Prekaritatearen isla politikoa (Maria del Rio)

Lehenengo hauteskunde-kanpaina udaberriko oporretan izango da bete-betean -arabarrek San Prudentzio berezia ospatuko dute-, eta hilabete eskasera hautestontziekin bigarren hitzordua izango dugu. Hortaz, pentsa dezakegu jada hasia den kanpainaurreak luze joko duela. Eztabaida politikoak, ordea, askotan ez ditu alderdien programak ardatz; ohikoa izaten da, esaterako, hausnartzea zein izango den parte-hartze maila, eta zer nolako eragina izango duen azken emaitzetan. Aurtengo egoera bitxiaren ondorioz, gogoeta horrek askorako emango duelakoan nago.

More…

Alternatibaren buletina defendatuko dut

Aspaldiko! Kostata, baina itzuli gara. Buletina hau jaso duzu, berriki horretarako izena eman duzulako, zure kontaktua eman diguzulako informazioa jasotzeko asmoz edota bere garaian Alternatibaren aldizkari digitala jasotzen zenuelako. Alternatibaren webgunea berritzen hasi ginenetik, buletinak bidaltzeari utzi genion, baina bueltan gara dagoeneko. Hala, hemendik aurrera berriz ere jasoko duzu gure jardueraren berri: iritzi artikuluak, hitzaldien informazioa, borroka instituzionala zein mediatikoaren bideoak, etab.

Mesedetxo bat! Dena delakoagatik ez baduzu nahi buletina jaso, arazorik ez, baina ez ezazu SPAMera bidali. Erabili ezazu buletinaren behealdean ageri den lotura harpidetza bertan behera uzteko. Aurrerantzean, gure sare sozialetako profilen bidez jarraitu ahal izango gaituzu, Twitter, Facebook zein Youtuben, edota gure webgune berrituan: alternatiba.net. Eskerrik asko.

(Bideo) Hitzaldia: Ezkerra eta nazio eraikuntza. Joxe Iriarte “Bikila” eta Jule Goikoetxea

Alternatibak hitzaldia egin zuen joan den urtarrilaren 24an bere Donostiako egoitzan, ezkerraren eta eraikuntza nazionalaren arteko lotura aztertzeko. Horretarako, eskarmentu handiko bi hizlarik hartu zuten parte solasaldian: Joxe Iriarte “Bikila”, Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kidea, idazlea eta euskal ezkerreko militante historikoa; eta Jule Goikoetxea, filosofoa, ekintzaile feminista eta EHUko irakaslea.

Estaturik gabeko nazioetan eztabaida etengabe bezain korapilatsua izaten da hitzaldian jorratutakoa: burujabetzaren edota eskubide sozialen aldeko borrokaren artean lehentasuna zeinek duen. Askorentzat txanpon beraren bi aldeak dira, guztiz banaezinak, baina bada uztartze hori ezinezkotzat jotzen dutenak. Horren inguruan aritu ziren.

Alternatibak babesa agertu die GARAko langileei eta gizarteari komunikazio proiektu herritarrak defendatzeko deia egin dio

Alternatibako Koordinakunde Nazionalak salatu egin du milaka euskal herritarren ahalgin eta bultzadarekin martxan jarritako komunikabideen kontrako enegarren erasoa. Gararen kontrako lapurretaren harira doa salaketa, modu bidegabean eta ulertezinean  egotzi baitzaio Eginen zorra. Ondorioz, komunikabide baten etorkizuna mehatxupean jarri dute, berez bideragarria dena, aniztasun informatiboa beraren kalterako.

Tamalez, euskal independentismoaren aurkako estrategia errepresiboan, orain Kataluniarekin eta TV3ekin egin bezala, Espainiako Erresumak zentsura, jazarpena eta komunikabideen itxierak baliatu izan ditu. Adibide larri bezain ugarien artean, 1998an Egin beraren itxiera dago, Ardi Beltzarena (2001) edota Euskaldunon Egunkariarena (2003). ETAren jarduera eten zenetik ere, bere joera zapaltzaileari jarraipena eman dio estatuak: Apurtu eta Ateak Ireki webguneak itxi, kazetariak atxilotu (Alfredo Remirez) eta Mozal Legea ezarri (Hala Bedi eta Argia).

Egoera honen aurrean, Alternatibak bere babesa agertu nahi die Garako langile guztiei. Gizarteari, bestetik, dei egin dio bide guztietatik babesten jarrai ditzala martxan jarritako komunikabide herritar independenteak, gizarte anitza eta demokratiko baten ezinbesteko osagai direlako.

Ezkerra eta eraikuntza nazionalaren harremana jorratuko du Alternatibak Donostian

Ostegun honetan, urtarrilaren 24an, Alternatibak hitzaldia egingo du bere Donostiako egoitzan ezkerraren eta eraikuntza nazionalaren arteko lotura aztertzeko. Horretarako, eskarmentu handiko bi hizlarik hartuko dute parte solasaldian: Joxe Iriarte “Bikila”,  Alternatibaren Koordinakunde Nazionaleko kidea, idazlea eta euskal ezkerreko militante historikoa; eta Jule Goikoetxea, filosofoa, ekintzaile feminista eta EHUko irakaslea.

Estaturik gabeko nazioetan eztabaida etengabe bezain korapilatsua izaten da hitzaldian jorratuko dena: burujabetzaren edota eskubide sozialen aldeko borrokaren artean lehentasuna zeinek duen. Askorentzat txanpon beraren bi aldeak dira, guztiz banaezinak,  baina bada uztartze hori ezinezkotzat jotzen dutenak. Horren inguruan ariko dira Bikila eta Goikoetxea.

Hitzaldia Alternatibaren Donostiako egoitzan izango da, Autonomia kaleko 15.ean (Easo plazako Euskotren geltokiaren ondoan), hilaren 24an, osteguna, arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Euskaraz izango da, eta sarrera askekoa, aretoa bete arte. Solasaldia Alternatibaren hamargarren urtemugaren harira antolatutako hitzaldi sortaren baitan dago, Donostian egingo den lehenengoan hain zuzen ere.

Alternatibak Kolonbiako bake prozesuaren oztopoak eta bilakaera aztertuko ditu Bilbon

Hurrengo asteazkenean, urtarrilak 23, Alternatibak hitzaldia egingo du Bilbon, Kolonbiako bake prozesuaren bidean izandako oztopoak eta bere bilakaera aztertzeko. Dagoeneko, bi urte baino gehiago igaro dira Cartagenan Gobernuak eta FARC-ek akordioa izenpetu zutenetik. Solasaldian bake elkarrizketetan parte hartu izan duten bi kidek hartuko dute hitza: Alberto Pinzon Sanchez eta Carlos Alberto Ruiz Socha. Aurkezle lanetan Diana Urrea Herrera Alternatibako Mahai Internazionalistako kidea arituko da.

Alberto Pinzon Sanchez, medikua eta antropologoa, 2001ko eta 2002ko  bake elkarrizketetarako batzordeetan aritu zen, non Kolonbiako gobernua eta FARC aurrez aurre egon ziren; bigarren aukeran ELN ere han izan zela. Carlos Alberto Ruiz Sochak, bestetik, akademikoa eta abokatua da, FARC-eko aholkularia izan zen duela bi urteko bake prozesuari begira eta egun zeregin berberetan dabil ELN-rentzat.

Hitzaldia bideratzeko ardura Diana Urrea Herrera Alternatibako kideak izango du. Kolonbian jaioa, legebiltzarkidea izan zen Gasteizen iragan legegintzaldian, eta Porto Alegreko (Brasil) Kolonbiako Bake Foroan parte hartu zuen 2013an.

Solasaldia urtarrilaren 23an izango da, arratsaldeko 18:30etatik aurrera Bilboko Hika Ateneoan (Ibeni kaia 1). Alternatibaren 10. urtemuga ospatzeko antolatutako hitzaldi sortaren baitan kokatua, sarrera askekoa izango da aretoa bete arte.

(Bideo) “Hamar urtez ezkerra eraldatzen” ekitaldia 18/12/15

Alternatibak bere hamargarren urtemuga ospatzeko ekitaldi politikoa egin du Bilboko Itsas Museoan. Izan ere, 2008ko abenduaren 13an egin zen alderdiaren aurreneko batzarra, Bidebarrieta liburutegian hain zuzen.

Ekitaldian Bakartxo Ruiz EH Bildu Nafarroako lehendakarigaia 2019rako eta Oskar Matute Alternatibako bozeramailea. Kongresuko diputatuak bere alderdiak azken hamar urte hauetan jokatu duen papera nabarmendu nahi izan du: “Igarotako denborak frogatu du bere garaian egiten genituen diagnostikoak zuzenak zirela frogatu du, gaur egun ere baliagarriak ditugula. Esan genuen orduan hiltzeko jaiotzen ginela, gure aberria personak direlako siglen gainetik”.

Testuinguru politikoari dagokionez, ultraeskuinaren gorakada izan du hizpide, “Europan faxismoaren izurritea politika austeriziden ondorioz biderkatu” dela ohartarazi du, eta “garai ilunak” datozen arren, “ezkerreko gizon-emakumeok atzera ibiltzeko ohiturarik ez” dutela ziurtatu du. Sistema ekonomikoaren emaitza “pertsonei mugak ezartzea baina kapitalari askatasunez mugitzeko aukera ematea” dela salatu du, eta horregatik, “orain dela hamar urte, gaur bezala, eskuin arrazista, matxista eta homofoboaren aurrean tinko altxatuko gara”.

10. urtemuga

2008ko abenduaren 13ko sorrera batzarraren ondoren, hain zuzen ere “Abenduak 13” izenekoa, Alternatiba alderdien erregistroan inskribatu zuten 2009ko otsailean. Urte berean, erakundearen egiturak sortu ziren, Koordinakunde Nazionala (zuzendaritza politikoa) zein proposamen politikoa garatzeko Elkarlan Mahaiak. Hasierako dokumentu hauek 2018 honetan gaurkotu izan dira, Eraiki deritzon prozesuan.

2010etik, eta euskal esker subiranistaren baitan elkarlanaren aldeko apustuaren baitan, Alternatibak zenbait akordio estrategiko izenpetu zituen, hala nola Adierazi EH eta Gernikako Akordioa (2010) edo Euskal Herria Ezkerretik (2011). Urte horretan EA eta independenteekin batera maiatzeko udal eta foru hauteskundeetara aurkeztea erabaki zen. Bide beretik egin zen Amaiur gisa Espainiako bozetara aurkezteko akordioa, ordurako Sortu eta Aralar alderdiekin batera ere.

Batzar Nazional desberdinetan (erakundearen erabakigune nagusian) Alternatibak ezker subiranistaren aldeko frontearen alde egitea erabaki du behin eta berriro, EH Bildu indar hegemonikoa izateko asmoari bere ahaleginak eskainiz, euskal gizartearentzat eskubideak eta bizitza duina bermatzea ahalbidetuko duen eraldaketarako tresna bihurtuta.

Alternatibaren 10. urtemuga apirilera arte luzatuko da, borroka desberdinen inguruan antolatutako hitzaldi sortarekin, Euskal Herriko hiri desberdinetan. Hizlari adituak izango dira, arlo desberdinak jorratzeko, hala nola feminismoa (Irantzu Varela, Oihana Etxebarrieta o Zuriñe Rodríguez), ekosozialismoa (Luis Gonzalez Reyes eta Nuria del Viso), Internazionalismoa (Carlos Alberto Ruiz Socha, Alberto Pinzón Sánchez eta Diana Urrea) edo eraikuntza nazionala-soziala (Jule Goikoetxea eta Joxe Iriarte ‘Bikila’).

Kataluniako erreferendumaren irudi kronikarik onenaren aurkezpena Bilbora eramango du Alternatibak, “Dies que duraran anys”, Jordi Borras egilearekin

Hurrengo larunbatean, urtarrilaren 12an, Alternatibak Bilboko Hika Ateneora eramango du Jordi Borras fotokazetariaren “Dies que duraran anys” (Urteetan iraungo duten egunak) (Ara Llibres, 2018) liburuaren aurkezpena. Egileak berak azalduko du bere lana, 2017ko udazkenean, urriaren 1eko egun historikoen bezperako, tarteko zein osteko egunetan jasotako irudiak biltzen dituena.

Ekitaldia, aurreko egunean Gasteizko EH Bilgunean egingo denarekin batera, Euskal Herrian liburu honen itzulpenaren egindako aurreneko aurkezpena izango da. Iazko San Jordi azokan gehien saldutako liburuetako bat izan zen, hain zuzen ere, libro “Dies que duraran anys”.

https://pbs.twimg.com/media/DwjEdf7XcAAmk_0.jpgJordi Borras, ilustratzaile eta fotokazetari ezaguna da, eta aurretik ere Alternatibak antolatutako saioetan hizlari aritu izan da, faxismoaren gorakada aztertzen. Bere lanean talde ultraeskuindarren mehatxuak pairatu izan ditu, eta eraso fisikoak ere, udan polizia nazional baten eskutik pairatutakoa bezala.

Liburuak irudi ikusgarri bezain ikonikoak jasotzen ditu, , Kataluniako historian betirako gogoratuko direnak: herritarren mobilizazioak, hautestontziak zein boto paperak babesteko trikimailuak, kargu publikoen aurreneko atxiloketak, etab. Irudiekin batera, egun horiek algaraz, beldurrez eta, batez ere, duintasunez bizi izan zituzten idazle ezagunak ageri dira liburuan.

Bilboko aurkezpena larunbatean, hilak12, izango da, eguerdiko 12:30etatik aurrera Hika Ateneon (Ibeni kaia 1). Alderdiaren 10. urtemugaren harira antolatutako hitzaldi sortaren hurrengoa izango da, eta sarrera askekoa da aretoa bete arte. Borrasi sarrera egiteko, Fermi Rubiralta historialari, zientzia politikoan doktore eta ANC Euskal Herria-ko kidea izango da.

Gehiago

Uriola: Jordi Borras fotokazetaria Bilbon egongo da “Dies que duraran anys” liburua aurkezten

X