Milaka langileen lan eskubideak galtzeari aukera deritzo patronalak

Astebete baino ez da falta beharginen lan eskubideen kontra sekula egindako atentatu handienetarikoa gerta dadin; lan itunen ultraaktibitatearen amaiera. Bata bestearen atzetik, azken lan erreformek jaten joan dira langile klasea, hau da, lan harremanetan alde ahulena, babesteko zeuden oinarrizko berme guztiak. Eta orain errematea dator, lan itunak lurperatzea.

Hego Euskal Herrian dozenaka lan itun indargabetuko ditu ultraaktibitatearen amaierak, enpresarien botere handien txotxongiloa den Madrilgo gobernuak hala erabakita. Beraz, milaka beharginen eskubideak ipiniko dituzte galbidean.

Euskal Herriko patronalak denbora darama jada momento honen zain; eta oso kezkagarria da lan itunen amaiera “aukera” bezala aurkeztea, duela gutxi Adegi Gipuzkoako patronalak hitzaldi batean esan zuen bezala. Hitzaldi horren helburu bakarra zen enpresarien klaseari erakustea nola birrindu haien langile plantillak “lan erregulazio berria” erabilita. Lan erregulazio berria deitzen duten hori lan itunen desagerpena da benetan, hau da, lan harremanen des-arautze bat, goitik behera.  

Patronalak orain arte Enpleguaren Erregulazio Espedienteen erabilpena eta lan erreformak ekarritako beste hainbat tresnaren erabilpena arrazoitzeko erabiltzen izan duen argudioa “enpresen larrialdi egoera” zen. Baina amaitu da antzerkia; orain maskara kendu dute, eta beraien mezua argia da; patronala dirutza irabazten ari den kasuetan ere, egoera berriari ahalik eta etekin handiena atera behar diola, alegia, soldatak eta lan eskubideak toperaino murriztu, etekin enpresariala ahalik eta gehien handitzeko.

EH Bildutik ohar argi bat egin nahi dugu: lan itunen kontrako eraso honek oraindik ere gehiago pobretuko ditu lehendik ere murrizketak eta aurreko lan erreformen eragina pairatu dituztenak. Soldata jaitsierak, lan baldintzen prekarizazioa eta eskubide sozialen galera eragingo du neurriak; eta guztiok dakigunez, daukaten ondasun eta baliabide guztiak bizirauteko erabili behar izanez gero, kontsumoa ere amildu egingo da. Horrekin batera, lan jardunak luzatzeak oraindik ere gehiago handituko du langabetuen kopurua. PNVren Eusko Jaurlaritzak sektore publikoen luzapenarekin hasitako bidea laster kopiatuko dute enpresetako patronalek…

Gazteenek are gehiago pairatuko dituzte guzti honen kalteak; gaur egun dagoen gazte-langabezia tasarekin bi aukera baino ez baizaie geratzen ari: emigratzea, ala esklabutzatik gertu dauden lan balditzetan aritu. Emakumeok ere kaltetuenen artean geratuko gara berriro: eskumak eta enpresarien klaseak etxeko lanak egitera kondenatu nahi gaituzte, berez ere eskasak ziren lan eta familiaren arteko kontziliaziorako lan-neurriak desagertarazita.  

Eraso hau ere Madrildik diseinatutako berzentralizazio prozesuaren parte da. Horregatik, EH Bildutik EAEko eta Nafarroako gobernuei eta bereziki EAJri (tarteka baino ez bada ere burujabetzak hitz egiten duen EAJri) honako eskaria egin nahi diegu: behar den ausardia politikoa eta borondatea erakutsi dezaten Troikak eta Rajoyren gobernuak inposatutako neurrien aurrean.

Negoziazio kolektiborako geure marko propioa behar dugu: Herri honetako langileek euren lan eskubideak modu kolektiboan babestu ahal izateko espazioa behar dugu. Eta horregatik esan nahi diogu, berriro ere, EAJri Madriletik datozen inposaketak beste barik onartzen jarraitzeak erabateko hondamendira garamatzala. Hondamendi ekonomikoa, soziala eta politikoa. Ezin dugu jarraitu euskal herritarren duintasunaren kontrako erreforma, murrizketa eta dekretuak jasaten.

Ez da burujabetza aldarrikatzeko momentua, herri bezala erabakiak hartu eta burujabetza praktikan ipintzeko garaia da. Bihur ditzagun burujabetza ariketak hartzen dugun erabaki bakoitza, bultzatzen dugun neurri bakoitza, soilik horrela erantzun ahal izango diogu-eta, bizi dugun egoera larri honi. Adibideak hor daude, Gipuzkoako Foru Aldundiak herrialde horretako zaharren egoitzetako langileen eskubideak babestea posible egiten duen proposamena egin du, esate baterako, lan hitzarmenak baldintza duinen arabera berritzea ekarri duen proposamena, hain zuzen.

Horregatik guztiagatik, datorren eraso berri eta larria salatzea ere badagokigula uste dugunez, Euskal Herria Bilduk elkarretaratzea egingo du datorren larunbatean, 12:00etan, uztailaren 6an, Bilbon, Confebasken egoitzaren aurrean. “Lan erreformari ez. Euskal Herrian erabaki”, izango da leloa, lan erreformaren inposaketa eta lan itunen desagerpenaren kalteak salatzeko, eta Euskal Herriko langileei buruzko erabakiak bertatik, Euskal Herritik hartzea exijitzeko.

Murrizteko ideiak

“Murrizteko ideien” azken alea, gobernu eskuindar desberdinei opari gisa ematen dieguna, euskal zein espainiar eskuinei, halakoetan murriz dezatela guri eskubide guztiak ukatu aurretik erreforma eta neurri desberdinak direla medio. Kanpora Iberdrola bezalako enpresei eginiko zerga opariak, kanpora kirol klub pribatuei zorra barkatzea, kanpora inolako erabilpen sozialik ez duten eta zorpetzen gaituzten azpiegitura erraldoiei eta kanpora frankismoak izendatutako erret familiei. Hala murriztu daiteke. Ez horregatik Urkullu, Joselu, Barcina Rajoy eta enparauak. Nork esango du orain oposizio eraikitzailea egiten ez dugunik? #Murizteko ideiak.

Ideas para recortar Murrizteko Ideiak

Faxismoari trabarik ez Europan

Jonathan Martínez – Alternatiba

Clement Meric talde nazi batek Parisen erail duen egun berean, Kataluniako ultraeskuin zinegotzi Juan Gomez Monterok twitterren beste hilketa bat ospatzen du, Guillem Agulloren hilketa alegia, orain dela hogei urte Montanejos castelloar herrian labankada faxista batek akabatu zuena.
 
Gomez Monteroren hitzetan, Guillem  Agullo “orain dagoen lekuan ondo dagoen putakumea da”. Ez du esaten ostera, bere borreroak Espainiako muturreko eskuin alderdiei lotuta daudela. Ez du aipatzen ere, merke atera zitzaien krimena izen zela, Epaitegi Probintzialak lau urteko kartzela zigorra ezarri eta gertaera kale istilu huts batera mugatu zuenean.

Bigarren mailako hildakoak dira: Aitor Zabaleta, Carlos Palomino edo Lucrecia Perez dute izena, eta haien memoria umiliatzea doakoa da. Clement Meric eta Guillem Agullo dute izena, ezkerreko militanteak eta Europan patxadaz zabaltzen den faxismoaren hamazortzi urteko biktimak. Epaileen eta gobernarien babesa ere dituena, aukerak eskatzen duen bakoitzean beste alde batera begiratzen dutenak.

Ez dira pasako.

Emakumeena da erantzuna, eta askatasuna

Diana Urrea eta Carmen García – Alternatibaren Mahai Feminista

Emakumea ez da erantzulea; hau izan da Gallardonek Senatuan ugalketa eta sexu eskubideen legearen gaineko erreforma defendatzeko erabilitako argudioa. Hain zuzen ere Ministro jauna, hor dago koska eta hona hemen zure benetako asmoen biluztea: emakumeak obedientzian kokatzea, adingabe izatea leporatuz, haien gorputzen gaineko erabakiak hartzeko gai ez izatea baieztatuz, emakumeak zigortuak izatera edota haien osasunerako arrisku larriei aurre eginez, abortu klandestinoak egitera bultzatuz.  

Diozu ere ministro jauna, dilema hortxe dagoela; emakumeen bizitza proiekturako eskubidearen eta “ez jaioaren” bizitza eskubidearen arteko koordinazioan, alegia. Baina hori ez da zuzena, Alderdi Popularreko segizio taldeko ultrakontserbadore Gallardon jauna, ez zaitez argudio moralistekin inguru-minguru ibili. Bioetika batzordeak Kiko, Opus Dei edo Legioko militanteekin beteko dituzue, baina hauetariko inork ezingo du hobeto arrazoitu bizitza bat non hasi edo bukatzen den, haien moralkeri katolikoa mundu osoari ezarri nahi badiote ere. Ideologia kontserbadorearen soldadu hutsak dira, bioetikaren funtsezko oinarria beren gizonezkoen genitaletatik pasatzen dute: morala pertsonala eta besterenezina dela baieztatzea.

Nola kokatu borroka garrantzitsu hori? Hau da, sistemarentzat erabilgarriak, obedienteak eta sumisoak diren emakumeak aldarrikatzen eta eskatzen dutenen eta lotsarik gabeko emakume askeak aldarrikatzen eta egunetik gunera harrapatuta gaituen dominazio sistema anitz horretatik emantzipatzeko borrokan gaudenon arteko borroka. Abortuaren inguruko etorkizun mediatikoarekin aurrez aurre gaude, bi protagonista nagusi izango dituena: alde batetik, PSOE dago Estatu aferetan Roucoren mutur sartze ugarien gainetik, eliza katolikoarekin hitzarmena beti mantendu zuen alderdia; alderdi honek ez du inoiz emakumeen haien bizitzaren eta sexualitatearen gaineko erabakiak askatasunaz hartzeko osotasunezko eskubidea defendatu, ezta amatasunaren gaineko erabakiak hartzeko eskubidea ere, epe, tutoretza eta nahitaezko gogoeta denboraldi barregarriak ezarri zituztenean. Eta bestaldetik PP dago,  ideologia kontserbadore eta erreakzionarioena txalotzen duena Espainia atzerakoi eta beldurgarri honetan. Bi alderdiek berriro ere, gu emakumeaz eta gure askatasunaz baliatu nahi dira, botere kala gisa erabiltzeko sufritu duten hauteskunde beherakada horretan botoak eskuratzeko ahalegin batean; azken finean, haien helburu eta izaten jarraitzeko arrazoi bakarra.   

Halere, guretzat, emakumeontzat eta feminismo antikapitalistarentzat eztabaida, hipotesien eta epeen inguruko liskarren gainetik dago. Zuek, patriarka aitortuak eta politikoki neomatxista zuzenak, ez gaitzazue zorabiatu. Abortu eskubidearen aldeko borroka krisiaren kontrako borroka da, emakumeon aspaldiko ezaguna, betiereko ezegonkortasun eta kalte egoera batean mantentzen gaituena, eta atzoko kontua ez dena.

Abortatzeko baimena eskatzea inposatzen badigute, patriarkatuak beste guztian ere ari gaitu obedientzia inposatzen, ez gaituelako gure gorputzaren, bizitzaren, sexualitatearen eta amatasunaren gaineko erabakiak hartzeko pertsona autonomotzat hartzen. Etortzear dagoen legeari intsumisioa egiten badiogu, bortizkeria Kode Penalaren zigor forman etorriko zaigu edota abortu klandestino gisa, gure osasuna eta bizitza arrisku larrian jarriz. Legeak aurrera egiten badu, aberatsek eskubide aitortu hori mantenduko dute goi klaseari dagokion zuhurtasunaz bada ere, eta pobreek berriz, ez dute inondik inora bermatuta izango. Abortua kapitalismoa irabaztera eramango duen negozioa bihurtzen bada, osasun publikoan kontsekuenteki egindako ebakuntza publikoa izateari utziko dio. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, seme-alabak erditzera eta zaintzera behartzen gaituzte, kapitalaren infernuko gurpilaren ekoizpena martxan mantentzeko, bitartean, haiek utzitako apurrekin pozik bizi gaitezen ongizate kaskar bat ere mantentzeko gai izango ez den gizartean. Abortatzea ezinezkoa bazaigu, amatasuna eta zaintza gure etorkizuna izaten jarraituko dute, etxeetan garatuko dena. Eta bertatik, Menpekotasun Legearekin bezala, aplikatu diren murrizketen erasoak leunduko ditugu gure lan isila, doakoa eta ezkutatuarekin. Abortatzea edo ez abortatzea erabakitzeko ahalmena ez badugu, zeinek esango digu orduan desiratzen dugun, nahi dugun eta behar dugun antolaketa sozial eredua erabakitzeko berdinak garenik?

Ez dugu inolako itxaropenik Diputatuen Kongresuetako larruzko eta urre-kolorezko besaulkietatik emango den liskar honetan, ez eta Erreinutik jasotako edozeren aurrean, UPNk edo EAJk intsumisiozko jarrera bat izatea, are gutxiago, hauen DNAk gordetzen duen tradizio eta murgilketa katolikoa kontutan hartzen badugu. Baina badugu itxaropena, eta nolabaiteko fedea ere aitortzen dugu: emakumeok kolektiboki desobeditzeko eta jabetzeko dugun boterean tinko sinesten dugu, hamaika buruko munstro kapitalista eta patriarkal honen kontra erabiliko duguna. 

Alternatibak iruzurra deritzo monarkia bezalako erakunde antidemokratikoa aztertzearen itxura egingo duen gardentasun legeari

Alternatibako bozeramaile Asier Vegak ondorengoa aditzera eman du,  gaur Mariano Rajoyren Gobernuaren eta Errege Etxearen arteko negoziaketak eman direnean eta exekutiboak azken hau gardentasun legearen barruan sartu nahi duenaren informazioa prentsan publikatu denean: “Guztiz ironikoa eta iraingarria da egun iruzur kasu gehien irekita dituen alderdiak, diktaduraren oinordekoa eta gizarteak sekula hautatu izan ez duen instituzio opaku eta antidemokratikoarekin batera, haien izen garbiketa egiteko helburua duen legea guztioi saldu nahi izatea”.

Alternatibatik zalantzan jartzen dute “boteretsuen esanetara eta herri klaseei bizkarra emanda gobernuak egindako lege batek inolako erabilgarritasunik izango duenik”. Are gehiago, Vegak gogoratu du: “ekimen honen atzean dagoen alderdia, egunetik egunera gezur berri batekin esnatzen gaituen alderdi bera da bere karguen gehiegikeriak estaltzeko helburuarekin. Hau al da saldu nahi diguten gardentasuna Barcenasekin duten harremana oraindik argitu ez dutenean?”.

Aldi berean, euskal errepublika sozialista aldarrikatzen duen alderdiko bozeramaileak honako hau azpimarratu du “ez da egia ere monarkiaren inguruko ezer garrantzitsurik ezagutaraziko duenik, ez baitu Zarzuela –Frankok izendatutako estatu buruzagitza- behartzen herritarrek ordaindutako dirua zertan gastatzen duen aitortzera, ez eta familiako kide bakoitzak dituen ondasunak argitzera ere”. Bestaldetik, eliza katolikoa ere ez da lege honen menpekoa izango, urtero diru publiko mordoa jasotzen badu ere, hainbat zerga ez ordaintzeaz gain.

Azkenik, kartzela zigorraldien edota hauteskunde zerrendetan parte hartzeko gaitasungabetzeen harira, Vegak ondorengoa galdetu du “zein da ustezko zigor hauen balioa momentuko presidenteak, une hartan Zapaterok, bankari ezgaitu bati indultua ematen dionean eta justiziaren erabakiaren kontra eginez, Rajoyk legea aldatzen duenean Emilio Botinen konfiantzazko pertsona (Alfredo Saenz) jarduteko baimena izan dezan berriro?

X