Ana Etxarte eta Amaia Agirresarobe – Alternatibako Mahai Feminista
Orain dela hilabete Mugimendu Feministak manifestazioa egin zuen Bilbon, instituzioek emakumeen aurkako indarkeriari emandako erantzun eta trataera eskasa salatzeko, Ada Otuya eta Jenny Rebolloren erailketen kasuan gertatu bezala. Salaketaren helburua, instituzioen ustez indarkeria sexistari aurre egiteko aukera bakarra emakumeen gaineko kontrol eta murrizketa handiagoa eragitea dela adieraztea zen eta gizarte parekide bat lortzeko konpromiso eta borondate politikoa eskatu zennon indarkeria sexistak lekurik izango ez duen, ez erabilerarik ezta justifikaziorik ere.
Salaketa ezerezean gelditu zen beste behin ere, eta Bilboko Udaleko osoko bilkura PNV, PSOE eta PPk eragiten duten ikusezintasunaren erakusleiho bihurtu zen, Bilbon azkenaldian gertatu diren emakumeen aurkako eraso eta erailketen harira. Hala, PNVk, PSOEren babesari esker, eta herritarren segurtasunaren alorrean administrazioen arteko elkarlana hobetzeko PPk aurkeztutako mozioari erantzunez, polizia guztiekin eta sistema judizialarekin elkarlanean aritzea eta koordinatzen jarraitzea onartu zuen.
Nola da posible Udalak eraso sexistei aurre egiteko segurtasunean oinarritutako soluzioak, hau da, kontrol eta polizia gehiago proposatzea? Gai honen erantzukizuna Segurtasun Sailari egozteak arazoa “polizializatzea” eta indarkeria matxistari aurre egiteko beharrezko ikuspuntuan huts egitea dakar. Izan ere, Otuya eta Rebolloren hilketak indarkeria sexistaren ondorio dira, eta gizonek emakumeengan eragiten duten zapalkuntzan, esplotazioan eta dominazioan oinarritzen den eta indarkeria kontrolerako tresna moduan erabiltzen duen gizarte matxista honetan errotuta daude.
Ezinezkoa da emakumeen aurkako indarkeria saihestea eta honi aurre egitea bere zergatia aztertu eta berdintasun politika eraldatzaileak martxan jarri gabe. Indarkeria guzti hauei aurre egiteko, erakunde eta sail ezberdinetatik bultzatutako politika eta neurrien koordinazioa ezinbestekoa da. Izan ere, helburua emakumeei autonomia eta burujabetza eskaintzea izan behar da, indarkeria sexistari aurre egin diezaioten.
Baina Udaleko gobernuan dagoen alderdiak dena modu berean konpontzen du, gaia edozein dela ere: lapurreta bada, polizia; auzokideen arteko gatazketarako, polizia; indarkeria matxistaren kasuan ere, polizia gehiago. Udal gobernuaren lotsagabekeria agerian gelditu zen Areso jaunak esan zuenean “zaintza berezi bat eskainiko lukeela emakumeak prostituzioan diharduten zonaldeetan”. Aitzitik, beraiek izan ziren kalean prostituzioan aritutako emakumeak zigortzeko ordenantza onartu zutenak. Euren soluzioa al da bere lana egiteagatik isuna jartzen dieten pertsona horiek berberak izatea babesa eskainiko dietenak?
Lehenik eta behin, PNVk espazio publikoaren Ordenantza bertan behera utzi beharko luke, kalean prostituzioan diharduten emakumeen estigmatizazioa eta ikusezintasuna handitu baino ez duelako egiten. Bestalde, indarkeria matxistaren aurkako borroka lehentasun bihurtu beharko luke, apustu politiko erreala eginez. Aski da diskurtso hutsekin; gezurrezko konpromisoak baliabide ziztrinetan bihurtzen dira, soilik erantzun sinple eta herrenak emateko gai direnak eta emakumeen egoera aldatzeko gai ez direnak.
Berebizikoa eta premiazkoa da indarkeria matxistari bere arrazoietatik eta ondorioetatik abiatuta aurre egitea, politika integral eta kolektiboetan oinarrituta, emakumeen jabekuntza sustatuz eta euren egoera maila guztietan hobetuz. Horretarako mugimendu feministarekin elkarlanean aritzeko espazioak baliatu behar dira, indarkeria matxistaren aurkako borrokan egin duten ibilbide luzea dela eta.
Horretarako baliabide ekonomiko eta langile nahikoak behar dira. Baina ez, Bilbon eraso sexisten kopurua gora egin arren, PNVko jaun-andreek berdintasun aurrekontua eta indarkeriaren aurkako programak murriztu egiten dituzte urterik urtera. Bitartean Alkateen Foroa bezalako ekitaldia antolatzen dute, herritarrik gabeko topaketa bat, enpresa handiek euren negozioak egin ahal izateko egina, eta 500.000 euroko kostua izan duena. Horretarako dirua egon badago; emakumeentzat ordea, ez.