20Irailean gaude jada, eta askorentzat udako oporrak urrun geratzen hasiak dira. Klaseetara itzultzeko garaia da, egunak laburtzen hasi dira, errutinak berreskuratzen ditugu, eta bestelako aldaketa sotilagoak ere gertatzen dira; adibidez, ez da hain ohikoa turista taldeekin topo egitea.
Duela gutxi arte Bilbon turista bat ikustea zerbait berria zen. Kongresu edo azoka batera etorria zela ematen ez zuen bisitariren batekin topatzea anekdotikoa zen, eta ilusioa ere egiten zigun argibideak emateak. Egun, aldiz, ohitu baino ohituago gaude, eta dagoeneko hasiak gara bilatzen ez diren ondorioak jasaten, hala nola etxebizitzaren prezioaren igoera, espazio publikoaren erabilera intentsiboa, azpiegitura eta zerbitzu publikoen gehiegizko erabilera, tokiko merkataritzaren eraldaketa eta, nola ez, bere eragin ekologikoa. Dagoeneko Alde Zaharrean eragin horiek guztiak pairatzen dituzte bizilagunek. Souvenir dendak ugaritzen diren bitartean, komertzio tradizionala desagertzen ari da, auzotarren beharretatik urrun dauden denda batzuk agertuz; hala nola caganerretan espezializatutako denda bat.
Argi dago turismoak, beste edozein jarduera ekonomikok bezala, bere kanpo-eragin negatiboak dituela, eta horiek kontrolatu behar direla. Gainera, kontuan izan behar dugu batez ere hiriko auzo batzuetan biltzen dela, eta urtaroen araberako osagaia duela; horrek eragina du auzotarren bizi-kalitatearen galeran. Beraz, beharrezkoa da turismoari eta haren gaitasun eraldatzaileari modu serioan heltzea. Oraindik presioa beste leku batzuetan baino txikiagoa izatea ez da aitzakia hori ez egiteko, bereziki, hura bultzatzen jarraitzen dugunean. Gero eta urrunago dago Guggenheim efektuaz hitz egitea ohikoa zen garaia. Turismoari hiriaren birgaitzearen traktore-rola esleitu zitzaion eta turisten etorrerak ezin ziren zalantzan jarri, panazea zirudielako. Premiaz hitz egin behar dugu hainbat konturi buruz: pisu turistikoak kontrolatzea, turismo-tasa zehaztea, bisitaldi turistiko gidatuak arautzea, edo hiriko ostatu-plaza turistikoak modu globalean erregulatzea.