Guztiok bat gatozela esango nuke: gero eta gehiago kostatzen zaigu proiektu kolektiboetan parte hartzea, eta, bizi izandako osasun-alarmaren ondoren, egoera okerrera joan da. Aurreko batean, lagun batek esan zidan ez zuela argi adinagatik ote zen, baina gehiago kostatzen ari zaiola lagunekin geratzea eta, batez ere, bat-bateko planak egitea. Are gehiago, isolamendu soziala eta bakardadea gero eta arazo handiagoak dira, batez ere adin tarte batzuetan. Asko dira ematen diren azalpenak, esaterako, sare sozialen gehiegizko erabilera, edo lanaldi luzeen ondoriozko denbora librearen falta.
Badira bestelako arrazoiak, elkarteek eta taldeek biltzeko leku egokirik ez dutela, kasu. Zaila da, batzuetan gaindiezina, leku publiko irisgarri bat aurkitzea, baldintza murriztaileegiak ezarrita ez dituena eta bereziki talde batzuek dituzten lan-ordutegi zailetara egokitzen dena. Gauza bera gertatzen da beste espazio kolektibo batzuekin, hala nola liburutegiekin eta ikasketa-aretoekin, non gero eta gehiago azterketa garaitik kanpo ere ikasleek eta oposiziogileek ilara luzeak itxaron behar dituzten, edo hirietako eskolen ohiko aldarrikapena: hurbileko espazio publikoa elkartzeko eta gozatzeko leku gisa erabiltzeko aukera izatea. Ez aipatzeagatik behin eta berriz eskatzen dela frontoiak eta jolas-guneak estaltzea, klima baldintzek laguntzen ez dutenerako.
Argi dago inguruneak eragin handia duela nor garen eta nola bizi garen zehazterako orduan. Premiazkoa da, beraz, elkar topatzeko leku egokiak izateko beharrari benetan duen garrantzia aitortzea. Frogatuta baitago harreman sendoak eta babes taldea sortzea ez dela soilik beharrezkoa gizarte kohesiorako, baizik eta osasunerako onurak ere badakartzalako. Gainera, gizartean eta taldean parte hartzeko gaitasuna izatea ezinbestekoa da gizarte demokratiko batean. Espazio partekatuak hobetzeko premiari erantzuteko auzokideek eta elkarteek parte hartzeko bideak sortzea urgentziazkoa da. Pentsa liteke, bestela, espazioen gabezia ondo neurtutako erabakia dela, hain zuzen ere, bizitza kolektiboa oztopatzeko.
Maria del Rio
GARA/NAIZen argitaratua