Errioxako Eskualdeak pairatzen dituen arazo larriei behin betiko erantzuna eman behar die Urkulluk

Arabako EH BILDUk Errioxako Eskualdeak pairatzen dituen arazo larriei behin betiko erantzuna ematea eskatu dio Urkulluri. Izan ere, Arabako EH Bilduren ustez, gabezi horiek guztiak azkenego EAEko gobernuen utzikeriaren ondorio zuzenak dira. Bihar bertan bilduko dira bi gobernuen ordezkariak eta Arabako EH Bilduk iragarri duenez, eskualdean eman beharreko zerbitzuetan ezin dira beste adabakiak jarri eta bi arlo aipatu ditu: osasungintza eta nekazaritza, batez ere, ardogintzarekin lotuta dauden guztiak.

Osasungintzari dagokionez, Arabako EH Bilduk Lezako Ospitala nabarmendu du. Koalizioaren ustez, egungo ospitala garatu behar da Eskualde-Ospital bihurtu arte. Zentzu horretan, badirela bi urte aldebakartasunez, Errrioxako Gobernuak osasun arreta bertako biztanleriari kendu ziotela gogoratu du. Baina Errioxako Eskualdeak eman zuen erantzunari esker, Lakua eta Errrioxako Gobernuek akordio bat sinatu zuten. Arabako EH Bilduren ustez, akordio horiek aldi baterako erantzuna baino ez dira.

Bestalde, Arabako EH Bilduk, ardogintzan kudeaketa eta kontrolerako berezko mekanismoak sortu behar direla aldarrikatu du. Horrela, bertako interesak defendatuko direlakoan dago koalizioa orain arte, Errioxako Gobernuaren gutxiespenaren menpe daudelako. Orain berriz, Urkullu eta Sanz presideen arteko elkar-ulertzeak akordio zehatz batzuetan irudikatuko dela ematen du. Baina Arabako EH Bilduren ustez, behin behineko erantzuna eman dezakete baina dauden hutsune eta gabeziei behin betiko erantzuna ez bilatzeko aitzakia ezin dira izan.

EHBildu Araba

Osasun arreta euskaraz

Aitor Montes Lasarte – Familia medikua

Euskararen aldeko aldarrikapenen artean, edo euskaldunon hizkuntz eskubideak errespetatzeko eta bermatzeko eskakizunen artean, osasun arreta euskaraz eskatu izan da aspalditik. Baina argi daukagu zer den benetako osasun arreta euskaraz? Zer da euskararen normalkuntza? Hizkuntza baten benetako normaltasun egoera zein den badakigu?

Osasun arretak, osasun sisteman paziente edo gaixoarekiko harreman eta prozedura guztiak bere baitan hartzen dituela esan genezake. Helburua hortaz, harreman hauek guztiak euskaraz izatea izan beharko litzateke. Kontuan hartu behar dugu, baina, harreman hauek konplexuak direla, maila ezberdinetan burutzen baitira, eremu ezberdinetan, jende askorekin, era ezberdinetan.

Gaur egun, zoritxarrez, erabiltzaileen hizkuntz eskubideak ez dira bermatzen; ez da osasun arreta euskaraz eskaintzen Euskal Herrian. Eta honek euskara bigarren mailako hizkuntza bilakatzen du, eta euskaldunak bigarren mailako hiritarrak. Eskubideen hierarkia ezartzen da. Osasungoa egungo gizartearen ardatzetako bat da jakina, zutabe bat; EAJk adibidez bere hauteskunde programan ere ondo adierazi zuen: “las políticas de salud y nuestro sistema de salud son pilares fundamentales de la calidad de vida y del bienestar de nuestra sociedad”. EH Bilduk hauxe zioen bere programan: “osasun eskubidea, hezkuntza eskubidearekin eta Euskal Herrian bizi garenon gizarte babeserako eskubidearekin batera, Ongizate Estatuaren oinarrizko euskarria da.” Bat datoz. Baina behar bada ez gara ohartzen osasun arreta ardatz bat izanik, erdara hutsean burutzen den artean ez dugula euskararen normalkuntzarik lortuko. Euskal Herria euskalduna ez dago lortzerik osasungoa euskalduntzen den arte. Ez dira hizkuntz eskubideak bermatuko sekula. Hala ere, osasungoa erdaraz onartzen dugu, normaltzat hartzen dugularik  euskararen bazterketa esparru horretan. Ohituta gaude.

Egia da osasungoan arretari ematen zaiola lehentasuna; kalitatezko arreta da hemen garrantzitsuena, eta euskarak ez omen du hainbesteko garrantzirik. Edo, beste era batera esanda, pazientea da garrantzitsuena, ez euskara. Aukeran, euskaltzale amorratuenak ere segurtasuna nahiago du. Gaixoak ez dira ospitalera joango eskubideen eske, osasun arreta eskatzera baizik; hiltzeko beldurrez dagoenak ez du “euskaraz mesedez” esango.  Eta bere goganbeharrak, kezkak, bere ahuldade eta menpekotasun egoeraz aprobetxatuz, gazteleraz egitera behartua izango da, behartuko dugu. Ez gara konturatzen hori ez dela benetako kalitatezko osasun arreta, izan ere ez baitu  kode deontologikoa ere errespetatzen. Ez genuke ahaztu behar euskara eta kalitatea banaezinak direla. Azken batean, kalitatezko osasun arreta pazientearen hizkuntzan burutzen dena da. Gaur egun gure herrian egiten ez dena, hain zuzen.

Euskal Herrian kalitatezko osasun arreta euskaraz izan behar da, paziente euskaldunentzat behintzat. Eta osasun arreta euskaraz, benetakoa, bere osotasunean, ahoz eta idatziz izan beharko litzateke. Bere osotasunean, hau da, maila eta esparru guztietan; kontsultategi, osasun-zentro edo ospitaleetan; familiako mediku zein espezialistekin, erizainekin edo administrariekin; edonon, edonorentzat. Idatzizkoa esaten dudanean, ez naiz ari Osasun Zerbitzuak banatzen dituen paper, ohar, aholku edo karteldegiari buruz bakarrik, baizik eta pazienteak jasotzen dituen idatzizko guztiei buruz, hau da, osasun txostenak edo txosten klinikoak, proba osagarrien informeak, proba horien eskakizunak edo bolanteak, kontsulta-arteko dokumentuak edo zerbitzuen arteko bideratzeak, etab. Eta hemen, erabateko garrantzia duena, historia klinikoa da. Funtsean, pazienteen osasun arretaren erregistroa, euren bilakaera jasotzen duena. Osasun arreta euskaraz aldarrikatzeko orduan, ez genuke ahozko harremanetara mugatu behar, hori ez baita egoera normala. Historia klinikoa euskaraz eskatu eta garatu behar dugu, osasungoa euskaraz izan dadin bere osotasunean. Hemen dago gakoa.

Hori lortzeko tresnak, baliabideak, eta gaitasuna badauzkagu; borondatea da falta zaiguna. 

Alternatibak kopagoaren bidegabekeria salatu du eta Lakuari eskubide sozialak propagandatik haratago babesteko galdegin dio

Alternatibako bozeramaile Amaia Agirresarobek ordainketa partekatuaren inposizioa salatu du gaur, Auzitegi Konstituzionalak Lopez Gobernuak onartutako “arau elektoralista” bertan behera utzi ondoren. Agirresarobek gogorarazi du “kopagoa pertsonen eskubideen eta duintasunaren kontrako hamaikagarren kolpea dela, izendapenetik hasita ere iruzur handia izateaz gain; izan ere, aurretik ere herritarrek ordaintzen zituztelako botikak, klase popularrak gero eta gehiago zamatzen eta gehien dutenentzat hain mesedegarria den fiskalitatearen bidez”. Horregatik, “ordainketa partekatua baino, berrordainketa” deitu beharraz ohartarazi du.

Alternatibatik bidegabea deritzote herritarren gehiengoari botikak ordainarazi eta gizarteko sektorerik ahulenetako bati osasun estaldura kentzeari. Gainera, ezkerreko bozeramaileak azpimarratu duenez, “ustez, 33 milioi euro aurrezteko besterik ez du balio, Espainiako Aurrekontu Orokorrek aurten AHTeko lanetarako aurreikusitakoaren hamarren bat beraz”. Kopuru horri, halaber, “sistema berria ezarri eta kudeatzeak dakarren gastua kendu beharko zaio”. Gogorarazi du, bestetik, EAE, Nafarroarekin batera, Espainiako Erresuman industria farmazeutikoarekiko zor gutxien duen erkidego autonomoa dela.

Berrordainketarekin Bengoak zein Lopezek egunotan erabilitako aitzakia eta azpijokoen harira, azkenik, Agirresarobek “intsumisio formako propaganda astintzea” leporatu dio Eusko Jaurlaritzari, “inongo esku-hartzerik gabe murrizketa propioak egin dituztenean, hezkuntzan, laguntza sozialetan eta, baita ere, osasungintzan”. Horrexegatik, lehendakariari galdegin dio “eskubide sozialak bere eskumenetatik eta propagandatik haratago babesteko”. Ildo horretarik, bestelako euskal erakundeek zerga politikaren inguruan erakutsitako jarrera ere kritikatu du, zamarik handiena langileen esku jartzen jarraitu dutelako, gehien irabazten dutenei zergak barkatuta: “Ikaragarria da gogoratzea superabita zegoenean enpresa eta aberestasun handienei zergak jaisteko baliatzen zutela, orain, baliabide publikoak falta diren garairako, askoz egoera okerragoan utzi gaituztela”.

Alternatibak Basagoitiren hitz “xenofobo eta arrazistak” salatu ditu osasungitza eta etorkinen inguruan

Alternatibako bozeramaile Oskar Matutek Antonio Basagoitik bere blogean osasungintzaz eta etorkinen inguruan adierazitakoa salatu du gaur, EAEko PPko buruak bere benetako aurpegiaren berri eman duela ziurtatuz: “zer nolako jarrera politikoa duen adierazi digu, ultraeskuin zaharkituarena, xenofoboa eta arrazista, baliabide publikoak klase sozialaren eta pertsonen jatorriaren arabera lehenesten dituena”.

Matutek justizia soziala bezalako edukiak “prostituitzea” leporatu dio Basagoitiri, Espainiako Gobernutik “Mariano Raxoi alderdikideak hezkuntzan eta osasungintzan eginiko murrizketak justifikatzeko esan du, pertsonen duintasunaren kontrako eraso larriak izan arren”. Gobernu popularrak osasun zerbitzuetan ezarritako murrizketak izan dira, hain zuzen ere, PPko buruzagiak gaia jorratzeko baliatutako aitzakia. Raxoik iragarri eta Basagoitik txalotutako neurrien artean beren egoera guztiz arautua ez duten etorkinei osasun txartela eskuratzeko trabak ezartzea dago.

Alternatibako bozeramaileak berriz eskatu ditu “gure baliabideak erabiltzeko ahalmena, bakarrik elkartasunaren eta internazionalismoaren bidetik lortuko dugulako pertsona libreek osatutako gizarte librea, non inolako bazterkeriarik pairatuko ez den, ez arrazarengatik, ezta klase baldintzengatik edo erosteko ahalmenarengatik”. Azkenik, Raxoi eta Basagoiti “muturreko betiko eskuin espainiarra” direla gogorarazi du eta, horregatik, Euskal Herrian ezkerreko eragile sozial, sindikal eta politikoen elkarlanerako deia egin du, “haien politika eta murrizketei batera erantzuteko”.

http://alternatiba.net/old-files/oskar-matute-cree-intente-dificultar-amaiur-tenga-grupo-tribunales-avalaran-reivindicacion_1_1006076.jpg

X