Berriz ere, abenduaren 3a, desgaitasuna duten pertsonen eguna “ospatzen” da. Desgaitasuna gauza bakarra balitz bezala, pertsona bakoitza bere izaerari eta premiei dagokienez bakarra ez balitz bezala.
Are gehiago, aurreko paragrafoa osorik zuzendu beharko litzateke. Ez ote da izango ezinduena ingurunea dela? Ez al da izango beharrak eskubideak ez betetzetik sortzen direla? Eta ez pertsonak berak.
Azken asteetan, pertsona guztiei derrigorrezko hezkuntza bermatzen ez zaien eta unibertsitate-ikasketekin jarraitzeko laguntzarik onartzen ez zaien egoera nabarmenetan gaude.
Eta hezkuntza bermatzen ez den bezala, ez da ehundaka pertsonari lanpostu bat lortzea bermatzen. Ez da bermatzen lanpostua fisikoki eskuraezina delako, ingurunea egokituta ez dagoelako, lanpostuak egokitzea ahalbidetzen duten neurriak hartzen ez direlako, azterketak egoera desberdinetara egokitzen ez direlako. Desgaitasuna duten pertsonak batez bestekoa baino askoz ere gutxiago sartzen dira lan-merkatuan.
Horren ondorioz, errenta-maila gainerako biztanleena baino askoz txikiagoa da, eta, neurri handi batean, ezinezkoa da bizitza independenteko proiektuak egitea, pertsona orok lortu nahi duena.
Era berean, ez da bermatzen pertsona guztiek osasunerako sarbidea izatea, ez da bermatzen irisgarritasun kognitiboa, ez dira sustatzen erabiltzailearen autonomia eta aukeratzeko askatasuna.
Eta ez dezagun hitz egin Euskal Herriko biztanle gehienek etxebizitza eskuratzeko dituzten zailtasunei buruz, mugikortasun murriztua duten pertsonentzat zailtasun erantsia baitute.
Azkenik, zainketei buruz hitz egin dezagun, desgaitasunen bat duten pertsonen kasuan oso ezaugarri bereziak hartzen baititu; izan ere, estigma sozialaren ondorioz, dibertsitate funtzionala duten pertsonak etengabe zaintzeko pertsonak direla uste dugu, hautatzeko gaitasunik eta agentzia-gaitasunik gabekoak. Haien bizi-ibilbide bakarra familiak sostengatzetik instituzionalizatuak izatera igarotzea da.
Ikasi egin beharko da pertsona guztiok zainduak, artatuak eta lagunduak izan behar dugula gure bizitzako etapa eta une desberdinetan. Baina ez dugula horregatik, nahitaez, erabakitzeko eta autodeterminatzeko ahalmena galtzen.
Hezkuntza, lana, soldata, etxebizitza, osasuna eta zaintza. Euskal Herrian ustez ditugun Ongizate Estatuaren zutabeak dira, baina dibertsitate funtzionala duten pertsonak Euskal Herritik kanpo geratzen diren bitartean ez du izen hori merezi izango.
Eta ezkerreko erakunde eraldatzaile batentzat, kontsigna zaharra berreskuratuz ogia, lana eta askatasuna, gure ekintza gidatuko duen motorra izan behar du, baita pertsona guztien autonomia eta bizitza independentea bermatzeko ere.