Alternatibak Bateraguneko auzipetuen aurkako mendeku politika salatu du haien atxiloketatik hiru urte betetzen direnean

Alternatibaren Gipuzkoako koordinatzaile Xabi Sotok gaur ohartarazi du Bateragune auzia dela eta “auzipetutako lagunak kartzelan mantentzeko inolako logika politiko zein etikorik ez” dagoela. Bihar, larunbata, urriak 13, hiru urte beteko dira atxilotu zituztenetik. Era berean, Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Rafa Díez, Miren Zabaleta eta Sonia Jacinto preso jarraitzeak “Espainiako gobernu ezberdinek ideiak kriminalizatzeko izan duten joerari eta mendeku politikei” besterik ez diela erantzuten ziurtatu du.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak berriz ere salatu ditu “bake prozesua sustatzea beste deliturik egin ez dutenen kontrako zigor bidegabeak, beraz, auzitegiei galdegiten diegu euskal gizartearen aldarria entzun dezatela, eta herri honek bizikidetzarako eta normalizazioaren bidean inondik inora behar ez duen ikuspegia ezarri nahi duen bloke politikoaren parte izan ez daitezela”.

Azkenik, Alternatibatik euskal herritar guztiei dei egin diete bihar eguerdian indarkeria guztien eta mendeku neurrien amaiera eskatzeko egingo diren bi manifestazioetan parte har dezatela, Gernikako Akordioak Donostian 12:00etan egingo duena Enara Rodriguezek poliziaren esku pairatutako erasoa salatzeko kontzentrazioan eta Elgoibarren 13:30etan Otegi, Rodriguez, Diez, Zabaleta eta Jacintoren askatasuna eskatuko duen mobilizazioan.

Gernikako Akordioaren adierazpena Enara Rodriguezen erasoaren aurrean

Gernikako Akordioa izenpetu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok Arkaitz Rodriguez euskal preso politikoaren arreba den Enara Rodriguezek salatutako gertakariaren aurrean gure jarrera adierazi nahi dugu. Enara Rodriguezek bere neba Arkaitz bisitatu eta gero Donostiara itzultzeko bidean beste kotxe baten mugimendu arriskutsuek A-12 autobiatik irtetera behartu zutela, bere bizia arriskuan jarriz. Gainera, Enara Rodriguezek autobiatik kanpo zegoela kotxea geldiarazi zuela kontatu zuen. Orduan lehengo kotxean zeuden gizonezkoek beraien polizia plakak erakutsitakoan Enara kotxetik atera, ostikoka jo, iraindu, ukitu eta bortxatzearekin mehatxatu zuten. Badirudi oso luze egin zitzaizkion bost minutu pasa ondoren joaten utzi ziotela.

Euskal preso politikoen senideekiko eraso jarrera hau ez da berria, baina Enarak kontatutakoak muga guztiak gainditu ditu. Jarrera bortitz horiek Arkaitz Rodriguezen senideei ez ezik, gainontzeko euskal preso politiko guztien senideei ere beraien samina are handiagoa egiten diete.

Euskal preso politikoen dispertsioak Arkaitz Rodriguezen senideei, gainontzeko euskal preso politikoen senideei bezala, senidea etxetik urrun den zigor gogor hori jasateaz gain, kontroletik kanpo omen dauden “elementuen” jomuga bihurtzen ditu, Enararen testigantzak erakutsi digun bezala. Antza denez, kontroletik kanpo zeuden elementu horiek poliziak ziren.

Tamalez, ezin dezakegu kasu hau bakarra dela esan. Duela ia urtebete ETAren jarduera armatua amaitu zen eta Espainiako polizi- indarren eraso jarrera eta jazarpena, oro har, euskal herritar ororekiko eta batez ere eszenatoki politiko berri honekiko konprometituen dauden herri sektoreekiko ikaragarria da.

Espainiar estatuari bere gerra tresneria guztia indargabetu eta bere dispositibo hertsatzaile guztiak Euskal Herrian dagoen eszenatoki politiko berriarekiko egokitu ditzala. Bada garaia guztiok bake eta normalizazio demokratikoaren bidea urratzen hasteko.

Gernikako Akordioa sinatu genuen eragile politiko, sindikal eta sozialok, giza eskubideekiko begirunea oinarri, bake eta normalizazio demokratikoa helburu dituen prozesu hau bultzatzeko konpromisoa berresten dugu. Horregatik euskal herritarrei gurekin batera bultzatzeko deia egiten diegu heldu den larunbatean, urriak 13, eguerdiko 12etan Donostiko Amara auzoan dagoen Gobernu Zibilaren aurrean isilpean elkarretaratzea eginez.

Elkarretaratzearen leloa “KONPONBIDE GARAIA DA. Indarkeria oro bertan behera utz dezatela”.

Oskar Matute: “Azken hauteskundeetan egin dugun bezalaxe, indarrak batu ditugu beste behin ere”

Laura Mintegi: Hemen dauden emakume-gizonak ikusi nahi nituzke Lege Biltzarrean

Atzo EH Bilduk aurkeztu zituen hiru lurraldetako bere hautagaiak, zerrenda bakoitzeko lehen bost emakume-gizonak. Gaur aurkeztu nahi dugu Bizkaiko zerrenda osoa.

Atzo esan genuenak gaurko ere balio du: hemen batzen garenok jatorri, sexu eta adin ugarikoak gara, ibilbide ezberdina dugu, eskarmentu bariatua, baina badira hainbat elementu batzen gaituztenak, sigla batek baino gehiago batu ere.

Proiektuak egiten gaitu talde. Helburuek elkarlotzen gaituzte, eta helburu argiak dira: eredu politiko berriak eta eredu ekonomiko berriak martxan jartzea, oraingo ereduek ez dutelako balio. Gaur egun indarrean dagoen eredu neoliberalak eraman gaitu aberatsak aberatsagoak izatera eta pobreak gero eta pobreagoak. Eta larriena da ez dugula ikusten alderdiek inolako asmorik dutenik egoera honi buelta emateko.

EHBildukook uste dugu egoera ekonomiko larri honen aurrean ezin dugula egon besoak gurutzatuta. Jarrera aktiboa hartu behar dugu. Aldatu nahi ditugu eredua injustuak eta soluzioak proposatu. SOLUZIOAK badaudelako, eta halaxe frogatu izan da aukera izan dugun erakundeetan. Uste dugu larrialdian gaudela, krisi hau iraupen luzekoa dela eta familiek ezin dutela luze iraun egoera kazkarrean. Bizkaiko  familia asko eta asko itota daude. Batetik azpiegitura erraldoiak egiten dira, bi bulegotan erabakita, eta hiritarrei ez zaie aukerarik ematen esateko erabakiekin ados dagoen ala ez. Eta gastu itzel horiek egiten diren bitartean, jendea etxetik botatzen dute, langabezia gora doa, lehen sektorea bazter uzten da eta ez da inbertsiorik egiten sektore produktiboan diru hori bankuei ematen zaielako, gure lepo.

Bada unea espekulatzaileeei galga jartzeko, neoliberalismoari alternatiba bilatzeko, gizarte igualitarioa bat egiteko eta, batez ere, pertsonak guzti-guztiaren gainean jartzeko.

Gure alabentzat eta gure semeentzat mundu hobea nahi dugu. Ez dugu nahi duintasuna gal dezatela probrezian murgilduta daudelako. Etorkizun libre eskaini nahi diegu ondorengoei. Eta horientzat guztientzat ari gara lan egiten.

Hemen dauden emakume-gizonak ikusi nahi nituzke Lege Biltzarrean, beren proiektuak eta asmoak besapean, eta aukera eduki dezatela erabakitzeko nork gobernatu duen erkidego honetan.

Beraiek ikusi nahi nituzke egunez egun eraikitzen Euskal Herri berri hori, herri askea eta buruaskia, subiranoa, indenpendientea, emakume eta gizon independienteek osatua.

Oskar Matute: “Azken hauteskundeetan egin dugun bezalaxe, indarrak batu ditugu beste behin ere”

Heldu da eguna. Dagoeneko ez diogu etorkizunari urrunetik begiratu behar gauzatu nahi dugun proiektua, eraiki nahi dugun herria eta eraldatu nahi dugun eredua gauzatzen eta eraikitzen hasteko. Izan ere, gainean ditugun hauteskunde hauetan, Eusko Legebiltzarrerako bozetan, benetako urratsak egiten hasteko inoiz baino aukera gehiago ditugu: burujabetza, bestelako eredu sozioekonomikoa, normalizazio politikoa eta bazterketarik gabeko herria ditugu helburu. Bide zaila da aurrean duguna, bizi ditugun krisi anitzei aurre egitea baino, kapitalismo bortitzenaren morroi gisa jokatu nahi izan duten PNVk, PPk eta PSEk bakeari eta justizia sozialari oztopoak jartzen dizkiotelako.

Azken hauteskundeetan egin dugun bezalaxe, indarrak batu ditugu beste behin ere. Indar abertzale, subiranista eta ezkertiarrok osatzen dugun Euskal Herria Bilduk, alabaina, merkatuen aurrean makurtzeari eta kateaturik bizitzeari ezetz esaten dioten guztiei zabalik dago. Gure esku eta herritar guztien esku dago egungo eredua irauliko duen legebiltzarra sortzea. Soluzioak eta etorkizuna, gure esku daude.

Alternatibak elkartasun adierazpenak etengabe debekatzeak dakarren “salbuespen egoera” salatu du

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek normalizazio politikorako “atzerapen larria” deritzo PPren Gobernutik zein haren esanetara dauden Auzitegi Nazionala bezalako erakunde atzerakoien eskutik Iosu Uribetxebarria presoaren gainean sortzen ari diren egoerari. Euskal Herriko zein Espainiako erresumako eskuin indarrek abiatuta kanpainatik haratago, oinarrizko giza eskubideak eta espetxe legeria urratzeko aitzakiak bilatzen baitituzte, “guztiz onartezinak dira giza eskubideen aldeko manifestazioen eta elkartasun adierazpenen debekuak, benetako salbuespen egoera ezartzen baitute”.

Alternatibatik “maskaratutako estrategia” sumatzen dute, konponbidean dagoen gatazka iraunarazteko ahaleginetan ari direnen partetik, “elkarretaratze baketsuak legez kanpo utzita oztopoak jarri besterik ez dute nahi, Euskal Herriko kultura eta komunikazio alorretako ordezkari adierazgarriek deitzen dituztenak ere”, besteak beste, Txaro Arteaga, Joan Mari Irigoien, Andoni Egaña edota Martxelo Otamendi bezalako lagunek Donostitik Arrasatera deitutako martxa kasu, Auzitegi Nazionalak atzo debekatu zuena.

Matutek legeak zehaztutako askatasuna aldarrikatu du berriz Uribetxebarria zein gaixotasun larriak dituzten  gainerako presoentzat, “justizian baino, mendekuan oinarritutako erabakiengatik baitaude kartzelan”. Era berean, herritarrei giza eskubideen aldeko elkarretaratze guztiekin bat egiten jarrai dezatela dei egin die, “iraganeko egoerara itzuli nahi direnen probokazioei men egin gabe”. Azkenik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak pertsona guztien eskubide guztien aldeko defentsa aldarrikatu du, “gatazkari eutsi nahi diotenen kontra gizartearen gehiengo zabalak bakea nagusi izango duen etorkizuna lortu nahi duelako”.

X