Torturaren Prebentziorako Batzordeak txosten bat argitaratu berri du non, Espainiako agintariei, neurri zehatzak har ditzatela eskatzen dien espetxean tratu txarrak saihesteko eta tratu txarren kasuak modu eraginkorrean ikertzen direla bermatzeko. Era berean, preso zaurgarriak artatzen diren moduak hobetzeko neurri sorta proposatzen du. Gainera, txostenean badira bestelako neurriak polizia, adingabeen zentroak eta espetxeetako ospitale psikiatrikoak kontuan hartzen dituena.
Oraingoan, espetxean dauden emakumeen inguruan egiten duen hausnarketan erreparatu nahi dut. Eskaera argia da honetan: espetxe-politikak genero-ikuspegia hartzea, hots, emakume presoen beharrizan zehatzak kontuan hartzea. Horren arrazoia argia da; emakumeak espetxe-biztanleriaren gutxiengo txiki bat dira, espetxe-sistemak gizonezko preso estandarretara egokituta dago, eta ez dira premia espezifikoak kontuan hartzen. Egiaztatuta dago preso dauden emakumeen artean egoera horretan dauden gizonen artean baino buruko gaixotasun, droga-mendekotasun eta autolesio kasu gehiago izaten direla; gainera, horietako asko sexu-indarkeriaren eta beste genero-indarkeria mota batzuen biktimak izan dira.
Zigor-sistema bereziki gogorra da emakumeentzat eta, halere, oso gutxi aztertzen da espetxeen barruko egoera; ikusezinak dira. Jakin badakigu, espetxeak gure gizartean jada existitzen diren diskriminazio-mekanismoak errepikatzen eta zabaltzen dituela. Ondorioak argiak dira, esaterako, ostatu-baldintza okerragoak, familia-ingurunetik eta babes ingurunetik urrun egotea, profil kriminalen nahasketa… Horretaz gain, jasotzen duten estigma askoz handiagoa da, bereziki, kontuan hartuta ezin izango dutela zaintza lanak aurrera eraman.
Adierazgarria da, halaber, nola txostenak gomendatzen duen balio profesionaleko jarduera eta ikastaroak eskaintzeko, eta ez soilik genero-estereotipatutako ikastaroak, josketa eta sukaldaritza kasu. Izan ere, ondoriozta daiteke kartzela sistemak, rolak erreproduzitu ez ezik, emakumeak zintzo bihurtu nahi dituela.
Maria del Rio – Alternatiba
GARA/NAIZen argitaratua