Bilbao Bizkaia Museoko komunikazio-teknikaria aukeratzeko prozesuan gardentasun eza salatu du Fatuartek

EH Bilduk Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du azalpenak eman ditzan Bilboko Bilbao Bizkaia Museoko komunikazio teknikaria aukeratzeko prozesuaren inguruan. Bilboko Erreprodukzio Museoa eta Bilboko Euskal Museoa barnebiltzen dituen erakundea, hain zuzen ere.

Lan eskaintza prentsan argitaratu zuen, ekainean, Campo Ochandiano enpresak, zein erakunderentzat zela zehaztu gabe. “Bilbon dagoen izaera publikoko erakunde kulturala” zela bakarrik zehazten zen. Azken asteetan, EH Bilduk jakin ahal izan du Bilbao Bizkaia Museoak erakunderako zela; Bilboko Udalaren eta Bizkaiko Aldundiaren Kultura sailen menpe dagoen erakundearentzat, hain zuzen ere.

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziak azpimarratu du “lanposturako eskakizunen artean komunikazio arloko unibertsitate titulazioa eskatzen dela ikusentzunezko komunikazio master batekin batera, nahiz eta ohikoena izan masterra meritotzat hartzea soilik. Era berean, lanposturako beharrezko euskara ezagutza eskatzen da, nahiz eta horrelako postuetarako erakunde publikoek C1 edo EGA eskatu”. Azkenik, “erakusketen komunikazioa eskarmentua” eskatzen da. Ohikoena izaten da antzeko lanpostuetan zenbait urtetako eskarmentua izatea.

Fatuartek salatu du deigarria dela “publikoki ez azaltzea zein erakundetarako den lan-eskaintza, euskara maila edo beharrezko esperientzia ez zehaztea eta bai azpimarratzea master zehatz bat behar dela. Elementu horiek argi uzten dute aukeraketa ez dela berme guztiekin egiten ari, erakunde publiko batean beharrezkoak diren diskriminazioa eza eta gardentasuna bermatuz”.

Agerraldi eskaera

Hori dela eta, EH Bilduk azalpenak eskatu zizkion Udaleko kultura arduradunari abuztuaren hasieran. Gaur egun, oraindik, informazio hori ez da eman. Beraz, EH Bilduk Nekane Alonso Kultura zinegotziaren agerraldia eskatu du hautatze-prozesu horren inguruko azalpenak eman ditzan.

EH Bildu Bilbo

Alternatibak eta TNT antzerki taldeak “Erase una vez un rey” antzezlana taularatuko dute Gasteizen

Testuinguru soziala eta politikoa jorratzen duen antzezlan satirikoa maiatzaren 3an ikusiko ahalko da La Monstrenka aretoan eta, ondoren, solasaldia egingo da.

Datorren asteazkenean, maiatzak 3, Alternatibak TNT Nuevos Tiempos Teatro antzerki talde salvadortarraren “Erase una vez un rey” lana taularatuko du. Antzezlan satirikoak gobernu forma desberdinen gabezia eta bertuteak umorez jorratzen ditu: “Hiru eskalek beren egoera sozial, politiko eta ekonomiko zailetik ihes egin nahian, jolas bat sortu eta horretan murgilduko dira, fantasiaren bidez menpekotasun forma desberdinak aztertzeko”.

Emanaldia hiriburuko La Monstrenka aretoan (Cubo kalea 1, behealdea) izango da, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. 3 euroko sarrera solidarioa kobratuko da, antzerki taldearen zein aretoaren gastuei aurre egiteko. Ondoren, solasaldia egingo da konpainiako taldekideekin internazionalismoaren, lankidetzaren eta erakunde inklusiboen inguruan.

TNT elkarteak ia mende laurdena darama bere lana mundu osoko aretoetan ikustarazten, hezkuntza artistikoa, kulturaren zabalkundea eta komunitate garapenaren eremuetan, haur, gazte, emakume zein edadekoei zuzendutako lana. “Erase una vez un rey” antzezpen klasikoa da Latinoamerikako antzerkigintzan, hainbat taldek taularatu dutela. Herri ugariek komunak dituzten ezaugarriak jorratzen ditu, hala nola ustelkeria, zapalkuntza edota botere nahiak.

Hariak

Joxemari Carrere

Emakume gazte bat plazako aulki batean eseri da. Hego haizearen leuna eta goizeko eguzki epela gozatzen ditu. Egonean. Sentitu du emakume edadetu bat esertzen ondoan. Bera bezala, akaso, goiz ederraren sentitzeko. Orduan, emakume eseri berriaren ahots ahula entzun du. “Badakizu zertarako kontatzen diren istorioak?”. “Barkatu?”, erantzun dio gazteak. “Istorioak, zertarako kontatzen diren bai al dakizun”, errepikatu dio. “Ba, ez dakit, une goxo bat pasatzeko edo”. “Bai, hori ere egia da; baina istorioen benetako balio da, kontatu duenaren oroimena gordetzea. Halaxe zioen gure amak. Istorioa gogoratzerakoan hari ikusezin batzuek lotzen zaituzte kontatzailearekin. Bere ahotsa, bere keinuak, bere arnasa eta begiradak gogoratuko dituzu, eta horrela, beti izango da zurekin. Hori esaten zigun amak”. Emakume gaztea, nahigabe, harrapatuta dago ezezagunaren hitzetan. Esku hezurtsuak airean mugitzen ditu, motel eta begirada airean. Halako batean, berarengana jiratu eta begietara begiratu du. “Badakizu, Kukubiltxoren ipuina? Gure amak kontatzen zigun txikitan. Eta oroitzen dudan bakoitzean ama etortzen zait gogora. Bere irribarrea, bere ahotsaren doinua, bere keinuak, eta baita egiten zuen arroz esnea ere”. Eta barre txikia egin du. Ipuina kontatzen hasi zaio, eta gazteak sentitu du emakume harenganako hari ikusezin batzuk sortzen hasi direla. Eta jakin du, ipuina gogoratzekoan, betirako haren oroimena ekarriko diola. Horretarako balio dute kontatzen diren istorioek. Hari ikusezinak.

GARAn argitaratua

Fatuarte: «Euskara ere ondarea da eta hiriaren eraldaketak eragin handia du hiztunen jardunaren bilakaeran»

EH Bilduren eskariz, HAPO-ak euskararen erabileran izango duen eragina aztertzea onartu du PPren abstentzio bakarrarekin gaurko Osoko Bilkuran. “Euskararen erabilera %3koa baino ez da Bilbon. Euskaldun asko dago, baina hirian zehar sakabanatuta eta HAPOan egin daitezkeen aldaketak eragina izan dezakete hizkuntzaren erabileran. Hori aztertu behar da eta beharrezko neurriak hartu”, azaldu du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziak.

Zehazki hau izan da onartu dena:

Bilboko Udalbatzak Udal gobernu batzordeari agintzen dio, Bilboko HAPOaren berrikuspenean, euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatu dezan eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatzea.

Alba Fatuarteren hitzak:

Legegintzaldiko proiektu garrantzitsuenetako bat Hiria Antolatzeko Plan Orokorra berritzea izango da. Honezkero guztiok argi daukagu erronka handia izango dela, proiektu hau ez delako mapa edo plano sorta soila. Izan ere, plan honek etxebizitza, ekipamendu eta azpiegiturak antolatzeaz gain, hiri-eredu bat marraztuko du, eta eredu hori jasangarria, arduratsua, orekatua eta aberasgarria izatea nahi badugu, ezinbestean zeharkakoak diren hainbat aldagai kontuan izan beharko dira, hasiera batean hirigintzarekin harreman zuzena ez dutela badirudi ere. Badakigu hauetako aldagai batzuk dagoeneko kontuan hartuko direla: Herritarren parte-hartzea edota genero ikuspegia, esaterako; baina hauek ez dira guztiak: Hizkuntzaren faktorea falta da.

Bitxia da nola lotzen dugun oso modu errazean hirigintza ondarearekin eta identitatearekin, baina askotan ez gara konturatzen zaindu eta mantendu beharreko ondare hori ez dagoela arkitektura edo ingurumenarekin bakarrik lotuta. Euskara ere ondarea da eta hiriaren eraldaketak eragin handia du hiztunen jardunaren bilakaeran. Batzuek esango dute erdal hiztunengan ere eragina izan ditzaketela hiriaren aldaketek, baina ez dezagun ahaztu egoera diglosiko eta desorekatu batean gaudela, eta egoera ezegonkor eta gutxituan dagoen euskal hiztunen komunitateak askoz nabarmenago pairatuko dituela eragin horiek.

Arriskuak ez dira txikiak. Aspalditik soziolinguistikan adituek azaldu dute nola globalizazioaren eraginpean sustatu diren urbanizazio prozesu azkarrek herrien hizkuntza ohiturak kaltetu dituzten. Fenomeno hauei aurre egin beharko genieke, ahozkotasunean eta euskal hiztunengan zehazki eragin dezaken kaltea ekiditeko. Eta hau Bilbo bezalako hiri handietan egitea are garrantzitsuagoa da. Zergatik? Hain justu, biztanle gehienak bertan bizi direlako. Arazoa da hemen “arnasgune geografikoetan”, edo bestela esanda, euskaraz trabarik gabe bizitzeko aukera ematen duten herrietan baino sakabanatuago bizi garela euskaldunok eta horregatik da hain garrantzitsua hirietako “arnasgune soziofuntzionalak”, hau da, euskara nagusi den espazio fisikoak, euskaraz naturaltasunez bizitzeko aukera ematen duten horiek babestea, kudeatzea eta antolatzea.

Horretarako estrategia urbanistiko argi bat zehaztu beharko dugu, euskal hiztunen komunitatea hirigintzatik bertatik, hiri-eredutik bertatik indartuz. Ingurune fisiko eta naturaren alorrean, Pagasarri, Artxanda eta Kobetamendiren artean bioaniztasuna zaintzeko korridore ekologiakoek Bilboko Eraztun Berdea osatuko duten bezalaxe, mendietako magalek paisaian duten eragina zainduko den bezalaxe, euskararen arnasgune soziofuntzionalak lotzeko eta saretzeko estrategiak garatu daitezke, eta horretarako, Hiria Antolatzeko Plan Orokorra berrizteko parte hartze prozesuak aukera paregabea ematen digu.

Gainera, ezin dugu ahaztu, legeak berak hau egitera behartzen gaituela. Izan ere, 2016an onartutako Udal Legearen arabera, Udal euskaldunetako egoera soziolinguistikoan eragina izan dezaketen proiektu edo plangintzak onesteko prozeduran, ekimen horiek euskararen erabileraren normalizazioari dagokionez izan lezaketen inpaktua ebaluatuko da, eta ebaluazio horren emaitzen arabera egoki irizten zaizkien neurriak proposatuko dira.

Guk uste dugu dudarik gabe Bilboko HAPO berriak hiriaren egoera soziolinguistikoan eragina izango duela, eta horrenbestez, eragin linguistiko hori ebaluatu beharko litzateke, eta genero ikuspegiarekin egingo den bezalaxe, hizkuntza ikuspegia txertatu HAPO berrian. Esaterik ez dago Euskal Herria Bildurentzat eragileen parte hartzerik gabe prozesu honek ez duela zilegitasunik izango, beraz adituen ekarpenaz gain, egunerokoan lanean ari diren euskalgintzako eragileen ahotsa entzutea eta kontuan hartzea ezinbestekoa izango dela.

Hauxe da gure proposamena eta euskararen normalizazio prozesua indartzeko eta euskalgintza babesteko helburua, gu guztiona dela aurreikusita, espero dugu gainontzeko udal-taldeen babesa izatea.

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: «Gardentasuna zalantzan jartzen duen edozein zantzu ekidin behar da Arriaga antzokian»

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko ordezkariak Arriaga antzokiko Administrazio Kontseiluan, kontratazio prozesuetako epaimahaiaren inpartzialtasuna eta profesionaltasuna errespetatzea eskatu du.

2015/5 Dekretuaren arabera inpartzialtasuna eta profesionaltasuna epaimahaien oinarri izan behar dira. Horretaz gain gizon eta emakumeen arteko berdintasunerantz jo behar dute. Horretaz gain, arau horrek zehazten du izendapen politikoz, bitarteko funtzionarioek edo aldi baterako langileek ezingo dutela epaimahaian parte hartu.

“Kasu honetan, berriz, epaimahaian presidentea bera eta administrazio kontseiluko kide bi daude. Horiek guztiak izendapen politikoa dute jatorri. Uste dugu prozesuaren gardentasuna zalantzan jartzen duen edozein zantzu ekidin behar dela”, azpimarratu du Fatuartek.

Arriaga antzokia ez dago behartua araua betetzera, baina azpimarratu behar da arau horrek eragiten ez dien Administrazio Publikoko langileengan ordezko izaera daukala.

“Hori dela eta, 6/1989 legearen 31. artikuluan zehazten den bezala, espezialitate printzipioari eutsi behar zaiola uste dugu eta jatorri politikoa duten karguek ordezkatu trebakuntza eta prestakuntza egokia daukaten pertsonengatik”, gaineratu du EH Bilduko ordezkaria

EH Bildu Bilbo

X