Imazighen eta Rif: Sustraiak, Identitatea eta Erresistentzia. Hitzaldia

Datorren ostegunean, otsailak 13, Salima amazigh aktibista eta giza eskubideen aldeko borrokan aritua, hitzaldia emango du Alternatibak Gasteizen duen egoitzan (Los Herran 25), arratsaldeko 7retan. Amazigh herriaren historia, kultura eta borroka ardatz hartuta, Rif eskualdean, Marokoko iparraldean, ikuspegi berezi batekin. Hitzaldian zehar, Imazighen eta Rifen historia eta borroka partekatuko ditu Salimak, baita etengabeko erresistentziaren testuinguruan amazigh nortasuna zaintzearen garrantziari buruzko bere ikuspegia ere.

More…

Ez ditzala diruaren hotsak bonben burrunbak isildu

Urtarrilaren 15ean Zedarriak izeneko lobby tekno-enpresarialak bere 6.txostena aurkeztu zuen; “Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua” izenekoa. Finantzen mundutik ateratako aditu gorbatadunez osatutako Think Tank neoliberal honek euskal industriaren lehiakortasuna bultzatzeko errezeta magikoa aurkeztu zuen. Gizarte honen oparotasuna arma eta nuklearren gainean sustengatzea.

Arin atera zen Mikel Jauregi, Industria sailburua, adimen goren hauen ideiak txalokatzera. Elkartaratze honetara hurbildu zirenentzat, Euskadi, “autonomia estrategikoa” landu behar duen Europar Batasunaren giltzarri izango litzateke urtean 5.000 milioi euro segurtasun industria eta nuklearretan inbertituko balitu. Parerik gabeko ideia, Gaza, Yemen zein Ukrainiako sarraskietan hildako guztiak albo batera uzten badira edota 2007an Eusko Legebiltzarrak onartutako Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna gutxiesten bada.

Hurrengoko lerroetan Zedarriak aurkeztutako proposamen higuingarriari begirada bat eman eta plazaratu daitezkeen galdera desberdinei erantzungo dizkiegu. Nortzuk dira Zedarriak osatzen duten adimen enpresarialak?, Zeintzuk dira euren negozioak?, Zergatik EAJ eta PSEk osaturiko gobernuek ez dute errespetatzen 2007ko abenduaren 28ko 14/2007 legea?

 

Proposamen anker bat.

Jada badira sei Zedarriak presio taldeak aurkeztutatako txostenak. Iskanbila sortu zuen lehen txosten hartatik, euskal ekonomiaren gainbehera salatu eta mementuko Urkulluren gobernuak irain bezala hartu zuenetik, talde elitistaren eta Lakuaren harteko harremana jarioa izatera igaro da. Irainduak sentitzetik txalotzera pasa dira txosten honen aurkezpenera gerturatutako lehendakari ohia, egungo gobernuko sailbururen bat eta funerarioz jantzitako enpresari sorta.

Hileta-zerbitzuak ez ziren soilik mugatu dress code-ra Deustuko Unibertsitateko liburutegian ospatutako ekitaldi honetan. Zedarriak proposatutako eredu ekonomiko oparoa hilketaren negozioa sustatzearena izan zen. Aurkeztutako txostenaren arabera 5.000 milioi euroko inbertsioa behar da urtero 2025 eta 2030 urteen artean EAEko industria eta ikerketa sektoreetan. Diru honen jatorria publiko-pribatua izango litzateke, honen %20 publikoa izanik. Zedarriaken zuzendaria den Guillermo Dorronsorok ahoz esan bezala; defentsa industria eta energia nuklearra aukera paregabeak dira Euskadi puntako industriagune bihurtzeko. Dorronsorok, potentzien harteko talkak industria armamentistikoan inbertsioak errentagarri egingo dituela helarazi zuen.

“Gizarte zibil” bezala definitzen den talde anarko-liberal honek herritarronak diren Aurrekontu Orokorretatik urtean 1.000 milioi euro industria militarrean inbertitu nahi ditu. Aurrekontu Orokorretan beste partida batzuekin alderatuta, 2024an Etxebizitza eta Hiri Agenda sailean 424,4 milioi erabili ziren, eta, Zientzia, Unibertsitate eta Berrikuntza sailean 563. Mikel Jauregi industria sailburuak irribarretsu laudatu duen neurria bertako ongizate sistema ahultzea eta gure mugetatik haratago sufrimendua esportatzea suposatzen du.

Team Rocket-a
Nork osatzen dute Mikel Jauregik eta beste euskal erakundeen ordezkariek sumisioz txaloturiko empresakide aparten elkartea? Zedarriak jatorri desberdinetako 15 kideren foro batez osaturik dago. Dorronsororen hitzak kontu, ez da harritzekoa hauetariko batzuek defentsa industrian interesak izatea. Orokorrean enpresari hauen aipatze soilak edozein langileren eskubide laboralak dardarka jarriko lituzke. Lobby honen izaera bera hori da eta, langileriaren esplotazioaren bitartez euren pribilegioak areagotzea. Betiko interesdunak euren betiko interesak defendatzen, oraingoan modernitatez barnizaturiko irudi berriarekin. Azeriak isatsa luze. Euren web-orrian begirada arin bat botata honako izen hauek ager daitezke; Ignacio Martín San Vicente, gudaren negozioan dauden Indra, Repsol, Acerinox edo Gamesan kontseilari izandakoa; Iñaki López Gandásegi, Aernova Aerospacen presidente eta Gamesan aholkulari, edota Javier Ormazabal Echevarría guda elektronikoan adituak diren Velatia taldearen presidente. Baina, badago guzti hauen gainetik azaltzen den izen bat, Zapateroren gobernuan Zientzia eta Berrikuntza ministro eta Satlantis empresa militar punteroaren fundatzailea izandako Cristina Garmendia Mendizabal. Aurrerago jarraituko dugu Satlantis enpresaren aurkezpenarekin. Lehenik, lotsaren zerrenda hau amaitzeko azkeneko bi izen falta dira, “Save The Children”eko Presidentea eta ohorezko patroia ere baitaude, Pilar Kaltzada eta Maite de Aranzabal. Ankerkeriaren negozio hipokrita honetan denek dute bere zatia.

Legearen gutxiespena
Talde makabro honek proposatutako partaidetza publiko-pribatua ekiditzeko 2007ko Herrialde Pobretuekiko Justizia eta Elkartasunerako Gutuna onartu egin zen Eusko Legebiltzarrean. 45.000 lagunek sinatutako legegintzako herri-ekimenaren bitartez izapidetu zen lege hau. Honetan herri txirotuekiko laguntzak ezarri ziren, migratzaileen eskubide batzuk aitortu, eta, defentsa industriari laguntza publikoak ematea debekatu zen. Lege honen 3.3. artikuluan honako hau adierazten da: “Enpresak lagundu eta sustatzeko politikan, Eusko Jaurlaritza ez da inolaz ere elkarlanean arituko armen ekoizpen, merkaturaketa eta finantzaketan ari diren pertsona fisiko edo juridikoekin.”

Zoritxarrez, denetariko trikimailuz baliatuta, Eusko Jaurlaritzak ez du inoiz bete izan lege hau. Egun, inolako lotsarik gabe ematen dizkiete dirulaguntzak industria militarrean ari diren enpresei. Eta hona lehen aipatutako Satlantis eta Cristina Garmendia. Satlantis euskal defentsa sektoreko puntako enpresa da. Hau 2014an sortu zen, Garmendia ministeritzatik atera eta hilabete gutxira. Hasierako kapitalizazioa parte-hartze publiko-pribatuari esker lortu zuten, inbertsore publikoen artean Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru-Aldundia eta Orza. Orza, Elkarkidetza eta Geroa pentsio funtza publikoen inbertsio-zorroa da. Satlantis honetan, Everis enpresa integratu zen, gerora NTT Data deitu dena. Enpresa honek Israeli eta Saudi Arabiari armak saldu izana frogatua dago. Bigarren honi 2017an egindako mortero salmentak NBEren eta Europako Parlamentuak armen salmentaren kontrako ebazpenak gutxietsiz egin ziren.

Hau ez da izan 14/2007 legea urratu egin den aldi bakarra. 2022an Eusko Jaurlaritzak ITP Aero enpresaren %6 erosi zuen Urkullu jaunaren gobernupean. Enpresa honek guda hegazkin eta helikopteroen motorereak ekoizten ditu Zamudioko Parke Teknologikoan. Erosketa hau Finantzen Euskal Institutuak kudeatutako Finkatuz funtsaren bitartez bideratu zen euskal industria babestearen argudiopean. Zedarriakek proposatutako azken neurriak EAJ eta PSEk irekitako bideaz profitatu nahi dira. Hauentzat ez dago legerik, etikarik edo moralik etekin enpresarialen pilaketa oztopatuko duenik.

Gerrari EZ!
Zedarriaken proposamen hauek ez dira berriak. Mendebaldeko herrialdeetatik kapitalak hauspotutako eskuin muturreko aideak urteak darabilte horrelakoak proposatzen. Militarismoa, genozidioa, kolonialismoa eta hainbeste ankerkeria normalizatu egin dira. Euskal enpresariek arruntzat ikusten dute gudaz negozio egitea eta sufrimenduaz etekina ateratzea. Ez zaie itxurak ardura, dirua soilik. Marko guztiei buelta emanda garapena armak saltzea bihurtu da, eta, jasangarritasuna energia nuklearrean datza. Trumpen bigarren legealdiak ekarriko dituen aukeren aurrean jada dira lanean euskal familia armeroak, potentzia estatubatuarraren doktrina Errealista berriak eman ditzakeen etekinen zain. Alternatiba eta EHBilduko militanteok korronte militarista hauek aurrez-aurre salatu behar ditugu, ez dugu onartuko hiritarron dirua defentsa industrian inbertitzea. Ez dugu izan nahi Gazan, Yemenen, Ukrainian, Armenian, Sudanen, Sirian, Libian, Kongon eta munduko beste hainbeste lekuetan egiten diren sarraskien parte. Ez ditugu sustengatu nahi Euskal Herrian ekoiztutako armek sustengatzen dituzten diktadura eta Apartheid-ak, Marokon, Saudi Arabian, Israelen, Arabiar Emirerri Batuetan, Qatarren… Ez dugu konplize izan nahi. Mundu baketsuaren eraikuntza gure eguneroko ekintzetatik abiatzen da, oraingoan bakearen bidea oztopatzen Zedarriak eta Eusko Jaurlaritzaren arteko ententea kokatu da, eta geuk salatu behar dugu.

Alternatibako Mahaia Internazionalista

ERC, BNG, CUP, Compromis, Mes Per Mallorca eta Komunistek parte hartuko dute EH Bilduk deitutako mobilizazioan

Aurten ere, nazioarteko hainbat ordezkarik parte hartuko dute EH Bilduk azaroan Bilboko kaleetan egiten duen mobilizazioan. Bihar, larunbata, ERC, BNG, CUP, Compromis, Mes Per Mallorca eta Comunistes de Catalunyako ordezkariak izango dira Autonomia kalean. Marta Rovira idazkari nagusiak ordezkatuko du ERC Bilboko mobilizazioan; Ruben Cela nazioarteko harremanearako arduradunak, berriz, BNG ordezkatuko du. Susana Moreno, Berta Ramis eta Carles Soler izango dira CUPen ordezkariak; Veronica Ruiz, Carla Nebot eta Vincent Marza Compromisen izenean izango dira Bilbon; Lluis Apesteguia Mes Per Mallorcaren izenean; eta Nora Sanchez eta Hector Sanchez Comunistesen izenean. More…

X