EH Bildu udal taldeak maiatzeko Osoko Bilkuran eztabaidatuko den mozio bat erregistratu du, gardentasuna bermatze aldera, Bilboko Euskal Museoaren eta Bilboko Arte Berreginen Museoaren kudeaketa eta administrazio organoetan udal ordezkaritza duten talde politiko guztien parte-hartzea eta ordezkaritza orekatua eskatuz.
Horretarako, bi museo horietaz arduratzen den Bilbao Bizkaia Museoak Sozietatearen Administrazio Kontseilua, hain zuzen Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak erdibana kudeatzen duten erakundea, Udaleko Osoko Bilkuran ordezkaritza duten talde politiko bakoitzeko zinegotzien kopuruaren proportzioan eratzea eskatzen du.
Alba Fatuartek, EH Bilduko zinegotziak, gogora ekarri duenez, duela gutxi iragarri da Bilboko Alde Zaharrean dagoen Euskal Museoa handitu eta berritu egingo dela, eta lan horiek 2024an bukatzea aurreikusita dagoela. Horren kostua 15 milioi eurokoa izango da, eta ordaintzeko bi erakundeek banku-kreditua eskatu dute.
Adierazi duenez, Euskal Museo berritua osatuko duten lau eraikinak birmoldatuta, %85 handituko da egungo erakusketa-azalera, eta bisitari-kopurua hirukoiztea aurreikusten da. Handitze-proiektuarekin batera, proposamen museologiko berritu bat egin da, tenkologia berrietara egokitua. “Horrek guztiak adierazten du datozen urteetan Euskal Museoa hazi egingo dela, ez bakarrik espazioari dagokionez, baita giza baliabidei, erreferentzialtasunari eta garrantziari dagokionez ere”, gaineratu du.
Fatuarteren ustez, aldaketa horiekin batera, kudeaketan ere aldaketak egin beharko lirateke, “gardentasuna eta presentzia orekatua hobetuz Bilbao Bizkaia Museoak erakundearen kudeaketa, administrazio eta ordezkaritza-organoetan”.
“Orain arte gardentasun eza”
Fatuartek adierazi duenez, “orain arte ez da egon nahikoa gardentasunik” Bilbao Bizkaia Museoak Sozietatearen kudeaketan. Hala, gogorarazi du Sorkunde Aiarza Euskal Museoko Koordinatzaileari “bederatzi urteko desgaikuntza zigor berezia ezarri ziotela kargu publikoan aritzeko, prebarikazio delitu bat egin izanagatik”.
Gaineratu duenez, “hori hala izanda ere, Bilbao Bizkaia Museoak sozietateko administrazio arduradunek ez zuten zalantzarik izan EAJko alkate ohia Bilboko Arte Berreginen Museoko zuzendari izendatzeko”. Izendapen hori 2011 urtean egin zen, une hartan Bildu udal taldeak agertutako desadostasuna kontuan hartu gabe, Aiartzak kargu publikoan aritzea debekatuta zuelako, Bizkaiko Probintzia Auzitegiak berretsitako zigorraren ondorioz.
Fatuartek gogorarazi duenez, halaber, 2017an bere udal taldeak salatu zuen, “Bilbao Bizkaia Museoetan komunikazio-teknikariaren lanpostu bat zuzenean esleitu zela, hautaketa-prozesuan iruzur zantzuak egon zitezkeela agerian gelditu ostean”. Zinegotziak gogorarazi duenez, une hartan prozesu hori baliogabetzeko eskatu zen udalbatzarrean, baina ez zen lortu.
Horregatik guztiagatik, EH Bilduren ustez, “aurrekari nahiko daude baieztatzeko, Bilbao Bizkaia Museoak sozietatean, %100ean diru publikoarekin finantzatutako erakunde batek izan behar duen gardentasun eta kudeaketa mailarekin bat ez datozen praktikak egin direla”. Horregatik, gaineratu du “ezinbestekoa dela udal-ordezkaritza duten talde guztiek ikuskatze lana egiteko aukera izatea”.
Kontrola eta asmo eraikitzailea
Euskal Museoaren eta Berreginen Museoaren kudeaketaren gaineko beharrezko kontrolaz gain, EH Bilduk uste du udal taldeek Bilbao Bizkaia Museoen Administrazio Kontseiluan parte hartu behar dutela antzeko entitateen kudeaketa organo eta erakundeetan parte hartzen duten moduan.
Azpimarratu duenez, “Udal Osoko Bilkuran ordezkaritza duten talde politiko guztietako zinegotziok funts publikoekin finantzatutako kultur arloko sozietate eta fundazioen Administrazio Kontseiluetan parte hartzen dugun bezalaxe, hala nola Arriaga Antzokia, Bilbao Arte, Bilbao Musika edo Azkuna Zentroan, Bilbao Bizkaia Museoak Sozietatearen Administrazio Kontseiluan berdin jokatu beharko litzateke, erakunde publiko horien kudeaketa ikuskatzeaz gain, ekarpenak egin ahal izateko bere jarduera hobetzeko helburuarekin”.