Alternatibak babesa agertu die GARAko langileei eta gizarteari komunikazio proiektu herritarrak defendatzeko deia egin dio

Alternatibako Koordinakunde Nazionalak salatu egin du milaka euskal herritarren ahalgin eta bultzadarekin martxan jarritako komunikabideen kontrako enegarren erasoa. Gararen kontrako lapurretaren harira doa salaketa, modu bidegabean eta ulertezinean  egotzi baitzaio Eginen zorra. Ondorioz, komunikabide baten etorkizuna mehatxupean jarri dute, berez bideragarria dena, aniztasun informatiboa beraren kalterako.

Tamalez, euskal independentismoaren aurkako estrategia errepresiboan, orain Kataluniarekin eta TV3ekin egin bezala, Espainiako Erresumak zentsura, jazarpena eta komunikabideen itxierak baliatu izan ditu. Adibide larri bezain ugarien artean, 1998an Egin beraren itxiera dago, Ardi Beltzarena (2001) edota Euskaldunon Egunkariarena (2003). ETAren jarduera eten zenetik ere, bere joera zapaltzaileari jarraipena eman dio estatuak: Apurtu eta Ateak Ireki webguneak itxi, kazetariak atxilotu (Alfredo Remirez) eta Mozal Legea ezarri (Hala Bedi eta Argia).

Egoera honen aurrean, Alternatibak bere babesa agertu nahi die Garako langile guztiei. Gizarteari, bestetik, dei egin dio bide guztietatik babesten jarrai ditzala martxan jarritako komunikabide herritar independenteak, gizarte anitza eta demokratiko baten ezinbesteko osagai direlako.

X