Zorionez, garraio publikoko deskontuak mugatzeko erabakia zuzendu egin dute. Osterantzean, milaka erabiltzaile %50eko deskontuetatik kanpo geratuko ziren. Horrek esan nahi du, 2022ko irailetik indarrean dagoen eredua hasi berri den urtera ere luzatuko dela. Zalantzarik gabe, albiste ona da, eta horretan zerikusi handia izan du presio politikoak baina, batez ere, egindako presio sozialak. Hala ere, mugikortasun-paradigmaren beharrezko aldaketa lortzeko, ezin gara aldi baterako apustuetara mugatu, beharrezkoa da neurri estrategikoak eta epe luzekoak hartzea. Edozelan ere, gogoratu behar dugu jatorriz laguntza horien helburua inflazioaren gorakadari eta, oro har, bizitzaren garestitzeari aurre egitea, eta bide batez mugikortasun jasangarria sustatzea izan zela. Ez da gutxi, kontuan izanda EAEn garraioa dela CO2 isurien eragile nagusia. Hori bai, hasiera-hasieratik laguntzei behin-behineko izaera eman zitzaien, helburu eraldatzailerik gabe.
Horregatik, ezinbestekoa da, ahalik eta lasterren, errenta eta erabilera kontuan hartzen dituen tarifa-sistemarako pauso erabakigarriak ematea; metodo zaharkituen aldeko apustuak saihestuz, hala nola hileko bonuak. Bada garaia, behingoz, garraio zerbitzu publikoa bateratuko duen sistemara salto egiteko; baldintza homogeneoak izango dituen benetako garraio sistemara, alegia. Baina laster hasiko diren beherapenetan bezala, prezioa ez da kontuan hartu beharreko elementu bakarra. Garraio pribatua ahalik eta gehien murrizteko, maiztasuna eta zerbitzua bera ere hobetu behar dira. Agerikoa baita garraio publikoaren eskaintzak ez dituela egun mugikortasun-premia guztiak estaltzen. Are gehiago, ohiko erabiltzaileok ikusten dugun bezala, zerbitzuaren kalitateak nabarmen egin du okerrera, erabiltzaileen hazkundera egokitzeko neurriak ez direlako aurreikusi.
Kudeaketa kaskarra eta sortutako nahasmena gorabehera, positiboa da funtsezko zerbitzu baten kalitateari eta finantzaketari buruzko eztabaida ireki izana. Zuzenketa gorabehera, ezin dugu debatea, berriz ere, faltsuan ixten utzi.