EH Bilduk elkarlana eskatu die Nafarroako eta EAEko gobernuei, “herri moduan, Euskal Herriaren arazoei irtenbidea emateko”

EH Bilduren Iruñeko eta Gasteizko legebiltzarkideek prentsaurrekoa eman dute gaur Nafarroako hiriburuan. Alde batetik, bi ganberatako ordezkarien arteko harremana sendotzeko konpromisoa hartu dute; bestetik, Barcina eta Urkulluri eskaera zehatza egin diete: “Euskal Herriko gizarteak dituen arazoei irtenbidea emateko harreman instituzionala sendotzea eskatzen diegu.

EAEko ordezkari moduan Laura Mintegi, Juanjo Agirrezabala, Rebeka Ubera eta Diana Urrea izan dira prentsaurrekoan; euren alboan, Nafarroako parlamentuko ordezkari diren Bakartxo Ruiz, Mayorga Ramirez eta Asun Fernandez de Garaialde izan dira. Alor zehatzetara hedatu dute bi gobernuko buruei egindako elkarlanerako eskaria: zerga-politika, kultura, normalizazio politikoa, ETBren seinalea, etabar.

Agerraldian irakurritako oharra:

EH Bildun parte hartzen ari garen Gasteizko eta Iruñeko parlamentariok euskal jendarteak erronka handiak eta urgenteak dituela azpimarratu nahi dugu. Erronka gehienak herri bezala jorratu behar eta irtenbideak bilatu behar ditugu, oraingo banaketa administratiboa gaindituz.

Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko harremana hutsala bada ere, egoera hau gainditzeko urratsak ematen hasi behar dute gobernu hauen arduradunek. Ezin dira geratu bakoitza bere zilborrari begira, herri honen arazoei irtenbidea bilatu nahi izanez gero.

Gai asko eta asko elkarlanaren bidez jorratu behar direla uste dugu. Gure aldetik, EH Bildu osatzen dugun parlamentariok gure arteko elkarlana areagotzeko konpromisoa sendoa da eta gaurko prentsaurreko eta hemen bertan aurkeztuko ditugun ekimen parlamentarioak horren frogak dira.

Izan ere, egoera ekonomiko larri honetan EAEren eta Nafarroaren arteko harreman instituzionalik ez izatea arduragabekeria da. Bi administrazioen arteko harremana ziurtatu behar da, egoeraren irakurketa komuna egin eta irtenbideak bilatu ahal izateko. Bietan konpartitzen dugun ekonomiaren arazo estrukturala ikusita, beste politika ekonomikoa egiteko aukerak aztertu behar; esate baterako, politika fiskala justuagoa egiteko aukera.

Gatazka gainditu eta normalizazio politikoa lortzeko bidean ere bi gobernuren arteko elkarlanaren garrantzia begi-bistakoa da. Euskal Herrian gatazka behin-betiko gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko aukeraz beteriko agertoki berria ireki da. Bi Gobernuek aztertu beharko lukete zein den egungo egoera eta bera gainditzeko eman beharreko urratsak definitu. Arduraz aritu behar da eta ulergaitza da bi gobernuren arteko komunikazio eza.

Kultura arloan ere elkarlana beharrezkoa da. Esate baterako, oraindik ere ETB Nafarroan ikusteko zailtasunak ez dira ulertzen. Bi Gobernuek errua elkarri leporatu beharrean, irtenbideak bilatu beharko lituzkete, euskarazko telebista ikusi ahal izateko. ETB ikusteko saiakerak zigortu nahi izatearen aurrean, bi gobernuek arduraz jokatu beharko lukete, akordioak lortu eta gauzatuz.

Beraz, arlo kulturalean, ekonomikoan, politikoan eta sozialean ditugun loturak ikusita, Nafarroako Gobernuaren eta EAEko Gobernuaren arteko agenda bateratua beharrezkoa da. Halaber, lankidetza esparruak ere sortu behar dira, jendarteak dituen erronkei aurre egin ahal izateko. Horregatik bi gobernuri hainbat galdera egin dizkiegu.

Argi ikusten dugu bi Gobernuek hitzarmen berriak egin behar dutela haien arteko bitartekoak ahalbidetzeko. Esate baterako, bi gobernuek egoera politikoa aztertzeko, eta gatazka gainditzeko eta normalizazio politikoa lortzeko, goi mailako bilera egin beharko lukete.

Egoera sozial eta ekonomiko larri honi aurre egiteko ekimen bateratuak abian jartzeko ere agenda adostu beharko lukete.

Edota hizkuntza politika aztertu eta garatzeko goi mailako bilera ere.

Halaber, bi Gobernuek sinatutako eta une honetan bertan behera geratu diren hitzarmenak berrezartzeko edota horiei jarraipena egiteko bitartekoak abian jartzeko asmorik al duten ere galdetu dugu.

Eta bukatzeko, beste bi galdera egin ditugu ea nolako edo zenbatekoa den orain arte sinatuta zeuden hitzarmenen garapen maila eta zein diren hitzarmen horien gaineko jarraipena egiteko organoak edo mekanismoak.

EAJ eta PPk sinatutako akordioaren aurrean bere alternatibak plazaratzen ditu EH Bilduk

Azken egunetan antzezten ibili diren maitasun-dantza paperera eraman dute azkenean EAJk eta PPk. Hemendik metro gutxitara, bizkaitarrak pobreziara eta prekarietatera eramango dituen hitzarmena sinatu dute. Bizkaiak inoiz izan dituen aurrekontu antisozialenak dira, EAJk azken urteetan indarrean ipini dituen neurri bidegabeetan oinarritutakoak. Eta gainera, orain austeritate eta murrizketa sozialetan Europako buru den PPren babesa bilatu dute jeltzaleek.

Bizi dugun krisi ekonomiko eta sozial latzean herritarren beharraz ahazten diren aurrekontuak dira. Alderdi interes hutsei eta kapitalaren interesei erantzuten dieten aurrekontuak dira. Ez herritarren interesei eta premiei erantzuten dieten aurrekontuak. EAJk bizkaitarrei azaldu beharko die zer adostu duten Barcenasen alderdiarekin, langile klasearen aurka ostiralero dekretuak inposatzen dituztenekin.

 

 

EH Bilduk uste duenez, Bizkaian behar sozialei erantzuna emateko, aurrekontu sozialak behar ditugu. Hemendik aurrera ezagutuko dugu zertan datzan akordioak, baina ez dugu zalantzarik egiten EAJk eta PPk bizkaitarrei esango dietenaz: herrialdearen egoera ekonomikoa txarra dela, neurri gogorrak hartu beharko direla eta politika sozialak bermatzen ahaleginduko direla. Alternatibarik gabeko egoera irudikatuko dute. Baina alternatiba egon badago.

EH Bilduk aurrekontu sozialak aldarrikatzen ditu Euskal Herriarentzat. Aldiz, EAJ eta PPren aurrekontuekin behar sozialak geroz eta handiagoak izango dira eta gizarte babesa geroz eta ahulagoa. Horren adibide da aurrekontu proiektu horren arabera, Gizarte Ekintzarako bideratuko den kopurua %38a baino ez dela izango. Gizarteratzeko laguntzak ere behera doaz Bizkaian; 2010ean 4 milioi euro zuzendu ziren horretarako, aurten 2 milioi euro aurreikusten dira. Bada, Gipuzkoan, ezkerreko soberanistok aurrekontuaren %48 bideratzen dugu gizarte politiketara eta Madrilen inposatutako dekretazoei eta murrizketei erantzuten dihardugu.

Egungo sistema fiskala ez da progresiboa eta errenta altuenetan ordaindu beharreko ehunekoak behera egiten du. Iruzur fiskalari ezarritako zigorren bidez bildutakoaren hazkundea 2011-2012 tarte horretan %6,2 izan zen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren gaurko zor metatua, gehi 2013rako aurreikusten dena eta Merkataritza Foru Sozietateen zorra, guzti-guztira, 2.200 milioi eurokoa da.

Kupoa delarik, hau da banketxeen zorrak kitatzeko, espainiar monarkia mantentzearren edota armada finantzatzeko 353 euro ordainduko dugu 2013an bizkaitar bakoitzeko.

EH Bilduk alternatibak planteatzen ditu. Gaur hasita eta datozen egunetan eskupapera honen banaketa zabala egiten arituko gara Bizkaiko kaleetan. EAJ eta PPk lortutako adostasuna dela medio bizkaitarrok pairatuko dugun aurrekontuen deskribapena eman nahian, dokumentu honetan aurrekontu orokorraren banaketaz gain, ekonomia sustapenerako zuzendutako zenbakiak eskaintzen ditugu. Datuak datu, azpiegiturak, udal finantzak, euskara eta kulturari dagozkionak ere ikus ditzakezue eskupaperean.

Alternatibak salatu du Barakaldoko alkateak “ezer ere ez” egiten ez duela udalerriko emakumeen aurka ematen diren erasoen aurrean

Alternatibaren Bizkaiko bozeramaile Asier Vegak deitoratu egin du Bizkaiko Aldundiaren eta Barakaldoko Udalaren arteko eskumen eztabaida, Lutxanako tuneletan eman diren bortizkeri matxista gertaerak ekiditeko irtenbideak bilatu ez dituztelako. Egoera hau dela eta, Vegak bi erakundeei “merkatal gune erraldoien zerbitzura diseinatutako eredu urbanistikoekin, zaintza lanak eta gehienbat hauek egiten dituzten emakumeei bizkarra ematen diena” aldatzeko eskatu die eta aldi berean, Barakaldoko emakume taldeek osatutako leku arriskutsuen txostena aintzat hartzeko.

Bizkaiko Alternatibak genero ikuspegia galdegin du hiri eta herrietako hirigintza planifikatzeko orduan, “emakumeentzat debekatuta dauden lekurik ez egoteko horietan erasoak pairatzeko arriskua sentitzen dutelako”. Ildo horretatik, azpimarratu nahi izan dute Argitan talde feministak duela 4 urte salatu zituela hiriak dituen gune beltzak, “Lutxanako pasabidearena bezalakoak, Udalak horiek konpontzeko ezertxo ere egin ez duen arren eta, gerora, iazko urrian bezala, erasoak eman diren lekuak”. Hala, Vegak eskuduntzekin aitzakiak jartzea leporatu dio Tontxu Rodriguez alkateari, “ez al zaio nahikoa iruditzen bortxatu dituzten emakumeak berak gobernatzen duen udalerrikoak izatea?”.

Edonola ere, alderdi ezkertiarreko bozeramaileak gogorarazi du hirigintzatik segurtasun eza beharrezkoa diren  konponbide guztiak ez ezik, ezinbestekoa dela indarkeria matxistaren jatorriaren aurka egin, izan ere, eraso sexualak ez dira “ez zoriagatik ezta kasuistikagatik ematen, emakumeen aurkako indarkeria darabilten gizonezkoak existitzen direlako baizik, patriarkatuaren adierazpenik bortitzena baina inondik inora bakarra”. Hori dela eta, Vegak gizartean eman beharreko “errotiko aldaketaz” hitz egin du, “emakumeak babestu beharreko biktimak gehiago ez izateko”. Aldaketak, alabaina, udal erakundeek Barakaldon gertatzen diren hainbat ekitaldiren aurrean zer edo zer esatea eskatzen du, “bertoko diskoteketan jai sexistak egiten direnekoak kasu, zeinetara jendea erakartzeko emakumeen sasi zozketak egiten diren”.

Bilboko Alternatibak dio Azkunaren izendatzeak “haserrea, lotsa eta barregura ere” eragin dezakeela askorengan

Alternatibako Bilboko Asanbladak bere balorazioa kaleratu nahi izan du hiribilduko edilak, Iñaki Azkuna, munduko alkaterik hoberenaren titulua jaso duelako. Alternatibako udal bozeramaile Pablo Fernandezek horrela erantzun dio izendatzeari: “honek lotsa eta haserrea eragin dezake bilbotar askorengan, barregura ere”. Fernandezek ironiaz hitz egin du bere alkatearen inguruan, beste lorpen askoren artean “merkatalgune eta kate handien mesederako merkatari txikiak zapaldu ditu, jai egunetan irekitzea ahalbidetu eta etengabeko ordutegiak sustatuta, lan baldintzak pobretuz eta kontziliazioa oztopatuz”.

Ezkerreko alderditik, hiriko jaiak eta kultura sustatzen duten erakunde sozial konprometituekiko Bilboko alkateak duen jarrera salatu nahi izan dute ere, “Bilboko Konpartsak adibidez, berriro ere aurten Kale Nagusitik inauterietan desfilatzea debekatu zaiena, Udalak bere desfile pribatua ere egingo ez duela baieztatu arren. Iazko uztailean bezala, Konpartsero Egunean, mundu guztiari irekia dagoen festa herrikoia, poliziaren bitartez sakabanatzearen mehatxua egin zien konpartsei, azkenean isunen bidez egin bazuen ere”. 

Alkate berberak, adierazi du Fernandezek, “neurri gabeko indarkeriaz zapuztu izan ditu Sorgintxulo eta Kukutza bezalako kulturgune autogestionatuak, beren auzoetan errotutakoak, edota sortu eta berehala desegin dituen Patakon eta Uztaldi. Etxegabeak edota etorkinen aurka ere indarkeriaz aritzen dena, duela gutxi Zorrotzaurren egin duen moduan”.

Alternatibatik, halaber, “udalaren balizko zor gabezia” gaitzetsi dute, gogorarazita “erakunde honen zorra sortutako hainbat sozietateren gainean dagoela”. Bilbo ederragoa “egin omen du ere Azkunak, zentroa bakarrik eta auzoen lepotik izan arren”.

Azkenik, Bilboko Asanbladatik alkatetzan azken 13 urtetan egondakoaren “pribatizatzeko grina” salatu dute, “ahal izan duen guztia eta are gehiago ere pribatizatu egin du, Erriberako merkatuarena bezalako adibide lotsagarriekin, gaizki atera zaiona gainera. Antzera jokatu du etxebizitza arloan, 25.000 etxe hutsik dituen hirian eraikuntzaren aldeko apustuari eusten dion, Garrellanoko proiektuan kasu, zeinetan tasatutako etxe bat erosteko aukera izateko urteroko 50.000 euro gordineko soldata eskatzen den. Supersur eta Bilbao World Series formako Scalextric zaletasunaren alkatea dugu, euskal kulturari gorroto diona eta adiskideen artean monarkak eta militarrak dituena. Azken batean, BERE munduko alkaterik onena”.

http://alternatiba.net/old-files/AzkunaTheBest.jpg

Alternatibak jatorriaren araberako diskriminazioaren amaiera exijitzen du Etorkinaren Nazioarteko Egunaren harira

Alternatibako bozeramaile Diana Urreak herritar guztiei dei egin die bihar, abenduak 18, ospatuko den Pertsona Migratzaileen Nazioarteko Eguneko printzipioekin bat egin eta “etorkizun hobeagoa topatzeko itxaropenaz haien herrialdea uztera behartuta dauden pertsona guztien” eskubide berdintasunak exijitu ditzatela.

Espainiako Erresumari neurri eta murrizketa onartezinak egitea leporatu dio Urreak, orain arte egindako erreformak eta legeak, etorkinak “pobreziara eta bazterketa sozialera eramateko balio izan dutelako bakarrik”. Parlamentariak, egin berri den osasun erreforma gogoratu nahi izan du, egoera administratibo irregularrean dauden ehunka etorkin osasun txartelik gabe utzi duena, alegia: “Oinarrizko giza eskubideak urratu eta ehunka profesional bidegurutze moral batera eraman dituen erreforma izan da, legeari uko eginez gehiengoak gaixoez arduratzea erabaki badu ere”.

Tamalez, eskubide murrizketak ez dira bakarrik osasungintzara eta Madrilgo Gobernura mugatu. Ezkertiar alderdiko bozeramaileak gogoratu duen bezala, murrizketa hauek HELDU zerbitzuari ere eragin izan diote, pasa den legealdira arte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako etorkinei aholkularitza juridikoa eskaintzeaz arduratzen zen zerbitzuari, hain zuzen. Honen desagerpenak pertsona asko “bidegabezko eta legez kanpoko egoeren aurrean babes eta aterperik gabe uztea ekarri du”. Urreak ez ditu nagusien zaintzaileak eta etxeko langileak ahaztu nahi izan, gehienak emakume etorkinak izanik, baldintza ezegonkorrenak pairatzen dituztenak ere badirelako. Gainera, lan mota hau gutxiesten den heinean, gizartean guztiz beharrezkoa ere badela gogoratu du. Horrela azpimarratu du emakume hauen lanaren garrantzia eta “gure nagusien eta menpekoen ezinbesteko ardatz” gisa jo ditu.

Azkenik, etorkin kopuru handi batek sufritzen duen bazterketa soziala salatu nahi izan du Urreak eta “haien burua defendatzeko ezer gutxi egin dezakeen” kolektibo honen aurka egin diren ekintzak onartezinak direla ere azpimarratu du. Honen adibiderik argiena, pasa den azaroan Bilboko Udalak Zorrotzaurreko auzoan burututako sarekada arbitrarioa dugu, non Udaltzainak, Polizia Nazionalak eta Ertzaintzak parte hartu zuten 40 pertsona identifikatu eta 24 atxilotuekin bukatu zena.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaileak, horren harira, Zorrotzaurreko bizilagunen talde batek izan duen ekimena txalotu du, pabilioietan bizi diren gazteekin hitz egiteko modua eta elkar-ulermenerako bideak jorratu dituztelako, elkarrizketaren bidezko konponbideak bilatu baitira bertan, indar polizialik gabekoa: “Zenbait hedabidek eta alderdik zabaldutako informazio kutsatuaren aurrean, itxaropentsua da jakitea soluzio justuak eta errealak bilatzeko prest dauden pertsonak badira, elkarbizitzarako lan egiteko prest daudenak inor baztertzeko helbururik gabe”.

Hitzarmenetarako EHBilduk aurkezten dituen oinarriak

Kanpainan hainbat bider errepikatu dugu ideia bat: Euskal Herriak une oso berezia bizi du. Batetik, gatazka politikoari aterabide demokratiko bat emateko aukera historiko bat zabaldu zaigu; bakean, askatasunean eta justizian herri honen etorkizuna eraikitzeko parada dugu. Baina bestetik, larrialdiko egoera bat bizi dugu, krisi ekonomikoak eta krisiari aurre egiteko bultzatu diren politikek sortua. Beraz, une honetan, ezinbestekoa deritzogu herri ikuspegi batekin jardutea, herri gisako politikak gauzatzea eta herritarrak politika horien ardatzean kokatzea.

Horrela bada, gaurkoan, Euskal Herria Bildu koalizioak hurrengo legegintzaldian herri honek dauzkan arazo nagusiei erantzuteko oinarri eta ardatzak aurkeztu nahi ditu. Lehen aipatu bi korapilo nagusi horiei erantzuna eman nahi diegu ardatz hauekin. Akordioak ezinbestekoak dira, eta akordio horiek erdiesteko oinarriak ezarri nahi ditugu gaurkoan.

Datozen asteetan indar politiko ezberdinekin burutuko ditugun bilkuretara honako ardatz eta edukiekin joango gara, gure iritziz, ezinbestean burutu beharreko aldaketa politiko eta sozialaren norabidean kokatzen gaituztelako. Horrela bada, hauek lirateke aipaturiko ardatz edota eduki nagusiak, une honetan lehentasunezkoak direla deritzogunak:

1.- Gatazkaren konponbidea

EH Bilduk edonolako akordiorako gatazkaren konponbidearen alorrean ondoreneko konpromiso zehatzak beharrezkotzat hartzen ditu:
• Gatazkaren ondorio diren salbuespenezko legediarekin amaitze bidean Eusko Jaurlaritzaren konpromiso irmoa.
• Euskal Preso politikoen euskal herriratze eta etxeratzearen aldeko dinamika indartuko duen jarduera edo plan berezia. Baita espetxe politikan eskuduntza gauzatzeko konpromisoa.
• Biktima guztien inguruko irakurketa eta lanketa integrala helburu duen dinamikak bultzatzea, Egiaren Batzordea bezalako ekimenak babestuz.
• Gatazkaren ondorioen konponbidearen baitan kokaturik, Ertzaintzaren eredu zibil eta gardena bultzatu. Baita polizia eredu berri baterako erabaki irmoa.
• Normalizazio eta gatazka politikoaren konponbideari begira alderdien arteko elkarrizketa politiko prozesu bat bultzatzeko konpromisoa.

2.- Aitortza, erabakitze eskubidea eta lurraldetasuna

• EHBilduk erabakiortzat hartzen du gure herriaren, Euskal Herriaren, aitortza eta erabakitze eskubidearen onarpena bilatzeko eta eskuratzeko konpromisoa.
• Euskal Herriko gainontzeko lurraldeekin harreman eta elkarlan instituzional, politiko, ekonomiko eta sozialak sakontzeko konpromisoa.

3.- Egoera ekonomiko larriaren aurrean

  1. Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mixtoan Estatuarekin negoziatzeko bertako instituzioen artean honoko gaien inguruko adostasuna bilatzeko konpromisoa:
    • Finantzen Euskal Kontseilua-ren Estabilitate Legearen alde bakarreko berrikuspen propioa ekarriko duen akordioa erdiesteko konpromisoa. Helburua noski politika publikoa garatzeko aukera emango digun malgutasun ekonomiko eta finantzieroa lortzea izango zen.
    • Kupoaren inguruan ere, Aldundi eta Jaurlaritzaren arteko akordioerabaki propioa bultzatzeko konpromisoa, Estatu espainoleko zor publikoaren igoeraren ondorioz eman den igoera eta estatuko indar armatuen aurrekontua ordaintzeko dagokigun zatia deskontatzeko.
    • BEZ-a bertako instituzioek arautu-kudeatu dezaten estatuarekin negoziaketa prozesua abiatzeko konpromisoa.
    • Kontzertu ekonomikoa, Nafarroako Komenioarekin batera, bernegoziatzeko konpromisoa bai lehen aipatutako BEZ edo zeharkako zergen inguruko aldarrikapena eramateko zein ECOFINen parte hartzeko eskubidearen inguruko aldarrikapena.
  2. Batzar Nagusiekin batera eta elkarlanean, Erreforma fiskal sendo eta zabal bat egiteko konpromisoa (PFEZ, Sozietateen gaineko zerga, Aberastasun handien gaineko zergan) progresibitate oinarri eta zerbitzu eta politika publikoa bermatu ahal izateko ere sarrera nahikoak erakarriko dituena. Erreforma horren helburu nagusietako bat oro har kapital errentek egun duten status pribilegiatuarekin amaitzea izan beharko luke.
  3. Iruzur fiskalerako neurri zehatzak barne bilduko dituen instituzioen arteko plan oso bat egiteko konpromisoa.
  4. Kutxabank bertako ekonomian eragiten eta laguntzen jarraitu dezan pribatizazioaren asmo guztiei uko egitea, horretarako aldatu behar diren legeak aldatuz, besteak beste, Kutxen Legea.
  5. Gastu sozialean murrizketarik ez egiteko konpromisoa eta ondorioz osasungintzan, hezkuntzan eta politika sozialetan, diru sarrerak bermatzeko errentan esaterako, aurreko legealdian eman diren murrizketak berrikusteko konpromisoarekin batera.
  6. AHTren kasuan eta aipatzen ari garen egoera ekonomiko larria ikusirik (besteak beste) berehalako moratoria aplikatzea, berau finantzatzeko aurreikusitako dirutza bestelako norabide batean jarri ahal izateko.
  7. Etxe kaleratzeak eten, eta Etxebidek Kutxabank eta bestelako bankuekin adostuz alokairu sozialetan oinarritutako irtenbideak bilatzeko konpromisoa.
  8. KRISIARI AURRE EGIN ETA GURE EKONOMIA ERABERRITU ETA ENPLEGUA SORTZEKO PLAN INTEGRALA

    Helburuak:
    Ekonomia errealaren aniztasuna, berrikuntza eta bultzada. Honen ondorioz enplegu duinaren sorrerari bide ematea.

  • Zerbitzu sozial eta sektore publikoa indartzea
  • Ingurumenaren zeharkakotasuna eta lehentasuna garapen ereduan txertatzea.
  • Ondorioz, elkartasuna oinarri, ekonomia sozial baten aldeko apustua egitea pertsonen neurrira eta ekologikoki sostengarria izango dena.

    Ardatzak:

  • Elikadura burujabetza helburu, lehen sektorearen izaera estrategikoa aitortu eta beronen indarketa
  • Kooperatiba eta enpresa txikien maila teknologikoa igotzea
  • Zainketa ekonomiaren garrantziaz jabetuz alor honetako zerbitzu publikoen bultzada
  • Euskal esparru laborala helburu, norabide horretan urratsak ematea (Adib. Lan hitzarmenen ultra aktibitatea bermatzeko negoziaketarako marko propioa…)
  • Enplegu duinaren sorrera eta lan banaketa lehenetsiko dituzten politka eta neurriak ahalbideratzea (Oinarrizko soldata, lan orduak, prekaritatea…).
  • Eskualdeen arteko oreka eta garapena bilatzea.
  • Harreman justu eta bidezkoak helburu, kanpo merkataritza bultzatzea.
  • Eredu energetikoaren aldaketa gauzatzeko neurriak ezartzea, energia berriztagarrien aldeko apustua bultzatuz eta frackinga alboratuz.
  • Helburu soziala duen ikerketa, berrikuntza eta garapen zientifikoa publikoki bultzatzea eta erabilgarria ekimen guztietan bermatzea, berdintasunean.
  • Deslokalizazioaren aurkako konpromiso zehatzak hausnartu eta martxan jarri.

4.-Aukera Berdintasuna eta parekidetasuna

Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna errealitate bihurtuko duen gobernabilitate eredu berri bat eraikitzeko helburuarekin eztabaida bat burutzeko konpromisoa, ikuspegi feminista politika publiko guztietan era eraginkorrean txertatuko duena, horretarako beharrezkoak diren bitartekoak eskuratuz.

Parte-hartze eta koordinazio mekanismoak eraldatzeko konpromisoa, demokratizazio instituzional maila handituz eta politika publikoetan emakumeen parte-hartzea handituz.

Pertsonen zaintza ardura sozial eta publiko bilakatu: Zaintzarako politika publiko, unibertsal eta kalitatezko baten aldeko apustua.

Lan produktibo eta erreproduktiboa banatzeko helburuarekin gizon zein emakumeen lan orduen murrizketa (soldataren jeitsierarik gabe).

5.- Hezkuntza eta hizkuntza

Honakoak dira atal honetan ezinbestekotzat hartzen ditugun abiapuntuak:
• Hezkuntza eredu publiko propio eta berriaren aldeko konpromisoa, horretarako jada hezkuntza eragileekin batera hausnarketa bati ekinez.
• Hezkuntzaren alorrean ume guztiak euskaldun eleanitzak izateko aukera bermatuko duen eredu bakarra martxan jartzea.
• Hizkuntzaren alorrean, azken urteetako balantze gordina onartuz hizkuntza politiko berri baten aldeko apustu eraberritu bat egitea, besteak beste, euskararen aldeko eragile nagusienekin elkarlana bilatuz.
• Euskarari status berria emango dion euskara lege berria adosteko konpromisoa.

6.- Parte hartzea

• Aipaturiko puntu guztien garapenak ezinbestean herritarren eta ezinbestean eragile politiko, sindikal eta sozialen parte hartzea ahalbideratuko duen politika egiteko modua bermatuko lukeen lan egitasmoa. Honetarako expreski legebiltzarrean helburu hori izango lukeen batzordea martxan jarri eta adosteko konpromisoa.

7.-EITB

• EITBren izaera publiko profesionala bermatzeko akordio zabal eta anitz bat bilatzeko konpromisoa.

8.- Eredu instituzional eta administratiboa

• Lurralde Historikoen Legea. Bikoiztasunak aztertu eta hauek ekiditeko legearen berrikuspenerako ateak ireki eta akordio zabala bilatzea. Era berean, instituzioen arteko koordinazio tresna eta neurri ezberdinei izaera legala eta maila instituzionala eskaini.
• Euskal Udal en Legea . Hurrengo legealdian udalen legea adostu eta onartzeko konpromisoa.
• Falta diren eskuduntzak berreskuratzea. Seguritate Sozialaren kudeaketa ekonomikoa, Espetxe politika eta falta daitezkeen bestelako eskuduntzak.

http://alternatiba.net/old-files/Bases.jpg

Matute:”Oraindik harresi asko dago botatzeko eta diktadore eta monarkak kentzeko”

Euskal Herritar askok moduan, EH Bilduk jai arrotz moduan hartu du urriaren 12ko jai eguna. Koalizioak Hispanitatearen eguna aprobetxatu du Eibarren ekitaldi politikoa egiteko. Laura Mintegik bere interbentzioan adierazi du “EH Bilduk Euskal Herriko Errepublika eratzea duela helburu”.

“Gaurkoan, Eibartik adierazi nahi dugu, argi eta garbi, gure helburua Euskal Herriko Errepublika eratzea da. Horregatik, EH Bilduk ez die euro bakar bat ere bideratuko Borboiei. Ez eta gaurkoan bere eguna ospatzen duen Guardia Zibilari, eta noski, xentimo bat bera ere armada espainiarrari. Erokeria kolosala da, kupoaren 813 milioiekin, hau da, guztion diruarekin, gure herriaren eskubideak sistematikoki urratu eta bahitzen dituzten horien soldata eta pribilegioak ordaintzea. Horrela ba, pribilegio eta gastu antzuetan murriztuko dugu, erokeria da eta espainiarraren moduko sistema ustel baten oinarriak mantentzen jarraitzea”, esan du Mintegik.

Oskar Matutek bere kritikak zuzendu ditu EAJ, PSE eta PPk egin duten kudeaketa ereduaren aurka eta esan du, “Euskal Herriko ezker subiranistak inoiz ez bezalako aukerak dituela urriaren 21ean eskumari aurre egiteko. Baina aurre egin ez ezik, merkatuen morroiak garaitzeko aukera ere badugu. Guztion esku dago”.

Matutek Espainiako Ministerioak 8.500.000.000 euroko aurrekontua duela urtero salatu du. Monarkiari ere zuzendu zaio: “monarkia hau trantsizioaren isla da, memoriarik gabe egin den trantsizioa, Erregimenak jarri zuen monarkia eta ahalbidetu duena frankista zirenak demokratatzat hartzea”.

Alternatibaren Asanblada Nazionalak berretsi du EH Bilduren ezkerreko aukera dela PNV-PP-PSE ereduari aurre egiteko gai den bakarra

Alternatibaren Asanblada Nazionalak, Bilbon gaur batzartutakoa datorren hauteskundeen aurretik azkeneko aldiz; Aralar, Eusko Alkarasuna eta Ezker Abertzalearekin batera Alternatiba bera kide duen Euskal Herria Bildu koalizioaren ezkerreko apustua berretsi du. EH Bilduk bozetara eramango duen programa militantziaren gehiengo zabal batek onartuta berretsi du.

Alderdi ezkertiarreko bozeramaile Oskar Matutek oso positibotzat jo du Alternatibako militanteek dagoeneko onartu duten programa “elkarlanaren eredugarria delako, lau alderdi politiko desberdinen zein gizarte eragile ugariren arteko elkarlanarena”. Esan duenez, EH Bilduren ekimen politikoa da “PNVk, PPk eta PSEk ezarritako eredu bakarrari erantzuteko gai den bakarra”.

Matutek azpimarratu duenez, programa honek “zuzenean begiratzen die herritarrei, beharrizan gehien dituztenei batez ere”. Era berean, azpimarratu egin du EH Biduk “benetako alternatiba eskaintzen duela indarrean dagoen errealitatearen aurrean, sinesgarria eta ahaltsua Euskal Herrian beren buruan ezkertiartzat dutenentzat, ezkerreko ohitura eta adierazpen desberdinak biltzen dituelako, eta gainera, aukerak dituen bakarra da”.

EAJ, PSE eta PPren kudeaketa ereduak hainbat instituzio porrot ekonomikora eraman ditu

<--break->Instituzioen egoera ekonomikoaren inguruko polemika artifiziala eta inolako oinarri errealik gabekoari eusten ari zaizkio egunotan PSE eta EAJ. Zalantzarik gabe, hauteskunde izaera daukan ika-mika baten aurrean gaude, erabat mediatikoa. Gainera, eztabaida antzua da, zenbait instituziok bizi duten egoera ekonomiko larriaz hitz egiteko asmorik ez dutelako azaltzen. Izan ere, oinarri-oinarrian dagoen arazoa da EAJk, PSEk eta PPk instituzioak kudeatzeko duten eredua.

EAJk, PSEk eta PPk indarrean jarri duten kudeaketa ereduak hainbat erakunde erabat zorpetzea ekarri du eta beste zenbaitzuk porrot ekonomiko egoeran utzi ditu. Horrekin zerikusi zuzena dute porlanaren politikarekin erabat lotuta dagoen kudeaketa ez-eraginkor eta ilunaren ondorioz xahutu diren diru kopuru izugarriak. Baina baita alderdi politiko horiek sustatu duten zerga politika atzerakoiak.

Izan ere, aurreko legealdiaren hasieran, krisiaren lehen zantzuak azaldu zirenean, hiru alderdiok hainbat erreforma fiskal jarri zituzten indarrean, progresibitatea murrizteko helburuarekin. Elkarteen gaineko zerga txikitu zuten, PFEZean hainbat aldaketa egin zituzten eta ondarearen gaineko zerga desagertarazi zuten. Hala, progresibitatea murriztu zuten; hau da, gehiago dutenek gehiago ordain dezala irizpidea, Urkulluk demagogia deitzen duen hori, alboratu egin zuten. Baina hori baino are garrantzitsuagoa da erreforma fiskal horiek ekarri zutela instituzioek diru gutxiago biltzea eta beraien altxortegia murriztea. Hori areagotu egin zen krisiaren lehen ondorioak agerian geratu zirenean. Hori horrela bada ere, EAJk erreforma fiskal serio eta sendorik egiteko beharrik ez du ikusten.

Diru xahutzearen eta gardentasun ezaren politikaren eta kudeaketa ereduaren aurrean gaude. Gasteizko gobernuaren diru-kontuen egoera zein den jakiteko, auditoria exijitzen ari da EAJ. Ez dugu orain zalantzan jarriko Lopezen gobernuak erakundea egoera ekonomiko larrian utzi duela, baina nola utzi zituen EAJk beste erakunde batzuk? Adibide batzuk jartzearren, Markel Olano Gipuzkoako Diputaziora heldu zenean, 300 milioi euroko superabita zeukan erakundeak. Lau urte beranduago, soberakinik ez zen ageri.

Udal kudeaketa ona egitearekin norbere burua loratzen duten horiek erabat lotsatu beharko lirateke hainbat udal nolako egoeran utzi zituzten ikusita: Agurain, Urduña, Beasain, Azkoitia, Lemoa, Getaria, Ondarroa… Gainera, egun ikaragarrizko zulo ekonomikoa eragiten duten Supersur edo BEC bezalako proiektuen bultzatzaile nagusia izan da EAJ. Baina, oraindik ere, azpiegitura erraldoien inguruko haunarketarik egin gabe jarraitzen du. Eta Bidegi? 900 milioiko zorrarekin utzi zuten enpresa publikoa. Hemen ez dute auditoriarik exijitzen?

Politika eta kudeaketa eredu horren ondorioz, hainbat udalerri zorpetuta eta zulo ekonomiko gordinenean murgilduta daude, hainbat azpiegitura erraldoik ez dute apenas zerbitzu eraginkorrik eskaintzen eta erabateko hondamendi ekonomikoa dira, Gipuzkoako Diputazioak ezin du inbertsio seriorik egin. Berriro diogu: zergatik ez ditu EAJk auditoriak eskatzen erakunde eta azpiegitura horientzat ere bai?

Gure herriko hainbat instituziotan indarrean izan den kudeaketa eredua da arazoaren muina. Horregatik, euskal instituzioetara aire freskoa ekarriko duen beste kudeaketa eredu bat proposatzen dugu Euskal Herria Bildutik. Kudeaketa eraginkor eta gardena, herritarren parte-hartzea bermatuko duena, gizartearen interesak lehenetsiko dituena eta ez enpresa eraikitzaile handienak eta banka pribatuarenak, era horretara azpiegitura erraldoien ereduarekin amaituz. Beraien interesak baino lehenesten ez dituen kasta politikoa sortzea eta aberastea saihestuko duen kudeaketa eredua, hain zuzen.

Eredu berri, garden eta eraginkor horren lehen izpiak ikusten ari gara Gipuzkoako Diputazioan. Aste honetan bertan jakin dugu iruzur fiskalaren kontrako borroka zorroztearen ondorioz, detektatu diren balizko iruzur kasuak bikoiztu egin direla.

Zentzu horretan, gizarte politikak eta zerbitzu sozialak mantendu ahal izateko instituzioen finantziazio egokia beharrezkoa dela aintzat izanda, neurri hauek proposatzen ditugu Euskal Herria Bildutik:

– Kudeaketa ez-eraginkorra edo gardentasunik gabekoa saihesteko, kontrolatzeko edo detektatzeko tresnak indarrean jartzea.

– Erreforma fiskala egin, diru-sarrera guztiak modu progresiboan bilduak izatea bermatzeko.

– Kudeaketaren eraginkortasuna areagotzeko, hainbat erreforma abian jarri, eta instituzioen arteko koordinazioa indartu.

Era berean, aurreratu nahi dizuegu neurri hauek osatuko dituzten hainbat proposamen zehatz aurkeztuko dituela Euskal Herria Bilduk hurrengo egunetan.

https://fbcdn-photos-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/394230_518811014802886_344805260_a.jpg

https://fbcdn-sphotos-g-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash4/327181_518811098136211_749714221_o.jpg

https://fbcdn-sphotos-c-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/582814_518811224802865_617995428_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-b-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/644228_518811311469523_582022581_n.jpg

https://fbcdn-sphotos-f-a.akamaihd.net/hphotos-ak-ash3/534193_518811441469510_333597559_n.jpg

Alternatibak onartezina deritzo Eusko Jaurlaritzak Hondarribiko alarde mistoaren kontra berriz egiteari

Alternatibako Mahai Feministako bozeramaile Begoña Vesgak Eusko Jaurlaritzak atzo hartutako erabakia salatu du, Jaizkibel konpainiari datorren larunbaterako alarderako prestatzeko entseguetan Jaizkibel konpainiak eskatutako ibilbidea debekatu baitzuen Herrizaingo Sailak: “Deitoragarria eta guztiz onartezina da pertsona guztien eskubideak babestu eta, horrexegatik, emakumeen kontrako bazterketa ekidin behar duten erakunde publikoek alarde publikoa eta parte-hartzailearen alde egiten dutenak marjinatu eta ikusezin bihurtzearen aldeko apustua egitea berriz”.

Alternatibatik gogorarazi dute iazkoan ere konpainia mistoari eraso egin ziotela Jaurlaritzarik, beren ohiko ibilbideko zatirik adierazgarrienetako bat zeharkatzea debekatu baitzioten. EAEko Auzitegi Gorenak, alabaina, auzitara jo zuen Jaizkibel konpainiaren alde egin zuen, garai hartan Rodolfo Aresek zuzentzen zuen Herrizaingo Sailak emandako agindua “arbitrarioa” zela ebatzita. Hori dela eta, “are larriagoa da berriro ere tankera bereko oztopoak jartzea”.

Vesgak bere erakundearen elkartasuna eta babesa agertu die alarde mistoa sustatzen dutenei, eta Eusko Jaurlaritzari galdegin dio “erasoei amaiera eman eta argitu dezatela zergatik eta noren esku ematen diren halako aginduak ordena publikoaren aitzakia antzuarekin( justiziak ere baztertu duena)”. Feminismo Mahaiko ordezkariak, halaber, Emakunderi ere eskatu dio Irun zein Hondarribiko alardeen auzian (ondo merezitako) sariak ematetik haratago joan dadila, iaz agindutakoa bete dezala aurten Jaizkibel konpainiak bere ohiko ibilbidea berreskura zezan bermatzeko lan egingo zuela iragarri baitzuen eta, batez ere, “emakumeei jai herrikoi eta publiko batean askatasunez parte-hartzea erakunde publiko batetik oztopatzen denean Jaurlaritzara erantzukizun eske joan” dadila.

Azkenik, Bidasoa aldean 15 urtetik gorako borroka egin duten lagun guztiak babestu ditu Vesgak, “jai demokratikoak, askeak eta bazterketarik gabekoak” aldarria zabaldu dutelako. Horregatik, “herritarrei beren konpromisoarekin alarde publikoak eta parekideak kalean babesteko deia” egin die.

X