Argitzeko 8.30ak dira eta Bilboko Enkarnazio Plazaren atzekaldean hogei bat lagunek bere gauzak jasotzen dituzte plastikozko zakuetan. Kale gorrian pasa dute gaua eta, goizero, ariketa bera egiten dute giro lasaian, Atxuriko Harrera taldeko auzokideen laguntzaz.
Zoritxarrez, esnatzeko momentu hori ez da egunero hain barea izaten. Noizean behin, Udaltzaingoaren patruila-kotxeek jarritako martxa militarrak bat-batean esnatu izan ditu edo Bilboko Udaleko garbiketa zerbitzuko langileei ihes egindako ur txorrotak iratzarrita hasi behar izan dute eguna. Edonola ere, normalean minutu gutxitan burutzen dute eguneko lehen zeregin hau, ezin dutelako denbora askorik galdu. Izan ere, San Frantzisko, Zabala edo Iralarako jantokietara hurbildu behar dira gosaltzera, larrialdietako gizarte zerbitzuen txartela eskuan. Geroxeago, ikastera doaz gehienak, dela helduen hezkuntza ikastegira edo erakundeetako ikasketa-programetara, heziketa profesionalera salto egiteko aukera bat lortzen duten bitartean. Ia guztiak Bilbon erroldatzeko eta aterpetxeren batean sartzeko zai daude, Udalak horretarako aukera ematen dien bitartean, Bilbora heldu berri den etxegabe orok bezala, gutxienez hiru hilabetez itxaron behar izaten dutelako horretarako.
Normalean, aterperik ez duten pertsonek ez dute aukerarik euren historia lehen pertsonan kontatzeko, baina Atxuriko auzotarren elkartasunari esker, lehen eskutik ezagutu ditzakegu kantxetan gauak pasatzen dituztenen bizipenak, ibilbideak eta ametsak. Azken asteotan, sareetan zabaldu den bideo batean kontatzen digute nola irten ziren euren etxeetatik, urteetako bidaian itsasoa pateraz gurutzatzera, Bilbora heldu eta inongo bebes-sarerik gabe kalean hilabete latzak igarotzera eta, azkenik, ofizio bat ikasiz kaletik irten diren, egunen batean hemendik euren familiak laguntzeko grina gauzatuz.
Urriaren 31n, Etxerik gabeko pertsonen egunean, BesteBi, denok bizilekua izatearen eta aterpe bakoen aldeko Plataforma-ren izenean egindako manifestuak jasotzen dituen eskaeren artean, euskal legeriak aitortutako eskubide subjektiboak (etxebizitza-eskubidea, diru-sarrerak bermatzeko errenta eskubidea eta gizarte zerbitzuetarako eskubidea) benetan garatzeko eskaera agertzen da, eta baita etxegabetasuna desagerrarazteko estrategia aurrekontu egonkor eta nahikoarekin garatzeko ere. Baina aipamen berezia egiten zaio estrategia horren egikaritzean etxegabetasunaren arazoa pairatzen duten pertsonen parte hartze zuzena bermatzeko garrantziari. Euren ahotsak entzutea garrantzitsua da, horregatik egunotan Atxuriko kantxetatik pasatzeko aukera baduzue, bertan eskegita dauden pankartetan agertzen diren mezuak irakurri daitezke: “ez gara lapurrak, langileak gara”, “gatozen lekutik gatozela, gizakiak gara”, “Aterpetxe faltagatik lo egiten dugu hemen” edota “aterperik gabe ez dago eskubiderik, konponbidea orain” dira, hain zuzen ere, bertan lo egiten duten lagunek zabaldu nahi duten mezua.
Ni azken honekin geldituko naiz: Konponbidea orain. Izan ere, argi dago Atxuriko kantxen irudia auzoko mugak gainditzen dituen arazo baten isla dela, eta hor ditugu 2020ko EAEko bizitegi-bazterkeriako egoeran dauden pertsonen egoerari buruzko V. azterketaren datu suntsitzaileak: Bilbon ia 700 pertsona daude bizilekurik gabe, kalean, aterpetxe arruntetan eta pandemiarako salbuespenez egokitutako ekipamenduetan banatuta. Kontuan hartuta ez dakigula pandemiaren ondoriozko programak noiz arte mantenduko diren, hiriko gaueko aterpetxe eta harrera-zentroen sareak 250 pertsona ingururentzako edukiera duela, eta datu guztiek berresten duela egoera horiek, bereziki Bilbon, gero eta joera handiagoa dutela, askori kontuak ez zaizkigu ateratzen.
Jakin badakigu Udalek bere horretan ez dutela gaitasun nahikorik egoera honi aurre egiteko; baina egia da, era berean, gai honetan erantzukizuna hartzera deituta dauden erakunde guztietan, hala nola Bizkaiko Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan, alderdi berdinek gobernatzen dutela. Beraz, ez dago aitzakiarik. Pandemiaren murrizketak bertan behera gelditu dira, eta gure herrira pertsonak iristen jarraituko dute. Eta lehen unetik neurriak hartu ez gero, pertsona hauek kalean hilabeteak igarotzera behartzen jarraitzen badituzte, bestelako arazo eta mendekotasunak garatzeko arrisku handia dute, arazoa biderkatuz. Guztioi dagokigu gizarte solidario bat eraikitzea, baina administrazio publikoaren ardura da zerbitzu egokiak garatzea, inor ere kalean bizi ez dadin.
Alba Fatuarte – Alternatiba
Uriolan argitaratua