Toni Ramos – Alternatiba Araba
Krisiaz modu orokorrean hitz egitea, honezkero, nekagarria eta errepikakorra ere izan daiteke. Dagoeneko, ezkerreko gizon eta emakume guztiok bat gatoz esatean hau ez dela krisi ekonomiko soila, ez dela krisi zikliko horietako bat, kapitalismoaren babesleek irakatsi nahi izan diguten bezala, igaroko diren horietakoak eta azken buruan merkatuak ia berez konponduko dituena. Izan ere, errealitatean, sistema kapitalista beraren krisi bat da, krisi ekonomiko, ekologiko eta energetiko batean ondorioztatu dena. Egoera honetan, kaltetuak betikoak dira, bereziki emakumeak.
Gertuko kasuak ezagutzea interesgarriagoa izan daiteke; Gogoeta eragin eta horrelako egoerak pairatzen dituzten pertsonez errukiarazten gaituztenak; gehiago ala gutxiago, basakeria honen eraginik jasotzen dutenak eta noiz edo noiz mobilizazioren bat babesteko kalera ateratzen animatzen diren horiek hunkitu ditzaketenak. Hau eraginkorragoa izan daiteke kontzientziak pizteko, bai, baina kasu horiek ere, gero eta gehiago, gure egunerokotasunaren parte dira eta ohikoak bihurtzeko, eta beraz sentsazionalismoan erortzeko arriskua dute.
Inguruan begiratu besterik ez dugu egin behar, bizilagunak entzun, udal asanbladetara joan (deitzen diren lekuetan, noski), kalean dauden kartelak begiratu eta norberaren burua ispiluan begiratu. Aski da gainean dugun egoeraz jabetzeko. Gure inguruan gertatzen dena azaletik aztertu besterik ez dugu behar. Honen bitartez ulertuko dugunez, ez da beharrezkoa azalpen global bat bilatzea, azalpena bere horretan datorrelako, eta ez dugu eredu dramatiko bat behar, parez pare dugu eta.
Nik ariketa hau praktikan jarri dut nire herrian, Agurainen. Higiezinen eztandak eta bestelako txorakeriek eraginda, aurreko udal gobernuak sustatutako kudeaketa negargarriaren erruz Udalak duen zor izugarriaz konturatu naiz; FCC talde boteretsuaren filial batean estalitako erraustegi bat Olaztin eraiki nahi izateagatik guztiok sufritzen dugun arriskua ikusi dut; langabeziaren lekuko izan naiz, azken urtean %10eko igoera izan duena, Agurainen %19ko tasa eutsiezinera heldu dela; eta etxe kaleratzeen itzal makabroa eta baita familia aguraindarren zelatan dauden putreak ere. Horrela, kasu jakinetan gelditzeko beharrik gabe eta azalpen globalak emateko beharrik gabe, egoera onartezina dela ondorioztatu dut eta arrazoi nahikoa dauzkagula bidegabekeria horien guztien aurka kalera ateratzeko eta matxinatzeko; sistema kapitalistaren aurka matxinatzeko.
Baina Agurainen kasua ez da bakarra, ez da salbuespen bat, ez da aparteko gertakari bat. Eta gure herri eta hiri guztietan, gure inguruan gertatzen denari buruz azaleko analisi hau bera egiten badugu, argudio berdin eta ezberdinekin topo egingo dugu, kalera irteteko eta munstro zapaltzailearen aurka eta bere ondorioen aurka matxinatzeko.