Duela egun batzuk Deustobarometroa aurkeztu zuten; sei hilabetero egiten den inkesta honen helburua Euskal Autonomia Erkidegoaren egoera sozial, ekonomiko eta politikoari buruzko informazioa biltzea da. Oraingoan ere, prezioen igoera, bizitzaren kostua eta inflazioa izan dira kezka nagusiak. Horren ondorioz, inkestatuen erdiak baino gehiagok energia-gastua mugatzen duela onartzen du, baita neurri txikiagoan ere etxeetako elikadura-gastua. Bestalde, osasun-arretarekiko kezka nabarmen handitu da, eta lehenengo aldiz bigarren arazo garrantzitsuena bihurtu da. Era berean, Osakidetzaren balorazioa azken hamarkadako baxuena da. Kezken zerrenda luzea da, baina egoera ekonomikoarekin, zerbitzu publikoen murrizketekin eta lan-baldintzekin jarraitzen du. Emaitzak xehetasunez baloratzen hasi gabe, esango nuke ez direla harrigarriak, jendartean eta komunikabideetan hauteman dezakegunarekin bat datoz eta.
Datu horiek guztiek pobreziaren kontzeptuan pentsatzera eraman naute, argi eta garbi ekonomikoak diren aldagaiengatik, baina ez horiengatik bakarrik, baita osasunari eta zerbitzu publikoei dagokionez ere. Izan ere, pobrezia definitu eta neurtzea, zalantzarik gabe, gai konplexua da. Gainera, kontzeptua zabalduz joan da azken hamarkadetan, hainbat dimentsio gehituz. Gero eta argiago onartzen da diru-sarrera ez dela ongizate-neurri bakarra, pobrezia oinarrizko premiak asetzeko mugatzat hartzen da eta. Esaterako, bizitza luze eta osasungarria izatea, ezagutza eskuratzea eta adierazpen-askatasuna izatea, edo gizartean elkarri eragitea. Azpimarratu behar da gabezia jakin batzuk sortzen direnean, horiek pairatzen dituztenen duintasuna bera jartzen dela arriskuan; ez da, beraz, arinki hartzeko gaia. Ikuspuntu zabalago horretatik, pobrezia murrizteko estrategia ekonomikoak eta sozialak ere aldatu eta zabaldu behar dira, helburua jendearen aukerak eta ongizatea zabaltzea izanik. Ez dezagun ahaztu zerbitzu publikoen defentsak baduela pobrezia murrizteko eta guztion duintasuna bermatzeko funtsezko zeregina.
María del Río – Alternatiba
Publicado en GARA – NAIZ