Alde nabarmena baitago bata eta bestearen artean, besteak beste, laguntzak eskatu eta eskubideak aldarrikatu egiten direla. EAEko Gizarte Zerbitzuen Legea, 2008ko abendukoa, helburu nagusi batekin onartu zen: gizarte prestazioak eta zerbitzuak unibertsalizatzea. Hala, adinekoen egoitzak, zentro okupazionalak, familia harrera zerbitzua, indarkeria matxista jasaten dutenentzako laguntza psikosoziala edo gizarteratzeko eguneko zentroak bezalako zerbitzuak pertsona guztien esku jartzea zen onartu zeneko asmoa, bakar batzuen pribilegioa izan ez zedin.
Legea indarrean sartu zenetik hamar urte bete izanak hausnarketarako aitzakia egokia eskaintzen digu. Izan ere, ibilbide honetan mugarri garrantzitsua egon da, hain zuzen ere, 2016ko abenduaren 25ekoa. Egun horretan legean jasotako zerbitzuak eta prestazio ekonomikoak eskubide subjektibo bilakatu ziren eta. Hau da, gaur egun eskubide horien betetzea erreklamatu ahal da administrazio bidean eta beharrezkoa bada epaitegietan ere bai. Beraz, legearen arabera osasunak, hezkuntzak edo pentsioek duten babes maila bera dute. Azpimarratu beharra dugu, hartara, babes osoa duten eskubideak direla eta ez, sarritan entzuten den moduan, «laguntza» soilak.
Zoritxarrez, argi eta garbi esan daiteke legea erabat betetzetik urrun gaudela. Zalantzarik gabe, finantziazioa konpondu gabeko gai gatazkatsua da, baina ez bakarra. Legearen garapen normatiboa hasi baino ez da egin, herrialde eta herrien arteko desorekak nabariak dira, eta kudeaketa pribatuan oinarritzen den sisteman ezartzen diren kontrolak ez dira beti egokienak; gabezien zerrenda luzea da. Are gehiago, agerikoa da oraindik ez garela euren eskubide izaeraz guztiz jabetu, ez ditugula behar adina defendatzen. Finean, ez gara ohartzen zainketek duten garrantziaz, baina errealitatea da pertsona guztiok zainketak behar ditugula bizitzaren une guztietan. Hauek mota eta maila ezberdinetakoak izango dira momentu bakoitzean geure burua zaintzeko edo elkarren zaintzarako daukagun gaitasunaren arabera. Zainketa duinak modu kolektiboan antolatzeko aukera dago; baina arreta berezia beharrezkoa denean, ezinbestekotzat hartu behar dira.
María del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua