Maria del Rio EH Bilduko bozeramaileak adierazi du bere alderdiak bat egin duela ‘2024-2027 Bilboko Segurtasun Itunarekin’, hainbat aldaketa eta jarraipena egiteko esparru parte hartzaileak lortu ostean. Itun berriaren negoziazioan eta segurtasun arloko eragile sindikal, sozial eta akademikoekin hainbat bilera egin ondoren, EH Bilduko udal taldeak proposamen bat idatzi zuen segurtasunaren ikuspegi integral batetik.
Maria del Riok zehaztu duenez, aipatutako proposamena “aurreko itunaren emaitzak sakonago aztertzeko beharretik abiatzen zen baita itun berriaren neurriak zehazteko beharretik. Horrez gain, EH Bilduk proposatutako hainbat neurri berri sartzeko beharra ere ikusten genuen, bizikidetzan eta bitartekaritzan, delituaren prebentzioan, prestakuntzan eta barne-antolaketan oinarrituta”. Era berean, “plangintzarako, herritarren partaidetzarako eta gardentasunerako neurriak aurreikusten genituen, baita itunaren beraren ebaluaziorako neurriak ere “, gaineratu du.
“Segurtasun-ituna, batez ere, plangintzarako tresna bat da”, adierazi du Maria del Rio bozeramaileak, eta iragarri du bere alderdiak neurri zehatzak hartzea lortu duela “polizia-eredu komunitario bat indartzeko, parte-hartzaileagoa, gardenagoa, bermatzaileagoa eta auzoetako elkarteekin harreman handiagoa izango duena”.
EH Bilduk itunean sartu dituen neurrien artean honako hauek daude: auzoetako segurtasun- eta bizikidetza-tailerrak hobetzea; giza eskubideen eta diskriminazio ezaren arloko prestakuntza indartzea; EBren 2024-2025eko Arrazakeriaren kontrako Ekintza Plana egokitzea; irudiak hartzeko eta erabiltzeko protokolo bermatzaileak garatzea; kriminalistika edo biktimentzako arretarako unitateak hobetzea; polizia komunitarioaren eta auzoko elkarte-sarearen arteko harremanak indartzea; datuen trazabilitate-sistema bat sortzea; delitua prebenitzeko neurriak garatzea ingurumen-diseinuaren bidez (CPTED, ingelesezko sigletan oinarrituta); kode deontologikoaren aurkako jokabideak erregulatzeko barne-arauak egitea edo Bizikidetzaren Behatokiarekiko koordinazioa indartzea, besteak beste.
“Segurtasun sentsazioa beharrean kezka eragin diguten erantzun polizialak ikusi ditugu udaltzaingoaren parte hartzeari dagokionez, eta, beraz, gardentasun, kontrol eta herritarrentzako berme gehiago ahalbidetuko dizkiguten neurriak ere gehitu ditugu”, adierazi du bozeramaileak.
Maria del Riok adierazi duenez, itun hau “ez da negoziazioaren azken puntua, baizik eta segurtasun politika publikoen jarraipena egiteko eta erabakiak hartzeko esparru parte-hartzailearen abiapuntua”, eta horren adibide gisa jarri du etorkizuneko Segurtasun Plan Estrategikoa martxan jartzea. “Itunaren sinatzaile gisa, hartutako neurrien jarraipenean eta garapenean parte hartuko dugu”, nabarmendu du.
Nolanahi ere, Maria del Riok berretsi du EH Bilduk “lanean jarraituko duela beharrezko esparru guztietan, segurtasun integralaren alde”, eta, aldi berean, “bizitza erdigunean jarriko duten” itun berriak negoziatzeko konpromisoa aipatu du, “Bilbori dagozkion gai guztiak EH Bildurengan eragina duten gaiak baitira”.
EH Bildun irakurri.