Gizarte eragileek espazio publikoan egin nahi dituzten ekimenei Bilboko EAJk eta PSOEk ezarritako beto politikoa salatu dugu

EH  Bildu eta Udalberri udal taldeek azken egunetan EAJ eta PSOEk osatzen duten udal gobernuak ezarritako beto politikoa salatu dute. Espazio publikoaren erabilerari ezarritako beto politikoa, hain zuzen ere. EH Bilduk eta Udalberrik jakin dute Obra eta Zerbitzu sailaren aginduetara dagoen Espazio Publikoaren bulegoak Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformari 22an Plaza Elikptikoan bijilia bat egitea debekatu diola. Horretaz gain, 23rako aurreikusitako hainbat ekimen egitea debekatu dizkio. Ekimen horiek guztiek herritarrak gerratik ihesi Europara heldu nahi duten errefuxiatuen egoeraz sentsibilizatzea dute helburu.

Egindako salaketa hori aste berean egindako beste bati gehitu behar zaio. Izan ere, aste berean auzo ezberdinetan eta kartzelen errealitatea ezagutzera eman nahi zuen erakusketa bat ez dute baimendu.

Alternatibako kide Alba Fatuartek eta Carmen Muñozek, EH Bildu eta Udalberriko zinegotziak hurrenez hurren, beto “politikoen larritasuna” salatu dute. Talde biek gogoratu dute nola, debeku horiek ezagutzera ematen diren bitartean, Iberdrola bezalako enpresa erraldoiari (argiaren prezioa manipulatzeagatik 25 milioiko isuna jarri dioten enpresa bera) eskatutako baimen guztiak eman zaizkiola Plaza Eliptikoa astebetez okupatzeko.

Fatuartek eta Muñozek azpimarratu dute beto horien atzean helburu politiko bat dagoela: “ezberdin pentsatzen duena kaletik ateratzea. Azkunaren agintaldiko garai autoritarioenak gogorarazten digute erabaki horiek. Orduan ere, 2012ko maiatzean, ´interes publikoaren defentsan´ merkataritzako langileei eta aisialdi eta kultur eragileei hainbat debeku ezarri zitzaizkien”.

EH Bilduk eta Udalberrik beste behin eskatzen dute kontrako iritzi asko jaso dituen eta 2010ean onartutako Espazio Publikoaren Ordenantza bertan behera uztea. Udal talde biek gogoratu dute ordenantza hori inposizio bat izan zela eta, ondorioz, horren inguruko eztabaida zabaltzea eskatu dute. Debekuetan oinarritutako ordenantza bat egin beharrean, eragile sozial, sindikal eta herritarren parte-hartzearekin egindakoa izan behar da.

EH Bildu

Fatuarte:”Biktimak umiliatzen duena Alderdi Popularrak egiten duen erabilera alderdikoia da”

Alba  Fatuarte Alternatbako kide eta EH Bilduko zinegotziak, Jai Batzordean Aitziber Ibaibarriaga ordezkatzen duenak, gaur ezagutu den 2013ko txupineraren izendapenaren inguruko “sententziaren izaera politikoa salatu du. EH Bilduk inondik inora konpartitzen ez duen sententzia. Ez du zentzurik legeak pertsona bati txupinera izatea debekatzea, pertsona hori alkate, Urkijo beraren postua edota Espainiako presidente izendatua izateko eskubidea duenean. Ez du inolako zentzurik helburua politikoa ez bada. Hori dela eta, uste dugu Urkijo lurralde kolonialetako erregeorde bat bezala ari dela, PP bezala, Aste Nagusiaren ezaugarri nagusiaden izaera parte-hartzailearen kontra”. “Horrela”, gaineratu du, “hautesontzietan lortu ez duten garrantzia epaitegietan lortu nahi dute. Haien kontrolpean dauden eta herri honi arrotzak zaizkion epaitegietan”.

Zorionez “ez dute haien helburua lortu, eta ez dute lortuko. Bilbotarren gehiengoarentzat Jone Artola izan zen 2013ko txupinera. Duintasunez eta normaltasunez egindako lana”. Fatuartek gogoratu du “biktimak umiliatzen duena Alderdi Popularrak egiten duen erabilera alderdikoia dela”.

Horregatik guztiagatik, zinegotziak Alderdi Popularrari eskatu dio ” ez dezala egin Aste Nagusiaren jai ereduaren kontra. Herritarren babesa duen ereduaren kontra, alegia”. Horretaz gain, EH Bilduk gogoratu egin du “gobernu-ordezkariaren kargua ez dela beharrezkoa. Bakea eta normalizazioa oztopatzea bakarrik bilatzen du, hala nola gatazkaren ondorioak gainditzea oztopatu”.

EH Bildu Bilbo

Bide luzea dugu aurretik berdintasunean eredugarriak izateko

2018an, Bilbon, “Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa” konferentzia antolatuko da. Hala ere, berdintasun politikak ez dira garrantzitsuak izan 2015-2019 urteetarako Gobernu Planean, hiriko gobernuak TTIP-a babestu du eta Correscales bezalako ekimenak mespretxatu ditu. Honen harira Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotzi Alba Fatuartek artikulua egin du:

Alba Faturte – Alternatiba

Joan den ostegunean, Martxoak 8a ospatu baino egun batzuk lehenago, egunkarietan irakurri genuen Europako Herri eta Eskualdeen Batzordeak Bilbo aukeratu zuela 2018an “Berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa” konferentzia antolatzeko. Deigarria da “indarkeria matxistaren kontra zer gehiago egin daitekeen ez dakien” alkatearen hiriak horrelako ekitaldi baten ardura hartzea.

Antolatzaile bezala, Bilbok berdintasunaren alorrean egindako lan, plan, protolokolo eta ekimen guztiak azaltzeko aukera izango du. Hala ere, seguruenik, udal arduradunek ez dute esango askok pentsatzen dutena: politika publikoen lehentasuna izan beharko zenak ez daukala lekurik gobernuaren agendan. Horren adibide prentsari oihartzun handiz aurkeztu zitzaion 2015-2019 urteetarako Gobernu Plana: bertan zehazten diren hamar ardatz garrantzitsuenen artean berdintasunerako politikek ez daukate lekurik eta feminismo hitza ez da behin ere agertzen.

Horretaz gain, seguruenik, gonbidatuei ez diete esango EAJk eta PSEk osatzen duten gobernuak TTIP-a babestu duela Udalbatzarrean, edo Correscales bezalako ekimenen kontra agertu direla. Sorburu ezberdina duten ekimenak dira, baina amankomuneko elementu batekin: patriarkatua beharrezkoa duen sistema bat salatzea. Bizirauteko emakumeak zapaldu behar duen sistema salatzea.  Boteretsuen interesak gehiengoaren gainetik jartzen dituzte, pertsonen eskubide eta duintasunaren gainetik; emakumeak birritan zigortzen dituen sistema da, herritarren erdiei eskubideak kentzen dizkiena, beste erdien pribilejioei eusteko; emakumeek langile merke bihurtuko diren umeak egitea eta hauek musutruk eta maitasunagatik zaintzea beharrezkoa duen sistema da; prekarizatzen, pobretzen, bortxatzen eta hiltzen gaituen sistema da; bakean gaudela sinistarazi nahi digun sistema da, nahiz eta egunero gerrako zifrak esku artean izan.

Gaur egun Bilbokoa ez da eredu onena, beraz, udal mailako berdintasun politiken alde egiten duen konferentzia bat antolatzeko.

Baina utz dezagun kritika alde batera. Aukera on baten aurrean egon gaitezke. 2018. urtea berdintasun politikei bultzada emateko urtea izan daiteke. Orain arte egindakoari buelta emateko aukera dugu. Berdintasunari zuzendutako aurrekontua handitu dezagun (gaur egun 500 milioi euroko aurrekontutik %0,13 bakarrik bideratzen da berdintasunera). Entzun dezagun Bilboko mugimendu feministak (Euskal Herriko anitzenetarikoa) esateko daukana; Emakumeen Etxea ez daukan EAEko hiriburu bakarra izateari utz diezaiogun; inbertitu dezagun gure kaleak eta gaua bilbotarren erdientzat gune arriskutsuak ez izateko; babes ditzagun emakumeek eta emakumeentzat autogestionatutako lekuak; izan gaitezen ausartak eta eraldaitzaileak gure proposamekin. Jardute-protokolo eta ohiko sentsibilizazio kanpainetatik haratago joan gaitezen; biolentzia sistematikoarekin bukatuko duten eta arazoaren sustraira jotzen duten ideia erradikalak proposatu ditzagun.

2018. urtea heltzear da eta udalak lan asko du egiteko berdintasun politiken inguruko konferentzia hori antolatu baino lehen. Eta lan hori baliabideak jarriz eta borondate politikoarekin soilik egin daiteke.

EH Bildu Bilbo

Fatuarte: “Gobernuak inmatrikulatutako jabetza hori onar ez dezala eta, aldi berean, Elizak bueltan ematea eskatzen dugu”

Eliza Katolikoak, ezagutzera eman gabe eta gotzain baten hitza froga bakartzat izanda, bere izenean jarritako ondarearen zerrenda luzea da; horien artean Bilboko eliza bi daude: Abusuko Artzai Onarena eta Olabeagako Santa Anako eliza. Azken hori arkupe eta guzti. Hori dela eta, EH Bildu eta Goazen udal taldeek honako eskaria egin diote Udal Gobernuari: Eliza Katolikoak modu okerrean bere izenean jarri duen ondarea berreskuratzeko prozesua abian jar dezala.

Gobernuak jabetza hori onar ez dezala eta, aldi berean, Elizak bueltan ematea eskatzen dugu”, adierazi du Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak. Era horretara Elizak muzin egingo lizkio frankismoak, 1946ko Hipoteka Legearekin, emandako eskubideei. Urte asko geroago Jose Maria Aznarren gobernuak, 1998ko lege horren erreformarekin, eutsitako eskubideei, hain zuzen ere. Immatrikulazio horiek bertan behera utzi ondoren Bilboko Elizbarrutiak berriro ere ondare horiek bere izenean jartzeko aukera izango lukeela argitu du Fatuartek, “baina oraingoan modu publikoan, eskualdatze publikoko zergak ordainduz eta haien jabetza beste edozein herritar bezala frogatuz”.

2015eko ekainean Eliza Katolikoak 1978tik Euskal Autonomia Erkidegoan bere izenean jarri zituen ondareen zerrendatzea egiteko ekimena onartu zen Eusko Legebiltzarrean. Ekimen horrek Eusko Jaurlaritzari eta diputazioei herri mailako erakundeei ondare publikoaren jatorria eta eskubideen informazio juridiko eta historikoa ematea eskatzen zuen. Horretaz gain, Eliza Katolikoak modu okerrean bere izenean jarritako ondarea berreskuratzeko lanean laguntzea eskatzen zitzaien instituzio bi horiei.

Azkenik, Fatuartek argitu du “hau ez dela elizaren kontrako afera. Horren adierazlea da Ondare Publikoaren Defentsan lan egiten duen plataforman kristau elkarteak daudela”. Proposamenaren helburua, azpimarratu du, ondare publikoa defendatzea da.

EH Bildu Bilbo

Alba Fatuarte: “Alkateak berak adierazi du Bilboko Euskararen aholku batzordea ez dela erabaki-gunea izango”

EH Bilduk Bilboko Euskara Aholku batzordearen lehen bileran parte hartu du. Alba Fatuarte Alternatibako kide eta koalizioko zinegotziaren ustez, bilera osteko balorazioa “gazi-gozoa” izan daiteke. Izan ere, Euskara Aholku Batzordea eratzea EH Bilduren aspaldiko eskakizuna da eta positiboa da azkenik batzordea sortu izana, Bilbon hizkuntza politikak behar duen eraldaketan eragiteko aukera paregabea eskaintzen duelako. Izan ere, “Bilbon indarrean egon de hizkuntza politika berbera izan da azken hamarkadan eta orain ausardiaz jokatu eta aldaketa sakonak egiteko garaia da”. Aitzitik, batzordearen eraketa prozesua zein izan den aztertuta, “aukera hori ez ote den galduko” beldur da Fatuarte.

Izan ere, aurreko legegintzaldian euskara saileko arduradunak oposizioko udal-taldeekin elkarlanean egon ziren, batetik Euskararen Bilbo, Itun berri baterako proposamena eta Bilbon Euskararen normalizaziorako lehentasunezko erronkak izeneko dokumentuak lantzen, eta bestetik Euskara Aholku Batzordearen osaketaren inguruan. Fatuarteren hitzetan, “Kideak proposatzea eskatu ziguten; batzordearen funtzionamendua, eskuhartzea, gaitasuna, izaera eta abar guztion artean eztabaidatu genuen. Horregatik, legegintzaldi berria hasi bezain laster Koldo Narbaiza, Euskara eta Hezkuntza zinegotziari jakinarazi genion elkarlan horrekin jarraitzeko prest geundela, baina dirudienez Udal Gobernu berriak beste era batera lan egitea erabaki du, alde bakarreko erabakiak hartuz eta Euskara Aholku Batzorderako deialdia bidaliz, besteoi inongo informaziorik helarazi gabe”.

Halaber, Euskara Aholku Batzordearen osaketaren inguruan irakurketa kritikoa egiten du EH Bilduk. Izan ere, batzordea osatzen duten 21 kideetatik, 16 instituzioetako ordezkariak dira, eta 5 baino ez dira euskalgintzako eragileak. Gainera, Aburto alkateak zehaztu zuenez, ez datoz erakundearen izenean, euren izenean baizik. Fatuartek batzordean hitza hartu zuen “euskalgintzako eragileen ausentzia nabarmena” zela adierazteko eta proposamen berriak helaraziko dizkio euskara saileko arduradunei kontuan har ditzaten.

Azkenik, batzordearen funtzionamenduari dagokionez, hainbat zalantza adierazi zituen Fatuartek batzordean bertan, baina bere esanetan “dagoeneko jakin badakigu, alkateak hala adierazi zuelako, batzordea ez dela erabaki-gunea izango, aholkularitza espazio soila baizik”. EH Bilduko zinegotziaren ustez “erabaki hau ez dator bat Bilbok behar duen hizkuntza politika berrituarekin ezta gaur egun herritar antolatuek dauzkaten parte-hartze eskakizunekin ere. Edonola ere EH Bilduko kideok ez dugu amore emango eta lanean jarraituko dugu espazio hau, ahalik eta emankorrena izan dadin, Bilbok euskara behar duelako eta batez ere, euskarak Bilbo behar duelako”.

EHBildu Bilbo

X