Berriki jakin dugu beste gertaera lazgarri bat gertatu dela gure kaleetan, etxerik gabeko pertsona bat hil egin zela uztaila hasieran Bilbon. Eragile sozialek salatzen dutenez, gutxienez lau dira egoera berean urte hasieratik hildakoak. Etxebizitzaren arazo larriaren ondorio krudelena da hau, baina ez bakarra. Jakina da alokairua ez dela jada etxebizitzan gehiegi ez inbertitzeko irtenbidea, gero eta altuagoak dira eta. Horrek zailtzen du, esaterako, gazte askok diru-sarrerak izanda ere emantzipatzeko aukera izatea. Badira, dena den, beste hainbat oztopo, garai hauetan aproposa da gogoratzea ere pisu turistikoen eredua, edo putre-funtsen zein edukitzaile handiek sortzen duten arazoa.
Etxerik ez izateak ez dakar bakarrik etxebizitza segurua, eskuragarria eta egokia ez izatea, gainerako eskubide sozialen egikaritza indargabetu edo ahultzen ditu. Adibidez, oso modu negatiboan eragiten du osasun fisiko zein mentalean, eta saihestu daitezkeen heriotzak sortzen ditu urtero. Gainera, oso estigmatizatuta dago eta hura jasaten duten pertsonak diskriminatuak izaten dira; gure begietara ikusezin bihurtzen direla esan genezake. Akaso, pandemiaren ondorioz edo eguraldia gogortu egin denean, egoera zertxobait azalarazi da. Azpimarratzekoa da ere, intimitate falta eta segurtasun arazoak izaten direla eta bizi-proiektuak garatzea ia ezinezkoa egiten dela.
Zalantzarik gabe, konplexutasun handiko fenomenoa da, bere baitan errealitate-aniztasun zabala biltzen duena. Argi dago ez dituela behar berdinak izango urteetan kalean izan denak, adin-nagusitasunera iristerakoan, Aldundiaren tutoretzarik gabe geratzen den gazteak, edo emakumea denak, oro har biktimizazio handiagoa jasaten dute eta. Hortaz, arreta hurbila, banakakoa, espezializatua, eta erantzun azkarra eta malgua behar du izan. Kaltetuei hitza ematen diena eta egiturazko fenomeno bati heltzeko anbizioa duena, erabilgarritasun gutxiko adabakietan galdu gabe. Finean, eskubideen ikuspegi bati heldu behar zaio eta esku-hartzearen erdiko ardatza pertsonaren duintasuna izan behar du.
María del Río – Alternatiba
GARAn argitaratua