Dagoeneko, sei hilabete dira Basurtuko Ospitaleko Bihotza Kirurgiak Gurutzetan egon behar zuenetik, Osakidetzako kudeatzaileen erabakiaren ostean. Ezaguna denez, Gotzone Sagarduiren saila entzungor azaldu zen medikuntza profesionalen, erabiltzaileen zein zerbitzu buruen kontrako jarreraren aurrean. Eta azkenean espero ez genuen jokalaria azaldu zen zelaira: justizia. Arabako administrazio auzitegiak lekualdatzea geldiarazi zuen, erien bizirauteko aukerak murriztuko liratekeelako neurria indarrean sartuz gero. Osasun sailak helegitea aurkeztu zuen eta, asteon, EAEko Auzitegi Nagusiak gaixoen bizitzaren alde egin du berriz; eta Jaurlaritzaren kontra, beraz.
Txiste ezagun batek azaltzen du nola gizon bat harrituta dabilen errepidean, ikusita gainerako gidari guztiak kontrako norabidean doazela. Osakidetza gidatzen dutenek aukera berria izan dute norabidea aldatzeko, bide okerrean zihoazela onartu gabe ere, epaien aitzakiapean egiten zutela, baina ez da hala izan. Aitzitik, kudeaketa eredu despotikoaren bidean azeleratzailea zapaltzea erabaki dute. Are gehiago, Sagarduiren sailak esan du “gaiaren funtsari” ez zaiola erantzun oraindik auzitegietatik. Eta horretan, ados egon daitezke asko.
Osasungintzako sindikatu guztiek bi greba egunera deitu dute sare publiko osoan datorren astean, hain zuzen ere, Osakidetza desegiten ari direla ohartarazteko eta egiturazko arazoen aurrean Eusko Jaurlaritzak borondate politikorik ez duela agertzen salatzeko. Azken finean, egia da epaileek ezingo diotela heldu honen guztiaren atzean dagoenari: osasungintza publikoa gainbeheran dagoela aspalditik, eta ez dela zorigaitzak ekarritako pandemia edo aurreikusi ezin zitezkeen jubilazioek eragindako egoera, erabaki politikoen ondorioa baizik. Zoriak ere ez du ekarri osasun aseguru pribatuak saltzen dituzten iragarkiak nonahi azaltzea, txanpon beraren bi aurpegiak direlako zerbitzu publikoak desegin eta, alderantzizko proportzioan, zerbitzu horrekin negozioa egiten dutenen loraldi ikaragarria ematea. Gaiaren funtsa, jakina, murrizketak eta pribatizazioak direlako.
Irakurri NAIZen.