Aste honetatik aurrera jarduera instituzionalera bueltatuko da Alternatibako kide Ander Rodriguez Lejarza (Arrasate, Gipuzkoa, 1982). Pello Urizarrek duela zenbait hilabete iragarri zuen Legebiltzarra uzteko asmoa zuela eta kargu-uztea egunotan gauzatu ostean, Gipuzkoako zerrendatik hurrengoa, Rodriguez alegia, legebiltzarkidea da dagoeneko.
Oso gaztetatik aritu izan da militantzia politikoan: 2003an hasi zen Arrasateko Udalean zinegotzi, eta 2015era arte aritu da herritarren ordezkari lanetan. Alternatibako sortzaileetako bat ere bada. Ondoren, 2011n, Bilduk Gipuzkoako Batzar Nagusietako hauteskundeak irabazi ostean, Gizarte Politiketako ahaldun izendatu zuten Rodriguez, eta lan horretan jardun zen legegintzaldian. 2007-2011 eta 2017-2019 urte tartean ere izan da Batzar Nagusietako kide. Horrez gain, EH Bilduko Politika Sozialeko idazkaria ere izan da.
Politika Sozialeko diputatu bezala, aurrerakuntza sozial nabarmenak lortu izan ziren Gipuzkoan. Besteak beste, azpimarratzekoa da herrialdeko erresidentzietako grebaren harira, langileen aldarrikapenekin bat egin eta, ondorioz, erabiltzaileen zaintza hobetze aldera, Bilduren gobernuak erakutsi zuen jarrera. Lehenengo aldiz, erakunde publiko batek arduraz jokatu eta, lan eskubideak ez ezik, zaharren ongizatea jokoan zegoelako, langileen alde egin zuen. Hala, lan erreformaren neurri lazgarriak ez ezartzeko baldintzapean, gobernuaren aldetik ahalegin ekonomikoa jarri zuen mahai gainean. Patronalak, irabazi asmoei bakarrik begira, Ander Rodriguez auzitara eramateko saiakera ere egin zuen.
Prestakuntza akademikoari dagokionez, EH Bilduko legebiltzarkide berriak Historiako Gradua (EHU/UPV) dauka, masterra egin du Ikerketa Historiko, Artistiko eta Geografikorako Metodo eta Teknika Aurreratuei buruz, Analisi Geoespazialari buruzko Graduondoa dauka eta egun doktoretza-tesia egiten ari da: Teoria Ebolutiboaren Aplikazioa Transmisio Kulturalari Historiaurrean gaia lantzen ari da.