EH Bilduren udal taldeak mozio bat aurkeztu du Bilbon tenkatutako bizitegi-eremuak izendatzeko, Euskal Herriko beste toki batzuetan egin den bezala, hala nola Donostian eta Errenterian. Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak eta Karlos Renedo EH Bilduko zinegotziak aurkeztu dute ekimena gaur prentsaurreko batean. Bertan, legealdi honetan EH Bilduren jardunaren ardatz izango den gai batean jarri nahi izan dute arreta: etxebizitzan.
[EUS]Bilbon 16.000 eskatzailetik gora daude Etxebideko zerrendetan. Etxebizitza arazo larriari heltzeko, zer behar dugu?
➡️Tentsio handiko eremu izendatu
➡️Etxebizitza- parke publikoa handitu
➡️Etxebizitza hutsak mugitu
➡️Pisu turistikoak kontrolatu@MariaDelRio_P @otxargorri pic.twitter.com/pTz0bydRQm— EH Bildu Bilbo (@ehbildubilbo) September 18, 2023
Ildo horretan, Maria del Riok azaldu du kanpainan zehar hartutako “konpromisoa” dela, Bilbon “etxebizitzaren egiturazko krisia baitago eta egunetik egunera larriagoa da”. Hori dela eta, esan duenez, “ohiko lehen osoko bilkura honetan gaiari heldu nahi izan diogu”, mozio hori aurkeztuz. Era berean, EH Bilduk aurreko legealdian lortutako akordioekin galdera batzuk ere aurkeztu ditu, hala nola etxebizitza hutsen kanonari buruzkoak eta etxebizitza eskubidearen aldeko plan estrategikoa egiteko etxebizitza-foroaren ingurukoak.
Ildo horretan, Renedok zehaztu du galdetu dutela zer baliabide esleitu dituen udal-gobernuak kanon hori aplikatzeko, ea etxebizitza hutsen udal erregistrorik dagoen, 3/2015 Legeak ezartzen duen bezala; eta ea legegintzaldi honetan etxebizitza huts deklaratzeko espedienteak abiaraztea aurreikusten den. Sailarteko etxebizitzari buruzko foroari dagokionez, martxan jartzea aurreikusten den eta noiz jarriko den galdetu dute. “Akordio horiek zenbateraino betetzen diren jakin behar dugu, eta, erantzunetan oinarrituta, gauzatu daitezen eta benetan eraginkorrak izan daitezen lan egingo dugu”, gaineratu du.
Tenkatutako eremuak
Tenkatutako eremuen mozioari dagokionez, EH Bilduko zinegotziak gogoratu duenez, Etxebizitza legeak eskuduntzak ematen dizkio Bilboko Udalari tenkatutako bizitegi-eremuen deklarazio-prozesua abian jartzeko, eremuotan etxebizitza konponbide eraginkorrak bilatzen laguntzeko, alegia, etxebizitza eskuragarriaren eskaintza egokia eta nahikoa sortzeko. “Aukera soilik ez: beharra ere bai, ikusita udalerrian 16.000 eskatzaile baino gehiago daudela izena emanda Etxebideren zerrendetan, babestutako etxebizitza bat behar dutelako”, azpimarratu du.
Ildo horretan, Maria del Riok adierazi duenez, “argi dago beharrezkoa dela akordio bat lortzea Bilbon tenkatutako bizitegi-eremuak izendatzeko”, eta, beraz, gainerako taldeei eskua luzatu die adostasuna lortzeko. “Donostian eta Errenterian egin bada, Bilbon ere posible da, eta horrek, zalantzarik gabe, gure hirian dugun etxebizitza-arazo larriari aurre egiten lagunduko lioke”, nabarmendu du.
Azkenez, EH Bilduk “hala izan dadin lan egingo duela” esan du eta, gaineratu duenez, era berean, “gure ahaleginak etxebizitza-parke publikoa handitzera, hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzera eta pisu turistikoak kontrolatzera bideratuko ditugu”. “Horiek guztiak lehentasunezko jarduera-eremuak izango dira gure udal taldearentzat, eta udal-subiranotasuna defendatuko dugu abian jartzeko”, azaldu du.
Irakurri EH Bildu-n.