Kalamu elkarteak

Apirilaren 30ean, hiru urte beteko ditu Donostiako Udalak kalamu elkarteen egoera erregulatzeko onartutako araudiak, aho batez onartua eta Estatuko lehena. Arautegia EH Bilduko Udal Gobernuaren ekimena izan bazen ere, eskerrak emateko modukoa izan zen gainerako talde politikoen jarrera, baita udal zerbitzu juridikoena ere.

Donostiako Udalak onetsitako araudia aurrera pauso handia izan zen, izan ere, kalamuaren gaia aspalditik dago bi agendatan: publikoan eta politikoan. Bi horietan, eta gaur egungo marko politiko-juridikoan, kalamuaren kontsumoak eta banaketak zailtasun handiak dituzte. Oztopoak oztopo, arautegia onartuta, esan behar dugu asmatu genuela. Araudiak, hain zuzen, honako helburu hauek zituen: eskubide zibilak handitzea; paradigma aldaketa bat egitea; arriskuak gutxitzea eta debate publikoa egitea.

Eskubide zibilak handitzeari dagokionez, handitzearen helburua zen herritarren eskubideak — kalamu-kontsumitzaileenak, zehazki – bermatzea. Izan ere, garai hartan, Espainiako Gobernua eskubide zibilak murrizten ari zen. Murrizketen adibide ziren Zigor Kodearen erreforma eta Herritarren Segurtasuna Babesteko Legea, besteak beste. Murrizketen aurrean, Donostiako Udalak, kalamu elkarteetarako araudiaren bidez, kalamua kontsumitzen zutenei babes politikoa eta juridikoa eman nahi zien, betiere beren eskubideak aitortuz. Udalak, halaber, gizarte zibilari mezu bat, giza eskubideak indartzeko beharrarena, helarazi nahi zion.

Paradigma aldaketara etorrita, esan gabe doa zeintzuk izan diren administrazio publikoen jarreraren oinarriak: debekuan oinarritzea eta drogen kontrako politikak egitea. Bi funts horiek, funtsean, zigortzaileak dira. Eta, zigor horien aurrean, Donostiako Udalak araudian, legezko testuan, babes juridiko-politikoa ematen zien kalamu elkarteei.

Arriskuak gutxitzeari begira, drogen kontra egiten den edozein politikaren helburuak arriskuak —ukaezinak direnak- txikitzea beharko luke izan. Gainera, politika horrek onartu beharko lituzke kalamu bazkunek perilak gutxitzeko duten gaitasuna: kontsumitzaileak merkatu beltzetik ateratzearena.

Debate publikoa egitearen aldetik, kalamu elkarteak erregulatzeko, ezinbestekoa da publikoki —baita politikoki ere eztabaidatzea. Izan ere, jakin badakigu gai honen kudeaketa udal administraziotik haragokoa dela eta ezin dela soilik hirigintzako araudi batean kudeatu. 

Behin Donostiako Udalak onetsitako araudiak hiru urte beteta eta hori hainbat udalek eredu gisa hartuta, Espainiako Gobernuak arautegiaren kontra errekurtsoa aurkeztu zuen Justizi Auzitegi Nagusian, lehenik. Ondoren, bertan auzia galdu eta gero, Gobernuak Auzitegi Gorenera jo du.

Egia esan, ez naute Espainiako Gobernuaren arestiko bi helegiteek harritzen. Izan ere, Gobernuak gai honetan beste gai batzuetan bezala jokatu du. Jokaera horrekin, auzitegiak baliatuz, herritarroi gure eskubideak ukatu nahi dizkigu; ez baita debate politikoan parte hartzeko gai. Espainiako Gobernua ez da gai jendarte heldu batek eskatzen duen eztabaida politikoa irekitzeko. Gizarte zibilak, tokiko erakundeekin batera, jarraitu beharko du lanean aurrerapauso gehiago eman ahal izateko.

BERRIAn argitaratua

Ordenagailua, ezinbesteko lagun

Hector Prieto Alternatibako kide eta Aretxabaletako EH Bilduko zinegotziarekin erreportajea egin du Goiena aldizkariak. Bere borrokaren berri ematen digu, besteak beste, Mirari Altube kazetariaren artikuluak.

Ahots barik geratu zen iaz Hector Prieto (Aretxabaleta, 1983). Baina horrek ez du isildu, ez horixe. Ordenagailu baten laguntzarekin zinegotzi lanean jarraitzen du, sare sozialetan gogotsu dihardu eta historia kontuen gaineko hainbat proiektu ditu buruan.

Muskuluetako gaitz degeneratiboa du Prietok, eta urte asko daramatza gurpildun aulkian. Eskuak mugitu barik ere aise idatzi du ordenagailuan oraintsu arte, ahotsak lagunduta. Gaitzak, baina, aurrera jarraitzen du eta iaz ahots barik geratu zen. “Hilabete gogorrak pasatu nituen, baina lanerako gertu itzuli naiz”. Asko du esateko eta besteekin partekatzeko eta horretan lagunduko dion ordenagailua jarri diote: “Ohiko tableta da, baina arratoia begiekin mugi dezaket. Gainera, idatzitakoari ahotsa jartzen dion programa dut”.

Teknologi baliabideei oso eskertuta dago: “Elbarritasunak ditugunondako mundura zabaldutako leiho bat dira”. Horrez gain etxekoen babes handia du: “Horiek barik ezinezkoa zatekeen egin dudan guztia, euren bultzada ezinbestekoa dut une txarretan”, eta batez ere ama nabarmendu du: “Nire bizitzaren zati handi bat da, beti alboan; ama benetan kementsua”.

Blog bi eta historia kontuak

Iazko ekainetik da zinegotzi Prieto: “Aitak, gaztetan, sindikatuen inguruan jardun zuen eta horren eraginez edo nik beti izan dut kontzientzia soziala. Zinegotzi izan zen Tomas Fernandezek proposatu zidan 2011n Bilduren zerrendan joateko eta baietza ematearekin batera Alternatiban afiliatu nintzen”. Gizarte Zerbitzuak beste aldetik ezagutzen ditu eta esperientzia hori eroan gura izan du udaletxera: “Etxerik etxeko laguntza hobetu gurako nuke batez ere; erabiltzaileen eta laguntzaileen egoera. Ondo ordaindu gabeko lana dela kontura gaitezen gurako nuke, batez ere emakumeek egindakoa”, dio eta gaineratu du: “Borondate politikoa behar da etxerik etxeko zerbitzua egoitzen alternatibatzat hartzeko”.

Zinegotzi lana bateratzen du idaztearekin: “Oso gustuko dut, eta une gogorretan asko lagundu izan dit”. Sare sozialetan ere ibiltzen da, batez ere Facebooken, eta bi blog ditu: “Lehengo Rinconcito de los Sueños orain Atxabalta Redvolution bihurtu dut eta hor nabil. UDAko kontuak jasotzen ditudan Pasion Celeste, ostera, geldi daukat. Datorren denboraldian helduko diot berriro, futbolzale asko ditut horren zain eta”. Historia ikasketak ditu eta buruan badu proiektutxoren bat: “Hainbat dokumentu jasotzen bukatu berri dut eta aurrerago helduko diet”.

Aurten 33 urte beteko ditu Aretxabaletako gazteak. Etorkizunera begira egon beharrean egunean egunekoa bizi du: “Che Guevarak zioen esaldi bat dut oso gustuko: “Bizitza honetan aire-ahokada bakoitzeko egin behar da borrokan”. Asma zuelako asko sufritu zuen hark, baina ez zuen sekula amore eman”.

Goiena

Gipuzkoako gizartearen elkartasuna bilatzen duen informazio eta sentsibilizazio kanpaina, Alzheimerraren Munduko Egunean

Gipuzkoako Gizarte politikako diputatu eta Alternatibaren kide Ander Rodriguezek Alzheimerra pairatzen duten pertsonekiko sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du gaur Donostian. 

Alzheimerraren inguruan kontzientziatzeko jarduera programa bat aurkeztu dute AFAGI Gipuzkoako Alzheimerdunen eta Bestelako Dementziadunen Senitartekoen eta Lagunen Elkarteak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, datorren irailaren 21ean Alzheimerraren Munduko Eguna ospatuko baita. Hamaika ekitaldik osatutako egutegia bihar bertan hasiko da, Lazkaoko Txindoki egoitzan emango den hitzaldiarekin, Alzheimerra duten pertsonekiko komunikazioari buruz, eta urriaren 2an itxiko da, Irunen, zaintzaileei zuzendutako hitzaldi batekin. Bihartik hilaren amaierara arte, informazio mahaiak, hitzaldiak, AFAGIko bazkideen arteko topaketak eta jarduera solidarioak egingo dira, gaixotasun honen inguruko sentsibilizazioa bilatzeko eta alzheimerraren errealitatea Gipuzkoako eskualde guztietara helarazteko.

Kanpaina honen ekitaldi nagusia irailaren 20an izango da, Donostiako Kontxako Pasealekuan: bertan, ohikoa den giza katea egingo da, eta globoak askatuko dira, alzheimerra duten pertsonekiko eta horien familiekiko elkartasunaren adierazle.

Gipuzkoako Gizarte Politikako diputatuak, Ander Rodriguez, eta AFAGIko presidenteak, Koldo Aulestia, Alzheimerraren Munduko Egunaren inguruko sentsibilizazio kanpainako jardueren programa eta kartelak aurkeztu dituzte gaur. Aurtengoan, Alzheimerraren Munduko Egunaren leloa “elkartasuna” da.

Koldo Aulestiak azaldu du AFAGIk gogor lan egiten duela, “elkartasun” hori beti egon dadin gure bizitzetan: “Elkartasuna, zentzurik zabalenean, gizartearen sektore guztietara iritsiz, eta ez, zuzenean edo zeharka, XXI. mendeko pandemia honekiko erantzukizuna edo lotura duten horietara soilik. Elkartasuna, konplizitatearen eta konpromisoaren isla gisa, eta ez pena edo errukiaren adierazle gisa”. Helburua hori izanik, AFAGIk parte hartzen du elkarteen konfederazio estatalak (CEAFA) abian jarri duen proiektu batean: “Solidarioak Alzheimerrarekin”.

Proiektu honen xedea da printzipioz gaixotasunarekiko lotura zuzena ez duten entitate publiko zein pribatuek arazo soziosanitario honekiko duten sentsibilizazioa ikusaraztea.  Une honetan, deklarazioa sinatu duten 328 entitate publikoetatik (gehienak udalak), 35 Gipuzkoakoak dira.

Kalkulatzen da Espainian, gaur egun, 65 urtetik gorako pertsonen % 7k (503.681) eta 85 urtetik gorako % 50ek (623.723) arriskua dute zuzenean dementzia motaren bat sufritzeko (eta Alzheimerra da gehien ematen dena). Beraz, kalkulatu dezakegu kasu kopurua 1,2 milioi pertsonara iristen dela (1.127.403 hain zuzen ere); horrek Estatuko biztanleriaren % 2,4 egiten du (65 urtetik gorakoen % 13,4). Gipuzkoari dagokionez, 23.630 pertsonara iritsiko litzake.

Ander Rodríguezek azaldu duenez, gaixoen %84 atenditzen ditu Gizarte Politikako Departamentuak. Horietatik, %40 adinekoen egoitzetan daude eta %60k etxean jarraitzen dute, familia inguruko zainketetarako laguntza ekonomikoen babesarekin, Etxerako Laguntza Zerbitzuarekin, eguneko zentro edo bestelako zerbitzuekin.

Diputatuaren hitzetan, “mendeko pertsona etxean bere inguruan mantentzea Foru Aldundiaren lehentasunetako bat da, horregatik handitu ditugu Gipuzkoan Mendekotasun Legearen laguntza ekonomikoak, Espainako Gobernutik murrizketa bortitzak jaso arren. Ez hori bakarrik, hobetze bidean, arreta espezializatua eta pertsonengan zentratuta bilatzen ari gara, horregatik unitate psikogeriatrikoen aldeko apustua egin dugu egoitzen barruan. Iaz 15 plaza psikogeriatriko gehiago zabalduko genituen Lasarte-Oriako Atsobakar egoitzan eta hurrengo hilabeteetan, 18 gehiago zabalduko ditugu Bergaran”.

Aulestiak adierazi du, baita ere, ez dela ahaztu behar Alzheimerrak eragina duela, baita ere, “gaixo gazteengan”; hau da, 65 urte baino gutxiagoko pertsonak, gaixotasun honen ondorio suntsitzaileak pairatzen dituztenak. “Gaixo gazte” hauek dira kasu guztien % 10 inguru.

Inpaktu sozialari dagokionez, Alzheimerra ez da gaixoarekin bakarrik grinatzen.  Izan ere, familiak beregain hartzen du gaixoa zaintzearen eta behar duen arreta ematearen pisua eta erantzukizuna. Ondorioz, eta egitura familiarra kontuan hartuta, esan dezakegu gaixotasunak, Estatuan, eragina duela 4.509.612 pertsonengan, hau da, biztanleria osoaren % 9,7rengan. Gipuzkoan, 94.520 pertsonengan du eragina.

Hala ere, AFAGIko presidentearen hitzetan, “datu horiek gaur gaurkoak dira. Ez dute balio datozen urteetarako. Izan ere, aurreikuspenak aintzat hartuta, gure biztanleriaren zaharkitzea areagotzen joango da eta, beraz, kopuru horiek bikoiztu egingo dira epe ertainera”.

Odol analisiak euskaraz

Aitor Montes Lasarte – Familia medikua

Euskaldunon odola beti izan da mintzagai. Izan ere Rh negatibo ospetsuaren dentsitatea Euskal Herrian beste inon baino handiagoa omen da; zientzialari askoren ustez, euskaldunon berezitasunaren erakusgarri: bereziak, isolatuak, genetika aldetik zein hizkuntza aldetik. Harrotasun gabeko izaterik ez da, eta guk badaukagu gurea. Bego horrela, ez naiz horrelako saltsatan sartuko.

Baina euskaldunak izanagatik, euskaldunak odolaz, ohituraz eta mintzairaz, ez gara ohartu odoleko analisien emaitzak gazteleraz daudela. Odola mehetu zaigu antza, eta osasun-arreta erdaraz izan behar duela hezurretan barrena daukagu sartuta.

Osakidetzak euskarazko osasun zerbitzua eskaini behar luke; bere betebeharra da, saihestezina, koherentea izan nahi badu. Zoritxarrez, euskaldunok osasun-arreta euskaraz eskatu beharrean gaude, gure eskubidea behar zuena betebeharra bilakatuta alegia. Erakundeak 30 urte bete dituen honetan, erronka handia jo digu langileoi, baina gogorarazi behar genioke euskararen arloan herren handia eginez gabiltzala, okerreko bidetik. Lankide askok euskarari herra handia diotela ez dago ukatzerik, eta egia esan, gatazkak uxatu nahian, euskararen normalizazioari uko egin diogu; horrela jarraituz gero, erakundea baino herrakundea deituko diote euskal hiztunek, eta bete-betean asmatuko. Bistan da herreneriak jota dagoela.

Gaitza da denbora luzez osasun arloa erdaraz izateko ohitura sendatzea, baina egoera hau lehenbailehen konpondu behar genuke; gaixoak osatu, herrenak zuzendu eta itsuak argitu. Eta egon badaude aurrerapauso txikiak emateko aukera zehatzak, konkretuak, bizkorrak, alboko ondoriorik gabeko sendabideak. Horien artean, hasteko, odoleko analisien emaitzak euskaraz eskaintzea. Ez dirudi gehiegizko eskabidea «glucosa» ordez glukosa jartzeak; creatinina jarri beharrean kreatinina, edo «filtrado glomerular» (MDRD) jarri barik iraizketa glomerularra (MDRD) jartzea, adibidez. Zure medikuari galde egiozu, hark azalduko dizu zer den iraizketa glomerularra euskaraz.

Esango dute, eta egia da, ez dela nahikoa izango. Horrela ez dugu euskarazko osasun-arreta sortuko, ez dugu Osakidetza euskal- dunduko, baina oinarrizko abiapuntu bat da, ezinbesteko aurrerapausoa, euskarak osasungoan erroak egin ditzan. Aurrenekoz,  idatzizko harremanak, ematen zaizkigun idazkiak euskaraz jasotzea eta eskaintzea, lan hizkuntza eta zerbitzu hizkuntza uztartuz, normalkuntzarako bidea gure baitan ostatua har dezan.

Baina erraza izan arren, urratsa izan arren, eskatu egin behar dugu. Eskubideak ez zaizkigu berez ematen ez bermatzen, beti oztopo edo trabak jartzen dizkigute, eta eskean ibili behar. Isilik nahi gaituzte, makurtu, herrestarazi, eta Eusko Jaurlaritzak edo Osasun sailak edozein aitzakia eta estakururen gerizpean babesa bilatuko du. Ezinezkoa dela, krisialdian gaudela, dirurik ez dagoela. Bereziak omen gara euskaraz lan egin nahi dugunok, isolatuak, bakan batzuk besterik ez. Batzuek odola mehe daukate.

Orain gutxi famili mediku batzuk, egunero darabiltzagun gernu eta odoleko analisien emaitzak euskaraz jasotzea eskatu dugu, bakoitzak bere unitatean. Ez dugu erantzunik jaso jakina, eta analisiak gazteleraz datoz oraindik. Gure lankide euskaldunei gauza bera egin dezaten eskatzen diegu, bide batez. Baita erabiltzaileei ere. Eska ezazu zure odoleko eta aanalisien emaitzak euskaraz, mesedez. Ez onartu erdaraz.

Izan gaitezen beraz euskaldunak mintzairaz, eta odolaz baino, odoleko analisiez behintzat. Odoleko analisiak, euskaraz!

Alternatibak osasungintza publikoaren aldeko Tolosaldeko martxarekin bat egitera deitu du

Alternatibako Gipuzkoako koordinatzaile Ayem Oskozek bihar, larunbata, Tolosan antolatutako elkarretaratzean parte hartzeko deia egin du, Osasun eskubidea, publikoa eta kalitatezkoa lemapean eguerdiko 12:00etan Trianguloatik abiatuko dena, “osasungintza publikoa aldarrikatu eta kapital pribatua oinarrizko zerbitzu publikoetan sartzearen arriskuaz ohartarazteko”, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Inviza enpresarekin duen hitzarmenaren harira.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogora ekarri nahi izan du Margaret Tacherrek Erresuma Batuan zerabilen leloa, “there is no alternative” (ez dago beste aukerarik) oinarrizko zerbitzu publikoak pribatizatzen zituenean: “Egun, Ingalaterran nabarmenak dira politika horrek osasungintzaren kalitateari eragin zizkion kalteak. Orain dela gutxi, David Cameron lehen ministroak barkamena eskatu behar izan zuen, hain zuzen ere, pribatizazio prozesu horren ondorio lazgarriengatik”.

Oskozek esan duenez, Thatcherrek ez bezala, “PNVk disimulu handiagoarekin ekin dio osasun sistemaren pribatizazioari”. Honen kontra, askotariko eragile ugari biltzen dituen Tolosaldea Osasun Publikoaren Alde TOPA plataformak lan “bikaina” egin du eskualde hartan  gertatzen ari den egoeraren inguruko kezka zabaltzeko, alegia “Darpon osasun kontseilariak Tolosaldeak ospitale publiko bat izatearen eskaera historikoari muzin egin eta pribatizazioan urrats berriak egiten dabilela salatzeko”.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak Gomez Montoyaren Asuncion Klinikari orain arte publikotik ematen ziren zerbitzuak bideratzen ari da. Gomez Montoya Adegi eta CEOEko klinika pribatuen bozeramailea da eta, ospitaleak kudeatzeaz gain, zahar etxeak ere kudeatzen ditu. Ez da lehen aldia PNVk lagundu egiten diona. Zahar etxeen borrokan Gomez Montoyak Gipuzkoako patronalaren bozeramaile gisa Aldundiaren kontra aritu zenean, PNV Adegiren alde aritu zen.

Alternatibatik gogorarazi dutenez, “Euskal Herrian ikusi ditugu Nafarroako ospitaletako elikagaien aferarekin zein larria izan daitekeen osasungintzaren pribatizazioa”. Horregatik, orain PNVk EAEn ere eredu hau zabaltzeko helburua ageri duela, “Tolosaldean eman beharreko erantzuna sendoa izan behar da, Tolosaldean eredu hau gelditzeak beste eskualde batzuetan be gelditzea suposatuko baitu”.

X