Aguraindik ere, matxinatzeko arrazoiak

Toni Ramos – Alternatiba Araba

Krisiaz modu orokorrean hitz egitea, honezkero, nekagarria eta errepikakorra ere izan daiteke. Dagoeneko, ezkerreko gizon eta emakume guztiok bat gatoz esatean hau ez dela krisi ekonomiko soila, ez dela krisi zikliko horietako bat, kapitalismoaren babesleek irakatsi nahi izan diguten bezala, igaroko diren horietakoak eta azken buruan merkatuak ia berez konponduko dituena. Izan ere, errealitatean, sistema kapitalista beraren krisi bat da, krisi ekonomiko, ekologiko eta energetiko batean ondorioztatu dena. Egoera honetan, kaltetuak betikoak dira, bereziki emakumeak. 

Gertuko kasuak ezagutzea interesgarriagoa izan daiteke; Gogoeta eragin eta horrelako egoerak pairatzen dituzten pertsonez errukiarazten gaituztenak; gehiago ala gutxiago, basakeria honen eraginik jasotzen dutenak eta noiz edo noiz mobilizazioren bat babesteko kalera ateratzen animatzen diren horiek hunkitu ditzaketenak. Hau eraginkorragoa izan daiteke kontzientziak pizteko, bai, baina kasu horiek ere, gero eta gehiago, gure egunerokotasunaren parte dira eta ohikoak bihurtzeko,  eta beraz sentsazionalismoan erortzeko arriskua dute.

Inguruan begiratu besterik ez dugu egin behar, bizilagunak entzun, udal asanbladetara joan (deitzen diren lekuetan, noski), kalean dauden kartelak begiratu eta norberaren burua ispiluan begiratu. Aski da gainean dugun egoeraz jabetzeko. Gure inguruan gertatzen dena azaletik aztertu besterik ez dugu behar. Honen bitartez ulertuko dugunez, ez da beharrezkoa azalpen global bat bilatzea, azalpena bere horretan datorrelako, eta ez dugu eredu dramatiko bat behar, parez pare dugu eta.

Nik ariketa hau praktikan jarri dut nire herrian, Agurainen. Higiezinen eztandak eta bestelako txorakeriek eraginda, aurreko udal gobernuak sustatutako kudeaketa negargarriaren erruz Udalak duen zor izugarriaz konturatu naiz; FCC talde boteretsuaren filial batean estalitako erraustegi bat Olaztin eraiki nahi izateagatik guztiok sufritzen dugun arriskua ikusi dut; langabeziaren lekuko izan naiz, azken urtean %10eko igoera izan duena, Agurainen %19ko tasa eutsiezinera heldu dela; eta etxe kaleratzeen itzal makabroa eta baita familia aguraindarren zelatan dauden putreak ere. Horrela, kasu jakinetan gelditzeko beharrik gabe eta azalpen globalak emateko beharrik gabe, egoera onartezina dela ondorioztatu dut eta arrazoi nahikoa dauzkagula bidegabekeria horien guztien aurka kalera ateratzeko eta matxinatzeko; sistema kapitalistaren aurka matxinatzeko. 

Baina Agurainen kasua ez da bakarra, ez da salbuespen bat, ez da aparteko gertakari bat. Eta gure herri eta hiri guztietan, gure inguruan gertatzen denari buruz azaleko analisi hau bera egiten badugu, argudio berdin eta ezberdinekin topo egingo dugu, kalera irteteko eta munstro zapaltzailearen  aurka eta bere ondorioen aurka matxinatzeko.

Munduko alkaterik onenaren hirian

Joana Regueiro, Ana Etxarte, Asier Gomez eta Unai Delgado – EHBildu Bilbo

Martxoaren 6an Bilbon gertaturiko Jose Antonio Dieguezen hilketak agerian jarri du gaur-gaurkoz instituzioek gaitasunik ez dutela bermatzeko pertsona orok etxebizitza duin eta egokia izateko duen eskubidea. Nahiz Euskal Herrian indarrean dagoen legeriak lehen mailako eskubide gisa seinalatu, etxebizitza luxuzko ondare bihurtu da, eta gero eta gehiago dira muturreko egoerak bizi dituzten pertsonak. 2012an, 454 etxe kaleratze izan ziren Bilbon. 454 familia miseria gorrira kondenatuak. Non eta 15.567 etxebizitza huts dauden hirian, Bilboko Udalak berak emandako datuen arabera.

Jose Antonio Dieguezen hilketak ez du soilik agerian utzi herritarrengandik gertuen dauden instituzioek beren eskubiderik oinarrizkoenak ziurtatzeko duten gaitasunik eza. Ibarrekolandako herritar horren heriotzak begi bistan utzi du Bilboko Udalak inolako borondaterik ez duela gobernatzen duen hiriko biztanleen eskubideen bermatzaile nagusia izateko.

Etxe kaleratzeak gizarte arazo dira, eta azken garaian kezka handia sortu dute bilbotarren artean. Horren isla izan dira iragan azaroko eta urtarrileko udalbatzarretan izandako eztabaida biziak. PPren funtsik gabeko proposamen baten harira, etxe kaleratxeen arazoari errotiko konponbidea emateko konpromisoa galdegin zion ezkertiar eta abertzaleon koaliziak udalari. Aurkezturiko zuzenketa ezin argiagoa zen, eta etxe kaleratzeen arazoaren aurrean Udalak zenbait konpromiso har zitzan proposatu zuen. Besteak beste, erakunde finantziarioei eskatzeko etxe kaleratze prozedura oro bertan behera uzteko eta Espainiako Gobernuari Hipoteken Legea aldatzeko. Izan ere, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak lege horrek EBko legeria urratzen duela, eta herritarrak babesgabe uzten dituela ebatzi aurretik, hainbat instantzia juridikok ere esana zuten gehiegikeriaz jokatzen duela.

Hori hala, gure koalizioak aurkezturiko zuzenketak etxegabetzeen auzian gehiegikeriaz jokatzen duten entitate finantziarioekiko harremana berrikusteko eskatzen zion udalari. Halaber, etxe kaleratzeen arazoari gaina hartzeko lanean ari diren gizarte eragileekin elkarlanerako prestasuna adierazteko eskatu zion, eta bide horretan sakonduz, arazoa bertatik bertara landu ahal izateko batzorde bat eratzea proposatu zuen gure koalizioak. Batzorde horretan, udal taldeek nahiz gizarte eragileek hartuko lukete parte, eta etxetik kaleratuak izateko arriskuan izan daitezkeen kasu guztien azterlan zehatza egingo lukete, ondoren halako egoerak ekiditeko beharrezkoak diren bitarteko eta protokoloak indarrean jartzeko. Muturreko egoerarik berriro ez emateko. Horiek errotik ekiditeko.  Eta, bidenabar, etxe kaleratzeen arazoari erabateko konponbidea emateko. Ordea, gure koalizioaren zuzenketari bidea itxi zion EAJk, kontra bozkatuz. Era berean bota zuen atzera PSE-EEk urtarrilean aurkezturiko zuzenketa. Kasu batean zein bestean, Iñaki Azkunak gidatzen zuen gobernu taldeak argiro erakutsi zuen etxe kaleratzeen auzia konponbidean jartzeko inongo borondaterik ez duela. Ustez munduko alkaterik onena denak finantza erakundeen eta herritarren artean den amildegia desagerrarazteko udal taldeek abiaturiko ekinaldiak geldiarazi ditu. Ez behin, birritan baizik.

Testuinguru horretan erabaki zuen Bilboko Auzo Elkarteen Federazioak ekimena hartzea, eta doako aholkularitza juridiko zerbitzua abiaraztea. Beste behin ere, herri mugimenduak hartu behar izan zuen bere gain, hasiera batean behintzat, administrazioari dagokion zeregin bat. Zerbitzua eskaintzen hasi zenetik, etxetik kaleratua izateko arriskuan den hainbat jenderi eman dio babesa. Asterik aste, jende andana bildu da laguntza premia larrian; kaltetuetako asko Udal Etxebizitzen zerbitzuak berak haien aurka hasitako kaleratzeko prozedura batean murgilduta daude. Eta adierazgarriena dena: muturreko egoera horietan diren pertsonetako asko Gizarte Ekintza saileko gizarte langileek eurek bideratu dituzte federazioaren zerbitzura. Horrek agerian utzi du zeinen handia eta larria den udalak arlo horretan duen gabezia. Orobat, nabarnen geratu da udalak ez dituela gizarte politikak egokitu, egungo krisi egoerari behar bezala heltzeko, eta laguntzarik handiena behar duten herritarrei irtenbide zentzudun, bidezko eta duinak emateko.

Ibarrekolandako gertaerak, eta berau salatzeko arratsalde horretan bertan buruturiko manifestazio jendetsuak erakutsi zuten etxe kaleratzeek ondorio tragikoak dituztela, eta herritarren artean gero eta kezka handiagoa eragiten dutela. Hala, EH Bilduk azpimarratu nahi du gizarte arazo honi amaiera emateko borondate politikoa baino ez dela behar. Alferrik da adierazpen instituzional bat egitea, harekin batera kaleratzeak ekidingo dituzten neurri zehatzak hartzen ez badira. Pertsona orok du eskubidea etxebizitza duin eta egoki bat edukitzeko, eta administrazioak ezin du tamaina horretako erantzukizuna gizarte mugimenduen zoriaren mende utzi. Horrenbestez, beste behin exijitzen dugu udaleko talde politikoez gain, gizarte eragileak ere bilduko dituen batzorde bat sortzeko, kaltetuen sufrimendua apalduko duten neurriak definitzeko eta gizarte gaitz bihurturiko arazo honi aterabide bat emateko, behingoz.

Alternatibak Lanestosa zoriondu du Bizkaian lehenengo etxebizitza tasatuen promozioa jaso duelako alokairu eskuragarriekin eta erosteko eskubidearekin

Alternatibak Lanestosako Bilduren gobernua zoriondu du, Bizkaiko Foru Aldundiak 2011n hiribilduan eraiki zituen etxebizitza tasatuen salneurrian 59.000 eurotako beherapena lortzeko negoziaketan betetako paperarengatik. Ildo horretan, promozioak 130.000 euroko salneurriko etxebizitzak izango ditu, eta lehenengo aldiz Bizkaian, hauetako batzuk 400 eurotako alokairuan banatuko dira, eta erosteko eskubidearekin.

Alternatibatik behin eta berriro salatu dute foru etxebizitza politika, etxebizitza sozialen alokairua jasotzen ez zuelako, eta adreilua eta porlana Bizkaiko geografia osotik banatu dituelako enpresa eraikitzaileei men eginez eta eskualde bakoitzaren etxebizitza behar errealei kasu egin gabe. Gauzak horrela, alderdi ezkertiarrak negoziaketan egungo udalak izandako papera azpimarratu du promozioa entregatzeko salneurriak eta baldintzak ezartzerako orduan, hasierako baldintzak aurreko udalbatzarekin hitzartu zirelako Lanestosako benetako beharretara egokitzen ez zirenak.

Bukatzeko, Alternatibatik bermatu dute etxebizitza hauetarako sarbide baldintza definitibo hauek erakunde publikoek tradizionalki ahaztuta eta azken urteetan despopulatze prozesu larria pairatu duen landa herri honen indartzea erraztuko duela. Bide horretan, alderdi ezkertiarrak eragile guztien parte-hartzea eskatu du Enkarterriko eskualdea, lanpostuen suntsiketa eta nekazaritza ustiapenaren desagerpena gogor sufritu dituena, lokazti horretatik ateratzeko eta modu duinean bizi eta lan egiteko leku batean eraldatzeko.

Alternatibak terrorismo finantzarioaren heriotza berria salatu du eta kaleak hartzera deitu du etxegabetzeen amaiera exijitzeko

Alternatiba Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak salatu du “terrorismo finantzariak eragindako heriotza berria”, Bilboko gizon batek bere buruaz beste egitea erabaki duenean etxegabetu behar zutenean alokairuari aurre egiterik ezin zuelako: “Zeren zain gaude desjabetze guztiak geldiarazteko? Zer gertatu behar da larrialdietarako laguntza sozialek bere funtzioa bete dezatela eta pertsona batek ikusten duen irtenbide bakarra heriotza izateari uzteko?”

Ildo beretik, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak salatu du “ez PNVren esku dauden Bilboko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak, ezta PPren Espainiako Gobernuak ez dutela etxegabetzeen afera konpontzeko benetako asmorik. Kritikatu ditu, halaber, “bankuek eta gobernuek erabiltzen dituzten eufemismoak hondamendi gizatiarrak aipatzean, sistema kapitalistak eraildako biktimez ari garenean, eta berau babesten duen estatua eskuak odoleztatuak ditu”.

Azkenik, Vegak mobilizazioekin jarraitzeko beharra azpimarratu du, bankuei zein gobernuei desjabetzeen amaiera kalean exijitzeko, horregatik, bere taldearen atxikimendua adierazi dio terrorismo finantzarioa salatzeko egiten diren elkarretaratze guztiei.

EHBilduk etxegabetzeen aurka bihar egingo diren elkarretaratzeekin bat egitera deitu du

Euskal Herria Bilduk bere atxikimendua adierazi nahi die bihar, larunbata, Hegoaldeko lau hiriburuetan eragile sozial desberdinek deituta etxe desjabetzeen aurka egingo diren protesta ekintzei. Etxegabetzeen aferan bereziki lazgarria izan den aste baten amaieran egingo dira elkarretaratzeak, berriz ere ikusi izan dugulako zer nolako babesgabetasun egoera bizi duten egunero beren etxea galtzeko arriskuan dauden pertsonek, inolako gupidarik ez duten finantza sistemaren esku baina, era berean, gutxi batzuk aberasten jarraitzea ahalbidetzen duten gobernu konplizeen erruz, jendeari bere buruaz beste egitera eramaten dituzten bidegabekeriak legez babesten dituztelako.

EHBilduk etxegabetzeen egoera jasanezinari aurre egiteko proposamenak eraman ditu Iruñea zein Gasteizko legebiltzarretara, politikoen ardura delako honi aurre egin eta finantza erakundeen jarduerari mugak jartzea. Proposamenen bidez, hipotekaren exekuzioak berehala bertan behera uztea eta prozesu hauen baitan dauden etxebizitzen kudeaketa publikoa eskatzen dugu, hala, hipoteka ordaindu ezinean daudenek alokairu soziala ordainduko lukete eta mailegua ordaintzeko aukera dutenean, ordaintzen jarraitzeko aukera izango luke, orain arte ordaindutakoa edota etxea galdu gabe beraz. Pertsona guztiek etxebizitza duina izateko duten eskubidea bermatze aldera proposatutako soluzioak dira beraz.

Azkenik, salaketa berezia egin nahi dugu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako herritarren diruarekin sortutako finantza erakunde publiko batek, Kutxabankek, desjabetze prozesuekin aurrera jarraitzen duelako, zuzenean edota bere menpe dauden bestelako erakundeen bitartez.

X