Egunotan Kolonbiako Egiaren Batzordearen azken txostenaren Europarako aurkezpena egin da Bilbon, hiru urte baino gehiagoko lanaren eta milaka biktimari entzutearen emaitza. Sei hamarkada baino gehiagoko gatazkari heltzea zen helburua, zoritxarrez, indarkeriak hor dirauen testuinguru baten. Ekitaldi hunkigarria izan zen, ia jai giroan emandakoa, Kolonbiako politikan eman berri den aldaketa itxaropentsuarekin bat egin duelako.
Batzordearen asmoa gertatutakoa argitzen laguntzea eta gatazkaren konplexutasunaren azalpen zabala ematea izan da. Era berean, gertatutakoa ez errepikatzeko gomendioak jaso dituzte txostenean. “Etorkizuna dago, egia badago” leloak ondo laburbiltzen du berritzaileak izan nahi duten prozesu eta txostenen xedea. Aztertutako gatazkaren dimentsio ugarien artean, erbestearena aztertzen da modu aitzindarian. Beraz, “Kolonbiatik kanpoko Kolonbia” deritzonean sakondu nahi izan da.
Erbesteko errealitatea ez da inongo gizartearentzat arrotza, ezta guretzat ere. Hala ere, ikusezina izaten jarraitzen du. Bide horri ekiten dionak bere segurtasuna hobetzen badu ere, bere bizitzan urradura sakona sortzen zaio. Ez da, beraz, hartzen den aukera, ziurgabetasun handiko egoera sortzen duen azken baliabidea baizik. Gainera, inpaktu negatiboak ez dira soilik joaten denarentzat, geratzen diren familiartekoek ere jasaten dituzte, baita belaunaldi berriek, familia-esperientziek zeharkatuta, edo komunitateak berak ere.
Azken batean, Egiaren Batzordearen lana egia jakiteko eskubidea gauzatzeko ariketa da. Eskubide hori estatuek giza eskubideen urraketa larrien inguruabarrei buruzko informazioa emateko duten betebeharrean oinarritzen da. Zuzeneko biktimei eta haien senideei dagokie, jakina, baina kolektiboki ere gauzatu beharreko eskubidea da. Gizarte moduan, nazioartean ere, memoriarako eskubidea dugu. Horregatik guztiagatik, bidea egiten lagundu dutenen lana eskertu beharrekoa da, baina bereziki euren zauriak berriz irekitzea erabaki duten milaka pertsona horiei gure aitortza zor diegu.
Maria del Rio – Alternatiba
GARAn argitaratua