzen osasun publikoan abortoak egitea, ez baita zehazten nola emango zaion buelta sistema publikoan egiten den %1,9 horri. Ez du, halaber, arautzen osasun langileriaren kontzientzia eragozpenaren auzia, eta ondorioz haurdunaldia eteteko eskubidea ez da bermatua geratzen. Izan ere, osasun zentru batzuetan eragozpena indibiduala izatetik zentru osokoa izatera pasa da. Arrazoi ugari beraz, Lege Biltzarrarentzako Emakumeen Manifestuak bildu zituenak, lege proposamen hau emakumeen erabakitze eskubidearekin bat ez datorrela esateko.

Honegatik guztiagatik eskatzen du Alternatibak lege proposamenaren edukiak zabaltzea. Araudi berriak emakume guztien haurdunaldia eteteko eskubidea bermatu behar duelakoan gaude, emakumeen eskubideei loturiko kontua baita. Emakumearen beraren borondateak, beraz, nahikoa beharko luke izan erabakia hartzeko. Horregatik diogu, bada, eskubideek ez dutela eperik eta ez direla negoziatu behar.

Ez dira negoziatu behar auzia arazo moral eta bizitzaren eskubide gisan aurkeztu nahi duten horiekin. Ez dira negoziatu behar Eliza Katolikoarekin, zeinak oraindik ez duen ulertu erlijioa norberaren esparru pribatura mugaturiko kontua den ezta ideia eta sinismenen gainetik estatuak bere herritarrei eskubideen gauzatze osoa bermatu behar diela ere, baita emakumezko herritarrei, batzuek gogoko ez izan arren. Ez da negoziatu behar iritzi publikoa euren kanpainekin nahasten duten horiekin, ezta abortoa, informazioa eta proposamenak mahai gainean izanda, eztabaida dadin oztopatzen dutenekin ere. Izan ere, ziur gaudenez gizonezkoek, erditu beharko balute, eztabaida bestelakoa litzatekeela…kalera atera gara aborto aske eta doakoaren alde!

http://alternatiba.net/old-files/abortoeugr.jpg

X