Etxerik gabeko jendea

María del Río – Alternatiba

Eta jenderik gabeko etxeak egoteari lotsagarria zeritzon Kataluniako kantari batek film baterako sortutako abestian. Berriki Auzitegi Konstituzionalak ontzat eman ditu EAEko Etxebizitza Legeari buruzko artikulu gehienak, eta horrek etxebizitza eskubidearen gaineko eztabaida berpiztu du. Legeak onartzen du eskubide subjektiboa dela. Ondorioz, egoera jakin batzuetan Jaurlaritzari erreklamatu ahal izango zaio, eta epaitegietara ere jo ahal izango da. Horrela bada ere, oraindik zail egiten zaigu etxebizitza eskubide osotzat hartzea; urrun dago hezkuntza eskubideak edo osasun eskubideak duten gizarte babesetik.

Dudarik gabe, oinarrizko eskubide hori bermatzeko ezinbestekoak dira epe luzeko inbertsio publiko handiak. Baina zer gertatzen da bermatzen ez bada? Bada herritarron bizi-kalitatea eta osasun fisiko zein mentala okertu egiten direla, gizarte eragin nabarmenekin; besteak beste, emantzipatzeko adinaren atzerapena eta jaiotza-tasaren eragin negatiboa. Laburbilduz, bizitoki baldintza egokiak ez izateak gainerako gizarte eskubideak indargabetu edo ahultzen ditu.

Etxebizitza eskubidea bermatzen dela esateko bizileku bizigarria eskaini beharra dago, eta tamaina zein bestelako ezaugarri egokiak bermatu, pertsona edo familia jakin batentzat. Beraz, ezin ahaztu eraikinen eta etxeen birgaitzeak duen garrantzia, ezta azken honek energia gastuan duen eragina ere. Are gehiago, legeak ingurua ere duina eta egokia izan behar dela dio. Ba al dituzte gure auzoek berdegune eta ekipamendu nahiko?

Gaia konplexua da, eta interes kontrajarri ugari daude tartean; merkatuak duen pisua nabaria da. Azken batean, etxebizitza eskubidea bermatzeko egitekoa handia da eta premiazkoa, halaber, nekez ematen den politiken arteko koherentzia. Horren adibide etxebizitza, zerga zein hirigintza politikak dira. Azkenaldian, etxebizitza hutsak desjabetzeko aukeran arreta jarri da. Dena den, muturreko egoeretan soilik erabili ahal den neurri horretan sakontzea baino, eztabaida etxebizitzaren funtzio sozialean ardaztuko nuke: bizi-baldintzak hobetzeko eta gizarte-bazterketa saihesteko tresna gisa.

GARAn argitaratua

Salgado: “Etxebizitza ez ezik, bertan bizi direnen egoera ekonomikoa kontuan hartu beharra dago”

Arabako Batzar Nagusiek aho betez Ogasun Higiezinen gaineko Zergaren inguruko eztabaida zabaldu dute. Mahai gainean bi foru araua zeuden: alde batetik Alderdi Popularrak aurkeztu duena eta bestetik, EH Bilduk sinatu zuena. EH Bilduren ustez, PPren proposamena ez da justua eta udaletako zerga bilketan ondorio oso kezkagarriak izan ditzake. Horren aurrean, EH Bilduk aurkeztu duen aldaketa horrek bi helburu nagusi ditu: alde batetik, familiak etxeratzen diren bitartean bidegabeko espekulazioari gainordaina ezartzeko; bestaldetik, errentaren araberako hobariak ezartzeko malgutasun handiagoa eskaintzea udalerriei OHZren ordainagiria arazo ez bihurtzeko gaizki pasatzen ari diren herritarrentzako.

Horregatik, hutsik dauden etxebizitzen gainean %150ra heldu daitekeen errekargo bat jasotzen da. Gaur egun Bizkaiko zein Gipuzkoako arauetan planteatzen da eta, ondorioz, Araba desarmonizatuta gelditu da. Bestalde, EH Bilduk errentaren araberako hobariak ezartzeko malgutasun handiagoa eskaini nahi die udalerriei egungo muga 21.000 eurotan dagoelako kontuan izan gabe zenbat lagunek osatzen dute bizikidetza-unitatea. Horregatik beste hiru atal sortzea planteatzen da: lehenengoa lau kidek osatutako bizikidetza-unitatea 28.000 euroko sarrerak gainditzen ez dituztenentzat; bigarrena bost kideetako bizitza-unitatea sarrerak 35.000 eurotik beherakoak badira eta azkena 42.000 euroko sarrerak izanda sei kide edo gehiago baldin badaude bizitza-unitatean.

Alternatibako kide eta Euskal Herria Bildu Arabako batzarkide Luis Salgadok gogorarazi duenez, “etxebizitza ez ezik, bertan bizi direnen egoera ekonomikoa kontuan hartu beharra dago”.

EH Bildu Araba

Alba Fatuarte: “Egun gazte batek duen soldataren bikoitza beharko luke etxebizitza baten alokairua ordaintzeko”

Alba Fatuarte Alternatibako kide eta EH Bilduko zinegotziak koalizioak proposatutako Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Plana aurkeztu du. Bilboko gazte birekin batera, hauek etxebizitza baten alokairua ordaintzeko dituzten arazoetaz hitz egin du. Izan ere, Euskal Autonomia Erkidegoan, gazteen langabezia tasak bikoiztu egiten du populazio osoarena.

Bilbo egoera horren adibide argia da. Gaur egun ia 8.000 gazte langabezian daude eta lan egiten dutenen artean prekarietatea da nagusi. Egoera horretan, eta kontuan izanda etxebizitzara bideratu beharreko soldataren zatia gehienez %30eko izatea gomendatzen dela, gazte batek egun duen soldataren bikoitza beharko luke etxebizitza libre bat alokatu ahal izateko. Izan ere, etxebizitza alokairuaren batezbesteko prezioa 925 eurokoa da.

Alokairua Ordaintzeko Udal Laguntza Programa

Egoera horren aurrean, eta beste udalerri batzuetan egin den bezala, Bilboko Udalak gazteriaren emantzipazio prozesuak bultzatzea helburu dituzten politikak abian jartzea proposatzen du EH Bilduk.

Jakin badakigu hau ez dela soluzio bakarra eta behin betikoa gazteen emantzipazio arazoekin amaitzeko. Beste neurri askoren artean, ezinbestekoak dira zerga sistema eta aurrekontuen berregituraketa; etxebizitza eskubide subjektiboaren defentsa; etxebizitza babestuak soilik alokairukoak izateko politikak; etxebizitza hutsak behar sozialetara bideratzeko politikak” esan du Alba Fatuarte zinegotziak.

Diru-laguntza zuzenak eskainiko dituen programa bat martxan jartzea behin-behineko abagune neurri bat dela uste dugu, baina era berean, guztiz beharrezkoa eta urgentziazkoa, egungo egoera sozioekonomikoa dela eta, gazteentzat ia ezinezkoa delako euren kabuz eta laguntzarik gabe emantzipatzea”, adierazi du Fatuartek.

EH Bildu Bilbo

X