Ratioak jomugan
Zahar etxeetako gatazkan ratioak izan dira punturik arantzatsuenetako bat. Zentroetako erabiltzaileen arta bermatzeko behar den zuzeneko arreta zehazten dute ratioek, eta Jaurlaritzak jartzen ditu oinarrizko irizpideak. Dekretuari esker, ratioak «hobetuko» direla adierazi du erakundeak, baina oinarri falta egotzi diote langileen ordezkariek.
Ander Rodriguez Gipuzkoako Aldundiko Gizarte Politiketako diputatu ohiak uste du aldaketak ratioak okertzea eragingo duela hainbat kasutan: «1998ko dekretuan lanaldi osoaren baitan zehaztu ziren ratioak. Baina, orduan zegoen lanaldia eta egun dagoena ez dira bera. Ratioak arretarako eskaintzen diren minutuen arabera zehaztu behar dira, ez lanaldiaren arabera».
Halaber, Rodriguezek nabarmendu du beharrezkoa dela ratioak ezartzeko, egoeraren «analisi sakona» egitea, erabiltzaileak artatzeko dauden beharrak kontuan hartuta. Jaurlaritzaren dekretua «inongo ikerketarik» gabe egin dela esan du: «Zenbaki batzuk jarri behar zituzten».
2017an Gizarte Politiketako Saileko aholkularitza juridikoak txosten bat argitaratu zuen, eta han biltzen zen, besteak beste, dekretu proiektuan ezarritako ratioak «justifikatu gabe» zeudela. Behin betikoan ere, hala jarraitzen dutela iritzi dute kritikoek.