Nafarroa: haustura edo erregimena berregitea?

Oskar Matute – Alternatibako bozeramaile nazionala

 

Langabezia, etxegabetzeak, murrizketak osasungintzan, hezkuntzan eta laguntza sozialetan; prekarietatea lan merkatuan, bideragarriak diren enpresak desagertzea, publikoa den ororen lapurreta, eredu ekonomikoaren eta produktiboaren gabezia, gazteak eta hain gazteak ez direnak deserrira zigortzea … Horixe da Euskal Herri osoari, Hego Europako gainerako herriei bezala, kalte egiten dion krisialdiaren ondorioz Nafarroako herritarren zati handi batek pairatzen duen egoera.

Jakin badakigu, ordea, krisia ez dela naturaren gaindiko arrazoiengatik sortzen eta, Nafarroan, besteak beste, beren agintarien arduragatik ematen dela, estatu espainiarrean txandakatzen diren gobernuen ezinbesteko laguntzarekin. 78ko erregimenaren sortzaileak pozik bizi dira Hegoaldea bitan zatitu izanarekin, herritarren arteko talka ere eraginda. Estatuaren baliabide guztiak eta hedabideak alde zituztela, izaera nafarra espainiartasunaren ardatz bilakatzen zuen kontsentsua eraiki zuten eta, bitartean, euskara eta euskal kulturarekin zerikusia zuen oro baztertu eta zokoratu egiten zen. Izan ere, esaera zahar bilakatuak dioenez: “Nafarroa, estatu auzia da”.

Estatuko egitura berreginez, 78ko erregimenak aldizkako gobernua babestu zuen ere Nafarroarako, beren elite ekonomikoen eskutik. Urteotan, PSN izan da gobernuan eta, 1991tik, UPN. Biek izan dute harremana ustelkeriarekin. Lapurreta eskandalagarriak eta kudeaketa ezin txarragoak tartean, Nafarroako kutxaren lapurreta da mingarriena eta ezagunena. Kontuz elkarteak salatu duenez, “arduradun politiko eta zuzendarien ikuskizun iraingarria bizi behar izan dugu, Nafarroaren tresna finantzari nagusia, CAN, desagerrarazi duena. Pasarte onartezinetako asko ezagunak ditugu: dietak, erlojuak, inbertsioak, helikoptero bidaiak …”.

Herritarren artean haserrea nagusi denean agintari hauen kudeaketa traketsarengatik, aldaketarako bide itxaropentsua ireki da. Nafarroan bada demokrazia aldarrikatzen duen ehun sozial anitz bat, herritarrei eragiten dien gauza guztien gaineko erabakitzeko eskubidea eskatzen duena: eredu sozial eta ekonomikoaren zein lurralde antolaketaren gainean.

Maiatzean egingo diren hauteskundeetan asko dago jokoan. Batetik, UPN 1991. urtetik lehenengo aldiz agintetik kentzeko aukera gauzatzea; baina horren gainetik, erabakitzeko eskubidearen eta erregimenarekin apurtzearen alde dauden lurralde honetako indar politiko ugariren koalizio zabal bat presidentziara eramateko aukera dago jokoan. Kataluniako bidegurutzeari, Nafarroaren egoera gehitu ahal zaio Espainiako estatuari, izan ere, lurralde honi egotzi zioten euskal independentismoa geldiarazteko tresna izatea erkidego autonomoen egituraren diseinuan. Beraz,  hurrengo bozetan erabakiko dena ez da bakarrik balizko gobernu aldaketa soil bat baizik eta 78ko erregimenaren ardatz nagusietako bat eraistea. Aldaketaren aldeko apustua egiten duten indarren artean gutxieneko adostasunak sortzeko aukera paregabea dago mahai gainean.

Yolanda Barcina, Foru Erkidegoko egungo presidenteak, zerrendaburua izateari uko egin diola iragarri zuen. Batek baino gehiagok uste du ezinbestekoa dutela bera alde batera gelditzea UPN-PSN-PP aliantza gauzatuko bada, egungo egoerari jarraipena eman ahal izateko.

Kasualitate ederra dirudi Auzitegi Nazionalak CAN auzia berrireki izana Barcinaren agurraren ostean. Eskandalua azkarregi itxi omen zen eta bitxia bada ere, egungo presidentea UPNren hautagaia izateari utzi zion hurrengo egunean sinatu zen auzia berraztertzea agintzen zuen autoa. Zerikusirik al du batak bestarekin?

Bestetik, haserrearen emaitzak jaso dezaketen IUN edo Podemos bezalako indarrek, ohiko dilemari aurre egin beharko diote. Zalantzarik gabe, EH Bildurekiko balizko itunek beren hautagaitza estataletan izan ditzaketen ondorioei begira ibiliko dira. Eta oso albiste txarra izango litzateke hori Nafarroan hausturaren aldeko apustua egiten duten guztientzat, izan ere, badirudi EH Bilduk eta Podemosek jasotako botoen artean gobernu aldaketa eta aurreko guztia gainditzea egingarria dela. 78ko erregimenaren apurketa itxaropentsua ikusi ahal izango dugu? Edo kontsentsu zaharrak berregituratuko dira, aldaketa oztopatuz eta herritarren gehiengoari traizio eginez?

Ahotsa, Ozenki, Naiz eta Berria-n argitaratua

Ezt(e)i-bidaiak

Lur Etxeberria EHBilduren talde feministaren izenean

Eztei-bidaia esaten zaio ezkontzaren ondoren egiten den bidaiari ez ezik gizonezkoak emakumeari eraso egin ondoren etorri ohi den damutze uneari ere, eztitik gutxi duena, indarkeriaren zirkulua ixten baitu berriz ere hasteko. Indarkeria matxistarekin hazi eta bizi bagara ere, ezer gutxi dakigu indarkeria-mota horren inguruan, nola funtzionatzen duen, zergatik erabiltzen den eta, batez ere, nola gaindi dezakegun

Hasteko, benetako zailtasunak ditugu indarkeria matxista identifikatzeko. Erasorik ikusgarrienak eta dramatikoenak ikus ditzakegu, baina ez gure egunerokotasunean ohikoagoak diren indarkeria sotilagoak (kontrola, umiliazioa, desakreditazioa, jarrera paternalistak…). Erakundeen politika publikoek ere hala egiten dute, eta eraso agerikoenetara bideratzen dira, eraso horiek eusten dieten indarkeria bigunagoen aurrean itsu.

Bigarrenik, ez dira indarkeria matxistaren jatorrira jotzen duten politikak egiten. Indarkeria eta eraso matxistak ez dira gertaera isolatuak, ez dira salbuespena eta bai, ordea, gizon eta emakumeen arteko botere-harremanen adierazpen larriena, icebergaren punta, egiturazko arazoa. Indarkeria matxista sistemaren errore bat ez den neurrian, ordena soziala mantentzeko beharrezko mekanismoa den neurrian, ordena soziala bera zalantzan jartzea eskatzen du. Politika publiko gehienak, ordea, ez dira ausartzen zutabe horiek zalantzan jartzen, emakumeen gaizki-izateak beste batzuen pribilegioei eusten dielako agian.

Hirugarrenik, diskurtso zurien lurraldea bilakatu da indarkeriarena. Erakunde publiko eta alderdi gehienei erraza eta merkea zaie muturreko erasoak salatzeko argazkiak eta adierazpenak egitea, baldin eta ez badie haien lehentasunak aldatzea ekarriko. Beste egoera batean geundeke indarkeria matxista gainditzeko Abiadura Handiko Planean inbertituko balute. Izan ere, berdintasunari buruz asko hitz egiten da, baina ez da hainbeste praktikatzen. Politika isolatuak egiten dira, intentsitate gutxikoak; eta txapa moreak parekidetasunaren aldeko labela lortzeko baliatzen dira, parekidetasuna oztopatzen duten politikak egiten jarraitu ahal izateko.

Laugarrenik, emakumeen kontrako indarkeria eremu askotatik dator. Testuinguru orokorra emakumeen kontrako indarkeriarena da, eta horrek baldintza ezin hobeak sortzen ditu gizonek emakumeen kontra indarkeria erabil dezaten. Publizitateak kontsumorako produktu gisa aurkezten ditu emakumeak, nahi erara erabil daitekeen merkantzia gisa. Hedabideen eduki askori sexismoa darie, estereotipoz gainezka, eta emakumeak ezkutatzea edo gutxiestea ohikoa da. Bankuek emakume bakarrez osatutako familiak etxegabetzen dituzte, eta kapitalak emakumeei erreserbatzen dizkie ordaindu gabeko zaintza-lanak. Hala ere, ez da publizitate eta hedabideen edukiak arautzeko neurri eraginkorrik ezartzen, ezta emakumeen autonomia ekonomikoa sustatzeko neurri berezirik ere, batzuk aipatzearren.

Egoerak politika integralak eskatzen ditu, prebentzioan oinarrituko direnak. Beharrezkoa da gizonengan gehiago erreparatzea, gizon izateko eredu alternatiboak sortzen laguntzea, maskulinitate-eredu hegemonikoa (oldarkorra, bere burua kontrolatzeko gai ez dena) gainditzea. Beharrezkoa da, besteak beste, maitasun erromantikoaren ideologia zalantzan jartzea eta emakume indartsuak eta askeak sortzen laguntzea.

Indarkeria matxista gainditzeak pertsonen esplotazioan oinarrituko ez den sistema bat sortzea eskatzen du, harreman horizontalak arau orokor izango direna eta ez salbuespena. Orduan, bai, egingo ditugu guztiok ezt(e)i-bidaiak.

EHBildu

Zinismoa, kondenak eta hiletak indarkeria matxistaren aurrean

Ainhoa Beola, Amaia Agirresarobe, Arri Zulaika eta Lur Etxeberria – Grupo Feminista de EH Bildu

Feminismoak erakutsi zigun gauza pertsonalak politiko ere izan daitezkeela, eta errealitate bat izendatzeak ikusgai bihurtzen duela; hori guztia ikasi dugunetik, gizonek emakumeak erailtzen eta erasotzen dituzten kasuak ez dira anonimotasunean geratzen, ez dira pasiozko krimentzat hartzen, ez dira bikote-dinamika kaltegarrien ondorio naturaltzat jotzen, edo ez dira gizonezko buru gaixoen ekintzen emaitza. Emakumeen borrokari esker, gizartea indarkeria matxistaren larritasunaz jabetu da, baita erantzule politiko askoren geldotasunaz ere; horrela, bada, indarkeria matxistaren aurkako borroka erakunde publikoek gainditu beharreko erronka nagusietako bat izatea lortu da. Eta, horrez gain, abiapuntu sinple bezain iraultzaile batean oinarrituta lortu da hori guztia: indarkeria horren jatorria emakumeen eta gizonen egiturazko desberdintasunak sortzen duela.

Alabaina, ez dago borondate politikorik premisa horrekiko koherentziaz jokatzeko eta, beraz, desberdintasunak eragiten dituen sistema aldatzen ez den bitartean, indarkeria ez da amaituko. Krisialdi ekonomikoan murgilduta gaudenez, egun batean bai eta hurrengoan ere bai ikusten ari gara herritarren gehiengoa pobretzen eta baldintza txarretan bizitzen ari dela eta, bereziki, emakumeak. Azken batean, gero eta zailagoa da emakumeentzat autonomo izatea eta, hortaz, indarkeria matxistaren aurrean egoera ahulagoan daude, zaurgarriagoak dira.

Testuinguru horretan, ustez indarkeria matxistaren aurka dauden erantzule politiko askok azalpenak ematea nahi dugu, berdintasunaren aldeko adierazpenak egiten baitituzte baina, aldi berean, gizarte-arloko eta genero-arloko desberdintasunak areagotzen dituzten politikei ematen diete lehentasuna, emakumeei libre eta ez hain kaltebera izatea ahalbidetuko lieketen baldintza materialak lortzea bermatuko dieten politiken kaltetan.

Jakin badakigu baldintza materialak hobetzea ez dela nahikoa indarkeria matxista desagerrarazteko, baina aurrerapen handia da. Badakigu ahalmen handiko zenbait gizarteratze-mekanismoren –hala nola, hezkuntza-erakundeen, komunikabideen, familiaren, erlijioen– eraginagatik, baita maitasun-kultura jakin batengatik ere –bereizketak eta desberdintasunak areagotzen dituena– emakume askok beren burua ukatzen dutela, gustura ez dauden harremanak onartzen dituztela, besteak baino gutxiago direla sinesten dutela bikotekiderik ez badute, edo bikotekiderik ez izatea baino, hobe dela bikotekide kaltegarria izatea.

Berriro ere azalpenak eskatzen dizkizuegu: zergatik ez duzue neurririk hartzen eskoletako eta unibertsitateko curriculumean emakumeen aurkako indarkeria eta desberdintasunak ez erreproduzitzeko, betiere ikuspegi kritiko eta erantzunkideetatik begiratuta? Azal iezaguzue, mesedez, komunikabide publikoetan zergatik ez den pedagogiarik egiten eta zergatik ez den hezten hobe egingo gaituen kultura-esparru batean oinarrituta. Azal iezaguzue, eliza katolikoa zergatik den, oraindik ere, agente ekonomiko pribilegiatua eta zergatik duen agenda publikoan modu misoginoan eragiteko gaitasuna, ustez laikoa den esparruan. Eta azaldu zergatik egiten dituzuen murrizketa bortitzak berdintasun-politiketara eta indarkeria matxistaren aurkako politiketara bideratutako baliabideetan.

Ikuspegi integraletik begiratuta, eztabaida zabalari ekin beharko genioke berehala: indarkeria matxistari nola deitu, nork egiten ote dion aurre, nola, eta indarkeria hori zer nolako espaziotan agertzen den. Emakumeek etxean, kalean eta lanean egin behar izaten diote aurre indarkeriari, beren bikotekide, aita, nagusi, irakasle, lankide edo ezezagun diren gizonen indarkeriari, baina egitura biologikoarekin eta sexu-portaerarekin gauzen ordenari erronka jotzen dioten gorputzek (transexualek, lesbianek, homosexualek) ere pairatzen dute. Gure gizartean, indarkeria zigor izaten da, gizon edo emakume izatea zer den zalantzan jartzen ausartzen denari ezartzen zaion zigor, gizonezkoen dominazioa zilegi bihurtzen duen ordenari erronka jotzeagatik.

Eta horrek guztiak, hainbeste kalte eta samin konpontzeko eta egoera horietan laguntzeko esku-hartzeen ikuspegia eta arretaren eredua berraztertzera behartzen gaitu. Egun, arreta-eredu nagusian bikotekidearen edo bikotekide ohiaren indarkeriari arreta handia ematen zaio; larrialdiaren aurrean erantzun hobea ematen da; salaketa bitartekotzat baino gehiago, esku-hartzearen helburutzat hartzen da; eta baliabideak emakumeei laguntzeko arreta indibidualetara bideratuta daude, pairatzen duten indarkeria hori indarkeria bera eragiten duen gizarte-errealitatearekin lotu gabe. Azken batean, ezinbestez berraztertu egin beharko liratekeen eredu batetik esku-hartzen da.

PPren gobernuak, botoak eskuratzeko ahaleginean, 35 urte egin zuen atzera abortatzeko eskubideari dagokionez. Berriz ere isilarazi egin nahi gintuen eta mendeko bihurrarazi. Eta, horren bitartez, eskubide sozialen alde eta gutxiengo baten pribilegioen aurkako borroketatik deskonektatu. Guk lortu dugu eskubide hori ez galtzea, kalera atera gara berriro, eta herritar izateko borroka eguneratu. Ez gaitu etsiak hartuko, adore eta zintzotasun handiagoa eskatzen dugu indarkeria matxistari aurre egiteko, eta ez hainbeste zinismo, ez hainbeste kondena-erretorika autokonplaziente eta ez hainbeste estatu-hileta. Bitartean, borrokan jarraituko dugu.

EHBildu

Ardura soziala zerga-politikan

Helena Franco, Ander Rodriguez – Gipuzkoako Ogasun diputatua eta Gizarte Politikarako diputatua

Juan Mari Aburtok, Enplegu eta Gizarte Politikako Sailburuak, «zerga gainkargua» edo «zerga espezifiko» berri bat proposatu du mendekotasunaren beharrei erantzuteko. Lehendakariak berak ere galdetu du «egungo zergekin bermatu ote daitezkeen dauden gizarte zerbitzuak, egun dauzkagunak eta berriak». Galdera oker eginez gero, nekez izango da zuzena erantzuna, eta hala da kasu honetan ere. Ez da galdetu behar zein zerga-sistema behar dugun mendekotasuneko gastuari eusteko, baizik eta zein zerga-sistema den beharrezko politika publiko guztiei batera eusteko. Zaintza duin eta unibertsaletan egindako inbertsioak desorekatzen ote ditu, bada, diru-kontu publikoak? Euskal administrazioen gastu osoari egindako panoramiko batek ezezkoa adierazten digu. Euskadin gizarte zerbitzuetara zuzenduriko gastua %10,7koa da (Eustat).

Nola finantzatzen dira, egun, politika publikoak? PFEZaren eta, gehienetan, herri xehearen bizkar joaten diren zeharkako zergen bidez bildutakoaz. Gipuzkoan, zehazki, zerga-bilketa osoaren %37 PFEZetik dator (bere bilketaren %80 lan errentei dagokie) eta beste %50 BEZ eta zerga berezien bitartez jasotzen da.

Beraz, mendekotasunak ez ditu oro har administrazioak kinka larrian jartzen; eta finantzaketak ere ez du zertan etorri lehen ere euskal administrazio publikoen jardueraren zatirik handienari eusten dioten zergen gaineko gainkargu berri baten bidez. Hala ere, aski al da egungo inbertsioa herritar guztien eskubide sozialak bermatzeko? Ez, inola ere ez. Gizarte zerbitzuen euskal sistemak diru gehiago behar du.

Beharrezko diren baliabide horiek euskal sisteman txertatu ahal izateko, administrazioek beren gastua zorroztasun handiagoz kudeatu behar dute eta beren lehentasunak hurrenkera egokian jarri. Gipuzkoako Foru Aldundian, esaterako, argi daukagu zaintzen sare publikoa eta mendekotasuna duten pertsonen arretarako prestazio eta zerbitzuak direla gure lehentasun. Oso argi daukagu politika ekonomikorik hoberena gastu sozialeko inbertsioa dela, horrela ongizate kolektiboa lagundu, ekonomia aktibatu eta enplegua sortzen baita. Horrexegatik, beste administrazioen —Eusko Jaurlaritza edo gobernu espainiarraren— murrizketa sozialen aurrean Gipuzkoan, urtez urte, gizarte gastua handitzen ari gara.

Egia da mendekotasuna duten pertsonen arretarako gastuak gora egiten jarraitu behar duela, eta horren zati batek zerga-bilketa sistema aldatzetik eratorri behar duela. Hala ere, zergatik jarraitu zerga-sistema herri xehearen bizkar kargatzen? Zergatik ez egin hori enpresa handien mozkin eta fortuna handien bidez? Gipuzkoan erakutsi dugu nola egin daitekeen.

Ez da kasualitatea Ogasuneko diputatuak eta Gizarte Politikako diputatuak artikulu hau elkarrekin sinatzea. Zergatik? Gipuzkoan Ogasun Departamentuaren jarduna eta Gizarte Politikako Departamentuarena berezi ezinak direlako. Gure zerga politika ardura sozialaz landua dago. Txanpon beraren bi aldeak dira biak eta koherentziari eusten diogu zeinek bere politiketan. Ez da serioa beste gobernu batzuetan bezala alor fiskaletik zerga beherapenak proposatzea, eta aldi berean gizarte esparrutik fondo gehiagoren erreklamazioa egotea.

BERRIAn argitaratua

Alfonbra gorria muturreko eskuinari

Toni Ramos – Alternatiba

Kapitalismoak eragindako krisiaren ondorioz, gehien kaltetutako klaseak miseriara kondenatuta daude, bankuen, multinazionalen eta oligopolio energetikoen mesedetan. Testuinguru honetan, ulergarriena litzateke langileek ezkerreko indar alternatiboen alde egitea, eta honek militantzia eta bozka gehiago irabaztea, alderdi politiko klasikoen gainbeheraren aurrean. Eta hala gertatzen ari den arren, bestelako aukera batek ere gero eta jarraitzaile gehiago irabazten ditu azkenaldian.

Murrizketa sozialak, ustelkeria eta gizarte gehienak klase politikoarekiko garatu duen desilusioa baliatuz, muturreko eskuina eta faxismo berria azaleratzen dira. Eta diskurtso populista, erraz eta xume batekin egiten dute, inongo arrazoibiderik gabe, defendatzerik ez duen etsaiaren aurka gorrotoa erabilita eta gezur bat etengabe errepikatuz egi bihurtzearen arauari jarraiki. Izan ere, arrazakeria eta xenofobia oinarritzat hartuta, neofaxismoa krisiaren aurkako diskurtsoa entzuteko prest dagoen orori irtenbide erraz bat eskainiz elikatzen da: egoera honen errudunak etorkinak dira.

Baina faxismoaren eta muturreko eskuinaren etorrera ez da ustekabekoa; diskurtso mota hau bozak lortzeko tresna modura ikusi duten alderdi politiko tradizionalei egotzi behar genieke zalantzazko meritu hori. Hona hemen adibide batzuk:

Herri eskandinaviarretan, Norvegiako Alderdi Aurrerakoia edo Suediako Demokratak bezalako muturreko eskuineko alderdien diskurtso arrazistak gero eta indartsuagoak dira. Alderdi kontserbadoreak, arrazakeria eta xenofobiaren aurka agertu beharrean, gauza bera egiten hasi ziren, ultraeskuindarren presioak eraginda, etorkinen kriminalizazioa sustatzen zuten politikak abian jarriz. Guzti honen ondorioa muturrera heldu zen 2011 urtean gertatutako Utoyako sarraskian.

Frantzian ere antzera gertatu da. Le Pen xenofobia erabiltzen hasi zen herriaren arazoen errua ahulenei egotziz. Sarkozy kontserbadorea ere bozka errazaren trenera igo zen eta Errumaniatik etorritako ijitoak Frantziatik kaleratzen hasi zen, herritar musulmanen erlijio askatasun eskubidea urratzen zuen bitartean. Hollandek ere ez du egoera zuzendu. Politika hauen jarraikortasuna sustatzearen ondorioz, Fronte Nazional alderdi neofaxista Europako azken hauteskundeetan alderdi bozkatuena izan zen. Gaur egun, Marine Le Pen, muturreko eskuineko alderdiaren sortzailearen alabak, bere burua Frantziako Lehen Ministro gisa ikusten du.  

Antzeko adibideak daude Herbehereetan, Erresuma Batuan edo Italian, eta Euskal Herria ere ez dago fenomeno honetatik aske. Gurean bizi diren sona politiko handiko pertsonaiek, beren burura defendatu ezin duten etorkinak, boto eskubiderik ere ez dutenak, kriminalizatzen dituen diskurtso hau aspaldi erabiltzen dute.

Hauteskundeetan bozak lortzeko, babesgabe daudenak erruduntzen dituzte, eta ez PPk ezta PNVk ere, ez dute botere gehiago eskuratzeko aukera galtzeko asmorik. Berdin zaie bere diskurtsoak ez gutxiengo horri bakarrik baizik eta gizarte osoari kalte egiten badie. Europari besterik ez diogu begiratu behar, muturreko eskuina gure herrian ezartzeari bidea zabaltzen diotela ikusteko. 

Araba eta Bizkaiko Foru Aldundietatik, eta Sestao edo Gasteiz bezalako Udaletatik, etorkinen kolektiboaren aurkako salaketa faltsuak egin dira, orain arte ezkutuan mantendu den neofaxismoari alfonbra gorria jarriz, muturreko eskumaren iritziak bereganatuz eta politika naziak ezarriz. Kezkagarria da ikustea nola Gasteizen baliabiderik gabeko pertsonek saltoki sare jakin batean eta soilik berdez markatutako produktu zehatz batzuk erosteko baimena duten. Elikagaien errazionamendua gertuko enpresen onurako erabiltzea Francoren diktadurako garai ilunen ohiko zerbait izan zen, eta Javier Marotoren eskutik itzuli da.

Josu Begara, Jose Luis Bilbao, Javier de Andres eta Maroto bezalako politika munduko pertsona ezagunak iritzi arrazistak publikoki azaleratzeko gai badira, nork aurpegiratuko dio Democracia Nacional-i gauza bera egitea? Sasi-erakunde nazi hau Gasteiz inguruan etorkinen aurkako kartelak pegatzen hasi da dagoeneko. 

PP eta PNVko buruzagiei gogorarazi behar izango genieke, higiezinen eztandaren garaian, lanik falta ez zenean, Espainiako Erresumaren BPGaren hazkundearen ia erdia etorkinen ekarpenaren ondorioa zela. Akaso kontuan izan beharko lukete pertsona hauek Euskal Herrian bizi eta lan egiten dutela; Euskal Herrian jaten eta erosten dutela, eta ondorioz zerga zuzen eta zeharkakoak ordaintzen dituztela, beste edozein euskal herritar bezala. Agian ere kontuan izan beharko lukete kultur aniztasunak ematen digun aberastasuna. Eta batez ere, gogorarazi beharko genieke gure gizartearen zati oso handi bat (militante jeltzale asko tartean) euskal jatorrikoak ez diren etorkinek edo beren ondorengoek osatzen dutela. 

Etorkin katalan batek sinatuta, edozein etorkin marokoar edota zortzi euskal abizen dauzkan edozein bezain euskalduna.

X