Ez daude geure pentsioak arriskuan, baizik eta zeuen irabaziak (Alternatiba)

Margaret Tatcherren gobernuak TINA akronimoarekin (alternatibarik ez dago, ingeleraz) laburtzen zuen bere politika erabat antisoziala. Hala, gobernu kontserbadore honek krisia aitzakia hartuta Europako politika antisozialenak eraman zituen aurrera. Era berean, PSOEren gobernu liberalak dagoeneko murriztu baino murriztago dauden pentsioak eskasteko argudio bera erabiltzen du: ez dago alternatibarik. Euren arabera, gizarte segurantza  sistemak hondoa jo lezake egungo irizpideei eutsiz gero. Beraz, pentsioen gastua murriztu behar omen da sistemaren iraunkortasuna mantenduko bada.

Bi argudiook -gizarte segurantzaren hondoratzea, pentsio gastua murrizteko premia- erabat faltsuak dira eta erreforma hauen benetako helburua ezkutatu besterik ez dute nahi: publikoa murriztu krisi sistemikoaren erantzuleen negozio esparrua areagotzeko. Gizarte segurantza soziala ez dago arriskuan (esaterako aurtengo 11.000 milioi euroko irabazia) eta ez dago kosteak murrizteko beharrik – zergatik ez sarrera gehiago lortzen saiatu? Funtsean, betiko borroka da, pertsona guztien eskubideak gutxi batzuen pribilegioaren alde.

Gizarte segurantzaren hondamendia aurreikusten zuten zorigaiztoko aurreikuspenek kale egin arren, lotsa barik dihardute ekonomiaren aztiek iristear diren hondamendien berri ematen. Interesa zuten jaitsiera-tasaren beherakadak eta bizi-itxaropen tasaren gorakadak Gizarte Segurantza krisian jarriko zutela esatean, eta huts egin zuten. Aurreikuspen hauen atzean bankuak  -izan ere euren helburua Gizarte Segurantzak hartzen dituen aurrezki publiko horiek bere aldera eramatea da- eta patronala -gizarte ekarpenak murriztu nahi baititu- ditugu bereziki. Hori dela eta, pentsio publikoen murriztea eta pentsio pribatuen gorakada eskatzen dute, ez langile eta pentsiodunen hobebeharrez, ez estatuarentzat hobe delako, baizik eta euren merkatu diruzaleen mesedetan soilik. Ez dago inolako justifikaziorik.

Hala, jendeari 65 urtetik gora lan eginaraztea ez da pentsioen mesedetan harturiko erabakia. Helburua pentsio publikoak murriztea da, aurrezteko gaitasuna dutenek pentsio pribatuetan sartzeko premia ikus dezaten, bankuen negozioaren onurarako. Ez dira pentsioak kolokan daudenak, bankaren irabazik baizik.

Dirudienez, batzuei ez zaie axola finantza krisiak pentsio sistema pribatuen ahultasuna agerian utzi izana, ez eta diru publikoz lagundu behar izan zaielako txikeria. 1970Tik 2003ra 93 herrialdetan 117 banka krisi izan dira, eta 17 herrialdetan 113 finantza “stress” aldi. Pentsio pribatuak omen dira arazoarentzako irtenbidea, baina 2008ko martxotik 2009ko martxora fondo pribatuek %6,37ko errenta negatiboa eman dute batez beste.Zein dago arriskuan, pentsio publikoak edo pentsio pribatuen pagotsa? Honi jarraiki, EAEko Foru Aldundiek pentsio pribatuen mesederako zerga sistema ezarri dute, aurrezteko gaitasuna dutenentzat mesedegarri eta pentsio publikoen inguruan ahulezia ideia zabaldu dute.

Gizarte seguranta hondoratuko dela esateaz gain, arazoa beti gastu murrizketaren bidez konpondu nahi dute, patronalaren bidetik, krisitik aterako gaituzten neurri egokiak hartu gabe.

Hala, Gizarte Segurantzaren gastua aurrezteko proposaturiko aldaketetako bat kotizazioak kalkulatzeko gutxieneko epea 15 urtetik 20ra igotzea da. Horrela, sindikatuen kalkuluen arabera pensioak %6 jaitsiko dira. Neurri honek batez ere emakumezkoei  eragingo die, kotizazio aldi txikiagoak baitituzte eta lan merkatuan sartu-irten gehien egiten dutenak izaten direlako, baita behin-behineko kontratu gehien pairatzen dutenak ere.  Are berezikiago, Etxe zerbitzarien erregimen Berezipean diharduten langileei, egoera honetan diren langileen %32,5 16 eta 20 urte bitartean kotizatu duten artean baitaude. 

Ez da, ordea, Zapatero gobernuak pentsioak murrizteko duen bide bakarra. Lehen unean tanteo moduko iragarpena bazirudien ere, badirudi ziurra dela jubilazio adina 67 urtera luzatuko duela gobernuak. Neurri hau lehen aipatu kotizazio urteak 15 eta 20ra igotzekoari lotzen bazaio, pentsioen batez besteko %16ko murrizketa izango da. Era berean, atseden eskubidea ondo irabazia duen jendeari lan merkatutik ateak ixten zaizkion bitartean gazteei lanean hasteko bideak ixten zaizkie. Ez da ezagutzen osotasunean zeintzuk izango diren aldaketa zehatzak, edozein modutan, gobernuak hainbat aldaketa ditu buruan, beti ere pentsioak murriztera bideratuak.

Alternatiban, baina, erabat ezberdina den irtenbidea eskainiko genuke inoiz balizko arazo hori suertatuko balitz, hau da, irtenbideak Gizarte Segurantzak bildutako dirua igotzera jo beharko luke, ez pentsioak murrizteko aldrebeskeriak pentsatzera. Bankuek, patronalak eta ekonomista neoliberalek aldarrikatuko bideei uko egitea, alegia:

· Lan sariak, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik hasita, igotzea kotizazio handiagoak izan daitezen.

· Espainiar Erresuman %20koa eta EAEn %10ekoa den langabezia-tasa murriztea, kotizazioak ordaintzen dituzten pertsona gehiago izan dadin.

· EAEko emakumezkoen okupazio-tasa igo, egun dugun %58tik Alemaniak duen %66ra kasu. Horretarako hainbat neurri daude, gizonezkoen eta emakumezkoeen arteko ardura elkarbanatuak zainketari dagokionean, emakumeak aukera eta eskubide berdintasun egoeran lan munduratzeko. 

· Gizarte Segurantzan kotizatzen ez duten bekadun eta Kolaborazio Sozial Kontratuak desagerraraztea, baita sasikotizatzen duten zabor kontratuak ere.

· 65 orduei buruzko Europako zuzentaruak aldarrikatzen zuenaren aurkako bidetik, lan jardunaldiak murriztea, lana banatu eta kotizatzaile gehiago izateko. 

· Ezkutuko ekonomia murriztea..

· Etxeko langileak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartzea. EAEn etxeko langile diren 24.318tik 14.000ksoilik kotizatzen dute moduren batean.

· Kotizazio gabeko pentsioak estatu transferentziekin finantzatzea, horretarako europar mailetara igo beharko litzateke zerga presioa. Ondasunen gaineko Zerga berreskuratu beharko litzateke, aurrezki errentak gainontzeko IRPFan berriz kokatu eta enpresa handien zein IRPFko errenta altuenen zergak handitu, besteak beste. Minimoko konplementuen %38 soilik ordaintzen du estatuak zergen bidez gizarte segurantzaren ordez.

· Lanaldia hobe banatzeko jubilazio adina aurreratzea. 40 urtez kotizatu duen pertsona bati ez zaio zertan bere jubilazioa eskastu 65 urte bete gabe ere jubilatzen bada.

Beraz, gezurrik ez. Bada alternatibarik, bada irtenbederik, kapitalistek eta merkatuak eskainitakoez haratago.

Ezkerroko bloke handi baterantz (Alternatiba)

Alternatiban uste dugu euskal ezker anitzaren, ezker borrokalariaren eta ezker subiranistaren baitan  zer edo zer aldatzen ari dela. Antza, elkarri bizkar emateko garaiak alde batera geratu dira eta batzen gaituenaren ordez  banatzen gaituenean arreta jartzeko garaiak pasa dira. Baina, hona iritsi ahal izateko, hainbat faktorek egin dute bat. Lehenik, herri honetako ezker subiranistaren adar bakoitzak  mugitu behar izan du, nork bere analisitik eta bere historiatik, alderdikeriak alde batera utzirik. Ezker abertzalean emandako hausnarketa, EAk jorratutako bide berria, eta gu geu testuinguru poltikora jauzi egitea bera, esandakoaren adibide dira. Bada atsegin litzaigukeen beste mugimenduren bat, izan ere, denak gara beharrezko gune berri honetarako. Bideak aurrera jarraitu behar du, baina beti ere ateak irekita eta eskuak zabalik, erakunde bakoitzaren erritmoak aintzat harturik.  

Bigarren faktorea, krisiaren aurrean ezker politikoak arlo sozial eta ekonomikoan eskaini duen erantzun-eza dugu. Genuen ongizate estatu eskasa urritzen ari zaizkigu; lan kontraerreformak, pentsioen atzerakada, langabezia, EEE ugari,… pairatzen ari gara; osasun eta hezkuntza sistema hondoratu nahian dabiltza….eta bien bitartean Madril, Gasteiz eta Iruñeako gobernuak zuzen-zuzen jarraitzen zaizkio multinazioanl handiek, bankuek, Nazioarteko Diru Funtsak, eta abarrek ezarritako bideari, alegia, krisia sortu dutenek ezarritako bideari. Boteretsuen diru xahutzeekin eskuzabal, aurrekoek sorturiko krisia pairatzen dutenentzat, ordea, murrizketak.

Hirugarrenik, herri honetan gertatu diren eskubide eta askatasun urraketen inguruko hausnarketa; eta herri honi erabakitze eskubidea ez ezik izateko eskubidea bera ukatu izana dugu. Honen aurrean erantzunak eta proposamenak adosteko beharra dugu, akordioak bilatzekoa, herri honen gehiengo sozialak aktibatzeko eta mobilizatzeko gaitasuna berreskuratzekoa, “eskubide guztiak, pertsona eta idea guztientzat”. 

Laugarren faktorea, politikaren krisiaren inguruko hausnarketa, politika ulertzeko eta egiteko eredu berria gauza daitekeelako ideia. Taldekako osaketa, gizarte artikulazioa, parte hartze erabat demokratikoa, profesionaltasun-eza eta karguen errotatzea lehentsi behar dira. Herri honek behar duen gizarte eta politika aldaketa emango bada, gizarte gehiengoa aldaketa horren protagonista bilakatu beharko dugu. Gizarte artikulatu eta antolatua da bermerik onena gizarte bidezkoagoa lortzeko. 

Bosgarrenik, ezkerretik esandakoaren eta egindakoaren arteko harreman garbia erakutsi behar dugulakoan gaude, hots, defendatzen duguna eta berau lortzeko bitartekoek bat etorri behar dutela. Egunerokotasunean, geure borroka moldearekin eta antolatze ereduarekin helburutzat dugun gizarte hori erakusten eta gauzatzen joan behar dugu. Errotik demokratikoa eta parte hartzailea izango den ezkerra, gizarte borrokei zein eskubide orori, gizarte zein giza eskubideei, lotua izango zaion ezkerra. 

Eta, azkenik, arlo politiko, nazional, sozial eta ekonomikoan dakusagun egoera hain larria da non elkar-lanari ekiteko aiatzarik ez dagoen. Atzo ezberdintasun saiestezin ziren haiek, gaur balio gabe geratu dira.  Bitarteko politiko eta demokratiko hutsen alde egiteak antzinako inertziak alde batera uztera eraman behar gaitu, elkar ulertze ezak eta fidakaiztasunak bazterturik, konfidantza eta elkarlanaren zubiak berreraiki behar ditugu ezker subiranista anitzaren indarbiltzea euskal zein espainiar zentro eta eskuineko indarrei lehiatu dakien.

Jakin badakigu erronka gogorra dugula aurretik, oztoporik eta kontraesanik izango dugula bidean, baina geure esku dugu berauek gainditzen joatea. Era berean, jakin badakigu erronka hau epe ertain eta luzeko adostasun estrategikoen eskutik soilik egin daitekeela, lehen pausua egitura politiko, sindikal eta sozialen arteko konfidantzak berreraikitzea dela, eta ondoren norberak islatzen dituen sektore sozialei zabaldu behar zaiela, elkarren bizkar izan diren sektoreei hain zuzen.

Askok batzen gaitu eta merezi du lortzeko arriskatzea: herri eredu batentzat egun indarrean denarekiko erabat ezberdina den gizarte eredua.

Beste Euskal Herria beharrezkoa baita, egin dezagun posible denon artean.

Finantza Sistemaren nazionalizazioa Euskal Herrian

Finantza sistemaren eginkizunak honakoa izan beharko luke: aurrezte prozesua eta inbertsioa eta kontsumoa uztartea, eta epe motza eta luzearen arteko harremana garatuz; produkzio eta lana sortzen duen ekonomiarentzat kredituak bermatzeko, eta partikularren beharrizanak asetzen errazteko. Finantzen funtzio sozial honek zentzu handiagoa du arautze publiko baten logikan, inbertsio eta kontsumorako lehentasunak baldintza ekologiko, laboral eta sozialen harira jarriko badira.

Zoritxarrez, egungo bankaren –eta indarrean den eredu ekonomikoaren- errealitatea bestelakoa da, oso urrun dago bete beharko lukeen funtziotik. Beraz, aukerak emateko funtzioa bete beharrean, finantza sistema epe motzeko irabaziaren zerbitzura dago; desarautzea, pribatizazioa, merkantilizazioa eta ekonomiaren kontrol publiko eta sozial eza azkeneraino eraman dira. Hots, ekonomia ez produktiboari ematen zaio lehentasuna; erabateko malgutasuna duen kapital merkatu bati esker – egun soil batean merkatuok munduko ekonomia produktiboak urte batean sortzen duen  halako sei mugitzen dute-. Sistema honen ondorioz,  mundu mailan hondamendia sortzen duten ahultasun egoerak garatu dira.

Historiarik gertuenekoena aztertu besterik ez dago etengabean zulo berean tupust egiten dugula ikusteko: 1990ean Japoneko burbuxa inmobiliariren ondoriozko Nikkei crack-a; Europar Moneta Sistemaren krisia 92an; Tequila efektua 94an; dragoi asiatikoen gainbehera 97an; Vodka efektua 98an; Samba efektua 99an; punto com delakoen jaitsiera; Enron eta Argentinako “corralito”a 2001ean; eta, azkenik, zabor hipoteken cracka 2007an eta ondorioz oraindik jasaten dugun krisia.

Merkatu espekulatiboen eta gobernu neoliberalen arteko interesen bat egiteak du  pertsona eta herrien eskubideei eragiten dien krisi iraunkorraren ardura. Horrela, merkatuaren mundu mailako tamainak zein espekulazioaren garrantziak, gobernuen gaineko presioa sortu dute, eta azken hauek euren politikak merkatuen beharren arabera garatzen dituzte, herritarren beharrak alde batera utzirik.

Horren aurrean, beharrezkoa da bankak lana sortzea, inbertsio produktiboa eta kontsumo arduratsua sustatzeko ardura berreskura dezan. Horretarako, joera kapitalista eta neoliberaletik erabat aldendu beharrean gaude. Pertsonen eta herrien eskubideak bere jardueraren gune bihurtuko dituen eredu sozioekonomiko alternatiboa aldarrikatzen dugu. Hots, bankak bere burua arautzen ez duen eta ezarri zaizkion muga eskasek egoera iraultzen ez duen egungo eskenatokia irauli nahi dugu.

Beraz, kontrol sozial eta publiko tinkopean egongo den finantza sistema arautua nahi dugu, Banku Zentraletatik hasita eta asepsia eta autonomia moduko adar-jotzeak alde batera utzirik, lana eta ekologia moduko esparruetan gizarteak adierazitako helburuen zerbitzura egongo den banka.

Hala, Euskal Herriko finantza sektorearen erabateko nazionalizazioa aldarrikatzen dugu eta estrategia honen lehen pausotzat, euskal aurrezki kutxen -BBK, Kutxa, Vital, Caja Navarra- status publikoa mantentzea eta hobetzea nahi dugu. Hobetze honek bi irizpideren araberakoa izan beharko luke: bata, euren misioa arautuko duen barne araudi zehatza jartzea,  irizpideak ekonomia eredu berri baten zerbitzura egoteko, non zainketa, kalitatezko lana sortze, klima aldaketaren aurkako borroka, energia sistema eraldatze, ekonomia zirkuitu laburrak sustatzea, sektore ahulenen kontsumoa ahalbidetzea eta justizia soziala helburu izango diren; bigarrenik, aipaturiko irizpideak beteko direla bermatuko duen kontrol soziala ezartzea.

Bide honetatik soilik aldatu ahalko dugu Aurrezki Kutzen marko soziala mahai gainean jarrarazi duen egungo egoera kaotikoa. Horrela besterik ez ditugu ekidingo espekulazio hutsa, interes tasa altuak, iruzurrak, zerga paradisuetan edo arma munduan eginiko inbertsioak eta abar. Hau lortuko bada, kontu emate sistema gardenak ezarri beharko dira eta pobrezia eta prekarietateari loturiko gizarte mugimenduen, ekologisten, sindikatuen edo alderdi politikoen kontrol soziala egon beharko da.

Helburua, beraz, Espainiako Erresumako Gobernuak Aurrezki Kutzen Lege berrian ezarritakoaren kontrako zentzuan joatea litzateke. Lege honekin Aurrezki Kutxak bankuen kopia zatarra bihurtzen dira, euren logika maltzurren parera jarri dira-eta -sortu berri den BBK Bank delakoa kasu-. Aurrezki kutxak banku bihurtzea, biderik onena da azken hauek lehiakideak bazter eta aurrezki kutxak irents ditzatzen. Aurrezki kutxak banka izate bidean jarrita, azken hauek, nahiz eta egungo mundu mailako krisiaren erantzule izan arren eta geure diruarekin erreskatatu behar izan diren, lehiakideak eliminatzeko bidea da, eta Vito Corleoneren antzera merkatuaren hatzez bere esanei men egiten ez dieten gobernuei mehatxu egiten dien banka pribatu, ahalguztidun eta deuzestatzailea sustatzen da, banka publikoaren ordez.

Une hauetan Euskal Herrian banka mota bakarra dugu irizpide hauen arabera jokatzen duena, FIARE alegia. Baina, irizpide hauetan sinisten dugunontzat adibidea eredugarri bada ere, geure lan politikoa lan hau arlo publikotik egitea eskatzea da, herritarren elkarlanetik eta elkartzetik sortu ez ezik, geure zergetatik eta erakundeen lanetik ere herritarren zerbitzura dagoen finantza sistema osa dadin.

Hori dela eta, ekonomia eredu sozialista aldarrikatzen dugu, funtzio soziala berreskuratuko duen banka publikoa, eta euskal aurrezki kutxen nazionalizazioa defendatzen dugu.

www.youtube.com/watch?v=mUC75pss63s

Indarkeria sexistaren biktimen errekonozimenturako!

Iturria: Bizkaiko emakume asanblada

Haiengatik, gugatik, guztiongatik, ez dugu ahazten!!

Bizkaiko Emakumeon Asanbladatik eskaera bat egin nahi diogu Bilboko Udaletxeari, indarkeria sexista jasan duten biktimak aintzat hartuak eta errekonozituak izan daitezen. Botere publikoek, kasu honetan Bilboko Udaletxea lehenengoa izanik, indarkeria sexistaren biktimak diren emakumeek bizi izan duten ikusezintasunean eta utzieran erreparatzeko ordua dutela uste dugu.

Indarkeria sexista, emakumeak gizonengandik menpekotasun egoera batean mantentzeko tresna izan da eta oraindik ere bada. Erantzukizuna ez da bakarrik indarkeria jazartzen duenarena, baizik eta emakumeenganako indarkeria legitimatzen eta “ulertzen” duten estereotipoetan oinarritutako patroiak iraunarazten duenarena ere. Indarkeria mota honen desagerpena erakunde guztien, agente sozialen eta hiritarren ardura da. Emakumeok, historian zehar, egoera hau jasan dugu baina oinarrizko giza eskubideak ukatzen dizkigun antolaketa sistema honen kontra ere altxatu gara. Hala ere, ezberdintasunak eragin duen sufrimenduak edo berdintasunaren aldeko borroka baketsuak, ez batak ez besteak, ez dute botere publikoen partetik inolako errekonozimendurik jaso. Errekonozimendu honen egonezak edo ausentziak, indarkeria hau sistematikoki ematea erraztu du eta gure memorietatik at mantendu du. Ondorioaz, askok, emakumeenganako indarkeria faktore berria, baztertua eta ulertezina bezala antzematen dute euren dimentsio egituran. Memoria historikoaren erakuntza prozesuetan parte hartzeko, ezinbestekoa da SIGNIFIKAZIO, ERREKONOZIMENDU ETA KALTEORDAIN PROZESUETAN autoritatea eta presentzia irabaztea, sinboloak erreferentzia publikoa bezala IKUSTARAZIZ.

Sinboloak, edozein gizarte demokratikoaren oinarrizko giza eskubideak eta baloreak errekonozitzeko zein bertan gure buruak errekonozitzeko memoriaren lekuak dira.

Hori dela eta, emakumeenganako indarkeria inoiz ahaztua, erabilia edo legitimatua izan ez dadin, memoria kolektiboaren deialdi moduan, espazio publikoan indarkeria mota zehatz hau sinbolizatzea exijitzen dugu, NBEren hitzetan, GIZA ESKUBIDEEN BORTXAKETA HEDATUENA, IZKUTATUENA ETA ZIGORGABETUENA errepresentatzen baitu.

Indarkeria sexistaren kontrako borrokaren konplexutasunaz kontziente gara, baina ezinbestekoa da prebentzioa azpimarratzea, berdintasun baldintzetan, hiritar guztien eskuratzea ahalbidetzen duten balore ideologikoen aldaketa baten bitartez. Emakumeenganako indarkeria, emakumeoi hiritar bezala dagozkigun eskubideak eskuratzeko jasan behar dugun oztopo handienetarikoa izaten jarraitzen du. Hau guztiagatik isiltasuna apurtzea aldarrikatzen dugu, gure memoria sozialean lagunduko gaituen eta geroko belaunaldiak lagunduko dituen aztarna bat sortuz. Modu honetan, erasotzaileek askotan izan duten konplizitate sozialarekin apurtuko dugu eta biktimek merezi duten errekonozimendu sinbolikoa izango dute.

Ekintza honekin bilatzen dugu:
Biktimen errekonozimendua, FAMILIEK oroimenerako eta duelurako espazio publiko bat izatea eta berdintasunaren aldeko borroka feministaren adierazpen sinbolikoa izateaz gain, indarkeria sexistaren adierazpen mota guztiak gogoratzeko zein errefusatzeko memoria kolektiboaren aztarna bilakatzea.

Horretarako, San Vicente Plaza, AZAROAK 25EKO PLAZA deitzea eta Udaletxeak lehiaketa bat antolatzea eskatzen dugu, seinalatutako plaza honetan sinbolo bat altxatzeko helburuarekin, alde batetik biktimen errekonozimendurako eta bestetik euren existentzia propioaren jabe izateko, zein emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde egiteko borrokatu diren emakume guztien omenaldirako.

San Vicente Plaza egokiena dela uste dugu justizia arloetan signifikazio berezia eta sinbolikoa duelako, izan ere, auzitegiak bertan daude eta berdintasunaren aldeko emakumeen borrokarako espazio garrantzitsua bilakatu delako. Auzitegi hauetan, askotan bildu behar izan gara tratu txarren edo indarkeria sexualaren biktimak diren emakumeak laguntzera joan garelako, eskubideetara mugatzen ez diren sententzia judizialen aurka gure gaitzidura edo haserrea adierazi behar izan dugulako eta askotan, indarkeria sexistarik gabeko mundua aldarrikatzeko dugun eskubidea exijitzera joan garelako. Honez gain, plaza honek, Bilbo hirian lehentasunezko espazioa okupatzen duela uste dugu, Udaletxetik hurbil baitago eta aurkitzeko kokapen erraza du. Errekonozimendua edozein espaziotan ezin dela jardun kontsideratzen dugu eta nahiz eta Bilboko espazio guztiak garrantzitsuak izan, plaza hau gure eskaeretara hobeto moldatzen dena badela uste dugu.

Sinatu hemen

Argazkia: Brocco Lee

Nafarroa bizirik nahi dugu!

Nafarroa, gure lurra, gure herria, azken hamarkadetan ezagututako ingurugiroaren eta jendartearen aurkako erasorik larrienak jasaten ari da. Herritarren argudio ekologiko eta sozialen arrazionaltasunaren aurrean, kapitala eta bere zerbitzura dagoen jauntxokeriaren logika nagusitzen da. Itoitzeko urtegia, Kastejoneko termikak, Lizarraldeako Goi Tentsioko Linea, Baztango Aroztegiako egitasmo urbanistiko-espekulatzailea, Iruñeko AHT geltokia, Olaztiko errauskailua, Bardeetako tiro poligonoa, Zilbetiko harrobia, Leitzako parke eolikoa, Sarriako presak eta ibaien egoera, kutsadura elektromagnetikoa… guztietan gidoi bera errepikatzen da: nafarroako erakunde desberdinen babesarekin herri hauetan proiektu irrazionalak inposatzen dira. Horregatik, egitasmo guzti hauek gelditzea eta herritarren iritzia errespetatzea eskatzen dugu.

Gure lurra, gure nekazaritza, gure industria, gure kultura eta gure biziak multinazional, espekulatzaile eta mota guztietako tratularien eskuetan daude. Beren etekinen logikak hartzen du garrantzia soilik, kasu askotan “garapena” eta “modernitatea” bezalako hitz ponposoekin mozorrotuta, herri xehearen interesak eta hitza baztertu eta zokoratzen duten bitartean. Hori gutxi balitz, ingurunearen aurkako erasoei delako “atzeraldi ekonomikoaren” ondorioak gehitzen zaizkio: espedienteak eta kaleratzeak hamarnaka, aurrekontu sozialetan murrizketak, lan-baldintzen prekarizazioa,….

Nafarroako toki ezberdinetatik gehiegikeria hauen aurka gure ahotsa altxatzen hasi gara. Lan horretan plataforma, koordinadora eta ekimen ezberdinak sortu dira eta hauen bidez mobilizazio ezberdinetan parte hartu dugu. Gaur, ordea, urrats berria ematea beharrezkoa jotzen dugu, aipatu dugun bezala eraso hauen azpitik izendatzaile komun bikoitza dagoelako: alde batetik eskubide sozial, herritar eta ekologikoen menperakuntza, hau da, biziaren beraren menperakuntza hazkunde eta garapen etengabean oinarritzen den jendarte eta botere ekonomikoarekiko; eta bestetik, gehiegikeria hauei guztiei erakunde desberdinek ematen dieten babesa.

Horregatik, aipatu talde eta ekimenei Nafarroaren defentsan, gure lurra eta herriaren defentsan indarrak biltzeko eta ezarri diguten jendarte eredu antisozial, eta ekologia eta demokraziaren aurkakoari aurre egiteko deia egiten diegu agiri hau sinatzen dugunok. Datorren ekainaren 26an Iruñean burutuko dugun manifestaldi baterako deiarekin zehaztu nahiko genuke aurreko deialdia, dagoeneko martxan dauden erantzunen elkargune eta etorkizuneko ekimen berrien abiapuntu gisa.

X