Matute: “Ez da koherentea Mariano Rajoyk Kolonbiako Bake Akordioa ospatzera joatea”

Koalizio subiranistak Espainiako Gobernuko presidenteari zuzendutako gutun bat erregistratu du Diputatuen Kongresuan. Gutunean, Oskar Matute Alternatibako kide eta EH Bilduko diputatuak, Marian Beitialarrangoitiaren batera, irailaren 26an Kolonbiako Bake Akordioa sinatzeko ekitaldira ez joateko eskatzen diote Mariano Rajoyri.

EH Bilduren ustez, Mariano Rajoyren gobernuak Euskal Herriko prozesu politikoaren nahiz Saharako gatazkaren aurrean daukan jarrera “ez da koherentea Kolonbiako Bake Akordioa ospatzearekin”. Horregatik, eta “kontuan izanik mota guztietako ad intra nahiz ad extra gatazkak kudeatzeko eta konpontzeko erakutsi duen ezgaitasuna eta Kolonbiako bake prozesuari dagokionez bere gobernuak ez duela inolako ekarpenik egin eta prozesu horretatik ez duela ezertxo ere ikasi”, koalizio subiranistak uste du “zentzuzkoena” dela Mariano Rajoyren gobernua ez joatea Kolonbiara irailaren 26an, “ez duelako inolako ekarpenik egin eta beraren aldetik ez delako ezer espero”.

EH Bildu

Alternatibak Kolonbiako herritarrak zoriondu ditu Habanan lortutako akordio historikoarengatik

Habanan Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARC-EPk lortutako bake akordioaren aurrean, Alternatibak Kolonbiako herritarrak zoriondu nahi ditu, lau urteko negoziazio gogorrek etekina izan baitute. Bi aldeen arteko konpromisoari esker, azkenean garatu egin dituzte negoziazioaren hasieran ezarritako bost puntuak: Nekazal erreforma, parte-hartze politikoa, bi aldeen su eten zein armagabetzea, drogen kontrola eta biktimak.

Azken ituna, “osoa eta behin betikoa”, Kolonbiara eraman beharko dute orain, Kongresuan eta Senatuan berretsi eta, azkenean, urrian egingo den herri galdeketa baten bidez herritarrek azken hitza izateko.

Hala, atzean geldituko da ia sei hamarkadetako gerra, eta helduko da eguna kolonbiar guztiek aukera izango dutela memoria partekatua eraikitzeko, aniztasun politiko, sozial eta kulturaletik. Guzti horregatik, Euskal Herritik eta Alternatibatik, #SiAlaPaz (bakeari bai) lemarekin bat egiten dugu, bakea eta justizia soziala helburu duen bidetik ibiltzen hasteko. Espero dugu, halaber, ahal bezain pronto ELNrekiko akordio bat ere lortu ahal izatea.

Partikularitatea, singularitatea, unibertsaltasuna

Joseba Barriola – Alternatiba

Adibide batekin hasiko naiz. Bi gertakizun edo egoera guztiz desberdinak: euskal presoak gartzeletan eta errefuxiatuak Europako ekialdeko mugetan edo Melillan edo Calais-en.

Bi gertakizun-egoera horiek guztiz singularrak dira. Euskal Presoen egoera ulertzeko kontutan hartu behar diren elementuak zeharo singularrak dira: besteen artean hor dugu, gertuko elementuak kontutan harturik, gerra karlistak utzitako memoria anitza, II errepublika eta gerraren oroitzapenak, Diktaduraren esperientzia latza, 1964ko Kontzilio Vatikanoaren ondorioak, 1970 Burgosko epaiketaren esperientzia, ondoren ezarri zen demokrazia frankistaren esperientzia etsigarria, … horrek denak (eta bestelako gertakizun nazional eta internazionalak) definitzen du presoen gertakizun-egoeraren singularitatea.

Bestalde errefuxiatuen egoera-singularra ulertzeko kontutan hartu beharko dira beste parametro batzuk. Gertu-gertukoak kontutan hartuz, hitz egin beharko genduke Herrialde Arabiarretan 2011 urten eman zen emantzipazio nahi orokorraren eztandaz, eztanda horri aurre egiteko erabilitako estrategiak desberdinak (Siria eta Libian edo Egipton eta Tunezen), hitz egingo beharko genduke 2008an Mendebalde deituriko lurraldeetan eztanda egin zuen krisi ekonomiko-finantziarioaz eta horri eman zitzaion erantzuna austerizidioaren aldekoa. Hitz egin beharko genduke modernitateak herrialde arabiarretan emandako esperientzia umiliagarria. Kontutan hartuz 2001ezkeroz islamofobiak irabazi duen pisua gobernuen politiketan (Afganistango gerra, Irak-ekoa, Palestinakoa beti mantendua, Yemen eta Sudanekoa…). Elementu guzti hauek errefuxiatuen egoera singularra ulertzeko beharrezkoak dira.

Bainan zer erantzuna ematen zaio presoen egoerari edo errefuxiatuen egoerari. Hiru hitz giltzarri erabiltzen ditugu presoen aldeko ahaleginetan: ASKATASUNA (kartzelarik atera), ETXERA (etxean bizi), DUINTASUNA (barneko kemena eta estima mantenduz). Eta hiru hitz horiek beraiek baliagarriak dira errefuxiatuen egoerari irtenbidea emateko bidea erakusten dutenak: ASKATASUNA ( munduan aukeratutako lurraldean bizitzeko askatasuna), ETXERA (jaioterriko etxea desegina dute gerraz eta miseriaz eta hor daude, mugan, inon ezin beraien etxea eraiki) eta DUINTASUNA (ez dira alprojak, ez dira gaizkileak… zer demonio da hori, tiroka errefuxiatuen aurka!).

Ondo begiratuta egoera singularrak dira baina altxatzen ditugun errebindikazioak Unibertsalak dira, unibertsaltasun horrek gidatzen du gure ahaleginak.

Bukatzeko zer da partikulartasuna? Ez dute denok presoen egoera berdin jasaten. Presoak lehen, guraso eta senideak eta lagunak gero, politikan kide direnak gero… egoera singula bat modu partikularrean jasaten da. Berdin esan dezakegu errefuxiatuen egoerarekin. Partikularra da, modu partikularren jasaten da egoera: bertan direnak, beraien senideak, beraien herrialdeetakoak, elkartasun elkarteak, gizarte islamofobikoak… Modu partikularrean bizi da egoera, baina egoera ez da partikularra, elementu orokorrak jartzen baititu jokoan. Gure presoen kasuan jokoan dagoena da Espainiako Demokraziaren hutsaltasuna (erregenerazio demokratikoaz hitz egiten da eta ez da hitz bat bera ere entzuten torturari buruz…). Errefuxiatuen egoerari dagokionez jokoan dagoena da estatu arabiarren gobernuen jokabide anti-herrikoia, mendebaldeko gobernuen politika merkantilista eta militarista.

Horrela bereizten dut nik hiru kontzeptu horiek. Partikularra da gertakizun-egoera bera bizitzeko modua; bainan gertakizun-egoera singularitate bat da, hau da, bere arrazoi orokor eta bereziak ditu. Aldiz, erantzuna, egoeratik irteteko erantzuna unibertsala izan daiteke edo talde itxi baten erantzuna korporatiboa, tribuko erantzuna. Presoen alde esaten dugunean ASKATASUNA, gartzela uzteaz gain Euskal Herri aske batetaz ari gara, eta Espainiako Demokrazia dezente batetaz ari gara; ETXERA esaten dugunean, guraso edo senideen etxeaz mintzatzeaz gain, Euskal Herri babesemaile batetaz ari gara, eta Natura bizigarri batetaz (Ama Lurraz) ari gara; DUINTASUNA esaten dugunean, Kaxbako, Tarhireko, New Yorkeko Occupy, Atenaseko sintagma ari gara aipatzen presoak eta errefuxiatuak begien aurrean edukitzearekin batera.

Horregatik, entzuten badugu “Presoen Arazoa ez da nere arazoa, presoena esker abertzaleko arazoa da”, geure bizitza geure eskutan hartzeko erabakiari uko egitea da. Presoen egoera neri zuzen edo zeharka ukitzen banau edo, hori konstatazio bat da. Presoen aldeko ahaleginetan parte hartzea Espainiako Demokrazia honen duintasun-eza, Torturarekin agerian dagoena, salatzea da, hau da, geure bizitzarako sistema politiko dezente baten alde ahalegintzea. Presoen egoerak esplikazio singularra du, beraien aldeko aldarria unibertsala da. Gauza bera errefuxiatuekin edo etorkinekin, oro har, eta segi…

Fatuarte:”Biktimak umiliatzen duena Alderdi Popularrak egiten duen erabilera alderdikoia da”

Alba  Fatuarte Alternatbako kide eta EH Bilduko zinegotziak, Jai Batzordean Aitziber Ibaibarriaga ordezkatzen duenak, gaur ezagutu den 2013ko txupineraren izendapenaren inguruko “sententziaren izaera politikoa salatu du. EH Bilduk inondik inora konpartitzen ez duen sententzia. Ez du zentzurik legeak pertsona bati txupinera izatea debekatzea, pertsona hori alkate, Urkijo beraren postua edota Espainiako presidente izendatua izateko eskubidea duenean. Ez du inolako zentzurik helburua politikoa ez bada. Hori dela eta, uste dugu Urkijo lurralde kolonialetako erregeorde bat bezala ari dela, PP bezala, Aste Nagusiaren ezaugarri nagusiaden izaera parte-hartzailearen kontra”. “Horrela”, gaineratu du, “hautesontzietan lortu ez duten garrantzia epaitegietan lortu nahi dute. Haien kontrolpean dauden eta herri honi arrotzak zaizkion epaitegietan”.

Zorionez “ez dute haien helburua lortu, eta ez dute lortuko. Bilbotarren gehiengoarentzat Jone Artola izan zen 2013ko txupinera. Duintasunez eta normaltasunez egindako lana”. Fatuartek gogoratu du “biktimak umiliatzen duena Alderdi Popularrak egiten duen erabilera alderdikoia dela”.

Horregatik guztiagatik, zinegotziak Alderdi Popularrari eskatu dio ” ez dezala egin Aste Nagusiaren jai ereduaren kontra. Herritarren babesa duen ereduaren kontra, alegia”. Horretaz gain, EH Bilduk gogoratu egin du “gobernu-ordezkariaren kargua ez dela beharrezkoa. Bakea eta normalizazioa oztopatzea bakarrik bilatzen du, hala nola gatazkaren ondorioak gainditzea oztopatu”.

EH Bildu Bilbo

Kolonbiako Gobernuak eta ELNk elkarrizketa aro publikoa irekitzeagatik pozik

Atzo, Caracasen, Kolonbiako Gobernuak eta Askatasun Nazionalerako Armadak (ELN) adierazpen publikoa egin zuten. Alternatibak eta EH Bilduk bere poza agertzen dute adierazpen publiko horren edukiengatik, Kolonbiako Gobernuak eta FARCek Habanan izandako elkarrizketetan aurrera egitea lortu zela ondorioztatzen delako eta bake iraunkor eta inklusiboa lortzeko aukera gero eta indar handiagoz ikusten delako. Kolonbiako prozesuan akordioen eraikuntzan parte hartzeko aukera eskaintzen zaio gizarteari eta, aurrerapausoak eman ahala, behin betiko bakeari bidea irekitzen ari zaio.

Kolonbia bezalako herri anaikidetu baten bake prozesua babesteko bere borondate osoa agertzen dio EH Bilduk eta, gainera, borondate hori euskal gizartearen gehiengo handi batena ere badela uste du.

Habanan FARCek eta Kolonbiako Gobernuak elkarrizketak abiatu zituztenetik, EH Bilduk bere konpromiso irmoa azaldu zuen Kolonbian bakea lortzeko eta, bake justu eta hobea erdietsi ahal izateko, lanari gogor ekiteko deia egin genien kolonbiarrei, gobernuari eta matxinatutako indarrei.

Oraindik ere lotu gabe dauden atalak FARCen eta gobernuaren ordezkaritzek ahalik eta denbora tarte txikienean bideratuko dituztela uste dugu.

ELNko eta Kolonbiako Gobernuko ordezkaritzek egindako iragarpenaren ondoren, bi aldeetatik indarkeria erabiltzeari uzteko adostasuna heldu beharko litzatekeela uste dugu, soilik horrela lortuko delako pertsona gehiago ez hiltzea. Era berean, giza eskubideak babesten dituztenei zein gizarte zibileko kide esanguratsuei egindako erasoekin amaitu beharra dagoela uste dugu, aspaldian gero eta gehiago baitira.

Kolonbiako gizartea mobilizatua dago, eta uste dugu horrek lagunduko duela bake egonkor eta iraunkorra lortzen eta prozesua amaierara eramaten.

Euskal Herritik Kolonbiarekin

EH Bildu

X