Margaret Tatcherren gobernuak TINA akronimoarekin (alternatibarik ez dago, ingeleraz) laburtzen zuen bere politika erabat antisoziala. Hala, gobernu kontserbadore honek krisia aitzakia hartuta Europako politika antisozialenak eraman zituen aurrera. Era berean, PSOEren gobernu liberalak dagoeneko murriztu baino murriztago dauden pentsioak eskasteko argudio bera erabiltzen du: ez dago alternatibarik. Euren arabera, gizarte segurantza sistemak hondoa jo lezake egungo irizpideei eutsiz gero. Beraz, pentsioen gastua murriztu behar omen da sistemaren iraunkortasuna mantenduko bada.
Bi argudiook -gizarte segurantzaren hondoratzea, pentsio gastua murrizteko premia- erabat faltsuak dira eta erreforma hauen benetako helburua ezkutatu besterik ez dute nahi: publikoa murriztu krisi sistemikoaren erantzuleen negozio esparrua areagotzeko. Gizarte segurantza soziala ez dago arriskuan (esaterako aurtengo 11.000 milioi euroko irabazia) eta ez dago kosteak murrizteko beharrik – zergatik ez sarrera gehiago lortzen saiatu? Funtsean, betiko borroka da, pertsona guztien eskubideak gutxi batzuen pribilegioaren alde.
Gizarte segurantzaren hondamendia aurreikusten zuten zorigaiztoko aurreikuspenek kale egin arren, lotsa barik dihardute ekonomiaren aztiek iristear diren hondamendien berri ematen. Interesa zuten jaitsiera-tasaren beherakadak eta bizi-itxaropen tasaren gorakadak Gizarte Segurantza krisian jarriko zutela esatean, eta huts egin zuten. Aurreikuspen hauen atzean bankuak -izan ere euren helburua Gizarte Segurantzak hartzen dituen aurrezki publiko horiek bere aldera eramatea da- eta patronala -gizarte ekarpenak murriztu nahi baititu- ditugu bereziki. Hori dela eta, pentsio publikoen murriztea eta pentsio pribatuen gorakada eskatzen dute, ez langile eta pentsiodunen hobebeharrez, ez estatuarentzat hobe delako, baizik eta euren merkatu diruzaleen mesedetan soilik. Ez dago inolako justifikaziorik.
Hala, jendeari 65 urtetik gora lan eginaraztea ez da pentsioen mesedetan harturiko erabakia. Helburua pentsio publikoak murriztea da, aurrezteko gaitasuna dutenek pentsio pribatuetan sartzeko premia ikus dezaten, bankuen negozioaren onurarako. Ez dira pentsioak kolokan daudenak, bankaren irabazik baizik.
Dirudienez, batzuei ez zaie axola finantza krisiak pentsio sistema pribatuen ahultasuna agerian utzi izana, ez eta diru publikoz lagundu behar izan zaielako txikeria. 1970Tik 2003ra 93 herrialdetan 117 banka krisi izan dira, eta 17 herrialdetan 113 finantza “stress” aldi. Pentsio pribatuak omen dira arazoarentzako irtenbidea, baina 2008ko martxotik 2009ko martxora fondo pribatuek %6,37ko errenta negatiboa eman dute batez beste.Zein dago arriskuan, pentsio publikoak edo pentsio pribatuen pagotsa? Honi jarraiki, EAEko Foru Aldundiek pentsio pribatuen mesederako zerga sistema ezarri dute, aurrezteko gaitasuna dutenentzat mesedegarri eta pentsio publikoen inguruan ahulezia ideia zabaldu dute.
Gizarte seguranta hondoratuko dela esateaz gain, arazoa beti gastu murrizketaren bidez konpondu nahi dute, patronalaren bidetik, krisitik aterako gaituzten neurri egokiak hartu gabe.
Hala, Gizarte Segurantzaren gastua aurrezteko proposaturiko aldaketetako bat kotizazioak kalkulatzeko gutxieneko epea 15 urtetik 20ra igotzea da. Horrela, sindikatuen kalkuluen arabera pensioak %6 jaitsiko dira. Neurri honek batez ere emakumezkoei eragingo die, kotizazio aldi txikiagoak baitituzte eta lan merkatuan sartu-irten gehien egiten dutenak izaten direlako, baita behin-behineko kontratu gehien pairatzen dutenak ere. Are berezikiago, Etxe zerbitzarien erregimen Berezipean diharduten langileei, egoera honetan diren langileen %32,5 16 eta 20 urte bitartean kotizatu duten artean baitaude.
Ez da, ordea, Zapatero gobernuak pentsioak murrizteko duen bide bakarra. Lehen unean tanteo moduko iragarpena bazirudien ere, badirudi ziurra dela jubilazio adina 67 urtera luzatuko duela gobernuak. Neurri hau lehen aipatu kotizazio urteak 15 eta 20ra igotzekoari lotzen bazaio, pentsioen batez besteko %16ko murrizketa izango da. Era berean, atseden eskubidea ondo irabazia duen jendeari lan merkatutik ateak ixten zaizkion bitartean gazteei lanean hasteko bideak ixten zaizkie. Ez da ezagutzen osotasunean zeintzuk izango diren aldaketa zehatzak, edozein modutan, gobernuak hainbat aldaketa ditu buruan, beti ere pentsioak murriztera bideratuak.
Alternatiban, baina, erabat ezberdina den irtenbidea eskainiko genuke inoiz balizko arazo hori suertatuko balitz, hau da, irtenbideak Gizarte Segurantzak bildutako dirua igotzera jo beharko luke, ez pentsioak murrizteko aldrebeskeriak pentsatzera. Bankuek, patronalak eta ekonomista neoliberalek aldarrikatuko bideei uko egitea, alegia:
· Lan sariak, Lanbide arteko Gutxieneko Soldatatik hasita, igotzea kotizazio handiagoak izan daitezen.
· Espainiar Erresuman %20koa eta EAEn %10ekoa den langabezia-tasa murriztea, kotizazioak ordaintzen dituzten pertsona gehiago izan dadin.
· EAEko emakumezkoen okupazio-tasa igo, egun dugun %58tik Alemaniak duen %66ra kasu. Horretarako hainbat neurri daude, gizonezkoen eta emakumezkoeen arteko ardura elkarbanatuak zainketari dagokionean, emakumeak aukera eta eskubide berdintasun egoeran lan munduratzeko.
· Gizarte Segurantzan kotizatzen ez duten bekadun eta Kolaborazio Sozial Kontratuak desagerraraztea, baita sasikotizatzen duten zabor kontratuak ere.
· 65 orduei buruzko Europako zuzentaruak aldarrikatzen zuenaren aurkako bidetik, lan jardunaldiak murriztea, lana banatu eta kotizatzaile gehiago izateko.
· Ezkutuko ekonomia murriztea..
· Etxeko langileak Gizarte Segurantzako erregimen orokorrean sartzea. EAEn etxeko langile diren 24.318tik 14.000ksoilik kotizatzen dute moduren batean.
· Kotizazio gabeko pentsioak estatu transferentziekin finantzatzea, horretarako europar mailetara igo beharko litzateke zerga presioa. Ondasunen gaineko Zerga berreskuratu beharko litzateke, aurrezki errentak gainontzeko IRPFan berriz kokatu eta enpresa handien zein IRPFko errenta altuenen zergak handitu, besteak beste. Minimoko konplementuen %38 soilik ordaintzen du estatuak zergen bidez gizarte segurantzaren ordez.
· Lanaldia hobe banatzeko jubilazio adina aurreratzea. 40 urtez kotizatu duen pertsona bati ez zaio zertan bere jubilazioa eskastu 65 urte bete gabe ere jubilatzen bada.
Beraz, gezurrik ez. Bada alternatibarik, bada irtenbederik, kapitalistek eta merkatuak eskainitakoez haratago.