Sortzaileak (Joxemari Carrere)

Azken aldian ezker eskuin agertzen ari dira sortzaileen gaineko iritziak eta ekimenak. Bazen garaia pentsatuko du askok, arrazoi osoz. Sortzaileak eta artistak kulturaren oinarri garrantzitsuenetakoak dira, euren lanik gabe ez baitago ezer, ez dago ez literaturarik, ez antzerkirik, ez arterik, ezta musikarik ere. Kulturaren ekosistemaren barnean, ordea, sortzaileak eta artistak dira euren lana prekarietate izugarrienean garatzen dutenak. Ez dugu orain hitz egingo sormen lana garatu eta erakutsi ahal izateko espazioen beharraz eta hauen baldintzen gainean. Ez gara mintzatuko kulturari, orokorrean eta sortzaileei bereziki, hedabideetan eskaintzen dieten espazioez. Ezta ere kultur programazio eta espazio publikoetan inexistentziara kondenatutakoak direnei buruz. Ez ditugu aipatuko diru zein bestelako laguntzak jasotzeko dauden zailtasun burokratikoak. Horiek guztiek, jakina, arrunt baldintzatzen dituzte sortzaile eta artisten lan ekoizpenak. Hainbeste baldintzatu ezen, uste baino gehiagotan, ez dira egiten nahi diren lanak, merkatuak agintzen dituenak baizik; sortzailearen sormen askatasuna ezbairik gabe baldintzatuz, sormen lanak merkantzia hutsa bihurtuz; kultur eskaintza aske, anitza eta kritikoa baldintzatuz; herri batek beharko lukeen kultur kritiko, aurrerakoi eta berritzailea bazter bidera igorriz.

More…

Euskal ondare kulturalaz (Josu Estarrona)

Pertsonak erdigunean jarriz politika egiteko moduaz hitz egiten dugu sarritan, ez, ordea, politika erdigunean jarriz pertsonok egiten dugunaz. Nire bizitzako momentu honetan esaten didate politikoa naizela; eta nik erantzun militante politikoa naizela legebiltzarrean, eta, jakina, pertsona beste edozeren gainetik. Eta politikagintzan, bizitzako esparru gehienetan bezala, aurrean dituzun pertsonak erabakigarriak izaten dira beste elementu batzuen gainetik, kasu batzuetan alderdi politiko baten sigla eta ideologia beraren gainetik ere. Pertsonala politikoa da, eta politikoa pertsonala, eta, agerikoa badirudi ere, ideologia eta kultura politiko ezberdinen ordezkarien artean egunero lan egin eta negoziatzerakoan oso presente izan beharreko kontua da, milaka pertsona ordezkatzeak dakarren arduragatik eta are gehiago akordioa akordioagatik bilatzen den garai hauetan.

More…

X